Amorezko pena ba̱o РITXARO BORDA

Izenburua: Amorezko pena baño
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Susa
Urtea: 1996
Generoa: Nobela

Maitek liburu bat aukeratu behar genuela esan zigunetik gustuko liburu bat bilatzeari ekin nion. Etxean begiratu ostean, kanpoan aurkitu beharko nuela garbi neukan; beraz, Ordiziako udal liburutegira joan nintzen. Ez neukan garbi nolako liburua nahi nuen. Liburu bat hartu, beste bat utzi… eta azkenean Itxaro Bordaren Amorezko pena baño aukeratu nuen.

Itxaro Baionan jaio zen 1959ko martxoaren 29an. Haurtzaroa Nafarroa Beherako Oragarren igaro zuen, eta arrazoi ezberdinengatik Pauen, Parisen eta Maulen ibili ostean, egun, Baionan bizi da. Historia garaikidean lizentziatua, lanbidez postaria da. Nik aukeraturiko liburua ez da bere lehenengo, ezta bere azken nobela ere. Izan ere, 1974an Iparraldeko Herria astekarian bere lehen olerkia argitaratu zenetik ez da gelditu Baionarra. 1982an Iparraldeko Maiatz aldizkariaren sorreraren partaideetako bat izan zen, eta bi urte geroago, bere lehenengo poesiazko liburua kaleratu zuen: Bizitza nola badoan. Gerora, hainbat libururen idazle izan da, eta 2002an Euskadi saria jaso zuen, bere %100 basque liburuagatik.

itxaro_borda_amorezko_pena_banoAukeraturiko liburua aztertzeko orduan, gai nagusi bat dagoela bereiz daiteke: Uritzi gertatutakoaren ikerketa. Baina, horrekin batera, Amaiak Zelda eta Joanarekiko dituen zalantzak ere aipatzekoak dira, nahiz eta beharbada bigarren mailan egon. Horiekin batera, oraindik maila baxuagoan, Bardeetako tiro poligonoa, Itoitzko urtegia, Euskal Herriaren egoera… ere kontatzekoak dira, azken batean, denek egiten baitute liburua irakurterraz eta atsegin. Baina hori guztia hobeto ulertzeko, pertsonaia nagusienak aipatzea garrantzitsua da:

Amaia: Protagonista nagusiena dela esan daiteke. Iparraldean bizi den detektibe landatarra da, baina hortik at dagoen kasu baterako kontratatzen dute.
Uritz: Istorio ia osoa ospitalean igarotzen duen arren, pertsonaia garrantzitsua da, berari gertatutako ikertu beharko duelako Amaiak.
Jason: Uritzen aita da. Lanbidez medikua da, eta, semeari gertatutakoa sinesgaitz ikusirik, Amaia kontratatzea erabakitzen du.
Joana: Amaiaren neska lagun ohia da. Itoitzeko urtegiaren aurka dihardu, eta San Ferminetan Amaiarekin topo egiten duenetik berarekin dabil.
Zelda: Maulen bizi den Amaiaren neska-laguna da.

Liburuak Nafarroan kokatzen gaitu, Erriberan, hain zuzen ere. Gainera, idazlearen deskribapen landuekin lekua zeure begiekin ikustera irits zaitezke. Adibide moduan Amaia Tuterara heltzean duen lehenengo sentsazioa:

Oren bata zela irakurri nuen, udaletxea zirudien eraikuntzaren atariko ordularian. Ezkerretik, eskuinetik, bazter guzietarik autoak ziztu bizian zetozen, isiltasun une urriak noiztenka bihikatuz. Aire beroaren dudazko ziloetaz baliatzen nintzen buruaren altxatzeko eta ohartzeko plaza karratuaren etxeetako hormetan Erriberako herrien armarriak agertzen zitzaizkidala, eta han teilatu kiskailian, amiamoko edo zikoina habia bat bazela. Luzaz egon nintzen, ametsetan nola, habiari so, zikoina emeak menturaz, hegal zuri-beltzak firfirikan, zelan sotilki umeak mokoz bazkatzen zituen. Behin ere ez nuen amiamokorik miretsi. Zango eta lepo finen dantza eder kausitzen nuen…

itxaro_bordaHorrez gain, liburua eta garaiaren arteko lotura benetan aipagarria iruditzen zait. Amorezko pena baño 1996an argitaratu zen eta istorioa ere garai bertsuan kokatzen da, urte batzuk gora edo behera. Denboraldi horretan aurrez aipatu ditudan Itoitzeko urtegia, Euskara eta Euskal Herriaren egoera, Bardeetako tiro poligonoa… izan zitezkeen egunerokotasunean zeuden gai nagusienak. Hori dela eta, horiek liburuaren parte izateak istorioak errealitate kutsua izatea eragiten du.

Idazlearen kontatzeko erari erreparatuz gero, liburua iparraldeko euskaraz idatzirik dagoela da esanguratsuena, nahiz eta ezagun den Itxarok joera hori duela. Baina ez hori bakarrik; izan ere, euskalki ezberdinak bereizteko aukera anitza erakusten du, euskararen egoera eta euskara bera leku guztietan ezberdinak direla erakutsiz.

Gertaerak kronologikoki gertatzen dira, nahiz eta momenturen batean -hasieran, batez ere- posible den hain kronologiko ez suertatzea. Hala eta guztiz ere, berehala igartzen da gertakari guztiek lotura dutela.

Tokiak, lehentxeago aipatu bezala, deskribapen zehatzekin azaltzen dira eta istorioa leku ezberdinek osatzen dute, une jakin bakoitza herri ezberdinetan gertatzen baita: Tutera, Iruñea, Arguedas, Maule, Uxue

Orobat, narratzailea testu barruan eta kanpoan dago; izan ere, hasieran, Uritz eta suzko bolarena jazo arte kanpoan azaltzen baita; halere, hortik aurrera, Amaia da narratzailea eta pentsatzen duen guztia adierazten du. Narrazioaz gain, deskripzioak, elkarrizketak eta bakarrizketak ere bereiz daitezke, guztiak bere, neurrian.

Idazlearen estiloa asko gustatu zait, estilo baliabide ugari erabili arren, neurri egokian erabiltzen baititu. Adibide gisa, ondorengo paragrafo honetan konparazio bat bereiz daiteke:

Gizona mutu egon zen. Basoen kristalak eta botilaren tutunak elkar joka zegiten kuska-musika uhargia baizik ez zen aditzen. Desesperatzen ari nintzen, banekielako ez nuela gizonaren mintzatzera bortxatzeko ahalmenik. Joanaren aurpegian laguntza zerbait bilatzen saiatzu nintzen, baina debaldetan, neskak ‘gaiaren bihotzetik’ oso urrun zirudielako, Itoizko balizko uretan itorik bezala.

Amaitu baino lehen, liburuan misterio ukitu txiki bat eta, aldi berean, maitasuna bilatzen duten guztiak, besteak baztertu gabe noski, Amorezko pena baño eleberria irakurtzera animatuko nituzke; izan ere, liburua osoa dela iruditzen baitzait. Alde batetik, hizkuntzaren garrantzia daukagu. Itxarok erabiltzen duen euskalkiak, ulertzeko zailtasunak sor ditzakeen arren, liburua interesgarriagoa egiten duela uste dut, istorioa errealitatera hurbiltzen baitu. Horrez gain, errealitateaz ari garela, azpimarratzekoa da Itxaroren istorioaren garaia eta deskribapenak lantzeko era. Bestalde, istorioaren gaia ere atsegin izan zait, eta gertatzen diren injustiziak salatzeko era egokia da, nire aburuz. Baina ez hori bakarrik, liburua amaitu ostean, normalean baino denbora luzeagoz jardun nuen liburuaren inguruan hausnartzen. Beraz, horrek ere harritu nau, eta Itxaroren beste liburuak irakurtzeko gogoa piztu dit. Liburu zoragarria, dudarik gabe!

Amaitzeko, liburuan gustatu zaidan esaldietako bat: “Hurbiltasunaren mamia, urruntasunean zegoen.”

Liburu honi buruzko beste kritika bat irakurri nahi izanez gero, jo kritiken hemerotekara.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->