Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Aimar Olaizola: “Jendea harrituta geratuko litzateke material batetik bestera zein alde dagoen jakingo balu”

Aimar Olaizola Apeztetxea, Olaizola II.a izenaz ezaguna, (Goizueta, Nafarroa, 1979ko azaroaren 13a) Asegarce enpresako pilotari profesionala da eta aurrelari bezala aritzen da. Bere garaipen-zerrenda ezin hobea dela esan daiteke, hamaika aldiz atera baita garaile han-hemengo partiduetan. Hona hemen arrakasta horietako batzuk: banakako txapelketan, 2005 eta 2007. urteetan izan da garaile, lau eta erdiko txapelduna 2002, 2004 eta 2005ean, bigarren mailako banakako txapelduna 1999an, binakako txapeldunordea 2003an eta banakako txapeldunordea 2003 eta 2006an. Nafarroako txapelduna ere izan da lau eta erdiko txapelketan 2005ean. Hau guztia kontuan izanda eta ezagutzeko nuen grinak bultzatuta, Goizuetarantz abiatu nintzen aurreko astean euskaljakintzarako elkarrizketa egitera…

Aimar eta Ana elkarrizketa egunean

Aimar, nola hasi zinen pilotan? Zure anaia Asierrek zerikusia izan al zuen erabaki hartan?
Litekeena da baietz, anaia hor izateak niregan eragina izango zuela uste dut. Bera ni baino lau urte zaharragoa da eta hori niretzat erreferentzia handia zen. Dena dela, ni zortzi urte nituela hasi nintzen pilotan. Hemen oso ohikoa zen pilotan jokatzea 2 frontoi baitauzkagu horretarako, eta lagun artean haur guztiok frontoian igarotzen genuen eguna. Esan dizudan bezala, zortzi urterekin hasi nintzen pilotan, baina txapelketekin bederatzi urte arte ez nintzen hasi. Egun osoa frontoian pasatzen nuen.

aimar.jpgGaur egun, Goizueta herria entzuten dugunean, guztiok lotzen dugu herria pilotarekin. Baina, zu hasi zinenean, horrela al zen edo herriak ospe hau lortu du, bai zu, bai anaia eta herrian dauden beste hainbat pilotariren ondorioz? Lehen ere horrela al zen?
Ez dakit. Zuk diozun bezala, herriak duen erreputazio hori nabaritzen da; hala ere, gure aurretik Goizuetak hainbat pilotari izan ditu: Loyarte, Lujanbio, Salaberri… Nik uste dut pilotariak beti izan ditugula hemen, alabaina, batzuk besterik ez dugu lortu profesional izatea.

Pentsatzen dut edonork bezala, hasi zinenean, izango zenuela pilotariren batenganako miresmena. Idoloren bat izan al duzu?
Nik beti esan ohi dut, txikia nintzenean, ez nuela pilotari bereziren bat buruan. Garai hartan onena, edo beti hor goian ikusten genuena Julian Retegi zen, batez ere, baita Ladis Galartza ere. Nolanahi ere, hamaika, hamabi, hamahiru urte inguru nituenetik Titin izan da. Orduan hasi zen Titin gailentzen. Beraz, bai Retegi eta bai Titin bereiziko nituzke.

Zure kasuan esan daiteke oso txikitatik nabarmendu zarela, ez profesionaletan bakarrik. Bai jubeniletan eta bai amateur zinela ere makina bat txapelketa irabazi duzu. Horren adibide da 1998. urtean irabazi zenuen 20 urtez azpiko Espainiako txapelketa. Ordurako zure buruak garbi al zuen profesional izan nahi zenuela, hau da, gaztetatik al zenuen argi ala denborak aurrera egin ahala konturatu zinen urrutira irits zintezkeela?
Nik, nire aldetik behintzat, betidanik izan dut ilusioa eta zortea ere alde izan dut beti, orain arte, behintzat. Zuk kontatu duzun bezala, txapelketa hori profesionaletan debutatu aurretik izan zen, baina ordurako nik firmatua nuen kontratu bat profesionaletan. Hura izan zen nire azkeneko txapelketa amateur mailan, eta banekien profesionala izango nintzela. Gero beste gauza bat da behin profesionaletara iritsita, hor goian aritzea edo ez. Orain arte zoria izan dut eta nire ilusioa bete dudala uste dut, hau da, profesionalen artean hobenen artean aritu naiz.

Gaur egun profesionala zara. Zenbat kostatu zaizu bertara iristea, hots, zeure buruak garbi ikusten duenean profesional izan nahi duela, zenbat sakrifizio, zenbat entrenamendu egin behar izan duzu bertara iristeko?
Sakrifizio askorik ez dut egin. Alde batetik, gustura egin dudan gauza izan da eta, bestetik, lehen agertu dudan bezala, betidanik herrian gazte-gaztetatik ikusi izan dugu pilota giroa. Ondorioz, partiduren bat banu, ezin nuen lagunekin parrandan irten, baina hortik aparte, oso gustuko dut pilota; beraz, ezin dut esan kexatzeko gauza dela.

Orain profesionaletan, denboraldiko egun arrunt batean, zenbat ordu eskaintzen dizkiozu pilotari? Edo, beste era batera esanda, nolakoa da zure egun normal bat? Sagardotegia ere hor dago… Nola lortzen duzu zure eguneroko lana egitea?
Pilota ez da beste kirol asko bezala antolatzen. Norberak bere erara prestatzen du urtea, eta nire kasuan, beti ez dut eraketa berdina eramaten. Egunero aritzen naiz trebatzen, bi orduz arituta nahikoa dela uste dut. Horrez gain, jana begiratu beharra dago, ezin duzu edozer gauza jan, pixka bat zaindu behar duzu zure burua. Hala ere, ez da beharrezkoa egunero bi orduz aritzea. Partiduak noiz diren begiratu behar da, eta horren arabera, fisio pixka bat egingo nuke, baita korrika eta, frontoira astean bi aldiz joatearekin nahikoa.

Zenbat irauten du denboraldiak?
Zer pilotako denboraldiak?

Bai.
Gure egutegiak urte osoa irauten du. Normalean, urtarrilean hasten da binakako txapelketekin. Binakako txapelketak bukatzen direnean, buruz buruko txapelketekin jarraitzen du. Hauek bukatutakoan, berehala, San Ferminak iristen dira, eta honekin batera, udako lehiaketak. Udako torneoak bukatzen direnean, lau eta erdiko torneoak hasten dira eta, amaitutakoan, berriz ere binakako txapelketak hasten dira. Urte guztian zehar daukagu partiduren bat. Garbi dagoena zera da: urte osoan ezin duzu forma berberan egon; horregatik, txapelketa garrantzitsu baterako prestatzen zara, adibidez, buruz burukoa edo lau eta erdikoa. Baina denboraldi bezala, nik uste dut urte guztia izaten dela. Oporrak ere normalean ez ditugu izaten. Asteburu bat libratu ohi dugu eta asteburu horretaz baliatuz, hamar egun edo hartzen ditugu eta horrela funtzionatzen dugu urte guztian.

Aimar txapeldunAsko mugitzen al zarete, hau da, ni txirrindularitzan aritzen naiz eta neskek konkretuki asko bidaiatzen dugu. Egun batean Murtzian izaten dugu lasterketa, beste batean Gironan, hurrengoan Sevillan eta horrela urte osoan. Mugitzen dugun materiala ere oso garestia da eta nik badut izeba bat 3 urteko seme bat duena eta hark dio bere semea ez duela txirrindulari sartuko, pilotari baizik; horrela, praka txuri batzuk erosi eta dena egina duela.
(Aimarrek barre egiten du) Gureak ere gastuak baditu. Autoan asko ibili behar dugu, bizi zaren tokiaren arabera. Gure kasuan, adibidez, kilometro gehiago egin behar izaten dugu. Bestalde, urtean zehar berrogeita hamar mila kilometro inguru egiten ditugu. Zuk adierazi duzun bezala, ez dira hain urruti, baina partidu asko jokatzen ditugu Iruñean… Urrutien jokatzen diren partiduak uda partean izaten dira. Soria inguruan eta Madril inguruan ere izaten ditugu. Bestela, normalean, Euskal Herrian jokatzen dira, eta bertatik ateratzen bagara, ohikoena da Logroño edota Errioxan jokatzea. Entrenatzeko ere askotan mugitu egin behar izaten dugu, hitzaldiak eman beharra, gauza asko…

Esku pilotaren barruan, modalitate bat baino gehiago dago; binakakoa, buruz burukoa eta lau eta erdikoa. Zuk hauetatik zein daukazu gustukoen? Zergatik?
Gustukoena beti esaten dut lau eta erdikoa dela, baina garbi daukat garrantzitsuena buruz burukoa dela. Bai pilotariek eta bai ikusleek garrantzi handiagoa ematen die. Nik uste dut frontoian jende gehiago egoten dela eta, ez hori bakarrik, prentsaren aldetik ere “boom” gehiago ematen diotela. Beraz, laburbilduz, garrantzitsuena buruz burukoa da, baina niretzat, lau eta erdikoa.

Pilota hitza entzuten dugunean, burura etortzen zaigu denoi zuk egiten duzun modalitatea, esku-pilota, alegia, baina pilota berez esku pilotak, erremonteak eta palak osatzen dute. Zu noizbait aritu al zara horietan?
Palan lagunekin aritzen naiz oso gustura, eta horrela jokatzeko gustuko dut, baina oso gutxi ibiltzen naiz esku-pilotarentzat ez baita ona gero. Palan, profesionaletan aritzen diren bezala, ez dut probatu; ezta erremontean, ezta zestan ere. Pentsatzen dut probatuz gero, politak direla, bakarrik normalean guretzat ez direla bateragarriak.

Telebistan eta egunkarietan beti ikusten dugu, partidak baino lehen, aurretik, materiala hautatzen duzuela. Zein ezberdintasun dago material horien artean? Bestelakotasun handia al dago? Zuk zertan nabaritzen dituzu?
Bai, pilotan jendea harrituta geratuko litzateke zein diferentzia dagoen material batetik bestera ikusiko balu. Normalean, guk hau egiten dugu txapelketak edo direnean: hiru egun aurretik bereiztu egiten ditugu pilotak. Normalki, pilotariek enpresei hartzen dizkiegu, eta gero, batzuetan hautatzaile bat izaten dugu, bi enpresa daudenez, enpresa bakoitzeko bost pilota hartuz. Bestela esanda, bost Asegarcekoak eta bost Aspekoak eta guk, gerora, bost horietatik gustukoenak hartzen ditugu. Gure aldetik behintzat, normalean, ez da arazorik izaten eta enpresen aldetik ere, zuk hartzen dituzun pilotekin, ez da arazorik izaten. Batzuetan, agian, aurkaria zure enpresakoa denean, baliteke enpresak hautatzea partiduaren arabera, bi aurkariak berdintzeko.

Aurtengo denboraldia ia bukatua duzu; beraz, datorren urteari begira zein helburu dauzkazu?
Nik atseginez sinatuko nuke aurtengoa bezalako urtea izatea. Lehenago erran dugun bezala, aurtengo txapelketarik garrantzitsuena buruz burukoa da. Hura irabaztea lortu nuen eta niretzat garrantzizkoa izango litzateke berriro hori irabaztea. Garbi dagoena da lau eta erdikoa asko gustatzen zaidala baita binakakoa ere. Nire aburuz, posible izanez gero, guztiak… bakarrik oso zaila dela hori lortzea. Horregatik, buruz burukoa irabaztearekin pozik geratuko nintzateke.

Partiduetan izaten al duzu zinginarri bereziren bat edo zerbait berezia?
Ez, normalean gauza horietako ez naiz oso “zaila”, askok izaten dituzte gauzak eraman beharra, maniak edo… Nik orain arte behintzat ez ditut erabili, baina ezin dizut esan zer egingo dudan hemendik aurrera nik ere ez baitakit.

aimar 4.jpgBa al duzu zerbait aipatzeko orain arte azaldu ez dena?
Nik, gutxi, baina zerbait aipatzearren profesionaletara pasa aurretik izan zen. Azkeneko partiduetako batean, Lesakako festatan jolastu genuen partidu bat eta hogeita bana berdindu eta utzi egin genuen partidua, bukatutzat eman genuen.

Ba al dago neska pilotaririk? Pentsatzen dut horiekin ere emakume txirrindularien antzera gertatuko dela, hau da, badagoela baina prentsan azaldu ere egiten ez direla eta inork ez dakiela han daudenik ere.
Bai, hala ere, nire iritzi txirrindularitzan gehiago ibiltzen dira. Adibidez, guk ikusten ditugu 12-13 urte arte ibiltzen direla baina gero arrazoi batengatik edo beste batengatik normalean utzi egiten dute. Ez da egoten segitzen duenik, ez dakit zergatik den. Izan daiteke eskuentzako eta, nahiko gogorra behar duzulako izan eta, agian, ba, ohikoagoa delako mutilek jokatzea. Hemen ikusten dira neskak jolasean, baina normalean, behintzat, 12-13 urtetik aurrera utzi egiten dute.

Ez al dago torneorik beraientzat?
Ez, nik uste, izatez, posible izango litzatekeela, baina normalean, egia esan, beraiek uzten dute. Horren adibide garbi bat nire lehengusu bat da. Berak jokatzen zuen, baina 12-13 urte inguru zituenean, utzi egin zuen. Ikusi izan dut neskaren bat jokatzen torneoren batean, baina normalean beraiek uzten dute…

Amaitzeko, Aimarri eskerrak eman baino ez, bihotz-bihotzez eskerrak eman bere etxean hartzeagatik. Azken momentura arte zalantzak izan ditut elkarrizketaren bideoa ipini ala ez (ez dut uste ama Hollywoodera eramateko arriskuan nagoenik!), baina azkenean, Maitek animatuta edo, jartzea erabaki dut. Beraz, aldez aurretik barkamena eskatuz, hurrengora arte agurtzen naiz.

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docId=8267513164655914625" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

5 Responses to Aimar Olaizola: “Jendea harrituta geratuko litzateke material batetik bestera zein alde dagoen jakingo balu”

  1. amaius 2007(e)ko azaroak 4 at 9:55 pm #

    Apa Anaaa!! 😛
    euskaljakintzan sartu eta zure elkarrizketa ikustean inbiditan gelditu naiz jaja badakizu zergatik ;-)oso elkarrizketa ona zortzigarren galdera gustatu zait batez ere oso ona!
    AUPA AIMAR!

    agur

  2. Patxi 2007(e)ko azaroak 5 at 8:55 am #

    Ana, Aimarren adinako solturaz ikusten zaizu hizketan, eta zure eskuak mugitzeko moduak erakusten du komunikatzeko gaitasun aparta dezula. Txirrindularitzan etorkizunik ez badaukazu, kazetaritzara jo!

    Galderei buruz berriz, asko estimatzen da elkarrizketatzailearen esperientziatik abiatuta galderak sortzea, elegante benetan.

    =D> =D> =D>

  3. manu 2007(e)ko azaroak 5 at 6:44 pm #

    Kaixo Ana:
    Beste asko bezala pilotazalea naiaz eta oso atsegina izan da Aimarri egindako elkarrizketa irakurtzea. Animo eta segi horrela!

  4. ariane 2007(e)ko azaroak 7 at 1:46 pm #

    Kaixo Ana!
    zu ere pelotari izango al zara?
    XD
    amaiak esan duena egia da, 8. galdera oso ona!

    aiooo!

  5. Maite 2007(e)ko azaroak 7 at 10:45 pm #

    Aupa, Ana!
    Zorionak elkarrizketarengatik, izugarri gustatu zait! Gainera, esan beharrean nago, zeharka bada ere, zuk zerikusi handia duzula elkarrizketen egitasmo honetan. Gogoratzen duzu Izaskunek zuri, Espainiako txapelketan hainbeste domina lortu eta gero, egin zizun elkarrizketa? Bada, hori izan zen guztiaren abiapuntua. Izaskunek garai hartan komentatu zidan,zure elkarrizketa prestatzen denbora dezente pasa zuela eta oso aberatsa izan zela prozesu osoa. Hari horretatik tira eginez, sortu zen \”Solasean\” egitasmoa. Beraz, mila esker bi usabiagatarroi eta jarraitu lanean ederki ari zarete eta!!!! 😉

Utzi erantzuna

-->