Aipamena Sustaturen 5. urteurrenean

ospakizuneanJakin badakigu eskola batean denetik gertatu ohi dela. Batzuetan erabat goibelduta ibiltzen gara (egitasmoren bat aurrera ezin atera, emaitzak aurreikusitakora gerturatzen ez…); eta, besteetan, aldiz, pozez gainezka beste hainbat arrazoirengatik. Honelaxe gabiltza azken aldi honetan Jakintza Ikastolan, kontent egoteko arrazoiak ez baitzaizkigu falta. Azken biak dira jolausek aurtengo Euskaliteko Praktika Onetan lortutako saria (IKTeroetan horren berri zabala) eta Xabier Arañak Sustaturen 5. urteurrenean erdietsitako aipamena. Baina has gaitezen hasieratik.

Batzuek jakingo duzuen legez, lehengo asteazkenean, Sustaturen 5. urteurrena ospatu genuen Arrasaten. Hantxe izan ginen IKTerook (Jokin, Mikel eta ni) eta ederki pasa genuen! Ekitaldiaren gorabehera guztiak hemen, hemen , hemen eta hemen topa ditzakezue.

Kontua da, egun batzuk lehenago jakin genuela, urteurrena ospatzeko, blog mezuen lehiaketa egongo zela, besteak beste. Sarira azken egunetan euskaraz idatzitako mezuak aurkez zitezkeen. LuistxoHasieran, euskaljakintzatik ezer presentatzeko asmorik ez banuen ere, azken momentuan, jendea animatuz joan ahala, ni ere adoretu eta zuen mezuetatik hiru aukeratu nituen lehiaketan parte hartzeko: Eneritzen Hipokresiaren gizartea, Asierren Zoritxarraren zorionean eta Xabierren Perspektiba berri bat. Ez nituen hauek ausaz aukeratu, jakina. Denok dakizuen bezala, nik garrantzi handia ematen diot mezuetan gaiaren planteamentu eta garapenari. Beste nonbaiten irakurritakoaz idaztea ondo dago, baina, betiere, zuen ekarria hortxe utziz. Izugarri gustatzen zait, badakizue, zuek esateko daukazuena modu landu batean plazaratzen duzuenean, eta, horregatik, batik bat, hautatu nituen Asierren eta Eneritzen mezuak. Ea bigarren hiruhileko honetan horrelako asko ditugun argitaratzeko! 🙂

Xabierri dagokiolarik, ez daukat hitzik bere partaidetza eskertzeko. Jakina da idazteko duen gaitasuna baina ikastolatik kanpo, unibertsitatean erabat lanpetuta dagoela, gutaz gogoratzea eta bere burua beti laguntzeko prest azaltzea! Bada, atera kontuak…

Eta, egia esan, ez neukan ideiarik ere aipamenik egongo zenik eta, egonda ere, ez nuen uste zerrenda luze bezain interesgarri honetatik gure mezuren bat hautatua izango zenik. Hori da ezustekoa, saria banatzen hasi eta gure bloga hantxe pantailan agertu zenean, aurkezleak ondorengo hitzak esaten zituen bitartean:

Ordiziako Jakintza Ikastolako IKTeroek (ikateroek) blog bat baino gehiago, faktoria bat daukate. Eurak dira blogari eta ikasleak bihurtu dituzte blogari. Baita ikastola utzi ondoren ere. Horretako bat, unibertsitatean dabil orain arkitektura ikasten, eta blog mezu ederra idatzi die oraindik Jakintzan daudenei, beren datorren urteko ibilbidea aukeratzen lagunduko diena.

Zorionak, Xabi eta jarraitu zure txoko honetan idazten. Gonbidapena ikasle ohi guztiei zuzenduta dago, noski! Ea animatzen zareten zuen esperientzia berriak kontatzera, guk ere horietatik zertxobait ikas dezagun… Zorionak, berriz ere, Sustaturi eta mila esker gonbidapenagatik. Eta, nola ez! Zorionak Mikel Alvarez beasaindarrari, berak eraman baitzuen merezitako saria, 80 gigako iPoda, The Indezents blogean idatzitako mezu bategatik. Gomendarria zalantzarik gabe bere umorea. Zorionak, Mikel!

The Indezents blogean argitaratutako mezu barregarri batek irabazi du Sustatuk antolatutako blog mezuen lehiaketa. Epaimahaiak zenbait finalista izan ditu kontuan, eta azkenean hori nabarmendu. Egileak iPod bideo bat eraman du, 80 gigakoa. Beste bi blogarik, zozketan, iPod Nanoak eroan dituzte.

Hainbat hitzaldi interesgarriren ostean, ospakizunari amaiera emateko, pintxo goxo-goxoak jan genituen eta, handik irtendakoan, giro ezin hobean, beste blogari batzuekin ospakizunarekin jarraitu genuen Arrasaten zehar.

Amaitzeko, hementxe klikatuz, asteazkenean zuzenean ikusi genuen bideoa topatuko duzue. Bertan, Sustatukoek azken 5 urteetan izandako ibilbidearen berri ematen dute.

2 Responses to Aipamena Sustaturen 5. urteurrenean

  1. xarana 2006(e)ko abenduak 19 at 2:23 pm #

    Iepa Maite eta euskaljakitunok!!

    Poz handia eman dit “sorpresa” txiki honek. Artikulua publikatu edo ez zalantzan egon nintzela pentsatzea ere!!

    Bide batez, gure Jokin zoriontzeko aprobetxatu nahi nuke. Zorionak, Jokin!!

    Era berean, nire zorionik beroenak Mikel Alvarez beasaindarrarentzat. Hori da hori irudimena eta originaltasuna!! Zure artikulua metafora izugarri bat da, goitik behera. Bikaina!

    Beno, horrelako erregaliek gure bizia alaitzen jarrai dezatela. Hurrenarte!!

  2. jolaus 2006(e)ko abenduak 19 at 7:00 pm #

    Arratsaldeon eta eskerrik asko Xabi

    Portzierto, ireki al duk hire korreoa aspalditxo honetan? Mesedez, botaiok bistazo bat (Hotmail nahiz Gmailekoari). Ahal badek erantzun, bale? 😉

Utzi erantzuna

-->