Archive | urria, 2011

Hitzontzi: Segura Irratiko Itaka saioko lehiaketa berria

Ikasturte berriarekin batera, lehiaketa berria jarri dute martxan Itaka literatur saioan. Hitzontzi jarri diote lehiaketari izena. Hitzen ontzia betetzea dute helburu, lehiaketa aitzakiatzat hartu eta entzulea hitzontzi bihurtzea. Esan digutenez, euskaraz euskararekin egin nahi dute jolas eta horretarako astero-astero ariketa berri bat proposatuko diete irrati entzuleei eta jolastu nahi duten guztiei. Ariketa bakoitzari erantzuteko astebeteko tartea izango du parte-hartzaileak eta ariketaren erantzunak itakasegura@gmail.com helbidera bidali beharko ditu. Halaber, saioan bertan tartetxo bat utziko da erantzuna telefonoz eman nahi dutenentzat.

Sari ederra jarri dute parte hartzaileen eskura. Asteroko ariketa zuzen egiten dutenen izenak hilabete bukaerako zozketan sartuko dituzte eta irabazleak otar bikaina eskuratuko du: Aikur etxeko bi ezti pote, Bengoetxe baserriko bi txakolin botila, Ondramuño Aramburu anaien gazta bat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kamiseta bat eta hilabete horretan irratian izan dituzten musikarien eta idazleen liburu eta disko bana.

Urriaren 15ean jarri zuten martxan lehiaketa. Lehenengo zozketa azaroaren bukaeran egingo dute urriko bi asteotan eta azaroan zuzen erantzungo duten izenen artean. Astero ariketa ezberdina proposatuko dute. Hauxe, adibidez, atzo bitartean buruari eragiteko ariketa:

a, e, i, o eta u bost bokal ezberdinak dituzten hitzen bila gabiltza. “Erakusleiho” hitza jarri dugu adibidetzat.

Astero-astero proposatuko duten ariketaren berri larunbat goizetan, 10:00etan, eta astezken iluntzetan, 21:30ean, Segura Irratiko Itaka saioan izango duzue (Segura Irratia: 89.2 FM), baita iratigoikoetxea.blogspot.com blogean ere. Euskararekin jolasteko aukera polita!

Comments { 1 }

Busti gaitezen denok! (Euskaljakintza 7kook iritsi gara)

Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz. Hitz hauexekin itxi zuen duela bi urte eskas Maialen Lujanbiok ziurrenik bere bertsorik famatuena bilakatu dena. Eta hitz horiexekin zabaldu nahi dugu Euskaljakintzaren garai berria, hastear dagoena. Idazlumak alde batera utzi ditugu, eta euskara bera izanen dugu tresna bakarra. Gure hizkuntzarekin olgetan ibili nahi dugu, zipriztindu gaitzan utzi gura diogu, eta, batez ere, zipriztin hauek amaraunean zehar zabaldu nahi ditugu, guztiok euskaraz blai buka dezagun.

Horrela, estreinakoz eskerrak eman nahi genizkieke lekukoa pasa berri diguten gure kideei, irrikaz hartu baitugu hauxe, irrika biziz hartu ere. Eskerrak, baita ere, urte hauetan guztietan Euskaljakintzaren esentzia mantentzen jakin duzuenoi; eta, nola ez, gidari den Maiteri, berak eman baitigu itsaso zabal honetara buruz, birritan pentsatu gabe, botatzeko grina.

Ikasturtez ikasturte, gero eta maila handiagoetara iristen joan ahala, pixkanaka, Euskaljakintzaren berri izaten joan gara. Familia edo lagunen bitartez izan genuen lehen kontaktua Euskaljakintzarekin, eta orain gezurra dirudi guri ere parte hartzeko garaia iritsi zaigunik. 7 urte dira Maitek proiektu hau martxan jarri zuela; pentsa, 10 urte besterik ez genituen euskara bultzatzen duen txoko hau sortu zenetik!

Hazi gara, ordea, eta guneak bere fruituak ematen dihardu. Gu berriak gara, baina lekukoari gogoz heltzeko irrikaz iritsi gara.  Eta hau hasiera baino ez da…

Ikasturte honetan zehar Euskaljakintza 7kook eginen gara lemazain. Eta dagoeneko hor dauden elkarrizketa, artikulu eta beste horrenbesteren mailako lanak egitea espero dugu, eta, zergatik ez, hauek gainditzea! Zuek guztiok ere gonbidaturik zaudete parte hartzera. Euskaraz blai egitera. Euskaratik eta euskaraz. Busti gaitezen denok!

Comments { 1 }

Kepa Junkera: “Trikitixa, akordeoi eta panderetaren soinuek hamaika urte baino ez nituenean erakarri ninduten”

07:30 AM. Hori da jaikitzean lehenengo ikusi nuena. Ordu horietan nire begiek lotan jarraitzen zuten…. A! Kaguen! Berriz ere logelako atearekin harrapatu dut hanka! Badirudi gaur ezkerrekoarekin altxatu naizela, eta ez da egun garrantzitsu bat hasteko era aproposena. Izan ere, gaur bi ohiko azterketa ditut egiteko…08:30 AM. Urduri nago erabat, ez nago ziur Jose Ortega y Gassetek zer zioen gizakiari buruz. Agian, zirkunstantziak norbanakoaren parte direla? Baliteke. Zientziak gizakiarentzat baliabideak besterik ez direla gizakien mesederako? Seguruenik. Ez dakit. Une honetan ziur dakidan bakarra da, gainditzeko 5 bat behar dudala 13:45 PM. Erlojuari begira egon naiz momentu hau noiz iritsiko…. Azkenean, nire bigarren azterketa bukatu bezain pronto, askatasun sentsazioa gorputzean. Ez dira, baina, urduritasunak bukatu oraindik. Beste egiteko bat falta zait.18:02 PM. Berandu goaz! Banekien gertatuko zela! Nire buruari errieta egiten ari naizela iritsi naiz hitzordua dudan tabernara. Uffa!!! Hor dago oraindik! Hasperen egin eta agur bero bat egin diogu elkarri.

Lehenik eta behin, Kepa, euskaljakintzakook eskerrak eman nahi dizkizugu zure denbora preziatuaren tartetxo bat guri eskaintzeagatik. Eskerrik asko. Ez da ezer; alderantziz, atsegin handiz.

Musikagile, produktore eta musikaria zara, oso ezaguna Euskal Herrian eta hemendik hartago ere. Horregatik, eta pentsatzen dugu zenbaitetan galdetuko zizutela, jakin nahiko genuke zer suposatzen duen musikak zure bizitzan. Ni, batez ere, lehenengo sentsazioekin geratzen naiz. Nire kasuan, hamar-hamaika urte nituenean, Bilbon bertan erakarri ninduen musikak. Hemendik gertu dagoen auzo batean jaio bainintzen, Rekalde auzoan. Erabat erakarri ninduen bere soinuak: trikitixa, akordeoia eta panderetaren soinuek erakarri ninduten,
batez ere, soinu alaiak, dibertigarriak direlako. Kontzienteki edo inkontzienteki -adin horietan jakiterik ez dago- hura ezagutzea eta ikastea gustatuko litzaidakeela erabaki nuen. Ondoren, dantza talde batean aritzeko zortea izan nuen, txistua eta pandereta bezalako instrumentuak jotzen ikasteko eta albokarekin trebatzeko. Horrela, pixkanaka-pixkanaka sartzen joan nintzen musikan. Eta garraio horren bitartez, munduko edozein herrialdetako musikari batek duen sortze-gaitasuna ikusirik, zentzu unibertsalago batera iristeko asmoa izan nuen. Bestetik, edozein musika-estilok erakarri nau, batez ere sortzaileak, gauza berriak sortzen saiatzen diren horiek, entzutean lengoaia berezia duten estiloak, zerbait berezia bilatu dutenak. Baita asko gustatzen zaizkit ere, esan dudan bezala, musika unibertsalak, erroetatik, iturburuetatik abiatzen direnak, ukitu pertsonala duten horietakoak. Musika nagusiak inoiz ez nau erakarri; baina, noski, kanta interesgarri bat egonez gero, gustuko dut.

Beraz, azaldu duzun bezala, musikari izateko premia izan zenuen. Baina zergatik musikari, eta ez futbolari, adibidez? Ezinezkoa izaten da jakitea gehienetan gauza hauek. Uste dut gure bizitzan gauza asko ekiditen ditugula eta, horren arabera, badirudi bizitzan beste batentzat izan beharko zen papera egitea egokitu zaigula. Gehienetan zirkunstantziak dira, ezta? Nik hasieratik oso garbi izan nuen, eta, zorionez, gauzak nahi ahala atera zaizkit, jarduera profesionalak dituen zailtasunak kontuan izanik. Hala eta guztiz ere, ez pentsa, futbolaria izatea gustatuko zitzaidan. Futbola gogoko dut. Athleticekoa naiz ni, bazkidea. Hortaz, ez da ideia txarra futbolaria izatearena. Kirola egitea oso ondo dago, baina, jakina denez, Athletic eta antzeko taldeetan jokatzeko maila eskuratzea oso zaila da. Bestalde, zailtasun bera du, nik egiten dudan bezala, musikan jardutea.

Batxilergo 2. mailan gaude. Garrantzi handia duen garaia da; izan ere, ikasten jarraitzeko aukera jokatzen ari gara. Bestalde, gure etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzeko garaia da. Zuk, Kepa, hartu al zenuen zure garaian erabaki garrantzitsurik? Bai, momentu horretan nik ere selektibitatea egin nuen. Egia esan, ikasle oso ona nintzen institutuan nengoenean. Baina hain sakona nuen musikaren deia, non selektibitatea egin eta gero, Ekonomia ikasketak egiten hasi eta geroago karrera utzi bainuen. Horrela, musikan jardun nintzen nagusiki. Eta musika jotzen, kolaborazioak egiten, klaseak ematen… aritu nintzen. Aukeratzea zaila izan zen, benetan zaila. Gainera, adin horietan… Batzuetan, urduritasunak jotzen zaitu eta badirudi dena karta batean jokatzen duzula. Ondoren, ordea, bizitzak -lan egiteko gaitasuna baduzu- aukerak ematen dizkizu. Agian, behin betikoak direla pentsatzen dugu. Bestalde, beti egindakoarekin asmatzea bilatzen dugu, eta hortik aurrera gauzak ondo egiten saiatzen gara.

 
 
 

Zure kanta ospetsuenetarikoa Mari Jaia dugu, Bilboko Aste Nagusiarentzat konposatu zenuena. Esango al diguzu zer sentitzen duzun urtero jaietan entzutean? Egin nuenean, ez nuen uste hain ospetsua izatera iritsiko zenik. Konpartsako jendeak eskatu zidan, eta ustekabe horietako bat izan da: jendeak berea egin du, herri kultura bilakatu da. Eta azken zentzu hori ez zuen egin nuenean. Izan daitezke hamar, hamost nahiz berrogeita hamar urte igarotzen direnak, baina betikoa izan den kantaren itxura du. Musikak duen magia da, bestelako fenomenoa. Nik uste dut Mari Jaia abestiaren fenomenoa datorrela jendeak posible egin duelako. Jendeak abestiarekin bat egiten du, eta haren bi alderdi sortu: bata, himno itxura hartuz; eta, bestea, jaialdikoa. Uste dut abestiak azken batean hori islatzen duela, popularra den zerbait, gertukoa. Gainera, abesti irekia da, hau da, ahots ezberdinak barneratzen dituenez, Aste Nagusiaren arima edo espiritua ondo islatzen du. Beraz, ikuspuntu horretaik, bai, oso harro nago. Hala ere, urtero beste ikuspuntu batetik ikusten duzu. Dena den, benetan harro nago nire lagunei, nire hiriari eta festez gozatzen duten guztiei ekarpen hau egin ahal izanaz.

Zure musikan instrumentu tradizionalak asko erabiltzen dituzu. Zein da, txalaparta, trikitixa edota txistua erabiltzearen arrazoia? Bai. Askotan, lehenago aipatu dizudan bezala, adina eta denborarekin bat etorriz, ez da denbora asko pasa duen zerbaiten beharrarengatik. Adibidez, trikitixaren tradizionaltasurari erreparatzen badiogu, nahiko instrumentu berria da. Hortaz, ez dakit; beti izan ditut gustuko, uste dudalako lurralde bakoitzean instrumentu hauek gehiago edo gutxiago finkatzen direla. Hemen, esate baterako, trikitixa, akordeoia, gehiago finkatzen dira. Kantabrian, Asturiasen agian ez, arrazoi ezberdinengatik: bertara inguratzen den jendearen profilarengatik… Beraz, ezin da inoiz jakin. Niri egiten didan ekarpen bat, adibidez, pertsonalitatea da. Txalaparta gertuko instrumentua izanik, bateria estandar batekin alderatzen baduzu, zerbait ezberdina lortzen duzu. Beste lurralde bateko musikari batek agian instrumentu berarekin egingo ez dizun ekarpena. Horrek, toki bat izaten laguntzen dit. Beste alde batetik, nik eman diodan erabilera ere ezberdina izan da: lehenago egin ez zen zerbait. Nik ere, saiakera ezberdinak egiteko gogoa izan nuen, txalaparta bateriarekin, pianoarekin edota baxu batekin nahasiz. Horrelako gauzak.

Zure iritziz, zein da zure musikak arrakasta handia lortu izanaren sekretua? Ez dut inoiz pentsatu gure musika arrakastatsua denik. Gurea oso artisaua den musika da. Niretzat, gutxiengoarentzat den musika da, baina zentzu onean. Zerbaitek sentimendu bat sentiarazten badizu eta hunkitzen bazaitu, ez du zertan milaka pertsonen bermea izan. Gehienetan bat egiten dute. Unibertsala den Beatles taldea gogoan izan dezakezu, edota bostehun pertsonek bakarrik ezagutzen duten taldea. Nik beti ahal dudana egin izan dut: ekoiztu, sortu eta konposatu ahal nuena… Beti apaltasun osoz, jendeak gozatzeko asmoz errealitatea nola den jakinik. Hortik haurrera, garbi dago amesti eta errealista izan behar duzula.

Non topatzen duzu inspirazioa zure lanak egiteko garaian? Instrumentu bat jotzen dudan bitartean, melodia, soinua bera… gidatzen nau sortzeko garaian. Alde batera zein bestera eramaten nau armoniak, erritmoak, notak… Ez da zerbait begiratzea eta horretan inspiratzea; alderantziz, zure barnean dagoen zerbait da, zure izaeran. Bestalde, benetan inspiratuta jartzen zarenean, musikaren berezko indarra da benetan bidetik gidatzen zaituena, nire kasuan behintzat. Itxura zehatz bat baino gehiago. Mari Jaiarena egin nuenean, adibidez. Bai, pentsa dezakezu Mari Jaian, festetan, bertan duzu. Baina benetan lagun zaitzakeena da, musika jotzen hasten zerenean edota melodia imaginatzen hasten zarenean, musikak berak eramatea, gidatzea.

Zure iritziz, zein pauso eman daitezke euskal musika tradizionala gazte gehiengo batera iristeko? Hori ez dakit, hori noreberaren baitan dago. Pentsatzen dut politena dela zuk gustukoa duzun zerbait, nahiz eta zure lagunei ez gustatu, hura gogoko duzula esatea eta onartzea. Pertsonalitatea edukitzea, izaera bat. Uste dut hori garrantzitsuena dela. Hau da, sarritan esaten dizute ondo dagoen film bat ikusteko, baina, agian, momentu horretan ez dizu ezer islatzen. Hortaz, norberarengan dauden sentsazio horietaz jabetzea. Eta musika tradizionalean baino, musika orokorrean dago gakoa.

Eskerrik asko berriz ere, Kepa, ohore handia izan da zurekin minutu hauek partekatzea. Euskaljakintzakook zorterik onena opa dizugu. Atsegin handia izan da niretzat ere.

Comments { 0 }
-->