Aintzane Ezenarro: “Legebiltzarrean, herritarrak ordezkatzen gaude; sekula ez dut ahaztu hori” (II)

Aurretik aipatu duzunez, herriak politikan parte hartzen ez badu, politikatik apartatzeko joera hartzen du, batez ere gazteek. Zer uste duzu egin beharko litzatekeela egoera hau aldatzeko? Esan dizudan bezala, uste dut topiko erraz batzuk kendu egin behar direla. Hori, hasteko; eta, ondoren, instituzioen eta alderdien aldetik pertsona normalak garela erakutsi behar dugu. Gure kanpainan saiatu ginen transmititzen, ni behintzat saiatu nintzen, eta uste dut neurri batean lortu genuela, lau urtez Legebiltzarrean herri honi eskaintzeko dauzkagun proiektu batzuk azaltzen egongo garen jende normala garela, besterik ezin delako izan. Hemendik lau urtera, batek daki. Politika honela azaldu behar da, eta honek erakundeen aldetik parte hartze sistemak gehitzea eskatzen du. Nik uste dut alor honetan oraindik bide luzea daukagula egiteko. Kontsultaz hitz egiten da beste maila batean, baina demokraziak urte gehiago daramatzan herrialdeetan askoz ere dinamika anitzagoak daude parte hartze soziala sustatzeko, eta ez bakarrik lau urtez behin herriak erabakietan parte hartzeko; hala nola, erabaki gatazkatsuak daudenean iritzi taldeak sortzeko, erreferenduma edo kontsultaz gain, modu asko baitaude parte hartze sozial hori bultzatzeko. Uste dut herritarrek ikusten badute erabaki publikoetan modu zuzenean parte har dezaketela, honek hurbildu egiten duela politika. Eta ez bakarrik hori, lehen esan dudana ere: topiko batzuk kentzen hasi behar gara gu ere.

Aintzane Ezenarro Jonekin solasean

Askotan ikusten zaituztegu politikariak zuen artean eztabaidatzen Legebiltzarrean, edota bata bestea kritikatzen telebista, egunkari eta gainontzeko komunikabideetan egiten dituzuen adierazpenetan. Baina nolakoa da zuen arteko harremana atzetik ikusita? Zein giro dago Legebiltzarrean alderdi ezberdinetako kideen artean? Egia esan, diferentzia bat sumatu dut aurreko legealditik hona. Ni, normalean, nahiko pertsona irekia naiz, eta harremana berehalakoan izan nuen talde ezberdinetako jendearekin. Beti izaten duzu batzuekin besteekin baino harreman gehiago, ez euren talde politikoengatik, pertsona beragatik baizik; leku guztietan konektatzen duzu gehiago batzuekin beste batzuekin baino. Hala ere, legealdi honetan, bizi da halako giro trakets bat, ez maila pertsonaleraino, baina bizi da halako giro trakets bat, bereziki PSOE eta PPren akordio baztertzaile honen aurrean. Zenbait urrundu egin gara, egia da. Ni ez naiz, normalean, parlamentuan antzerkia egiten duen horietakoa; sentitzen dudana esaten dut, eta giroa asko kaskartu dela iruditzen zait; politikan eta, honen ondorioz, gure artean ere bai. Nik lehen PSOEko zenbait kiderekin banuen halako harreman bat; gaur egun, ordea, asko hoztu dela esango nuke.

Nolakoa da kanpaina politiko bat atzetik begiratuta, hau da, komunikabideetan ikusten ditugun ekitaldi politikoak kenduta? Kanpainak badu nolabaiteko estresa; azken batean, 15 egunean gauza asko esan nahi dituzu, eta aurretik ere badago lan sakon bat. Gure kasuan, garrantzi handia ematen diogu programa egiteari. Hilabeteak pasatzen ditugu programak zehazten atalez atal, eta, noski, programa hori oso sendoa da eta bertan jasoak dauden gairik garrantzitsuenak denbora gutxian gizarteri helarazten saiatzen gara. Gainera, kontuan eduki behar da telebistan agertzen dena 20 segundoko mozketa bat dela. Hori hala izanda, ez da bakarrik egun horretan eman nahi duzun mezuan programaren zati inportante bat laburbildu behar duzula, baita 20 segundotan eman behar duzula mezu nagusi hori ere. Batzuetan gure artean broma egiten dugu, baina 20 segundoko politikariak izaten ohitu gara. Titularrak eman behar dituzu; beraz, bada tentsio hori. Goiz eta arratsaldez egin behar dira ekitaldi ezberdinak, eta Euskal Herriko herri askotara joan behar zara.

Ezenarro elkarrizketan zeharHorrez gain, han zaudenean, jenderekin hitz egin behar duzu, eta batzuetan ez zara oso ondo hartua ere, nahiz eta nik azkeneko kanpaina honetan kontrakoa jaso dudan; kalean nabarmentzen nuen gero jende gehiago zegoela gurekin ados. Jende piloa etorri zitzaigun kalean, gure lana eskertuz eta animoak emanez. Zentzu horretan, nahiko kanpaina atsegina izan zen. Horrek berak indarra ematen dizu aurrera segitzeko. Hori kanpaina da. Gero atzetik komunikazio talde bat izaten da, ideiak nola bota laguntzen dizuna. Gure kasuan, ez oso handia; lan egin dugun baliabideak nahiko xumeak izan baitira. Hala ere, ni neu komunikazio mundutik natorrenez, nahiko kontrolatua izan dut beti gai hau, eta. egia esan. nahiko erraz moldatu naiz elkarrizketetan edota eztabaidetan. Beraz, kanpaina ez da izan pasatzeko desiratzen egon naizen periodo bat, nahiz eta lehen aipatu dizudan estres puntu bat baduen. Gustura ibili naiz, eta uste dut hori nabaritzen dela. Ni ez nago deseroso eztabaida batean, gogotsu nire iritzia emateko baizik. Uste dut kanpaina bat eramateko, orokorrean hautagai izateko eta zerrenda batzuetan parte hartzeko, politika bokazioz bizi behar dela, pasioz. Gainera, baita plazagizona edo izan behar da ere, hizketan ohitua izan behar da. Uste dut politikan izaera bera ere behar dela; bestela, oso gaizki pasa dezakezu kanpaina batean. Presio komunikatibo eta mediatikoa gainean duzu, eta haren aurrean ere jakin behar da erantzuten. Politika edo disfrutatzen duzu, edo oso gaizki pasa dezakezu.

Azkeneko hauteskundeetan Aralarrek oso igoera garrantzitsua izan zuen. Polita izan behar du herriak zure alderdiarengan bere konfiantza jarri duela ikustea, ezta? Pila bat eskertzen dut hori, benetan; asko eskertzen dut. Nik neuk kanpainan esan nuen konfiantza eskatzen nuela, ez nuen botoa eskatzen. Benetan sinistuta nago guk herri honi eskaintzen diogun proiektua dela proiekturik hoberena, etorkizunerako proiektua. Konbentzituta nago, Gipuzkoaren kasuan, biztanleriaren gehiengoa ezkerrekoa, abertzalea eta indarkeria alde batera uztearen aldekoa dela. Beraz, “izan konfiantza gugan; hau da bidea; guztien artean egingo dugu”. Hori izan zen gure mezua, umiltasunetik, jakinda oraindik txikiak ginela eta zenbaitzuetan txiki izate horrek jendea ez duela gehiegi animatzen, baina adieraziz proiektu honetan sinisten genuela. Bultzada zen behar genuena eta uste dut hori dela jaso duguna. Jendeak konfiantza eman digu eta orain izugarrizko ardura dugu konfiantza horri erantzuten.

Aintzane EzenarroHorregatik, lehen esaten nizun, nik arduratik bizi dudala politika. Ez du balio esateak, “bueno, niri dagoeneko eman didate botoa eta orain lau urtetan nahi dudana egingo dut”. Ez, kontrakoa. Niretzat oso garrantzitsua izango da ikustea ea hemendik lau urtera konfiantza hori berretsi edo, zergatik ez, igo egiten den ikustea. Honek adieraziko duelako lanean egiten jakin dugula, eta lan hori herriarengana heldu dela. Kontuan izan behar da, batzuetan lana egiteaz gain, egindako lan horren berri ematen ere jakin behar dela. Beraz, gau elektorala poztasun momentu bat izan zen, batez ere, esan dizudan bezala, nire ibilbidea zela eta. Batzarkide eta parlamentari lan malkartsu hartan bakarrik lan egiten izan ondoren, inoren laguntzarik gabe egiten ari zen alderdi batean, bat-batean ikustea hazi egin zarela, talde parlamentario izango zarela, laguntzaileak ere bikoiztu egingo zaizkizula eta politika beste lasaitasun batekin egin ahal izango duzula… Azken batean, egindako lanaren emaitza ikusi genuen. Egia da batzuetan lana egiten dela, eta, ondoren, emaitzak ez direla ikusten. Guk, kasu honetan, ikusi ditugu; horregatik izan zen hain pozgarria momentu hori.

Lehen aipatu duzun gobernu sozialista berri honek euskal politikan inflexio puntu bat osatzen duela uste duzu, edo urte batzuetako ispilatze hutsa besterik ez da? Gauzak ez dira, lortu egin behar dira. Ez da hura edo bestea izango, guk egiten dugunarenaren araberakoa izango da. Ni beti izan naiz norbera bere ardura izatearen aldekoa. Gobernuan aldaketa bat eman da, tartean ilegalizazio bat izan delako eta zenbait boto kontabilizatu ez direlako. Baina horretaz gain, kontuan izan behar da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta gauden alderdi abertzaleok batzen dugun boto kantitatea handiagoa dela PP eta PSOEk batzen dituztenak baino. Zergatik da, ba, orduan eurek dituztela parlamentari gehiago? Hiru herrialdeek hogeita bosna parlamentari jartzen dituenez, eta Araban boto ez abertzaleak pisu handiagoa duenez, parlamentuaren argazkia geratu da geratu den bezalakoa. Baina ez da boto gehiago dituztelako.

Hauteskundeetan zalantzan izan genuen bosgarren parlamentaria lortu izan bagenu -azkenean, boto gutxi batzuengatik PPk eraman zuena-, eta EAk Araban boto bakar batengatik galdu zuen parlamentaria lortu izan balu, parlamentari abertzaleak gehiago izango ginatekeen legebiltzarrean ez abertzaleak baino. Uste dut, beraz, badagoela hemendik lau urterako irakurketa. Boto eraginkorraren aldeko irakurketa bat egin behar dugu, baldin eta ez badugu nahi egoera hau, lau urterako izan beharrean, beste urte askotarako izatea. Ezkerreko alternatiba gizarteratzen saiatu behar dugu, ezkerreko alternatiba abertzalea indartu dadin. Ezker abertzale ilegalizatuaz ari naiz bereziki. Behin betiko bide politikoen aldeko apustua egin behar dela lehenesten badute, indarrak batuz, sendotze hori posible izango da. Hori bai, batzuk erabaki hori ez dutelako hartzen, besteak ere ezin dugu eskuak gurutzatuta egon; aurrera egin behar dugu. Hori izan da Aralarren mezua, ezker alternatiba abertzalea indartu dezagun inoren zain egon gabe. Etortzen badira, askoz hobe; baina batzuk aspaldi hartuta behar zuten erabaki hori hartzen ez badute, besteok ezin dugu zain egon. Aurrera egin behar dugu, herri honek merezi duelako. Batetik, ezkerreko alternatiba abertzale bat; eta bestetik, gehiengo abertzalea izatea erakundeetan. Askotan badirudi egoera bat horrela dagoen bitartean ez dagoela ezer egiterik. Hori ez da egia, besteok badugu zer eginik eta egin behar dugu; bestela, ardurak kanpora botatzea litzateke. Abertzale sentitzen diren besteak ere konbentzitu behar ditugu, batera emateko bide horretan, hemendik lau urtera errepika ez dadin gaur ematen den argazkia.

Aintzane eta Jon Getariako udaletxeanUkaezina da Euskal Herrian gatazka politiko bat dagoela. Ikusiko al dugu honen amaiera noizbait? Ikusi beharko dugu, eta gainera gehiago esango dut: konponbidean sinesten ez dutenak edo etsita daudenak hobe dute plaza publikoa utzi eta etxera joan. Ordezkari politikoek ezin dugu arazo zail baten aurrean etsipena saldu. Benetan pentsatzen dut posible dela XXI. mendeko Europan, besteak beste, Eskoziaren kasua bertan dugulako, non erreferendum bat egingo den 2010ean. Ez da hainbeste muga berriak ezarri direla Europar Batasunaren baitan. Eta hemen, Gernikako Estatutuak hogeita hamar urte bete dituenean, argi dagoena da estatutu hori ez dela elkargune. Ez zen izan elkargune bere garaian, gizartearen sektore handi bat kanpoan utzi zuelako, eta are gutxiago da orain, duela hogeita hamar urte babestu zuten batzuek ere dagoeneko ez dela betetzen edo ez dela nahikoa esaten dutenean. Hor egon zen estatutu politiko berri bat osatzeko proposamena, Ibarretxe Plana bezala ezagutu zena. Eta bada hori bide bat, estatutu berri bat, non erabakitzeko eskubidea jasotzen den. Hori da elkargunea. Horretarako, ezinbestekoa da elkarrizketa politikoari ekitea, eta ardura hori Lehendakariak dauka. Bere garaian Ibarretxe jaunak hartu zuen bezala, ekimena orain López jaunak hartu beharko luke. Kanpainan esan zuen, bera Lehendakaritzara iristen bazen, hartuko zuela elkarrizketa politikoa bultzatzeko ekimena. Aralarrekoek legebiltzar berria eratu eta berehala galdetu genion non zen bere ekimena, zertan zetzan, zein izango zen metodologia, zeintzuk izango ziren denborak eta epeak… Oso gai konplexua zela eta bere lehentasunen artean ez zegoela izan zen erantzuna. Kanpainan esandakoa baztertu zuen.

Gainera, nik uste dut, igande honetan (Estatutuaren 30. urteurrenaren ospakizunaz ari da) zerbait argi geratu baldin bada dela ez daukagula minimotan ere batzen gaituen marko juridiko-politiko bat eta ezinbestekoa, premiazkoa eta lehentasunezkoa izan beharko lukeela elkarrizketa politiko horri ekitea normalizazio politikora heltzeko; hau da, gehienak, denak ez bada ere, gutxieneko batzuetan ados jar gaitezkeen espazio bat bilatzeko. Hori da egin beharrekoa; orain berandutu nahi badu ere, ondoren egin beharko dena.

Bada ere haren aurrean hartzen duten beste aitzakia bat: indarkeria. Indarkeria dagoen bitartean ez dutela eztabaida politikorik irekiko diote. Nire iritziz, guri dagokiguke, abertzale guztioi, gai honek indarkeriarekin zerikusirik ez duela azaltzea. Hori guk egin behar dugu, bereziki, indarkeriaren aurka egonik, oraindik ere isilik geratzen direnak. Hori da bestea. Ni konbentzituta nago badagoela ezker abertzale ilegalizatuaren zati handi bat, non dagoeneko indarkeriak ez duela lekurik uste duena. Esatea da falta dena, eta etxekalte izango da esaten ez den bitartean. Herri honen ikuspegia gailendu behar da gu guztiongan ikuspegi partidistaren gainetik. Eta garbi badaukagu Euskal Herriarentzat bide politikoak direla eraginkorrenak, batzen gaituztela, eta horietatik abiatuta kasu egingo digutela nazioartean, ez da itxaron behar ezta egun bat bera ere.

Gurekin egoteagatik berriz ere eskerrak emanez, elkarrizketari amaiera eman nion. Aralarreko legebiltzarkideak gurekin oso gustura izan zela esan, eta zorte ona opatu zigun guztioi geure ikasketetan. Azkenik, Getariako Plaza Nagusian ginela berriro, elkar agurtu eta esperientzia ederra bizi izandako sentipenarekin Ordiziarako bidean jarri nintzen berriz ere. Mila esker, Aintzane!

Elkarrizketaren lehen zatia irakurri nahi baduzu:

Aintzane Ezenarro: “Legebiltzarrean, herritarrak ordezkatzen gaude; sekula ez dut ahaztu hori” (I)

, ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Twitter Trackbacks for euskaljakintza] Aintzane Ezenarro: “Legebiltzarrean, herritarrak ordezkatzen gaude; sekula ez dut ahaztu [euskaljakintza.com] on Topsy.com - 2009(e)ko azaroak 18

    […] euskaljakintza] Aintzane Ezenarro: “Legebiltzarrean, herritarrak ordezkatzen gaude; sekula ez dut … berria.euskaljakintza.com/2009/11/18/aintzane-ezenarro-legebiltzarrean-herritarrak-ordezkatzen-gaude-sekula-ez-dut-ahaztu-hori%E2%80%9D-ii/ – view page – cached […]

Utzi erantzuna

-->