Archive | apirila, 2012

Ifar aldeko orduak, Joseba Sarrionandia

Gabonak iristear, azterketaz lepo eta hara non Maitek esaten digun liburu bat hautatu behar dugula oporretan irakurtzeko. Tira, horrela esanda, ez dirudi lan batere interesgarria, baina aipatu beharra daukat Joseba Sarrionandiaren Ifar aldeko orduak  liburua izan zela lan hori interesgarria izanaren erruduna. Joseba Sarrionandia, gartzelatik bozgorailu batzuetatik ihes egin zuena da, bai. Egia esan, hori baino askoz ere gehiago ez nekien nik idazle honi buruz. Lana bidalitako egun berberan etxera iritsi eta liburuen apalean kuxkuxeatzen hasi nintzen, eta hara non aurkitu nuen liburu hau, Ifar aldeko orduak. Amari galdetu nion ea liburu hori interesgarria zen eta zera erantzun zidan: “Joseba Sarrionandiaren liburu guztiak dira interesgarriak”.

Ezer baino lehen, 1958an Iurretan jaio zen idazle bizkaitarrari buruz zertxobait kontatuko dizuet. Ziurrenik, denek jakingo duzue 1980an, ETAko kide izateagatik atxilotua izan zela, eta, 1985. urtean, kontzertu baten ondoren, bozgorailu batzuen barruan ezkutaturik ihes egin zuela. Ordutik ihes eginda dago, baina horrek ez du bere lanak irakurtzeko parada izatea eragotzi. Hori dena anekdota bat besterik ez da bere literatura ekarpenen ondoan. Euskal filologian lizentziatua izateaz gain, irakasle lanetan aritu zen atxilotua izan baino lehen. Pott Bandan ere partaide izan zen Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika eta beste hainbat euskaldun idazlerekin batera. Hori gutxi balitz, euskal literaturan ekarpen handiak egin ditu eta lan ugari idatzi ditu. Gehien landu dituen arloak poesia eta narrazioa izan dira, eta guztien artean Ifar aldeko orduak narrazioez osatutako liburua izan da nik hautatutakoa.

Arestian esan bezala, Ifar aldeko orduak narrazio motzez osatutako liburua da. Aio aioma, Disiecti membra poetae, Haurrak pindaturiko paisaia, Ukabilka, Oroitzera eseri, Ifar aldeko nasa, Gerla historia, Amorante ausarta, Liburuetako mundu horietara herbestera zaitezkeela, Hamar liburuak eta Oroimena eta desira narrazio motzak kontatzen ditu liburuan. Josu Landak liburu honi egindako kritikan dioen bezala, ‘trajedien kronika’ bat egiten du Josebak. Narrazioak independenteak dira euren artean, hau da, ez dute segida bat osatzen; pertsonaia eta istorio ezberdinak kontatzen dira narrazio bakoitzean. Hala ere, narrazio bakoitzean trajedia moduko bat kontatuz, erreibindikazioak egiten dituela esan daiteke; amodioa, gerra, gartzela edota bizitza bezalako gaietan oinarrituz. Hauetan aipagarriena, agian, bigarren narrazioan bizitzari buruz egiten duen hausnarketa sakona izan daiteke.

Aipatu bezala, Sarrionandiak narrazio desberdinetan banatzen du liburua. Narrazio bakoitza hasi baino lehen, baliabide original bat erabiltzen du, ziurrenik gehien gustatu zaidan baliabidea izan da: aipu bat txertatzen du narrazio bakoitzeko, idazle eta filosofo ezberdinen aipuak zehazki. Aipu hauek, irakurleari pentsarazteaz gain, arreta mantentzen laguntzen dute; beraz, baliabide bikaina dela esan daiteke. Sarrera bezala txertatzen dituen aipuez gain, esaldi landu eta aberats asko erabiltzen ditu Sarrionandiak. Esaldi horien adibide bezala hauxe aukeratu dut: “Inori ezkutatzen zaiona, norbere buruari ezkutatzen zaio”. Bide batez, honelako aipuak irakurri edota bidali nahi badituzue, euskaljakintan badugu gure aipuen txokoa: euskaljakintza aipuak.

Lehengo harira itzuliz, Sarrionandiaren hizkuntza maila eta estiloari buruz hitz egitean, lexiko aberatsa erabiltzen duela esan beharra dago. Hiztegia alboan edukita hobeto ulertzen den liburu bat da hau, nahiz eta testuinguruagatik hitzak ulertzea posible den. Irakurleak liburuarekin gozatzeaz gain, lexikoa ere lantzen du liburu hau irakurtzean. 

Ifar aldeko orduak narrazio liburuaren lexikoa lantzeko ariketa:

 

Halaber, Sarrionandiak barne bakarrizketak, deskribapenak edota elkarrizketak erabiltzen ditu; izan ere, narrazioak beraien artean independienteak izatean, baliabide ezberdin ugari erabiltzeko aukera du.

Arlo guztiak aztertuz, ezbairik gabe Ifar aldeko orduak osatzen dituzten narrazioak irakurtzera bultzatu nahi zaituztet arrazoi askorengatik. Bat, irakurlea etengabe entretenituta mantentzen duelako narrazio motzen bidez. Bi, hiztegi oso aberatsa duelako eta lexikoa lantzeko oso baliagarria delako. Hiru, narrazio bakoitza baino lehenago txertatzen dituen aipuak irakurtzea merezi duelako. Lau, Josebak egiten dituen hausnarketak irakurlea ere hausnarketa egitera bultzatzen duelako. Horrela, milaka arrazoi eman ditzaket gelditu barik. Beraz, euskara eta literatura gustuko duen orori gomendatzen diot liburua irakurtzea. Horretarako, amak liburua hautatzerakoan esan zidana esango dizuet: “Joseba Sarrionandiaren liburu guztiak dira interesgarriak”. Azken batean, amek beti arrazoi!

Amaitzeko, liburuan bertan azaltzen den laburpena utziko dizuet:

Ismael du izena ipuin hauetako protagonistetako batek, Moby Dick balea zuriaren bila zihoan marinel hark bezala. Balearik ezean, elurra ari du Ifar honetako paisaian, elurra norberaren barnean, elurra baita -ur kristaldua- labirintoak har dezakeen forma perfektuenetarikoa, desertuarekin eta itsasoarekin batean. Haurtzaro eta sorterri-minezko orduetan, grinak eta ezereza zuritasun infinitoan nahasten direnean, hutsalak dirudite ametsek nabigante noragabetuarentzat. Bide guztiak ez dira berdinak, ordea, eta errauts eta ahanzturazko amaieraren aurrean duintasuna da, giza duintasuna, bizitzari zentzu pixka bat ematen diona.

Comments { 0 }

Joanes Aierbe: “Gora Ordizia, gora Ordizia Rugby Elkartea eta gora Euskal Herria!”

Horiexek izan izen, lehengo igandean, Ordizia Rugby Elkarteko kapitaina den Joanes Aierbek herriari esandako hitzak oholtza gainetik, taldeak Errege Kopako Palentzian eskuratu ondoren. Joanes Aierbe 34 urteko ordiziarrak hooker gisa jokatzen du Ordiziako errugbi taldean. Iaz sabeleko minbizia diagnostikatu zioten. Dena den, ez du inoiz amore eman eta gaixotasunari aurre egin ondoren eta uda osoan osatze bidean ibili eta gero, aurtengo denboraldian berriz ere itzuli da errugbi zelaira.

Has gaitezen hasieratik, baina. Harritxu eta Shantalen gara eta, urtero euskaljakintzan gertatzen den bezala, bagenekien, aurten ere, elkarrizketa bat egiteko esango zigula Maitek. Hasieran, ez genekien nori egin. Elkarrizketa interesgarria izatea nahi genuen, eta ez da erraza norbait interesgarria eta, aldi berean, gure gustukoa aurkitzea. Azkenik, buruari hainbat buelta eman ondoren, Joanes Aierbe errugbi jokalariari egitea erabaki genuen.  Hitzorduaren eguna iritsi zenean, oso urduri geunden biok, eta behin eta berriro galderak errepasatzen aritu ginen ikastolan, akatsik egon ez zedin. Halere, Joanes azaldu zenean, urduritasunak alde batera utzi eta elkarrizketari hasiera eman genion.

Esan beharra dago hilabete pare bat pasa dela elkarrizketa egin genuenetik. Azken aste honetan, ordea, arestian aipatu bezala, albiste ikaragarria jaso dugu herritarrok, jaso genezakeen albisterik onena: Ordizia Rugby Elkarteak Errege Kopako finala irabazi du Palentzian, El Salvadorri 30-27 irabazi ostean. Partiduak nahiko itxura txarra izan zuen hasieran, di-da batean hiru entsagu jaso baitzituzten ordiziarrek. Azkenean, halere, partiduari buelta ematea lortu zuten eta azken minutuetan aurretik ipini ondoren, kopa irabazi zuten. Igande goizean inoiz herrian bizi izan ez dena bizitzeko aukera izan genuen; izan ere, herritik 7 autobus atera ziren Palentzia aldera ordiziarrak animatzera. Jokalariak etxean bezala sentitu ziren bertan. Egia esanda, afizio bikaina joan zen bertara! Baina ekin diezaiogun elkarrizketari.

Hasteko, errugbi ez den beste gauza bati buruz hitz egingo dugu, zure nerabezaroaz hain zuzen ere. Badakigu Jakintza Ikastolan ibilitakoa zarela. Zer oroitzapen dituzu garai haietaz? Oroitzapen onak, batez ere. Garai haiek urruti samar ikusita, beti oroitzapen onenekin geratzen zarelako. Hala ere, esan beharra dago momentuan bertan zaila egiten dela. Gainera, ikasle ona ere ez nintzen eta etxeko lanak eta azterketak zirela, besteak beste, borrokan ibiltzen ginen kurtsoa aurrera ateratzeko. Baina oroitzapenak orokorrean onak dira, lehen esan bezala, batez ere urte asko pasa eta gero.

Txikitatik izan al duzu errugbian jokatzeko grina edota beste kirolen bat gogokoago al zenuen? Egia esan, nahiko berandu hasi nintzen errugbian, 14 urterekin hain zuzen ere. Aurretik, mutikotan, gehienak bezala, futbolean jokatzen hasi nintzen. Horretarako ez nuen balioko, ordea, eta errugbian jokatzera probatu nuen. Asko gustatu zitzaidanez, gaur egun ere hemen jarraitzen dut.

Odiziako Errugbi Elkarteari buruz hitz egingo dugu jarraian. Lehengo urtean lan ona egin ondoren, liga irabazteko zorian geratu zineten, baina azkenean ez zenuten irabaztea lortu. Beraz, aurtengo denboraldirako hainbat proposamen dituzuela pentsatzen dugu. Zeintzuk dira proposamen horiek? Asko asmo politak dira eta horren baitan jartzen dira helburuak; dena den, horretaz aparte, denok dakigu herri txiki bat garela eta talde handi eta indartsuen aurka jokatzen dugula. Iaz txapelketa irabazteko zorian gertatu ginen eta, nire ustez, horrek ere helburuak aldatu egiten dizkizu eta aurten ere badirudi nahiko ondo bideratuta daukagula.

Gu Ordiziako futbol taldean jokatzen ari gara eta harrigarria iruditzen zaigu, bai entrenamendu eta partiduak jolasten ari garen bitartean edota jolastu eta gero, zenbat jende joaten den errugbi zelaira jolastera. Horrez gain, adin txikikoen eta handienen artean giro polita dagoela nabari da. Zer-nolako etorkizuna ikusten diozu Ordizia Rubgy Elkarte osoari? Orain dela ez urte asko kirol hau jende aldetik nahiko eskasa zen, baina nik uste dut taldea urrezko mailara igotzeak bultzada handi bat eman diola kirolari, batez ere, Goierri mailan. Orain, egia esan, eskola kirola edota beheko mailetan mutiko dezente dauzkagu. Pozgarria da base bat dugula ikustea. Era berean, nik uste dut orain hasi dela lana pixka bat seriotzen, batez ere, oinarrizko talde horiek gerora begira eliteko jokalariak izan daitezen. Zer etorkizun ikusten diodan? Horrela jarraitzen badugu, nire ustez, etorkizun positiboa eta benetan polita ikusten da, betiere kontuan edukita maila gero eta handiagoa dela eta lan asko egin behar dela horretarako.

Zure ibilaldiko momentu onenean zeudenean eta taldeko kapitaina zinen unean, iazko Eguberrietan sabeleko minbizia daignostikatu zizuten. Kirola utzi behar izan zenuen. Gainera, liga irabazteko aukera izan zenuten, baina, tamalez, ez zenuten lortu. Artikulu batean Ampok honako hau zioen: “Ez zen zuzena izango aurten liga irabaztea kapitaina falta delako, datorren urtean irabazleak izango gara”. Hau entzutean, zer sentitzen duzu? Aurten ere nahiko lan izango dugula liga irabazteko. Iaz nirekin edo ni gabe ezin izan zen lortu; hala ere, uste dut lan polit bat egin genuela eta herriak eskertu zigula. Aurten ere saiatuko gara ahalik eta postu onena lortzen. Nire laguntzak helburu hori lortzeko balio badu, hobeto. Gure eskuetan dugun guztia egingo dugu taldea aurrera ateratzeko.

Ikusten da taldea oso batua dagoela; izan ere, orain dela urte erdi bat, zure gaixotasuna zela eta, zure taldekideek Cuatro telebistarako bideo bat grabatu zuten, momentu guztietan zure ondoan egongo zirela adieraziz. Bertan, beste kirolarientzat adibide ona zarela esaten dute errugbian jokatzen jarraitu duzulako. Horrek errugbia praktikatzen jarraitzeko indar gehiago eman al dizu? Egoskor samarra naiz eta garbi neukan hasieratik errugbian jokatzeko ahalegina egingo nuela; dena ondo joanez gero, jarraituko nuela. Azkenik lortu dut. Eta taldekideek eman didaten babesa bultzada bat ere bada. Momentu politak izan ziren horiek: momentu guztiz gogorrak, baina politak.

Normala den bezala, gaixotasunak erabat jota eta ahulduta utzi zintuen. Dagoeneko uda pasa da eta guztiz errekuperatuta ikusten zaitugu herritarrok Gainera, entzun dugunez, 20 bat kilo berreskuratzea lortu duzu. Esan daiteke hori izan dela zure “proiektua” azkenaldian. Lehen momentutik izan zenuen buruan errugbi zelaira bueltatuko zinela? Zaila izan da. Ordura arte galdu nituen kilo horiek ez ziren uda batean irabazitakoak. Nik urteen poderioan lan asko egin dut gimnasioan eta lortua nuen, ez kiloak bakarrik, gorpuzkera ere bai. Baina poliki-poliki gutxitzen eta gutxitzen joan zen, oso ahuldua eta argaldua geratu nintzen. Hala ere, errugbira itzuli behar nintzela garbi neukan bezala, itzultzeko lan fisiko gogorra egin beharko nuela ere garbi neukan. Gorpuzkera berriz ere lortzeko, bai udan eta bai uda ondoren lan handia izango nuela garbi neukan. Ebakuntza bat egin zidaten uztailean eta horren ondoren, pixka bat gehiago jan eta gimnasio pixka bat gehiago egin izan dut, gorpuzkera lortu arte.

Jada hasi zara zure taldearekin jokatzen. Nola ikusi zenuen zure burua lehen minutuetan? Entrenatzen nahiko ondo ari nintzen taldekideekin, baina, azkenean, konpetizioak jartzen zaitu mugan. Horregatik, lehenengo taldearekin jokatu aurretik garbi neukan proba bat edo beste egin beharra nuela eta, horretarako, bigarren taldearekin aritzea bururatu zitzaigun, baina jarraipen bat bezala da. Gaztetan hori gertatzen da: jubenil mailatik salto egiten duzu, eta maila altua duena zuzenean ohorezko maila jokatzera joaten da. Besteak transiziozko maila batetik igaro behar dute bigarren mailako talde horretan. Nire proba nahiko ondo atera zen eta, lekua gorde didatenez, talde horretan jarraitzen dut.

Tarte horretan, zure taldearen entrenamentu guztietara joan zara animatzera; beti egon zara beraien alboan behar zutenerako. Nabari da kirol hau oso gustuko duzula. Ikusten al duzu errugbia praktikatzeari uzteko egunik? Bai eta, gainera, gero eta gertuago. Azkenean, 35 urte egin behar ditut aurten. Garbi daukat elitean ez zaizkidala urte asko geratzen. Gero, ordea, taldeari lotuta jarraitzea nahiko nuke, entrenatzaile baten laguntzaile moduan -edo, bestela, ahal den moduan- laguntzen. Baina kontziente naiz jokalari garaiak bukatzen ari zaizkidala eta atzera kontu batean nabilela ere bai.

Joanesi eskerrak emanez amaitu genuen elkarrizketa. Oso gustura geratu ginen biok; izan ere, asko gozatu dugu lan hau egiten, ordu asko eraman dizkigun arren.  Joanesi eskerrak emateaz gain, komiki txiki bat ere eskaini nahi izan diogu, gure ustez, amaierako atsotitzak oso ondo deskribatzen baitu: ‘Arian-arian edozer zulatzen da!’

Amaitzeko, hasierara itzuliko gara, Erregearen Kopa eskuan zutela herriratu ziren unera. Izugarrizko ongietorria izan zuen taldeak Ordiziako plaza nagusian, asteazkenero Ordiziako azoka egiten den plaza horretan bertan. Jokalariak autobusetik jaitsi zirenean, egundoko txalo zaparrada jaso zuten. Oholtza gainean, dantzari batzuek aurreskua eta alkateak bertso batzuk eskaini zizkieten. Zeelanda Berriko jokalariek ere hain ezaguna den haka dantzatu zuten, eta entrenatzaileek eta Joanes Aierbek hitz batzuk esan zituzten herriari eskerrak emateko. Ospakizunak gaueko ordu txikiak arte iraun zuen. Herri osoa harro eta pozik gaude talde honek erakutsi duen indar eta kemenagatik. Denboraldia borobila izan dadin, azken txanpa falta da eta, behin eskatzen hasita, ea aurreko urtean ia-ia irabazi zugenuen liga oraingoan irabaztea lortzen dugun!

Mila esker berriz ere, Joanes, euskaljakintzan parte hartzeagatik. Onena opa dizugu bai zuri eta baita talde osoari ere. Zorionak!

Comments { 2 }

Ahaztuen mendekua, Alberto Ladron Arana

(Jar iezaiozu melodia literaturari, eta entzun The Wanted taldearen Warzone artikulua irakurtzen ari zaren bitartean, irakurle)

Jarraian aurkezten dizuedan lana egin ahal izateko, irakurtzen jarraitu ahala konturatuko zareten lez, artikulu honi izenburua ematen dion nobelarekiko izan dudan esperientzia moduan sailka daitekeelarik, liburu bat hautatzeko arrimuan zuzendu nintzen Ordiziako liburutegirantz. Bertako apalategi altuen parean behin baino gehiagotan luzatu nola makurtu behar izan nuen. Eta alferrik horrenbestetan luzatu eta makurtu ere; izan ere, ez nuen gustuko ezer aurkitu. Ez zen euskal literaturan lan eta idazle bikainik falta zaigulako izango, hori ziurta diezazueket. Apika, ez nuen burua liburutarako izango. Edo, akaso, ez nuen ondo begiratzen jakin, ez bainuen nahi nuenaren ideia garbirik. Ez dakit. Kontua da egun hartan eskuak hutsik irten nintzela eraikinetik. Orduan, galdetuko diozue zeuen buruari, nola iritsi zen nobela hau nire eskuetara? Bada, Irati Goikoetxeari zor diot mesedea. Izan ere, baziren egun batzuk Irati nirekin harremanetan jarri eta Ordizian bertan martxan jartzeko asmoa zuen Irakurle Tailerraren berri eman zidala. Ez nuen proposamenari ezezko fier bat emateko arrazoirik ikusi, nire artean gonbidapena onartzeko ideia nuen eta ordurako.
external image thumb2Alberto.jpg

Urtarrila. Hilak 26, osteguna. Irati eta Ekaitz agurtu. Gainontzeko kideak agurtu. Gela begiratu. Eserlekua begiztatu. Eseri. Norberaren aurkezpenak egin. Ekimenaren asmo eta helburuen aurkezpen laburra Iratiren eskutik. Eta, azkenean, kide guztioi banatu zitzaigun liburua. Azal urdin iluna, era berean iluntasunaren isla zen emakume gazte baten argazki ilustratuarekin. Orri haiek gordetzen zuten istorioarekiko erlaziorik izango ote zuen? Ez dizuet orain argituko hori, aurrerago jakingo duzue iluntasun hori nondik datorren. Izenburutzat, berriz, Ahaztuen mendekua. Nortzuk ziren ahaztuak? Zergatik nahi ote zuten mendeku hura? Hori ere aurrerago jakingo duzue. Guk ere, oraindik ezer jakin gabe, azal haren azpian ezkutatuko zenaren inguruko hipotesiak egiteari ekin genion denon artean, zenbait ideia lauso ateratzea lortu arte. Emakumeen aurkako indarkeria, arrazakeria, desagertzeak, Gerra Zibila… Ados, errazago jarriko dizuet uler dezazuen: ez genbiltzan horren urrun gure ideiekin. Liburuaren autoretza izenpetzen, berriz, Alberto Ladron Arana, izen entzutetsua.

Alberto Ladron Arana 1967. urtean sortu zen Iruñean, eta maisutza eta psikologia ikasketak egin zituen. Gaztelaniaz baino ez zekien familia bateko kide, 20 urte zituenean erabaki zuen bere aitonagandik ezagutu zuen euskaran murgiltzea, eta hizkuntza ikasteari ekin zion. Horrela, idazleak ez zuen bere lehen nobela publikatzerik lortu 2001. urtera arte, Itzalaren baitan deiturikoa. Honek Irun Hiria saria irabazi zuen. Lan honekin agerian geratu zen autore euskaldunaren grina fantasiazko ipuinekiko. Ez zen tarte handirik igaro bere hurrengo lanarekin Agustin Zubikarai saria irabazi zuen arte, bigarren hau Xake mate nobelari esker, 2002. urtean. Nobela honekin hasiera eman zion genero beltzean murgiltzeari, eta arrakastari loturiko hurrengo lanak etorri zitzaizkion, Eguzki beltzaren sekretua (2004), Arotzaren eskuak (2006), Ahaztuen mendekua (2009) eta, bere azkena, Zer barkaturik ez (2011).

“Iratin dabiltzala, eztabaidan hasi dira Ana eta Oskar, neskak deskubritu baitu mutilak harremanak dituela beste gizonezko batekin. Liskarraren ondotik bereizi egiten dira mendian: Oskar autoa utzia duten lekura itzultzen da; Ana, berriz, ez da inondik ere agertzen. Foru Polizia hasiko da desagertzea ikertzen, baita Oskar bere kasa ere, hilketa baten errudun egingo duten beldurrez. Egunek aurrera egin ahala, pertsonaiak gero eta katramilatuago aurkituko dira, hainbat hari-mutur dituen matazan: jelosia, diru-interes ilunak, iraganeko gertakari are ilunagoak…”

Honela gerturatzen gaitu liburuak gordetzen duen istoriora Ladron Aranak, hasiera-hasieratik intriga transmitituz. Hemen prestatu dut liburuaren argumentua bere osotasunean, inork irakurri gura badu.

Ahaztuen Mendekua, Alberto Ladron Arana – ArgumentuaHorrela, istorioa bera benetan interesgarria da, misterio (desagerpen) nagusi batetik hasiz, Anarena, lehenbiziko hipotesiak sortzen hasten direla. Halere, irakurtzen jarraitzen bada, badirudi misterioa pixkanaka argitzeko bidea hartzen hasten dela. Aitzitik, irakurleak gutxien espero duenean gertakariren batek edo bestek kontuari 360 graduko bira ematen dio, eta hasierako usteak ustelean geratzen dira. Istorioaren trataera hori da, hain zuzen, liburua horren interesgarri eginen duena: edozer jazo daiteke, eta autoreak behin eta berriro zur eta lur uzten du irakurlea. Halere, gai honi dagokionez, aipatzekoa da Irakurle Tailerreko bilkuran atera zen ondorio nagusietako bat. Izan ere, orokorrean komentatu zen azken kapitulua ez zela horren egokia suertatu nobelaren amaiera modura (argumentua irakurri baduzue jakingo duzue zein amaierako sorpresaz ari naizen), oso gainetik landuta baitago. Azken batean, istorio osoa bertan laburtzen da, baina Xabierren ikuspuntutik, eta autoreak eskaini dizkion 4-5 orrialdeetan ezer gutxi esan daiteke. Akaso, ondorioztatu genuen, istorioa bera ongi zegokeen azken atal hori barik, edo autoreak orrialde gehiago eskaini behar zizkion azken gai hori sakontzeari, Xabierren gaztetako trauma horiek zabalduz edo egin zuenaren arrazoiak xehetasun handiagoz azalduz.

Egitura aldetik ere lan txukuna egin du Ladron Aranak. Izan ere, hogeitik gora kapitulutan banaturik dago istorioa, elkar lotuta dauden atal laburrez. Horrek, noski, liburua errazago irakurtzea egiten du, eta erosotasuna ematen dio irakurleari, eguneko kapitulu labur bat irakurtzeko aukera ematen baitu. Gainera, kapitulu bakoitzaren hasieran aurrekoaren amaierarekiko loturak agertzen dira, eta horrek ordura arte gertatutakoaz oroitzera darama irakurlea zenbait egunez liburua alde batera utzi badu.

Kapitulu horietan barrena hara eta hona dabiltzan hiru protagonista nagusiak Oskar, Xabier eta Ana ditugu, beste zenbait bigarren mailako pertsonaiarekin batera:

  • Oskar Aristu: Protagonista nagusitzat har dezakegu Oskar. Idazle lanetan aritu nahi izateaz gain (nobela batean ari da lanean baina oraindik hasi gabe dauka), Anaren senarra da, baina abentura bat dauka Xabierrekin, hots, homosexuala da eta Ana engainatzen du. Hain zuzen ere, hauxe da istorio osoaren abiapuntua. Izan ere, Anak lehendik bazuen Oskarrek engainatzen zuelako susmorik, eta detektibe pribatu bat kontratatzen du, Xabierren eta Oskarren artekoaren jakitun bihurtuz. Egoeraren aurrean, Oskar beldurturik aurkezten da askotan, eta are gehiago Anaren desagertzearekin. Gainera, Anaren desagertzea ikertzen hasten denean, badirudi egoeraren errudun sentitzen delako egiten duela, Xabierrek askotan leporatzen dion bezala, eta horrek obsesiora darama. Beraz, esan dezakegu pertsonaia ahul eta menpekoa dela Oskar, bere bizitza bere nahierara bizitzeko indarrik izan ez duena Xabier ezkutatuz.
  • Ana Urdirotz: Oskarren emaztea, abokatua lanbidez, betidanik denetik izan duen pertsona horietako bat bezala aurkezten zaigu. Izan ere, bera da bikotean erabakiak hartzen dituena eta dirua etxera ekartzen duena, eta Oskar bere bezala tratatzen du askotan, etxean lasai duen maskota bezala. Sentimendu aldetik, pertsona oso oldarkorra eta mendekatia da, Oskar eta Xabierganako gorrotoaren adierazle, eta horregatik prestatzen du Goikoetxea bere lankidearekin batera hilketaren kontua, Oskarrez mendekatzeko, beti berearekin ateratzen ohituta baitago.
  • Xabier Lakarri: Oskarren maitalea da, bere homosexualitatea biziki defendatzen duena eta horretaz harro dagoena. Azken kapituluan azaltzen zaigunez, institutu garaiko burlak jasan behar izateaz gain, txikitan bere aitak bortxatu egin zuen, eta horrek jendea gorrotatzera eraman zuen. Beraz, aurreko biak bezala, azken protagonista hau ere pertsonaia gatazkatsua da guztiz, bere gaztetako oroitzapenak gainditzen jakin ez duena.

Hiru pertsonaia hauek, beste zenbait bigarren mailakoren artean, hainbat aferatan izango ditugu nahasturik. Nobela beltzaren bereizgarri diren hilketa, bortxaketa eta desagerpenetatik hasita kontu sozial eta politikoak nahastu arte, adar biak liburuan bertan uztartzen direlarik. Gerra Zibilak Nafarroan eragindako fusilamendu eta hilketen inguruan aipamen ugari egiten dira, garaian bizi izan zuten larritasunaren berri emanez.

“Alberto Ladron Aranak polizi eleberri berri bat oparitzen digu, bere aurreko misteriozko lanetan nabarmen utzi dituen ezaugarri guztiekin: idazkera arina, erritmo bizia, suspensearen erabilera bikaina, eta irakurlea ustekabez ustekabe eramatea amaierara iritsi arte.”

external image AHAZTUEN_MENDE_9788497837712.jpgHonela irakur daiteke, baita ere, liburuaren atzeko azalean. Autoreak idazteko modu benetan bizia erakusten du nobela osoan zehar, istorioari erritmo oso azkarra ematen dioten baliabideak erabiliz. Hau lortzeko, oso ohikoak dira pertsonaien arteko elkarrizketak, egoera akzioz eta tentsioz jantziz. Honek, jakina, irakurleak istorioa bizitzea eta lana irakurtzeko erraza gertatzea dakar, eta hau izugarri gustatu zait, liburua ez baitzait batere pisua egin, eta berdin adierazi zuten Irakurle Tailerreko kideek ere. Halere, irakurterraza izateak ez du esan nahi hizkuntza kaskarra darabilenik, ezta gutxiagorik ere.
Azken batean, hiztegi eta egitura konplexuak ez badira ere, aberastasuna nabaria da zenbait hitzetan, hala nola, perlesiaturik, karrika edota eldarnio. Bestalde, hizkuntzari dagokionez baita ere, zenbaitetan, autorea bera Iruñekoa izanik, euskalki nafarrera jotzen du erran bezalako hitzekin, niri pertsonalki gustatu zaidalarik.

Narratzaileari dagokionez, batzuetan kamera balitz bezalako sentsazioa ematen du, eta gertakariak deskribatzen ditu hirugarren pertsonan. Beste batzuetan, ordea, lehen pertsonan kontatzen da istorioa, Oskarren ikuspuntutik, bere sentipenak eta gogoetak adieraziz.

Honez gain, aipagarria da nobelan zehar ageri den seriotasun eta beltzunea apurtzeko autoreak sartzen duen umorea. Ironia da nagusi pasarte umoretsu horretan, ironia kristautasunarekiko (kontuan izanik Xabier eta Oskar homosexualak direla) eta Gerra Zibilarekiko, eta oso une egokian agertzen da nobelan bertan. Pasarte hau Xabier eta Oskarrek euren kabuz ikertzen diharduten egun horietako batean ematen da. Salustianoren inguruan gehiago jakiteko kariaz, Berrada andreagana jotzen du bikoteak, Salustianoren arreba, eta hau horren kontserbadorea eta Francoren aldekoa izanik, abokatu eskuindar izatearen plantak egiten dituzte. Horrez gain, bada beste pasarte bat non ahizpa Maravillas, moja bat, Yodarekin konparatzen duten.

Maravillasen kontuari dagokionez, esanguratsua iruditu zitzaidan datu bat atera zen Irakurle Tailerreko azken bilkuran. Izan ere, Maravillas ez da horren izen arrunta, eta seguruenik autoreak zerbaitegatik erabiliko zuela pentsatzen hasi ginen. Maravillas gora eta Maravillas behera, berehala sartu zen elkarrizketan kideetako beste bat kontuaren hipotesi batekin. Honen ustez, ondorengoari eginen zion erreferentzia: Ba omen zen izen hori zeraman emakume nafar bat Gerra Zibilean eraila izan zena, hamar bat alditan bortxatua izan ostean bere gorpua txakurrei eman zietena. Kasualitatea? Ez dut uste. Pentsa, Berri Txarrak taldeak berak ere abesti bat eskaini omen zion!

Hau guztia esan ondoren, aitor dezaket liburua asko gustatu zaidala, izugarri ez esatearren. Esan dezaket, halaber, irakurlea istorioaren barnean sartzea lortzen duten horietakoa dela, dudarik gabe helburu hau lortu duelarik nigan bederen. Agian gai aldetik ez du behar adina sakondu, gehiegi nahi eta azkenean guztia ezin lortu. Haatik, ezin zalantzan jar daiteke autorearen saiakera nobela benetan erakargarria lortzeko: misterioa misterioaren atzetik, bizkortasuna, lotura, irakurtzeko erraztasuna. Denetik du. Hortaz, liburu hau irakurtzera gonbidatzen zaituztet, ez baitzarete damutuko. Entretenimendua, behintzat, ziurtaturik daukazue.

Irakurketaren audioa

Alberto Ladron Aranaren denbora-lerroa

 


 

Informazioa gehigarria

Comments { 0 }
-->