Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Abraham Olano: “Apustu egin beharko genuke nesken txirrindularitzaren alde”

Sukarra neukan egun hartan. Matematikako azterketatik atera orduko deitu zidan amak, ea elkarrizketa atzeratuko nuen. Ez dago esan beharrik ezetz erantzun niola, arratsaldean Abraham Olanorekin geratuta nengoen eta ez nengoen prest aukera hura galtzeko. Irene Usabiaga gelakide eta txirrindulari bikaina laguntzera etorri zen eta, Tolosarako bidean gindoazela, hura ni baino urduriago zegoela konturatu nintzen. Egia esateko, ez zen harritzekoa, Olano bere idoloetako bat baita. Kontu kontari gindoazela, ia konturatu gabe, hitzordua genuen tokira heldu ginen. Bost minutu genituen oraindik galderei azken errepasoa emateko. Bost, hamar, hamabi, hamabost, hogeita hiru… Minutuak azkar pasa ziren eta Abraham ez zen inondik azaltzen. Deitu egin genion, ea non zen galdetzeko, baina, alferrik, telefonorik ez zuen hartzen. Halako batean, ” ¿Hola, qué tal? Soy el chico de las poesías..” abestia entzun genuen. Nire mugikorretik zetorren kantua. Hartu, eta Abrahamen ahotsa entzun nuen, txirrinduan ibiltzera atera zela esan zidan eta guztiz ahaztuta zeukala hitzordua. Berehala Tolosara itzuli, eta elkartu egin ginen. Hark erabaki zuen elkarrizketa bere etxean egitea, eta Irene eta biok pozez gainezka bere etxerantz abiatu ginen…

Abraham Olano txirrindularia Anoetan jaio zen, 1970eko urtarrilaren 22an. Urte dezente profesional munduan ibilitakoa da eta, egun, nahiz eta txirrindularitza profesionalari agur esandakoa izan, oraindik ere, mundu horretan murgilduta bizi da.

Eskerrik asko, Abraham, Euskaljakintzari tarte hau eskaintzeagatik, jakin badakigu oso lanpetuta zabiltzala txirrindularitzarekin, eta ez duzula denbora askorik. Ez horregatik, zuei.

Nolatan hasi zinen txirrindularitzan? Nork edo zerk bultzatuta? Inork ez ninduen bultzatu txirrindu gainean ibiltzera. Baina, nire aita eta anaiei txikitatik gustatu zitzaien txirrindularitza mundua, eta nire anaia zaharrena konpetitzen hasi zenean, nik ere gogokoa nuela konturatu nintzen. Egia da bizikletan ibiltzeko aukera askorik ez genuela, etxean bizikleta bakarra baikenuen. Txirrindua lehen hartzen zuena ibiltzen zen gehien…

Jakin badakigu txikitatik modalidate askotan aritu zarela: errepidean, pistan, ziklo-krossean… Zergatik hautatu zenuen errepidea? Denetik probatzen saiatu nintzen; txikitan atletismoan ere ibili nintzen. Hala ere, denborak esaten dizu zer aukera egin beharko duzun eta zein ez. Nire garaian, pistan ez zegoen aukera askorik profesionaletan ibiltzeko eta, ondorioz, errepidean saiatzea aukeratu nuen. Egia esan, ez zen aukera txarra izan, ondo joan baitzitzaidan.

Ba al zenuen idolorik? Nire gaztaroan, Bernard Hinault nuen idolo; baina segituan agertu ziren txirrindularitzako munduan Perico eta Miguel Indurain . Indurain Tony Romingerrekin batera, idoloak ez ezik, nire lagun minak ere izan dira.

Zein desberdintasun aurki genezake zure garaiko eta gaur egungo txirrindularitzaren artean? Bai materialean, bai pentsaeran, estrategietan, lasterketa motetan… Egia esan, materialean ez dago desberdintasun handirik: gutxi gorabehera, ekipamendua nahiko berdina da, nahiz eta arinagoak izan. Gurpilak eta galgak dezente aldatu dira. Hala eta guztiz ere, nire ustez, gehien aldatu dena segurtasunaren kontua da; kaskoa erabiltzea, esaterako.

Munduko txapeldun, Olinpiar Jokoetan txapeldunorde… Palmaresean garaipen oso esanguratsuak dituzun arren, ba al duzu hauek baino gehiago gogoratzen duzun lasterketa xume eta begibistan “garrantzigabea” den horietakoren bat? Ez zen garaipena izan, Giroan hirugarren postuan gelditu bainintzen. Lehenengo aldia zen Girora joaten nintzena, eta maillot larrosa nuela soinean, asko kostatako etapa izan zen. Ez nuen maillota irabazi; hala ere, konturatu nintzen gogor lan eginda, aukerak banituela podiumera iristeko. Txirrindulari gehienek aukera hau pasatzen utziko zuten eta ez ziren podiumera iritsiko, helmugara baizik. Nik, nahiz eta Giroa ez irabazi, lortu nuen podiumera iristea.

Gaur egun krisia dela eta ez dela, ekonomiari asko begiratzen diogu. Txirrindularitzaz bizi al daiteke bat? Ondo ordainduta al dago? Merkatuan dagoen krisiak eragin zuzena dauka kirolean, bereziki txirrindularitzan, oso garrantzitsua baita marken babesa. Enpresak krisian badaude, diru-babes horiek murriztu egiten dituzte, eta, ondorioz, gu kaltetuta ateratzen gara. Hala ere, txirrindularitzak aurrera egingo duela uste dut. Egia da, lehen, enpresa bakar baten edo pare baten babesa nahikoa izaten zela. Gaur egun diru gutxi dagoenez, enpresa gehiagoren babesa behar da.

Kirolari askori entzuten zaie: “Erretiratu aurretik hau egitea gustatuko litzaidake”, “Ez naiz beste hau egin arte erretiratuko”… Zuri zerbait geratu al zitzaizun egiteko edo lortzeko? Ez, egia esan, nik ez dut inoiz pentsatu nire etorkizuna txirrindularitzan zein izango litzatekeen edota zer gertatu liezadakeen. Denbora aurrera doan heinean, aldaketa asko egoten dira bakoitzaren bizitzan, eta egia da beti ilusioak eduki behar direla. Bizitzan gogor egin behar da, ahalik eta gauza gehien lortzen saiatu eta atzera begiratzen ez saiatu. Ni beti saiatu izan naiz atzera ez begiratzen eta buruari buelta gehiegi ez ematen; beti gogor aritu naiz, eduki izan ditudan aukera guztiak aprobetxatuz. Gainera, zerbait lortu ez badut, ez da izan entrenatu eta gogor lan egin ez dudalako, ezin izan dudalako baizik.

Jada erretiratuta zauden arren, ez duzu mundu hau alde batera utzi eta antolatzaile modura diharduzu orain. Zer esango zenieke ikuskizuna lortzearren ahalik eta portu gehieneko lasterketak antolatzen dituztenei? Egia da porturik gabe ez dagoela ikuskizunik? Ez, ez dut uste horrela denik. Badaude hainbat lasterketa harrigarriak direnak; mundu gehienak ikusi nahi ditu. Gainera, ez dauka beti errepidean izan beharrik. Batzuetan, zelaietan izaten dira eta bertako bide estuak zailtasunak ekar ditzake: abiaduraren murriztea, pelotoiaren handitzea… Hala ere, lasterketetan ikus daitekeen bezala, azken urte hauetan ikuskizun gehiena azken igoeratan egoten da, irabazleak ez baitira hasten borrokan azken unera arte.

Polemikarekin hasi garenez, ezin gara dopinaz hitz egin gabe joan. Zer iruditzen zaizu txirrindularitzari eman ari zaion “protagonismoa”, dopina kirol guztietan badago? Zergatik ez da arazo hau kirol guztietan maila berean erakusten? Nik uste dut, txirrindulariok izan garela gehienak dopinaren aurka joan garenak, ezin baita parekatu txirrindularitza eta beste edozein kirol. Futbolean, adibidez, aste batean futbol partida bat edukitzen duzu eta hurrengo sei egunetan ez duzu inongo frogarik; txirrindularitzan, aldiz, lasterketa batek 20-21 egun iraun dezake. Dopatzea gorputzarentzat larritasun ikaragarria izan daiteke, eta, ondorioz, dopinaren aurka txirrindulariok joaten gara. Kasu batzuk agertzen dira positibo ematen dutenak, eta horiek kolpe ederra jasotzen dute. Hala ere, ez dut uste txirrindularitzan beste kiroletan baino dopin gehiago ematen denik.

Txirrindularitzaren alde iluna dopina den bezala, zein da, zure ustez, alderik onena? Txirrindularitzaren alderik onena uste dut zera dela: kirol honetan uneoro daude norgehiagokan eta, norbaitek akats bat egitean, komeriak izaten dira. Gainera, egoten diren jaitsiera asko oso politak izaten dira, ikusgarriak, eta niri hura ikustea ederra dela iruditzen zait. Gaur egun, gainera, txirrindularitzan dagoen egoera ikusita, aurtengo Giroan gero eta norgehiagoka gehiago egongo dira. (Giroaren aurretik egindako elkarrizketa da).

Espainiako txirrindularitzak izen esanguratsu asko ditu: Alberto Contador, Samuel Sanchez, Oscar Freire… Nazioartean oso begi onez dago ikusita espainiar txirrindularitza. Hala ere, nesketara pasatzen bagara, espainiar txirrindulariak ez dira batere ezagunak. Zerk erratzen du nesken txirrindularitzan? Prest egongo al zinateke nesken lasterketaren bat antolatzeko? Orain dela pare bat urte, estatu mailan,
neskentzat Espainiako Itzulia antolatzen saiatu ginen. Diru babesa zela eta beste hainbat faktoreren eraginez, itzuli hori airean geratu eta ez zen egin. Nire ustez, nesken txirrindularitzaren alde apustu bat egin beharko genuke, zertxobait gehiago bultzatzeko. Jakin badakigu mutilak beste erritmo batean dabiltzala, baina ez dut uste horrek zerikusirik duenik neskeen txirrindularitzari bultzada bat emateko. Gainera, zenbat eta laguntza gehiago eman, orduan eta txirrindulari hobeak bilakatuko dira. Joane Somarriba joan zenetik, nesken txirrindularitza galdu egin dela dirudi, eta alderantziz izan beharko litzatekeela uste dut: bat izan badugu, zergatik ezin ditugu beste batzuk izan? Mutiletan, Indurain eta Perico izan ditugu eta orain Contador eta Valverde ditugu, zergatik ez neskatan?

Hainbat galdera labur:

  • Konpetitu duzun lekurik bitxiena. Ez dakit, baina gustukoen dudana Euskal Herria da.
  • Txirrindulari bezala hutsarte nagusiena. Nik neure buruari ez diot hutsik egin, baina egia da orduko errekorra apurtzea gustatuko zitzaidala; bere momentuan, baina, ez nintzen saiatu.
  • Afizioak edo ikuslegoak esan dizun gauzarik arraroena. Afizioari eskertzeko dena. Txirrindularitzako afizioa oso berezia da, beti animatzen, hasieratik amaitu arte. Ez da futbolean edo beste edozein kiroletan bezala, txirrindularitzan ez baitira besteetan entzuten diren hitzak entzuten. Hala ere, noiz behinka zerbait entzuten da.
  • Emoziorik handiena. Nahiz eta txirrindularitza zure bizia eta ilusioa izan, familiak ematen duen poztasuna baino handiagorik ez dago.
  • Lasterketarik luzeena. Milan San Remo izan da; 300 km egin nituen.
  • Lesiorik larriena. Klabikula, eta kubito eta erradioa hausi izan ditut. Ez dira lesio larriak izan. Katalunian erori nintzen, oso ikusgarria izan zen erorketa, baina klabikula bakarrik hautsi nuen. Aurrerago kubitoa eta erradioa, eta, azkenik, beste klabikula.

Burura etortzen zaizun lehen hitza:

  • Oriako Txirrindulari Elkartea: Familia bat eta nire txirrindularitzaren hasiera.
  • Euskal Herriko Itzulia: Gustuko izango nuen garaipena, baina lortzerik izan ez dudana.
  • Joane Somarriba: Laguna eta, emakumeetan, txirrindularirik onena.
  • Duitama: Munduko txapelketa eta, hasiera bat baino gehiago, ni ezagunizatera eraman ninduena.
  • 1992 : Profesional bizitza berria. Baita poztasuna eta tristetasuna ere, gorabehera askoko urtea izan baitzen.
  • Miguel Indurain: Idolo bat eta prestakuntzan erreferentziatzat dudana.
  • Mapei:Txirrindularitzan nire etxea, nire familia.
  • Karmele Zubillaga: Emazte bat baino askoz gehiago.
  • Ordiziako Klasika: Nire lehengo garaipena, eta hasiera bat profesional bizitzan.
  • Tony Rominger: Idoloa eta laguna.

Amaitzeko…

Gurekin etorri da Irene Usabiaga, euskaljakintzako kidea, laguna eta txirrindulari aparta. Zer esango zenioke kirol honetan hasiberri den bati? Animoak eman eta gogor jarraitzeko, txirrindularitza oso gogorra baita eta emakumeetan oraindik gehiago. Lehen aipatu dudan bezala, laguntza gutxi ematen dizkiete; hala ere, halako aukerarik baldin badu saia dadin, beharbada zerbait lortzeko aukera edukiko baitu.

Nola ‘salduko’ zenuke kirol hau? Saldu ez da saldu behar, aurkitu egin behar da. Aukeran hori izaten da zailena, baina hori egiteko bideak badaude eta gaur egun badago jendea laguntzeko eta, agian, beharko duen bati bultzada bat emateko. Egia da diru babes murriztua dagoela, baina gogoa badago, beharbada ahal izango da.

Hasieran urduri nengoen, nire lehenengo elkarrizketa baitzen; halere, pare bat minutu ondoren, eroso asko sentitu nintzen Abrahamen harrera goxoari esker. Eskerrik asko, Abraham, Euskaljakintzari tartetxo hau eskaini, eta hain abegikor zure etxean hartu izanagatik. Mila esker eta zorte on!

Abraham Olano euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.
 

,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->