Amiantoa, heriotza isila

asbestoNekea, arnasa ongi hartu ezina, itolarria. Hauexek dira ekidin izan eta izango diren isilpeko eta marroez beteriko lan egoeren ondorioz langileetan habia hartu duten gaixotasunen sintomak. Milaka urteko bizia duen mineral natural batez mintzatuko naiz gaur: asbestoa edo amiantoa, zeuen esku uzten dut izena aukeratzea; edonola ere, ondorio latz berdintsuak dituela esan beharrean nago. Alejandro Magnoren garairako ezaguna zen mineral hilkor honen indarra. Halaber, Marco Polok bere Txinarako bidaian honen berri izan zuen.

Baina zer da amiantoa? Amiantoa malgua eta tenperatura hagitz altuak jasan ditzakeen minerala da. Munduko hainbat meategitan aurki genezake material hau; hala ere, ekoizlerik garrantzitsuena Kanada, Errusia eta Hego Afrika dira. Hala entzunda, urruti geratzen zaigun gaia dirudi; oker zaudete, ordea, urtez urte etxe ondoko enpresetan erabili izan den minerala baita hau, etxebizitzarako hainbat materialetan (baldosak, zementua, teilak…), autoetako balaztetan… Beroaren isolatzaile ezin hobea denez, hainbat enpresak amiantoa erabiltzea erabaki zuten langileak honek suposatutako arriskuaren jakinaren gainean jarri gabe.

mesoteliomaAskoren iritziz, 2035. urtera bitarte 400.000 lagun zenduko dira, aurretik aipatu ditudan langile xumeen herioa emango da. Hauen heriotzen errudun zuzena amiantoak askatutako partikulen arnasketaren ondorioz sortutako gaitz larri eta gehienetan sendagaitzak izango dira: asbestosia, biriketako minbizia eta mesotelioma. Dena den, nor da 400.000 lagun horien benetako hiltzailea, amiantoa bera edo langileei aurreko ondorioez ohartarazi ez dieten enpresa gupidagabeak? Biak ala biak delakoan nago. Lehena, substantzia toxiko bat da, berak ez du bere patua hautatzeko aukerarik izan; gure esku egon da, ordea, bere erabilera sustatzea edo derrigortzea. Aitzitik, bigarrenak ondotxo jakin izan du -eta daki- zer duen esku artean, badaki zer-nolako galgarria den; edonola ere, primerako aktore lanak egin ditu, langileak puntu bateraino engainatzera ere iritsi baita. Halere, esaten den legez, gezurrak buztana labur. Enpresetan hainbat mediku azterketa egin ohi da langilearen osasuna aztertzeko helburuaz. Lan motaren arabera, toraxeko plakak ere behaketa honen barruan sartzen dira. Halere, amiantoaren ondorioz gaixotutako hainbat pertsonak esan duenez, 90. hamarkadatik aurrera froga honi amaiera eman zitzaion. Kasualitatea, ezta? Zergatik ote froga horren bat-bateko desagerpena? Garesti aterako al zitzaien enpresako jabeei? Ez dut uste horregatik izan zenik. Hau horrela izanda, aurreko atalean egin dudan galderaren erantzuna garbi geratzen da nire aburuz.

Amorrua eta ezintasuna, hauek izango dira langilearen erraian errotuko diren sentipenak. Amorrua, 30 edo 40 urteren ostean, beraien enpresak benetako egia ezkutuan gorde dielako. Sumintasunaren areagotzea enpresa gaixotasunaren errudun ez dela esatean emango da. Aurrekoa gutxi balitz, kalte ordainketa ez dutela jasoko entzun beharko dute langileek. Nola da posible arazo honen aurrean eriak horrelako trabak aurkitzea? Lotsagarria iruditzen zait. Enpresen jokaerak ez du ez hanka, ez buru.

amiantoaLangileak heriotza garratza ondoan duela onartzeko erronkan lan dezente izanik, enpresak eta administrazioak honi lagundu beharrean, ahal dituzten oztopo gehienak ezartzen dizkiete. Bi hitzetan: bizitzaren injustiziak. Egoera honi 360 graduko bira eman behar zaiola defendatzen dut. Aski da! Beti boteredunak irabazi behar al du edozein egoeraren aurrean? Ezetzean nago. Horregatik, artikulu honen bitartez egoera hauek salatu dituzten pertsonen aldeko iritzia plazaratu nahi nuke, eurekin bat egin, beraien salaketei esker “justizia” egiten ari baitira. Aurrez idatziriko justizia kakotxen artean ipintzen dut, inoiz ezingo baita horrelako egoera baten aurrean, heriotzak edo oinazez beteriko behin betiko gaixotasunen aurrean, justizia egin.

Ildo beretik, administrazioak lan gaixotasuna dela onartzea nahiko nuke, eta gaixo berari eta bere senitartekoei dagokien kalte ordainak ordaintzea. Gaur egun, tamalez, kasu bakan batzuek baino ez dute lortu aurreko hori, guztiek auzitegietan diru dezente utzi ondoren. Egoera penagarria benetan. Aurretik aipatu ditudan kasu hauek guztiak salatzeko eta egoera honen aurrean laguntza izateko, hainbat erakunde sortu izan da urte hauetan zehar. Euskal Herrian, esaterako, Asviamie elkartea aurkituko duzue. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet beraien kasuak salatu dituzten pertsona guztiei eta amiantoaren gaixoen alde lan egin duten erakunde guztiei. Beraien omenez.

, , ,

2 Responses to Amiantoa, heriotza isila

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.