3D inprimagailua, XXI. mendeko arma ekoizle berria?

3D inprimagailua (Wikimedia Commons)

3D inprimagailua (Wikimedia Commons)

Orain dela zenbait egun, interneten nenbilela, albiste batek nire atentzioa erakarri zuen eta txarrerako gainera. Albistearen izenburua irakurtzea nahikoa izan zen ni asaldatzeko; izan ere, ikasle batek arma bat sortu zuen 3D inprimagailua erabiliz. Gertakariaren mamia irakurtzeak benetako buruhaustea sortu zidan eta nire alde kritikoa martxan jarri nuen denoi nire kezka zabaltzeko helburuarekin. Beharbada buruari birak emango dizkiozue nire kezka zertan oinarritzen den asmatu ahal izateko edo baliteke ez ulertzea zergatik aukeratu dudan gai hau artikulua idazteko, baina testu honen azkeneko lerroak irakurtzerako nire ezinegona ulertuko duzuelakoan nago.

Hasi baino lehen, gaiaren inguruan zenbait datu eskuratzeko asmoz, informazio iturri batzuk arakatu nituen eta nire larritasunak okerrera egin zuen; izan ere, hainbat gaztek ikasle honen pausoak jarraituz, iskilu berriak sortu baitzituzten. Hau guztia ikusita, badirudi XXI. mendeko gazteriaren artean denbora-pasa berria bihurtu dela; bestetik, ziur nago gaur egun eskaintzen diren aukera berriekin eta horiek eskuratzeko dauden erraztasunekin egoerak okerrera egingo duela. Lehengo hariari jarraituz, 3D inprimagailuen salneurria nabarmen jaitsi da eta horrek tresna honetan interesa dutenen kopurua handitzea ekar dezake; izan ere, Media Markt-en 500 eurotan topa dezakegu modelo arrunt bat eta online dendetan 1300 euroko eredu konplexuagoak aurki daitezke. Era berean, armak egiteko beharrezkoak diren materialak oso sinpleak dira eta prezio merkean aurki daitezke interneten ez ezik, informatikan espezializatuta dauden saltokietan ere.

Beste alde batetik, gaur egungo gerretan parte hartzen duten herrialdeek metodo hau erabil dezakete guduetarako beraien armamentua handitzeko. Honek sekulako abantailak ekar diezazkieke soldaduei; batetik, arma gehiago eduki ditzakete epe laburragoan eta, bestetik, armetan diru gutxiago gasta dezakete. Hala eta guztiz ere, egoera honek arriskuan jartzen gaitu, kontrolik gabeko armen produkzioari bidea ematen baitio. Horrez gain, armak plastikoz eginda daudenez, aireportuetan eta beste zenbait tokitan egiten diren segurtasun kontroletan ezin dira antzeman. Hortaz, nork ziurtatzen digu gure aldamenean eserita doanak ez daramala iskilurik? Eta armak egin dituenak haiek sortzeko planoak sarean jartzen baditu, gutako zenbatek jarraituko genituzke ikasle horren urratsak?

Egia da inprimagailu hauen erabilera egokiak onura ugari ekar diezazkiokeela gizarteari. Adibidez, tresna honi esker egindako protesiek gorputz adarren bat ez dutenei lehen egin ezin zituzten jarduerak egiteko ahalmena eman die eta, horrez gain, organoak hondatuta dituzten gaixoei bizi hobea eskaini die. Hori guztia ikusita, baliteke jendeak armak egiteko ideia hau alde batera uztea eta zuzen jokatzea; hala eta guztiz ere, gizakiok jaiotzez besteek egiten dutena imitatzeko joera dugu eta, adrenalinak bultzatuta, arriskutsuak eta legearekin bat ez datozen gauzak egiteko irrika pizten zaigu; beraz, armak egiten dituzten gazteen kasu gehiago ikusiko ditugu seguruenik.

Aurreko guztia laburbilduz, esan daiteke 3D inprimagailua tresna baliotsua eta oso erabilgarria izan daitekeela bide zuzena jarraituz erabiliz gero. Ondorioz, armen ekoizpenean zure harri-koskorra ekarri baino lehen, pentsa ezazu zure ekintzek gizartean izan dezaketen eraginean. Hitz gutxitan esanda: zentzutasunez jokatu, dibertsioaren benetako esanahia kontuan hartuz.

Gaiaren inguruan sakondu nahi izanez gero, ikusi bideo hau ingelesez [3D Printed Guns (Documentary)] edo ondorengo hau:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->