Agur mamuei

Iluntasuna, isiltasuna, denboraren nozio eza, bakardadea, buru-nahastea… Bart gaueko loalditik horixe besterik ez dut buruan. Ez da amesgaiztoa, ezta gaueko ametsak zehaztasun handiz ez gogoratzea ere. Noizean behin horrelako loaldiak izan ditut, hurrengo egunean lo hartzetik esnatu bitarte segundorik pasa ez dela pentsatzera eramaten nautenak.

Gauza bitxia eta harrigarria da benetan horrelako loaldi bat pasatzea, baina, egia esan, urduritasuna ere sortzen dit. Izan ere, amets horietan bizitzaren ideia galtzen dela dirudi, bizitza bera desagertzen dela. Orduan sortzen zaidan galdera bakarra honako hau da: horrelakoa ote da heriotza? Iluna, isila, denboraren eta bizitzaren kontzeptuak galtzen dituena, bakarrik sentiarazten zaituena…

Oraindik sabelean korapiloa egiten zait sentipen hura oroitzean, hiltzea horrelakoa izango dela irudiztatzean. Denoi egiten zaigu zaila zorioneko bizitza honi amaiera jartzea, noizbait heriotzari aurpegira begiratu beharko diogula imajinatzea. Gogoan dut oraindik, haur txikia nintzenean, asko kostatzen zitzaidala gauetan lo hartzea, batez ere, egun osoan bakarrik sentitzen nintzen une bakarra zenez, heriotzari buruzko gogoetari ekiten niolako.

Oso zaila egiten zitzaidan egunen batean gurasoak hilko zitzaizkidala irudikatzea eta, are gehiago, oso zaila egiten zitzaidan haiek gabe zer egingo nuen pentsatzea.

Duela gutxi Argian irakurri dut Txabi Arnal EHUko irakasleak haur literaturan heriotza nola jorratzen den aztertu duela bere tesian. Heriotza modu naturalean eta ikuspegi ezberdinetatik lantzen dela baieztatzen du. Oso lan baliagarria egin duela iruditzen zait; izan ere, gizakiak heriotzak sortzen dituen beldurraren mamuei agur esateko txikitatik hasi beharko bailuke lanean.

Niretzat, esaterako, benetan une garrantzitsua izan zen hura, momentu hartan heriotzari buruz jasotako heziketak determinatu baitzuen bizitzan zein izango zen hiltzeari buruz hartuko nuen jarrera. Eta une hartan bi aukera bakarrik zeuden: saihestu edo onartu.

Kontzeptua saihesteak momentuko lasaitasuna ematen badu ere, beldurrari aurre ez egiteak ideia hori erreprimitzea ekar dezake; buruan ezkutuan gordetzea, alegia. Horrek ez du esan nahi, ordea, beldur hori inoiz berriro azaleratuko ez denik, posible baita espero ez den unean edota ametsetan agertzea. Beraz, ikara sortzen duen gaia saihestuz esan daiteke momentu txar hori atzeratzea besterik ez dela lortzen, eta modu batera edo bestera norberaren burua engainatzea. Esan behar da, halaber, gizartean oso gutxi hitz egiten dela gai honi buruz, eta horrek ez duela batere laguntzen kontzeptu honen onarpenean.

Heriotza onartzea, ordea, askoz ere bide luze eta geldoagoa da. Hasteko, ingurukoen heriotza ontzat ematea zaila egiten bada, are zailagoa da norberarena zuzenestea. Bizi itxaropena handitzeak ere beldur hori luzatzea besterik ez du ekarri, eta, Jainkoaren existentzia zalantzan jartzen hasi den une honetan, ez dakigu heriotza ondoren zer datorren.

Hala ere, nire ustez, bada zerbait hunkigarria eta polita heriotzaren atzean. Gizakiak orain arte beste animaliek lortu ez duten zerbait dauka, pertsona bat hil ondoren ere izaki hori bizirik mantentzen duen zerbait: memoria.

Mikel Laboa handiak zioenez:

Ez nau izutzen negu hurbilak
uda betezko beroan
dakidalako irauten duela
orainak ere geroan […]

One Response to Agur mamuei

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.