Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Aitor Sarriegi: “Hizkuntza bera eta hizkuntzarekin jolas egitea gustatzen zait”

Larunbat arratsaldeko lau eta erdiak izango ziren Maitek bideo kameraren azkeneko instrukzioak eman zizkidanean. Etxera igo eta hiruzpalau aldiz tramankuluak muntatzen entseatzen nuen ahala, igaro zen ordubetea. Maitek emandako metro karratuko poltsatzarrean argazki kamera, bideokamera, bien ala bien bateriak, zertarako ziren ere ez nekizkien kableak eta, nola ez, bi metroko tripodea sartu, eta Milagrosan bertso eskolak duen egoitzara abiatu nintzen. Aitor Sarriegi bertso eskolako irakaslea dudanez, duela zenbait urtetik ezagutzen dut; halere, kirioak dantzan nituen. Berehala uxatu nituen, ordea, sabeleko tximeletak, nahikoa lan izan bainuen horrenbesteko zamarekin Milagrosako aldapa igotzen. Hauspoa ere ederki berotu zitzaidan! Arnasari buelta ematen nion bitartean, 10 minutu edo igaroko ziren. Hor agertu zen Aitor halakoren batean. Bertsolariak beti berandu!

Behin batean, 1989an hain zuzen ere, bazen 12 urteko mutil bat. Aitor Sarriegi zuen izena. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari txapelketako Arrasateko kanporaketan mikrofonora hurbildu eta…. Nola oroitzen du 31 urteko Aitor Sarriegik une hura?
Ez dakit. Esan liteke ikaragarri markatu behar ninduen zerbait izan behar zuela, baina, egia esan, ez zen hainbesterako izan. Bai, hiru puntu kantatu eta bertsoa bukatu gabe eseri nintzen, baina egun hartan ez niola beste munduko inportantziarik eman gogoratzen naiz. Ez nuen porrotaren sentsaziorik eraman etxera. Eskolarteko txapelketa batean kantatzen nuen lehen aldia zen eta parte hartzearekin gustura nengoen. Ez zen oso traumatikoa izan.

Nolatan igo zen mutiko hau taula hartara?, nork bultzatu zintuen?
Mikel Mendizabal izan zen. Garai hartan, eskolaz eskola ibiltzen ginen Bertso Eskola Goierrira zabaltzeko helburuarekin. Batzuetan, guk bertso eskolan idatzitakoak eta beste batzuetan beste norbaiten bertsoak buruz ikasi eta prestatutakoak baziren ere, demostrazio gisara ibiltzen ginen. Tartean bat-batean zekienik ere ibiltzen zen. 1989 edo 88 izango zen Segurako eskolara joan ginenean. Tartean Xabier Narbarte, Igor Eguren eta Mikel Aranburu ziren. Gu ikasitakoak kantatzera joan ginen, baina haiek bat-batean egiten zuten jada. Orduan, lau oin eskatu zizkigun ikasleoi Mikel Mendizabalek eta, egia esan, ni sekula saiatu gabea nintzen. Narbartek kantatu ondoren, hala esan zuen Mikelek: ” Beno, eta orain Aitorrek kantatuko du!”. Sorpresan harrapatu ninduen; izan ere, idatzian aritua nintzen arren, kantuan benetan saiatu gabea nintzen. Hala ere, kantatu egin behar izan nuen jendaurrean eta, ongi irten zenez, gustura joan nintzen etxera. Amari kontatu niola akordatzen naiz. Ordutik hilabete baino gutxiagora, Idiazabalgo eskolara joan eta saio osoa bat-batean egin nuen. Horrelaxe hasiz heldu nintzen Arrasatera.

Ordutik hamaika bertsopaper lehiaketa irabazia zara; baita zenbait bat-bateko sariketa ere: Osinalde saria, Lizardi saria…. Sari guztiak banan-banan jartzeko asmoa nuen, baina bi orri eta erdi inprimatu behar izan ditut! Sariak egiten al zaitu bertsolari?
Ez dakit, baina bertsolaria naizen esango nuke lehenengo. Kontuan izan behar da garai hartan sari asko lortzen nituela. Bertsopaperetan lortzen nituen batik bat ia horretara dedikatzen nintzelako. Ez dakit jendeak zenbateraino hartzen zuen parte, baina, bai, urtean dozena bat sari edo ateratzen nituen. Izugarrizko dedikazioa nuen horretarako. Egunkarian lehiaketaren bat bazela ikusi eta orduan hasten nintzen lehiaketa horretarako lanean. Ez nuen idazten ondoren lehiaketaren bat bazen, bidaltzeko, eta bigarren hori askoz naturalagoa dela uste dut. Azkenerako nekatu egin nintzen.

AitorIturriaga eta Elortza gu baino pittin bat zaharragoak ziren. Maialen eta Silbeira ere nire kintoak dira eta Estitxu Arozena urtebete zaharragoa. Jende hori pixka bat kantuan ibiltzen hasi zenean, Maialen ibiltzen zen orduan batik bat, eta bertsolari gazteekin saioak antolatzen ziren. Oraindik ere gazteak deitzen diete, baina ez dira hain gazteak jada. Idatzizko sari horiek izentxo bat edo kantatzeko aukera bat izaten lagundu zidaten.

Bertsolari batzuk berezkoa omen dute talentua. Beste batzuk, aldiz, ikasiak omen dira. Eskola zaharrekoa ala berrikoa zara zu?
Ikasi denek egiten dutela uste dut. Egia da batzuek beste egokiera bat edo besteengandik bereizten dituen tik bat izaten dutela. Flamenko munduan “duende” esaten dutela uste dut: “Tiene duende”. Bertsotan ere antzeko zerbait esan daitekeela uste dut eta puntakoa izateko beste pintzelada bat behar duzu, dudarik gabe. Paperetik bat-batekora pasa nintzenez, talderen batean sartu behar bada edo talde horiek benetan hain markatuta badaude, ikasitakoa nintzatekeela iruditzen zait.

Ingeniaritza informatikoa ikasi zenuen azken unean erabakita. Geroztik matematikako irakasle lanetan jardun zara La Pueblan, Gasteizen eta, orain, Urretxun. IKT dinamizatzailea ere bazara. Zientziatik lortzen duzu eguneroko ogia, baina letrak zer dira zuretzat?
Letrak bizitzaren parte inportante bat direla uste dut. Azkenaldian, ez dut nahi beste irakurtzen, baina beti irakurri izan dut ia egunero. Literaturaz gain, fikzioa ez den bai prentsa idatzian eta bai interneten etortzen diren gauza diferenteei buruzko informazioa edukitzea gustatzen zait. Hizkuntza bera eta hizkuntzarekin jolas egitea ere gustatzen zait. Bestela, ez nintzateke bertsotan ibiliko. Hala ere, eguneroko bizitzan eta nork bere interes hutsez ikasteko beste batzuek baino behar akademiko handiagoa duten jakintzak daudela uste dut. Zientziak ikasita, nire burua osoagoa sentitzen dut. Gainera, gustatzen zaidan zerbait da eta ikasketen alde horretatik konpletoagoa naizela iruditzen zait.

Zenbakiak ofizio eta letrak afizio. Dena den, ez da edonolako afizioa. Oso gustuko dituzu bizikleta, osasuna… ; bata, maldan gora eta, bestea, behera. Beti esaten da gustuko tokian aldaparik ez dela, baina denak dauka bere prezioa. Garesti al dago bertsolaritza?
Beno, beste afizio batzuk dauzkat, baina tarteka aritzen naiz. Bertsotarako deituz gero, ez dut ezezkorik esaten hurrengo egunean bizikletan buelta bat emateko asmoa dudalako. Nire prioridadeak ditut eta, lanaren ondoren, nire lehentasunetako bat da. Garestia? Batzuetan, bai. Gainera, sarritan inguruko jendeak ez du ulertzen zure herriko festetan nola esan diezaiokezun baietz saio bati. Iaz adibidez, Lezon kantatu nuen. Beste batean, herriko festak hasten ziren egun berean, Iruñean. Jendeak, ordea, ez du ulertzen herriko festetan egon baino nahiago duzula Iruñera kantatzera joan. Baina beno, badakizu han ere, kalean jendea egonik, badela parrandarako aukera. Askotan, gogo handirik gabe zure burua baiezkoa esatera erdi behartuta sentitzen duzu; izan ere, badakizu saiorik onena egingo duzun eguna ez dela pentsatu arren, aukera bat gehiago dela eta ezingo duzula kexarik egin nahi beste saio ez dituzunean, deitzen dizuten bakoitzean ezetz esaten hasiz gero. Bertsotan ez dabilen bati kosta egiten zaio hori ulertzea. Sakrifizio pixka bat eskatzen duela uste dut, baina zuk esan duzu gustuko tokian aldaparik ez dela, eta argi daukat alderantziz pentsatzen dudan momentua heltzean, utzi egingo dudala.

Lanaren ondoren, nire lehentasunetako bat da bertsolaritza

Batetik, biolin-jolea, pertsona langilea, eskuzabala, alaia, etxea erosita bizitza propioduna, iloba txikiarekin maiteminduta dagoen osaba…. Bestetik, bertsolari gogorra, neurri motzekoa, betelanik gabea eta zuzena, gitarra elektrikoa jotzen ere dakiena, parrandazalea…. hauek dira zure aurpegiaren bi perfilak. Bertsolari izateak uzten al dizu pertsona izateko denborarik?
Bai, eta ez dute uste bi perfil direnik. Ez dut pentsatzen hain markatuta daudenik, nahasian baizik. Bertsolari moduan esan dituzunak eguneroko bizitzan ere baditut, eta alderantziz. Betelanak askotan egiten ditut bertsotan. Neurri motzari dagokionez, askotan luzeegia ere erabiltzen dugu.

Lehen komentatu dizudan antzeko egoera kenduta, ez dit trabarik jartzen nire eguneroko bizitzan. Ni ez naiz ez dakit nongo “superstarra”. Kilometrotara lasai joaten naiz, ez dakit zenbat pertsona etorri edo denak inguruan begira edukiko ditudan erreparorik gabe. Kalean ere lasai asko ibiltzen naiz. Seguru asko, gure portalean euskal hiztun asko egongo bada ere, ez dute bertsotan nabilenik ere jakingo. Horrek bere alde onak ere badauzka eta ez naiz kexatzen. Bizitza propioa ere badut, baina, jende asko bezala, oraindik ez da ehuneko ehun nirea. Kutxak oraindik parte handi bat dauka.

Hitz egiteko eragatik zure buruari meritua kentzen diozula iruditzen zait, baina jadanik urrutira heldu zara. Bertsolari izatearen joko hori urrutira iritsi da. 1997, 2001 eta 2005eko Txapelketa Nagusietan final aurreetan geratu zinen. Azkenekoan, gainera finalaren atarian 2 puntu eta erdi baino ez zitzaizkizun falta izan. Gipuzkoakoetan ere hortxe-hortxe ibili zinen 95ean eta 2003an. Hainbeste itxaron ondoren, ordea, lortu zenuen. Iaz, 2007, Gipuzkoako finalera heldu zinen puntuaziorik altuenarekin 8.500 zaleren aurrean. Oraindik ba al daukazu bete gabeko helbururik?
Bai, ez egin dudarik. Ez dut uste nire buruari meriturik kentzen diodanik, baina ez dut daukadana baino gehiago ematerik nahi. Txapelketa askotan tonbola bat izaten da, Gipuzkoako kasuan batik bat. Gipuzkoako txapelketa lau urtean behin jokatzen da, eta, justu momentu horretan asmatu behar duzu, gutxienez txapelketa horretan asmatzen ez baduzu ere, hortik bi urtera den Euskal Herrikorako beste aukera bat izateko.

Nik zortea izan dut fundamentuzko saioak atera behar zitzaizkidanean atera zaizkidalako, eta horregatik izan dut finalerdi denetan kantatzeko posibilitatea. Egun txar bat tokatze hutsagatik jarraikortasun hori izan ez duten eta ni baino hobeak diren bertsolari asko ezagutzen ditut. Urrutira joan gabe, Iñaki Apalategik Gipuzkoako Txapelketan egun txar bat izan zuenez, inoiz Txapelketa Nagusian kantatzea lortuko balu, 2013an lortuko luke; hau da, bere lehenengo parte-hartzea 31 urterekin izango litzateke. Nik 31 urte dauzkat, hirutan hartu dut parte eta datorren urtean laugarren aldiz egingo dut. Nire ustez, zorteak zerikusia daukan kontu bat da.

Ni gustura nago eta helburuak? Bai. Iaz arte Gipuzkoakoan edo Euskal Herrikoan, baina finalen batean kantatu nahi nuela esaten nuen, beti finalerdian gelditzen bainintzen. Iaz, ordea, Gipuzkoakoan sartu ginen eta jende mordo baten aurrean kantatu. Beraz, badakit zer den sentsazio hori. Asko gustatu zitzaidan eta orain helburua pittin bat aldatuko nuke. Euskal Herriko finalen batean kantatzea gustatuko litzaidake, baina badakit oso oso zaila dagoela. Gainera, oker ez banago, 26 talderekin hasiko da datorren urtean eta 36 bertsolaritatik finalerdietara 11 pasako direla uste dut. Saio bakarretik pasa beharko litzateke finalerdira eta hortik finalera sartzeko bi saio kantatu beharko lituzke bakoitzak. Beraz, ia- ia errazagoa da finalerdian egonik finalera sartzea, txapelketa hasieran finalerdira sartzea baino. Nik garbi daukat datorren urtean gerta litekeena. Finalerdian finaletik gertu ibil naiteke eta final laurdenetan sailkatu gabe geratu. Dena den, ez dut gertu ibili nahi. Oso zaila dagoela dakidan arren, finalean sartu nahi dut.

Ez dut finaletik gertu ibili nahi, sartu baizik.

Zuk esan bezala, badator Euskal Herrikoa ere. Badakit ez duzula aparteko prestaketarik egiten, hasteko asmorik ba al duzu?
Bai, beno. Ez dago itxura handirik, baina txapelketa datorrenean gorputzez hobeto egoten saiatzen naiz. Forma fisikoa pixka bat zaindu ohi dut. Gauetan erretiro txukunagoak egiten ditut, mendira joaten naiz oinez ibiltzera edo bizikletan buelta bat ematen dut. Azkeneko txapelketan, adibidez, egunero joaten nintzen igeri egitera. Pixka bat zaintzen saiatzen naiz burua ere hobeto egoten dela iruditzen zaidalako.

Hala ere, normalean ez dut prestakuntza berezirik edo espezifikorik egiten. Txapelketa datorren garaian, ordea, bestela egiten dituzun gauzak ere desberdin egiten dituzula uste dut. Irakurtzen duzunean esanahiarekin bakarrik geratzen zara, baina txapelketa garaia bada, hitz batek beste batekin errimatzen duela konturatzen zara beharbada, eta hitz hori ere taldean sartzen duzu. Kanta bat entzuten ari zarenen ere arreta gehiago jarriko duzu. Horrez gain, egunkaria desberdin irakurtzen duzu; izan ere, gai posible edo situazio batzuk egon daitezke. Pertsonaia desberdinen egoeran jarri eta zer esango luketen edo zein arrazoi botako lituzketen pentsatu ohi dut. Horrelako gauzak inkontzienteki ere egiten direlakoan nago eta, egiten ez badira, batzuetan kontzienteki ere egin behar direla iruditzen zait.

Bestalde, gaur egun, ez dut uste txapelketa nagusirako inork teknikoki hobetzeko ariketak egiten dituenik; izan ere, alde horretatik ez dago askoz gehiago depuratzerik eta ia gure topera iritsita gaude. Ni, adibidez, inoiz ez naiz Aitor Mendiluze izango; ezta Igor Elortza ere. Gainera, alde horretatik hobetu dezakezuna ez da zugandik espero dena. Askotan, jendearen edo epailearen pertzepzioa hortik doa. Zuregandik espero denean asmatuz gero, ondo aritu izanaren sentsazioa izango du. Zuregandik espero ez diren beste gauza batzuetan asmatuz gero, aldiz, ez du hain ondo aritu izanaren sentsaziorik jasoko. Zure abileziatan saiatu behar duzula uste dut.

Maialen izan zen beregandik espero zen hori aldatzea lortu zuenetako bat, esaterako. Latigoa eskuetan hartuta bati eta besteari zirti-zarta emanez zebilen neskatoa zen. Oraindik ere jarraitzen du, noski, baina bakarkako lanetan edo lan serio edo landuagoetan inork ez zuen kontuan hartzen. 2001era arte ez zen erreferente bat. Dena den, 2001ean lortu zuen buelta eman eta jendeak bere lana serioski hartu eta jarraitzea, eta oso zaila dela iruditzen zait.

Azkeneko Euskal Herrikoan 13.000 bertsozale elkartu ziren BECen. Gipuzkoakoan ere 8.500-9.000 inguru, Ilunben. Begi bistakoa da txapelketak mugitzen duela entzule masarik handiena. Dena den, bertsolari kopuru altuena biltzen duena ere sistema hau da. Bertsolari batentzat zer garrantzi dauka txapelketak?
Hori bere helburuen araberakoa da. Bertsolari baten helburua lagun artean kantatzea edo deitzen dien halako auzotan kantatzea bada, bertsoarekin daukan harremana horrekin gozatzea da. Kantatzeko aukera gutxiago badute eta ez badie hainbeste axola, ez du izango, noski, garrantzirik. Bestalde, plazaz plaza ibiltzea bada bere helburua, garbi dago txapelketan paper on bat egitera ia derrigortuta dagoela. Hala ere, badaude kasu nahiko berezi batzuk. Iker Zubeldiaren kasua, esate baterako. Finalean sartu zenez, oraingo bere plaza kopurua eta batik bat elitekoekin edo goi mailakoekin egiten duen plaza kopurua asko igo zaio. Uda honetan izugarrizko saio pila egin ditu, baina lehen ere kantatzen zuen. Joaten den tokian irribarre bat ateratzen du jendearen ahoan eta Ikerrek lehen ere bazeukan “gantxo” hori. Txapelketak, ordea, lehendik zeukan hori zabaltzen lagundu dio.

Dena den, badaude beste kasu batzuk. Jon Martin, adibidez, bigarren geratu zen lehenengoan eta hirugarren joan den txapelketan, baina ez ditu plaza asko egin. Xabi Paia lehenengo geratu zen Bizkaiko finalean eta gelditu ere egin gabe dabil. Etxaun, berriz, bigarren gelditu zen eta ez dabil hainbeste. Beraz, badaude beste faktore batzuk ere. Txapelketak berez zerbait duenari edo eskaintzeko daukanari toki gehiagotan eskaintzeko aukera ematen dio. Honekin ez dut Jon Martinek bertsolari bezala ezer eskaintzeko ez daukanik esan nahi. Hori landareak bezala da. Batzuk plazan txertatzen dira eta beste batzuk ez. Txapelketak ematen dizun aukera hori zure helburuen arabera aprobetxa dezakezu edo ez. Zure helburua ez bada plazaz plaza ibiltzea, eta zure helburua tokatzen zaizunean edo halakorekin elkartzen zarenean kantatzea bada, ez daukazu horren beharrik.

Txapelketak eskaintzeko duenari toki gehiagotan eskaintzeko aukera ematen dio.

Bizkaiko txapelketa abian da jada. Horrez gain, bada nobedaderik. Lehenengo aldiz aurten jokatu da Iparraldeko bertsolari txapelketa. Handitzen ari al da bertsolaritza?
Etengabe esaten da gero eta bertsolari gehiago eta maila hobea dagoela, baina ez dut uste askotan esaten den neurrian denik. Handitzen? Garbi dago bertsozale elkartea bera, proiektu bezala, baietz. Mintzolan inauguratu berria da, inoiz baino langile gehiago daude bertsozale elkartean, inoiz baino proiektu gehiagotan sartuta dago, dokumentazio zentro ahaltsu bat dauka eta hezkuntza arautuan irakasle bezala jende mordo bat dabil. Handitu dena bertsoa den mundu horretatik ogia ateratzen duen jende kopurua dela iruditzen zait. Beraz, bere presentzia handitu denez, normala da mundu hau izugarri handitu dela esatea.

Bestalde, bertsogintza bera ez dakit zenbateraino handitu den. Egia da maila oso ona dagoela, baina ez dakit. Gaizto samarra izango naiz, baina askotan pentsatu izan dut hazi dena ez dela bertsolari kopurua, elitekoa izan nahi duen jende kopurua baizik. Gainera, zer pentsatua ematen dit horrek. Beharbada nire irudipen bat besterik ez da, baina askotan hazi dena baino gehiago hazi dela esatea gustatzen zaigulakoan nago.

Garai bateko bertsolari baserritarra intelektual bihurtu da eta garai bateko ikuslea, entzule aditu. Oraingo zale epaileak galbahe moduko bat jartzen dio bertsolariari. Bertsolaria entzulea baino gehiago dela demostratzera behartua dago. Nork kontrolatzen du plazaz plazako bertso saio bat eta nork txapelketako bat?
Aitor SarriegiBai, egia da entzulearen perfila bertsolariarenarekin batera aldatu dela. Beno, bertsolariarena gizartearekin batera aldatu da; izan ere, proportzioan, lehen baserritar gehiago ez zegoen bezala, gaur egungo bertsolaritzan ere ez dago gizartean baino intelektual gehiago.Egia esan, intrusismoaren mugak pasatuz, egunkaritan, irratian, iritzi-emale bezala edo nork bere zutabearekin lan askotan dabilen jendea dabil, bertsolaritza beste zenbait gauzarekin konbinatuta bizi direlako.

Entzulerena ere egia da. Entzulea aditua da eta, gainera, bertsolariaren postura sekula ulertzera iristen ez den jendea ere badago. Badirudi plaza batera ateratzen bada, maila minimo bat eman behar duela (nola bota daiteke hori!, hau eta bestea egin behar zenuen!). Ezer baino lehen, ordea, bat-bateko jardun bat dela hartu behar da kontuan, askotan bost segundotan pentsatu beharreko gauza bat izaten baita. Jendeak perspektiba hori hartzen du. Askotan, kirolariari exijitzen zaion bezala exijitzen dio, eta ongi ateratzea nahi duen lehenengoa bertsolaria dela eduki behar du kontuan.

Hala ere, egia da txapelketa inguruan are gehiago nabaritzen dela, baina aspaldiko kontua dela uste dut. Euskal Herriko 89ko lehenengo finalera joan nintzela gogoratzen naiz. 86an aitak joateko esan zidan, eta ezetz esan nion bertsoak aditzen aspertu egiten nintzela eta. 89an Lopategik irabazi zuen final hartara joan nintzen eta ordurako jendea papera eta boligrafoarekin joaten zela akordatzen naiz. Norberaren puntuazioak egiten aritzen ziren eta oraindik ere ikusten da. Niri gertatu izan zait. Azkeneko urteko txapelketan, Eskoriatzan, esaterako, saioa entzuten nengoela, ondoan ari ziren paperarekin. Lau lagun ziren, batek apuntatu eta besteek bertso bakoitzarengatik ematen zioten puntuazioa esaten zioten. Arreba eta biok elkarri begira egon ginen; izan ere, akordatzen naiz akats nabarmeneko bertso bat egin eta bertsolari hura gustuko bazuen 7 esaten zuen. Beste bati, ordea, bertso ona bota, baina hain ezaguna ez bazen… Oso erraz jartzen zuten batarentzako laukoa eta bestearentzako zazpikoa eta, nire ustez, behintzat, ez ziren batere irizpide zuzenak. Normala da subjektibotasuna izatea, baina gauza batzuk ukaezinak dira teknikaren aldetik. Gainera, jende honek esan dezakeena bertsolariarentzat mingarria dela konturatzen zara. Niretzat ere mingarria zen nirekin kantatzen duen jendea bere ahaleginak eginez zerbait ongi egin, eta, hala ere, jendeak ongi egin zuela ez aitortzea. Baita alderantziz ere. Beharbada, alde egin dio, baina ontzat hartu diote. Badago halako fanatismo bat. Denok ditugu gure faboritoak. Errazago ateratzen dizkiogu akatsak bati eta ez diogu meriturik hain erraz aitortzen beste bati. Denoi gertatzen zaigu nahi gabe ere, eta epaileek hori gainditzea ezinezkoa dela uste dudan arren, gainditzen saiatzen direla pentsatzen dut. Puntuatzen aritze horrek epaia entzundakoan edo txistuak edo bestelako erreakzioak ekar ditzake, eta gai korapilatsua iruditzen zait.

Horrez gain, epaitzen ari direnek zenbait bilera egiten dituzte aurretik irizpideak bateratzeko eta elkarren oso antzeko puntuazioak irteten zaizkie, nahiz eta mahaiaren punta banatan egon. Orduan, hori ez da kasualitatea izaten eta arrazoiren bat edukiko dute. Beraz, gu gara aurrenekoak egiten, baina norberaren puntuazioa epailearenaren kontra jartzea ez da oso zuzena izaten; izan ere, norberaren puntuazioa ez da bestea bezain azterketa sakonetik abiatzen.

Berak aurkakoa dioen arren, berezkoa duelakoan nago ni. Hitz jario hau bideoan grabatu ondoren, Gabiriako Osinalde elkartera joan ginen bertso eskolakook afaltzera. Mahaiaren bueltan eseri aurretik, ordea, lanak eginda utzi genituen. Hor duzue zuentzako oparitxo bat. Ondorengo bideoan lehiaketa bat proposatzen dizugu: POTOKUMEAK. Asma itzazu Aitorren bertsoan dauden hutsuneak beteko dituen hitzak eta utzi iruzkin bat erantzunetan. On egin zuei ere eta zorte on!!!

,

18 Responses to Aitor Sarriegi: “Hizkuntza bera eta hizkuntzarekin jolas egitea gustatzen zait”

  1. jon 2008(e)ko azaroak 18 at 1:57 pm #

    kaixo Ainhoa!
    Originala benetan potokumeen lehiaketa! Nik pentsatu ditut ernatzun posible batzuk eta honakoak dira: bi, ugari, irabazleari.
    Elkarrizketa irakurri beharrean, bideoan ikusiko dut esan didazunagatik, parrez lehertzeko modukoa baita!

    Besterik gabe agur eta segi horrela! ZORIONAK! 😀

  2. aotegi 2008(e)ko azaroak 19 at 12:11 am #

    Nik ez dizut esango ze hitz pentsatu ditudan potokumeetarako. Esanez gero uste osoa nere kontura parrez pasako baituzu! jejeje

    Oso elkarrizketa polita aInHoa! Hala ere potokumeek protagonismoa kentzen diote elkarrizketari!jejeje

    ala segi horrela.

  3. Iñaki 2008(e)ko azaroak 19 at 5:57 pm #

    Bakarra asmatu dudala uste dut! :-S

  4. Miren 2008(e)ko azaroak 19 at 5:58 pm #

    Kaixo,
    Ea bada potokumeen lehiaketan zer moduz moldatzen naizen. Bukaerak: bi; ugari; irabazleari.

    Beno, ondo izan

    Miren

  5. eagirresarobe 2008(e)ko azaroak 19 at 7:41 pm #

    Elkarrizketa luze, baina entretenigarria egitea lortu duzu eta oso ona izan da potokumeena!
    Galdera bat otu zait, ordea: noiz ikusiko zaitugu zu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapela buruan?
    Eman egurra Ainhoa!

  6. Iñaki 2008(e)ko azaroak 19 at 9:46 pm #

    Laster ikusiko dugu gain-gainean! Gu bertan egongo gara, zalantzarik gabe! =D>

  7. Ane 2008(e)ko azaroak 19 at 10:06 pm #

    Elkarrizketa interesgarria luzea izan arren; gainera, ukitu berezi bat eman diozu potokumeen lehiaketa honekin.
    Nire erantzunak honakoak dira:
    bi, ugari eta asmatzen dunari (duenari)

    Zorionak elkarrizketagatik Ainhoa! =D>

  8. amujika 2008(e)ko azaroak 20 at 9:09 pm #

    Beno, beno… zeinen koldarrak, ezta?
    “Bakarra asmatu det” esan eta kito? jarri ba!

    Pista emango dizuet…hobe esanda aholku bat:Bukaera hori ezin da hain erraza izan!

    Eztizen eta konpainiarentzat:
    Eskerrikasko piropoengatik, baina hori ikusteko zain bazaudete eztizenismoak kapitalismoarekin bukatuko du! jejej…

    Eskerrikasko asmatzen saiatzeagatik eta zorte on!

  9. Maite 2008(e)ko azaroak 20 at 9:23 pm #

    Potokume lehiaketa irabazlearentzat positibo bat (eta badakizue nire positiboak oso baliagarriak izaten direla…)!!!! Animatu, ba! (Nik gustura parte hartuko nuke, baina ikusita daukat bideoa erantzunekin …) 😀

    Elkarrizketa zoragarria iruditu zait,Ainhoa! Aitorri aurrez aurre eskerrak emateko aukera izan banuen ere, hemendik berriz ere eman nahi dizkiot. Mila esker, Aitor, gure txoko honetan parte hartzeagatik. 😉

    Noiz amaitzen da epea?

  10. Patxi 2008(e)ko azaroak 23 at 1:35 am #

    “janari” / “tripontzienari”

    Hoiek badira, zin dagit bigotea argizariarekin depilatzen dedala.

  11. manu 2008(e)ko azaroak 23 at 6:09 pm #

    Oso gustura irakurri dut Aitorri egindako elkarrizketa. Badakizu Ainhoa zein den bizitzaren legea. Ikasleak maisua gainditu behar duela. Beraz animo Ainhoa! eta mila esker Aitorri

  12. Amaia 2008(e)ko azaroak 23 at 7:46 pm #

    Oso ona, Ainhoa!
    Luzea bai baina ezer ez dago sobran.
    Zorionak!

  13. Nikolas 2008(e)ko azaroak 25 at 10:23 pm #

    kaxo Aihnoa! :-DAbertso eskolako zure ikasle bat naiz.azkenekon duda euki det baino bestela ondo 😕
    erantzunek-bi,ugari,irabazleari

  14. amujika 2008(e)ko azaroak 26 at 9:48 pm #

    Eskerrikasko benetan saiatzen ari zaretenoi! Beste piska bat itxaron eta berehala irtengo dira misterioak argitara!!! animo!

    PD: zeinen ikasle onak ditudan e! Batzuk oraindik ez dira sartu, baina…

  15. jakes 2008(e)ko azaroak 29 at 11:04 am #

    kaixo aihnoa, zure bertso eskolako ikasle bat nahiz.Asko gustatu zait zure elkarrizketa,batez ere Aitorren berrtsoa.Erantzunak:bi ugari eta merezi dunari

  16. aitor 2008(e)ko azaroak 29 at 3:00 pm #

    Ai ai ai… ez ote du inork asmatu behar?

    Ez da ba hain zaila!!!

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Sekretuak argitara: Potokumeak lehiaketaren emaitza - 2008(e)ko abenduak 4

    […] behin, Aitor Sarriegiri eskerrak eman beharrean nago. Iruzkinen arabera, jendearen gustukoa izan da elkarrizketa eta neu ere halaxe geratu naiz azken emaitzarekin. Modu berean, parte hartzaileei zein iruzkin soil […]

  2. euskaljakintza» Blog Archive » Ainhoa dotore Eskolarteko Bertsolari Txapelketan - 2009(e)ko maiatzak 30

    […] Labaka, Oihana Iguaran, Imanol Irazustabarrena, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, euskaljakintzako Ainhoa Mujika eta Mikel Olaizola. Lehian aritu ostean eta idatzizko txapelketako sariak eman ondoren, […]

Utzi erantzuna

-->