Archive | apirila, 2012

Umeen edertasun lehiaketak: izua alde guztietatik

Lehen gizakietatik hasita, edertasunari eman zaion garrantzia oso handia izan da, bai objektuetan eta baita pertsonetan ere. Gaur egun, edertasunarekiko dependentzia izugarri barneratua dago gizartean. Denok ederrak izan nahi dugu alor guztietan: publizitatea eta hedabideek saltzen diguten irudia ahalik eta gehien kopiatu nahi dugu. Gainera, lehiaketak ere egiten ditugu, nahiz eta batzuk ankerrak eta lekuz kanpokoak izan. Horren adibide garbiena umeen edertasun txapelketak dira. Zertara jolasarazten diegu ume hauei?

“Beraien haurtzaroa lapurtu diete. Objektu erotiko bihurtu dituzte. Objektu sexualen antzera jokatzen erakusten zaie, besteen gustuko izateko”, ziurtatu du Emily Hancock psikiatrak. Umeek askotan nahimen hori edukitzen dute, baina probabilitate handia dago amets hori amesgaizto bihurtzeko. Hala ere, guraso asko ez dira arriskuen beldur, eta euren seme-alabak publizitatera jauzi egiteko aukera baliotsua ikusten dute.

Nahiz eta arazo kaltegarriak nabariak izan, alde dauden ahots batzuk ere badira. Hauen hitzetan, lehiaketa hauek laguntzen dute umea hezitzen eta trebatzen. Lehiakideek ezinbestekoak diren bi gauza ikasten dituztela diote: beraien buruarekiko konfiantza eta hitz egiteko gaitasuna, publikoarekiko harremana beharrezkoa den ogibideetan funtsezkoak diren ikasgaiak. Ikerketek, aldiz, frogatu dute txapelketa hauetan parte hartutako umeek, heldutasunera iritsitakoan, arazo psikologiko larriak garatzen dituztela. Miss izandako batzuek ziurtatzen dute trauma ugarirekin iritsi direla heldutasunera.

“Askotan gurasoak saiatzen dira beraien betiko desioak seme-alaben bitartez betetzen. Beraien beharrak umeekin asetzen dituzte, konturatu gabe beraiengatik egiten dutela, eta ez umeen nahiengatik”, dio Lucia Gilbertek, psikologa eta emakumezko gaietan aditua. Hau guztia esanda, eta azpiko bideoan agertzen den bezala, gurasoek dute arazo honen konponbidearen giltza, euren alabak behartzeari utzi eta beste era bateko haurtzaro dibertigarria eta osasuntsua eskainiz. Gogorarazi nahi dut 1996an, JonBenet Ramsey, Coloradoko edertasunaren erregina txikiaren kasua: hilda agertu zen, bortxatua izan eta gero, bere guraso dirudunen luxuzko etxean. Krimenaren ustezko egileak gurasoak izan ziren, hain zuzen ere.

Artikuluari amaiera emateko, “Pequeña Miss Sunshine” filma gomendatuko nuke; izan ere, nire ustez, oso ondo erakusten baitu umorearen bitartez lehiaketa hauen ankerkeria.

Comments { 2 }

Afrikako atletak nazionalitatu, geureak akabatu?

Duela hilabete batzuk, abenduaren 12an hain zuzen ere, Europako Kross Txapelketa izan zen Velenjen (Eslovenia). Atletismo zale amorratua naizenez, lasterketa ikusten geratu nintzen etxean. Amaitu zenean, hainbat galdera egin nizkion neure buruari. Atelaw Bekele izeneko atleta belgiar batek irabazi zuen; bigarren, Ayad Landassem espainiarra izan zen eta, hirugarren, Jose Rocha portugaldarra. Nola liteke Europako Kross Txapelketa batean hiru lehenengoetatik bi afrikarrak izatea? Gauza bat da hauek txikitatik txapelketan ordezkatu duten herrialdean bizi izatea, baina ez da hori kontua. Atletismoaren munduan batez ere, gero eta herrialde gehiagok, ahalik eta emaitza onenak lortzeko, distantzia luzeetako probetarako Afrikara jotzen dute atleeten bila, han egoten baitira munduko onenak.

Hau ikusi eta gero, nire buruari beste hainbat galdera egin nizkion. Azken urte hauetan, Espainian gero eta atleta gehiago nazionalizatzen ari dira dominak lortu nahian, nahiz eta horretarako jatorrizkoa kanpoan utzi behar izaten dituzten. Hori, nire ustez, ez dago batere ondo. Lehenik eta behin, bertako atletak babestu beharko lirateke; izan ere, txikitatik laguntza eta sustapen gehiago egongo balitz, seguru aski gaur egun ez legoke afrikar atleten beharrik, dominak lortu ahal izateko. Non geratu dira Abel Anton, Martin Fiz, Fermin Cacho, Abascal eta abarren dominak? Hauek ez dira afrikarrak, baina sekulako poza ekarri zioten hemengo atletismoari. Beraz, argi geratzen da honekin ez dugula zertan kanpora joan atleten bila, gure etxean baititugu munduko onenetakoak. Kuestioa itxarotea da eta txikitatik atletismoa sustatzea, epe luzera begira atleta onak irten daitezen. Gainera, gaur egun baditugu gazte eta ez hain gazte diren atleta oso onak hurrengo Olinpiar Jokoetan zer edo zer handia egin ahal izango dutenak: Kevin Lopez, Olmedo, Francisco Javier Abad, Carles Castillejo, Chema Martinez

Egia da kanpora jotzean atleten bila emaitza oso handiak lortu direla, batez ere azkeen urte hauetan iraupen luzeetako probetan. Hortxe daude, esaterako, Ayad Landassem marokiarra eta Alemayehu Bezabeh etiopiarra. Hala ere, azken hau zigortua izan da doping kasu bat dela medio. Baina dopinga aparte, atleta hauekin Espainiako atletismoak inoiz lortu ez dituen emaitzak lortu ditu, hala nola, Bezabeh Europako Kross Txapelketa irabazten zuen lehen espainiarra bihurtu zen, eta, bera eta Landassen Espainiako selekzioko kide zirela, taldeka urrezko domina lortu zuten Europako Kross Txapelketan. Baina benetan merezi al du horrelako tituluak lortzea zure herriko ordezkaritza bertan jaio edo hezitako atleetek osatzen ez dutenean? Nire ustez, ez. Honekin argi utzi nahi dut, badezpada ere, ni ez naizela arrazista. Adibidez, azken Europar Txapelketan Landassemek bigarren postua lortu izanak  asko poztu ninduen.

Hau laburbilduz, zera esan nahi dut: ni afrikar atletak nazionalizatzearen aurka nago, beste leku askotan egiten duten bezala, Bahreinen adibidez. Honekin argi geratzea nahi dut ez naizela arrazista eta hau egiten duten lurraldeak errespetatzen ditudala. Herri bakoitzak  ikusi behar du epe luzera horrek ekar diezaiokeen kaltea edo onura. Zure herrialdea benetan zure herrialdekoak ez diren atletek soilik ordezkatzea nahi duzu? Nire ustez, atletismoa eta beste kirol asko txikitatik sustatu behar dira, gero kanpora jo behar ez izateko talentuen bila. Ez hori bakarrik, bertako jendeari aukera bat eman eta lagundu egin behar zaiola behar zaiola iruditzen zait. Errrusiarren eredua jarraitu beharko genuke. Hauek ez dute kanpora jotzen atleten bila, ez atletismoaren munduan ezta beste edozein kiroletan ere, betidanik egin dituztelako sustapen lan handiak.

Comments { 0 }

Zertarako nahi dute dirua?

Zuen herrian ohikoa al da ogia erostera joan eta, okindegiaren atean, adibidez, lurrean eserita eskale bat ikustea? Gehienek kartelen bat izaten dute eskuan, eta, normalean seme-alabak dituztela eta ezin dituztela elikatu esaten dute. Egia al da esaten duten guztia? Sinesten al ditugu itsu-itsuan diotena? Bildutako diru horrekin janaria erosiko al dute? Pertsona guztiak zeharo ezberdin pentsatzen dugu eta, horren ondorioz, batzuek dirua ematen diete; eta beste batzuek, aldiz, beste alde batera begiratu ohi dute.

Garai batean, gaur egun ez hainbeste, eskale horiek etxez etxe edo tabernaz taberna ere ibili ohi ziren diru eske, janari pixka bat erosteko aitzakian. Baina dirua eman ordez, zuzenean sukaldera sarrarazi eta ogia, esnea edota galletak ematea bururatuz gero, dirua behar zutela errepikatzen zuen batek baino gehiago, entzuna dudanez. Nola ulertzen da jarrera hori? Zuzenean janaria emanda, hari uko egiten badiote, zertarako nahi dute diru hori? Lehen esan dudan bezala, batzuek ez dute dirua elikatzeko nahi, alkohola, tabakoa… erosteko baizik.

Askok oso erraz engainatzen dute: aurpegi tristea jarri, adabakiez batetako arropa zikina jantzi, gose eta ahul daudela helarazten digute… Segundo erdi batean begiratu eta pena sentitzen dugu: etxerik ez dutela izango, lanik ere ez, gosea pasatzen arituko direla, hotza… Eta bi aldiz pentsatu gabe diru pixka bat ematen diegu askok. Dirua emandakoan, irribarre batez eskerrak ematen dituzte gehienek. Baina ongi egin al dugu dirua emanda? Bildutako diru horrekin alkohola erosiko balute?

Aurreko guztiarekin ez dut esan nahi diru beharrik ez dutenik, bizitza maila ona dutenik… Ni ez nago ”eskale” hauen aurka. Gure herrian jende asko dago lanik gabe, krisia dela-eta ahal duten moduan bizi direnak. Hauetako askok daukaten diru apurraren kantitate txiki bat limosna eske dauden hauei ematen diete, zerbait jan dezaten. Logikoa den bezala, baina, hurrengoan eskale hori basoerdi bat hartzen ikusten badute tabernaren batean, handik aurrera ez diote ezer emango: ”Nik diru gutxi izanda, zerbait eman diet. Diru hori alkohola erosteko erabili behar badute, hurrengoan nire kafea ordaitzeko erabaliko dut”.

Amaitzeko, orain dela ez asko egunkarian irakurri nuen artikulu bat uzten dizuet. Niri gustatu zitzaidanez, zuek ere irakurtzea gustatuko litzaidake: Eskaleak.

Comments { 0 }
-->