Amaren eskuak – KARMELE JAIO

Karmele JaioLiburu bat aukeratu behar eta irakurtzeko zaletasun handirik ez dudanez, alferrikakoa zen nire logelako apaletan begiratzea, txikitan irakurritako libururen bat edo urtebetetzeren batean oparitutako liburu ireki gabeak besterik ez baitaude. Azkenean herriko liburutegira joatea bururatu zitzaidan eta bertan Maitek ezarritako baldintzak betetzen zituen liburuarekin topo egin nuen: Amaren eskuak.

Karmele Jaio da liburu honen egilea, bera Gasteizen jaio zen 1970ean eta bertan bizi da gaurdaino. Euskal idazle honek kazetaritza ikasi zuen Leioako fakultatean eta ikasketak burutu ondoren komunikabide ezberdinetan egin du lan. Betidanik gustatu zaio idaztea baina nahiko berandu hartu zuen modu serio batean idazteko ohitura. 2004an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Hamabost zauri izeneko ipuin bilduma, bikote barruan zentraturiko kontakizunak islatzen dituena (Inaciok emango digu honen berri). Literaturaren arloan zenbait ipuin-lehiaketa irabazi ditu, horien artean VII Igartza saria (2004). Beka honi esker aurretik aipaturiko liburua, Amaren eskuak, kaleratzea lortu zuen, bere bigarren lana izango zena. Nobela honetan urte batez murgilduta egon ondoren, ipuinak idazteari ekin dio berriro.  Karmele Jaiok betidanik idatzi ditu ipuinak eta ipuina da berarentzat generorik kuttunena, erosoen aurkitzen den generoa. Hala ere, nobela idaztea zer den jakin nahi zuenez, erronka horri aurre egin nahirik, irakurri berri dudan nobela egin zuen.

Nerea da eleberri honetan protagonista nagusiena. Ama ospitalean du, zehazten ez den gaixotasun batek jota, baina jendea errekonozitzeko zailtasun handiak dituela ikus daiteke. Nereari dena pilatu zaio, amaren gaixotasuna, erredakzioko lana, bikotearekin komunikazio falta, alaba ikusteko denbora eskasa eta beste askoren artean, iraganeko mamu baten antzera, erbestean egon den aspaldiko lagun baten berriak.
Amaren egoera tamalgarriaren aurrean, izeko Doloresen ezinbesteko laguntza jasotzen du eta Luisak, hots, Nerearen amak, oparitzen dituen hitz solteak ulertzen laguntzen dio, bide batez, Luisak eskatzen duen desioa betearaziz, biak errudun sentitzen baitira gertatzen ari zitzaiona aurretik ez ohartu izanaz. Nereak izekoren laguntza jasoko ez balu, ezinezkoa egingo litzaioke amak esaten duenari zentzuzko irakurketa bat egitea, amak iraganera egiten baitu salto uneoro eta Nereak egoera horren aurrean ez baitu aurretiko informaziorik, duen informazio bakarra bere amaren eta bere bizitzako argazkiak direlarik.

Irakurtzen ari nintzen bitartean, Nerearekin identifikatu naiz gehien; izan ere, nire antzera, buruari mila buelta emateko gaitasuna edo akatsa baitu. Ezinegona zuenean edo garai batean egin behar zuena eta egin ez zuenarekin deseroso sentitzen denean, irakurlea pentsaraztera bultzatzen du. Atsekabea ere sortzen du zenbaitetan Nereak, alaba ikusteko denbora ez duenean edo bere nagusiak behin eta berriz egiten dion mespretxuaren aurrean. Izeko Dolores aipatzea ere beharrezkoa iruditzen zait, garai bateko etxekoandre langileen traza hartzen baitiot. Horrez gain, Nerearekin duen jarrera jator eta xaloa aipagarria da, bera eta baita Luisa ere babestearren edozer gauza egingo lukeela erakusten baitu.

Amaren eskuak nobelan agertzen den idazkera berezia eta polita iruditu zait edo idazkera baino, agian, Karmele Jaiok jarrera huts bati ematen dion zentzua. Adibidez, nobelan zehar behin baino gehiagotan aipatzen duena. Protagonistaren amak ospitalean ohean duen jarrera oinarritzat hartuz, idazleak duen ikuskera bitxi eta esanguratsua aipatuko nuke.

Ospitalearen izena estaltzen dute haren eskuek, inguratzen zaionari non dagoen ezkutatu nahiko balio bezala. Lo egonda ere, inor ez arduratzeko ahalegina egingo balu bezala. Urtetan hamaika hasperen eta etsipen sukaldeko amantalean sikatuz gorde dituen modura, oihalean estanpatutako ospitale hitza ezkutatzen saiatzen ari da orain ama eskuekin.

Honen bidez, garbi ikusten da Karmele Jaiok erakutsi nahi duen errealitatea, hau da, orokorrean amek barruan sentitzen duten mina edo egonezina estaltzen ahalegintzen direla, egoera muturrenekoetan aurkitzen badira ere.

eskuakIzenburuari erreparatuz gero, Karmele Jaiok garrantzi berezia eman die amaren eskuei, Nerea amaren ondoan dagoen bakoitzean hauei erreferentzia eta hauen inguruko deskribapena eginez.

Interes handiko lotura edo konparaketak eta ikuspuntuak azaleratzen ditu idazleak narratzaile orojakilearen ahotan jarrita. Gertaera batetik ideia berriren bat asmatzeko duen abilezia aipatzekoa da, era laburrean bada ere: Aliceren ipuinaren gertaerekin protagonistak bizi dituenak lotzen ditu; jaioterritik kanpo bizi direnen begiak sorlekuan itxaroten dutela, Nerea amaren etxean dagoenekoa eta leihoko geranioa amarekin alderatzen du…

Liburu honek gogoetara bultzatzen du irakurlea, ea berak egileak idatzitako zenbait egoeraren aurrean nola jokatu duen ikustera. Niri, behintzat, Nereak gaztaroan bere amarekiko izan zuen portaeraz damutzen denean, zer pentsa ematen dit, nik egoera berdintsuen aurrean Nerearen antzera jokatu baitut. Bestetik, Karmele Jaiok zera adierazi nahi izan du bere eleberri hunkigarri honetan: askotan zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak gure inguruan dauden pertsonak. Horrez gain, belaunaldi ezberdinekoen artean arazo eta kezka berdinak daudela ere adierazi nahi izan du, nahiz eta bizimodua asko aldatu den.

Amaren eskuakOso erraz uler daitekeen eleberria da, lexiko aldetik ez da batere konplikatua. Gainera, noizbehinka gure egunerokoan erabiltzen ditugun zenbait espresio agertzen dira, elkarrizketetan bereziki, idatziarekiko gertutasuna emanez: eske, ba…

Kontakizuna era linealean emana dator, hau da, gertakizun bakoitza kronologikoki dago kokatua. Hala ere, Nereak, amari erakusteko ospitalera eramaten dituen argazkiak begiratzean, etengabe iraganera jotzen du, orokorrean gogoeta etengabean baitaude pertsonaiak eleberri honetan. Halaber, zenbait pasartetan iraganeko jazoera batzuk tartekatzen dira, guztiak Luisaren inguruko kontuak: Izagirre jatetxean kokatutakoak edo bere gaztetako mutil lagunaren ingurukoak.

Amaren eskuak liburua biziki gustatu zait, bai aurretik aipatu dudan idazteko moduagatik eta baita istorioak berak kontatzen duenagatik ere. Nire ustez, idazleak modu xume batean istorioaren nondik norakoak azaldu ditu, gai nagusienetakoa bi hitzetan adierazi baino, berarengana nahigabe zuzenduz. Aipatzekoa da, idazleak Nereak bere amari memoria arindu nahian erakusten dizkion argazkiekin egiten duen moldaketa. Argazki jakin bat begiratzen du, Luisaren gaztarokoa edo Nerea Oxfordera joan zenekoa. Argazkia begiratzearekin batera, orain bere begien aurrean duen egoera ikusten du; honela, argazkian haratago begiratzen duela, garai hartan ikusi ez zuena, ikus ahal izango du.

Bestetik, zenbaitetan, zeharka bada ere, aberriaz, euskaraz, kazetaritza munduaz edo egoera politikoaz zenbait aipamen labur ere egiten ditu idazleak era egokian.

Azkenik, eleberriak irakurtzerako orduan esperientzia handirik ez dudala kontuan hartuz, nobelan ez nuke aldaketarik egingo. Aldatzekotan, bereziki interesa piztu didalako batik bat, mamu baten antzera Nereari agertu zaion iraganeko Karlos lagunaren inguruan zerbait gehiago jakitea gustatuko litzaidake; izan ere, hasieran nobelaren zentzua erabat aldatuko zuen gertaera bat jazoko zela pentsatu baitut. dena den, zer hausnartu dudan jakin nahi baduzue, eleberria irakurtzea besterik ez duzue. Seguru nago nik nire buruan eginiko gogoeten antzekoak egingo dituzuela.

,

2 Responses to Amaren eskuak – KARMELE JAIO

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.