Anari: “Etorkizunari buruz pentsatzen dut pentsatu nahi ez dudala”

Anari Alberdi Azkoitian jaio zen 1971n. Gurasoek pianoa ikastera animatu zuten; halere, berak nahiago zuen bateria eta gitarra. Horregatik, ikasle garaian, bateria eta gitarra erosi eta bere lehen abestiak konposatu zituen. Pisukide batek ingeniaritza eskolan kontzertu bat egin behar zuela eta, bertan igo zen lehenaldiz agertoki batera. Bere lehen lana Anari 1997an argitaratu zuen, oso kritika onak jasoz. Bigarren diskoak, 2000.ean argitaratutako Habiak, rockera hurbiltzen du azkoitiarra. Oraingoz azkena den Zebra diskoan (2005) berak konposatu ditu abestiak eta hauen estiloa folk eta rocken artekoa da.

Anari eta Unai elkarrizketa egunean

Arratsaldeko lau eta erdiak inguru izango ziren Ordiziako tren-geltokian Anariren zain nengoenean. Ez zen egun eguzkitsua, baina eguraldia ez zen txarra. Itxaroten ari nintzen bitartean, ikaskide batzuekin berbetan egon nintzen eta, hamar minutu igaro ondoren, hantxe agertu zen Anari bere furgoneta urdinean. Urte bat elkar ikusi gabe geunden eta besarkada handi bat eman nion. Ondoren Maite, euskarako irakaslea, agertu eta bere etxerantz abiatu ginen elkarrizketa egitera.

Anari azkoitiarra da eta hemen, Ordiziako Jakintza ikastolan, gaztelania eta frantseseko irakasle da, nahiz eta aurten beste zeregin batzuetan egon. Zuretzat zer da garrantzitsuagoa, irakasle izatea edo abeslari?
Garrantzitsuagoa, dudarik gabe, abeslaria. Niretzat irakaskuntza lana da. Egun batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago gustatzen zaidana edo batzuetan hobeto eta besteetan okerrago egiten dudana, baina lana. Nik beti esaten dut loteria tokatuko balitzait, ez nintzatekeela lanera joango, baina bai abestera.

Orain abestea izugarri gustatzen zaizu, baina txikitatik izan al duzu abestea gustuko?
Ez. Nire amak hori esaten dit batzuetan: “Zu nondik nora hasi zara abesten?” Ni txikitan gehiago nintzen kirola egitekoa, baina solfeoa eta pianoa ikasten hasi nintzen besteak ere hasi zirelako, seguru asko, eta han jarraitu nuen. Baina niretzat erreferentzia ez dago txikitan, gehiago gaztetan dago. Gaztetan hasten naiz musika gehiago entzuten, eta nire gogoko musika entzuten hastea izango da musika egitera eramango nauena.

anari-1.jpgNoiz igo zinen lehenaldiz agertoki baten gainera?
Unibertsitateko azken urtean pisu batean bizi nintzen Jon Maia eta beste batzuekin -uste dut zure ikaskide batek egin diola Jon Maiari elkarrizketa– eta Jonek laguntzen zidan abestien hitzekin. Kontua da, pisuan bertan abesten nuela eta jotzen nuela. Egun batean, pisukide batek ingeniaritza eskolan kontzertu bat egin behar zuen eta ni abestera gonbidatu ninduen. Ez dakit nola, baina baietz esan nion eta bertan kantatu egin nuen. Gutxi gorabehera orain dela hamaika urte izan zen.

Zeintzuk izan ziren zure lehen inpresioak?
Ez dakit egoera horretan inpresiorik izaten den ere! Lehenengo kontzertua ez duzu bizitzen urduri jartzen zarelako, eta nahi duzun bakarra bukatzea da hasi denetik. Egia da, nire lehen kontzertua jendeari asko gustatu zitzaiola eta handik beste bi kontzertu atera zitzaizkidala. Beste bi kontzertu horien ondoren, gainera, diskoa grabatzeko aukera izan nuen. Beraz, zerbait atera zen handik baina nik ez nuen bizi izan zerbait ederra bezala…

Ba al duzu asko gustatzen zaizun kantarik?
Musikagile izateaz aparte, musikazale amorratua naiz. Niretzat zaila izango litzateke bat aukeratzea. Kanpoko musika asko entzuten dut, bakarlari asko, eta hemendik gustukoenak Mikel Laboa eta Ruper Ordorika ditut. Baina ez dakit zein kanta aukeratu eta atzerrikoekin ere hala gertatzen zait. Ez nuke jakingo kanta bat esaten, baina asko entzun ditut Jon Waits, Neil Young, Nick Cave… zaila da abesti bat aukeratzea.

Nola sortu zenuen zure musika taldea?
Markinako kontzertu batean, nik jo ondoren, Dut musika taldeak jo zuen. Niri Dut taldea asko gustatzen zitzaidan eta, batik bat, hango gitarra-jolea, bere jarraitzaile sutsua nintzen. Kontua da, lehenengo nik jo nuela eta bera etorri zitzaidala esatea asko gustatu zitzaiola. Nik esan behar nion ea nahi zuen nirekin gitarra jo eta, bitartean, bera etorri zen esanez ea nahi nuen berak nirekin gitarra jotzea… Honela lortu nuen gitarrista. Gero, bateria. Nirekin bateria jotzen duenak Fermin Muguruzarekin ere jotzen du, sasoi hartan Negu Gorriak taldean zeuden. Eta hark esan zion Fermin Muguruzari ez banuen bateria-jotzailerik berak joko zuela bateria nire diskoan eta halaxe sartu zen nire taldean. Askotan, bizitzan gauza txikietan aukeratzen duzu, nahiz eta zu ez konturatu, eta horrelako aukeraketa txikiek juntatzen zaituzte zu bezalakoa den jendearekin. Hori gertatzen da beste edozein arlotan eta musikan ere horrelaxe gertatzen da. Talde berdinak gustatzen zaizkigun jendearen artean sortzen da horrelako harreman berezi bat. Eta horrela sortu zen taldea. Azken bira bost musikorekin egin dut, teknikoa guretzat bat gehiago da, beraz, sei eta ni. Hortaz, zazpi izan gara taldean.

Hiru disko egin dituzu; azkenekoa, Zebra. Hiru diskoetatik ba al duzu gogokoenik?
ZEBRA.JPGDiskoekin eta abestiekin argazkiekin gertatzen dena gertatzen da. Zein da gehien gustatzen zaizun argazkia? Bada, beti azkena egiten duzuna. Ikusten baduzu orain dela zazpi urtekoa, adibidez, nahiz eta ikusten duzun hainbat gauza gustatzen zaizkizun, ez duzu zure burua errekonozitzen. Esaterako, nire lehen diskoa, Habiak, orain dela zazpi urte egin nuen eta portada ikustean, argazkiekin gertatzen zaidana gertatzen zait: ez dut neure burua errekonozitzen, hau da, nire ustez ni ez naiz jada hori. Alde batetik, gainera, musika dago; baina, bestetik, hitzak. Orain dela hamabi urte nik buruan nituen gauzak eta orain ditudanak ez dira berdinak. Edo berdinak dira baina beste era batera… Horregatik, askoz gehiago identifikatzen zara azkena egin duzunarekin, gertuago dagoelako denboran. Ni, orain, gehiago naiz Zebran dagoena, Zebran idatzita dauden testuak gehiago dira nireak edo gehiago dira ni, duela hamabi urtekoak baino.

Nola otu zitzaizun zure azken diskoari Zebra izena jartzea?
Abesti batetik ateratzen da izen hori, Zebra kantatik, eta Zebra kanta horrek azaltzen du zergatik den Zebra. Hala ere, aldaketa bati buruzko diskoa da. Batzuetan, zerbait gertatzen zaizu bizitzan, ona edo txarra, eta zu aldatu egiten zara. Baina gero konturatzen zara ez zarela hainbeste aldatu; agian, zuk beste era batera ikusten dituzu gauzak baina ez daude beste era batera, zure ikuspuntua da aldatu dena. Horri buruzko erreflexio bat da Zebra abestia eta, horretaz gain, asko gustatzen zitzaidalako jarri nion izenburu hori disko honi. Oso sugerentea da zebra hitza, marrak eta… Askorako eman du, egia esan, nik pentsatu nuena baino askoz ere gehiago. Jendeak idatzi digu eta bidali dizkigu zebra itxurako gauzak, etxe osoa daukat horrelakoez beteta. Jendeak gauza askorekin identifikatzen du. Etxe hau bezala…

Elkarrizketa hau prestatzen ari nintzela, webgune batean irakurri nuen disko honetan musika estiloa aldatu zenuela eta horretarako laguntza izan zenuela. Nola lortu zenuen laguntza hau? Eta norengandik?
Laguntza, ez. Disko honetan aldatzen dena da teknikoa, Karlos Osinaga “Txap”, laguna dena, alde batetik, eta, beste alde batetik, gitarrista. Lehen nuen gitarrista hainbat arrazoirengatik joan egin zen eta, honen ordez, beste bat jarri nuen. Nire ideia bi gitarrista sartzea zen. Batek ezin zuen eta, azkenean, beste batek hartu zuen. Horrek ekarri zuen nolabaiteko aldaketa, baina nik banuen lehendik ere estilo honetara joateko intentzioa. Nik musika asko entzuten dut, era askotako musika eta, alde batetik, abestia dago. Abestia da bera, gorputza. Gero, janzten duzunaren baitan aire bat edo beste bat hartzen du. Adibidez, pertsona bat trajez edo txandalez jantzita pertsona bera da, baina beste konnotazio batzuekin. Hori da abestiekin gertatzen dena. Orduan, ni momentu horretan musika mota hori entzuten ari nintzelako edo hitzak gordinagoak zirelako-edo, musika gordinagoa behar nuela pentsatu nuen.

Anari Baionako jatetxe batean

Gutxi gorabehera zenbat denbora behar izan zenuen Zebra diskoa grabatzeko?
Grabatzeko inoiz baino denbora gehiago hartu genuen. Lehenengo bi diskoak estudio handietan egin genituen eta, garestiak zirenez gero, presupuestoari begira, astebeterako epea genuen. Azken disko hau, aldiz, Bonberenean, Tolosako gaztetxean, grabatu genuen. Bertan, estudio txiki bat dauka Txapek eta hor grabatu genuen. Merkeago zenez, hilabete eta erdiko epea genuen presupuestoari begira, eta patxada handiagoz egin genuen. Azkenean, hilabete inguru pasa genuen grabatzen. Hori, grabatzen bakarrik, noski; diskoa sortzea urtetako kontua baita.

Zer transmititu nahi duzu disko honekin?
Niretzat disko hau pasatu da, hau da, kadukatuta dago. Hala ere, disko batek ez du beti intentzio bat transmititu behar. Egia esan, ez dut inoiz pentsatu entzulearengan asko, baina benetan harrigarria izan dena da disko honek izan duen harrera, horrek harritu nau. Esate baterako, aurrekoan, Kilometroetan izan nintzenean, neska bat etorri zitzaidan esanez, nire kantak “pasada bat” zirela eta oso arraroa zela nire kontzertuetan gertatzen zena. Beste kontzertuetan, gai sozialak edo politikoak ukitzen direnean eta jende askok batera abesten duenean, normala da jendearen ahotsak indar handia hartzea, esaterako, publikoak “Intsumisioa” eta horrelakoak oihukatzen dituenean. Baina nire kontzertuetan jendeak sentimenduak oihukatzen ditu eta hori oso arraroa dela esan zidan. Eta niri ere oso arraroa iruditzen zait. Hori da benetan nik planteatu ez nuena, eta disko honek eman didana: jendearekin izugarrizko harremana eta jendeak nire kantak kontzertuetan nirekin abestea eta bereak izango bailiran hartzea. Ni, iaz, Jakintzan nengoela, 40 kontzertu eman nituen eta oraindik jarraitzen dugu kontzertuak ematen. Eta gaur, adibidez, taldekoak entseatzeko geldituta gaude, jendeak oraindik nahi duelako diskoa entzun… Zenbait jenderi, behintzat, sartu zaio barrura.

Jakintza ikastolako irakasle izan ondoren, zer egin duzu azken hilabete hauetan?
Ikasleak bezala, oporretan egon naiz. Azken hilabete eta erdi honetan, frantseseko klaseetara joan naiz titulua ateratzeko eta kantak idazten ari naiz, balizko diskoa edo… Eta horretan nabil, konposatzen, txakurra paseatzen eta frantsesa ikasten.

Zer pentsatzen duzu etorkizunari begira?
Pentsatzen dut ez dudala nahi pentsatu. Argi dago, orain, irakaskuntzatik parentesi batean nagoela eta uste dut denbora batean musikatik bizi naitekeela. Hala ere, irakaskuntzara bueltatuko naiz eta, horretaz gain, nik pentsatzen dut izango direla beste disko batzuk… Hori bakarrik ikusten dut. Noiz eta nola eta zer ez dakit…

Amaitzeko, eskerrak eman nahi nizkieke Anariri, alde batetik, Azkoititik elkarrizketa egitera etortzeagatik eta, bestetik, Maiteri bere etxean grabatzen uzteagatik. Aitortu beharrean nago lan hau atsegin handiz egin dudala; izan ere, elkarrizketa egiteko irrikaz bainengoen. Atseginez irakurriko zenutelakoan, azken diskoko Gu abestia eta elkarrizketaren bideoarekin hurrengora arte agurtzen naiz.

[kml_flashembed movie=”http://video.google.com/googleplayer.swf?docId=2802099188289782944″ width=”400″ height=”326″ wmode=”transparent” /]

11 Responses to Anari: “Etorkizunari buruz pentsatzen dut pentsatu nahi ez dudala”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.