Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Arantxa Gurmendi: “Dena kontrolatuta izango banu, emakume mekaniko bat sentituko nintzateke”

Azaroaren 8an, ama eta ni Donostiara abitu ginen bere kide den Arantxa Gurmendi elkarrizketatzera. Maria Cristina hotelean geunden geratuta berarekin eta handik Larrotxene kultur etxera abiatu ginen. Bertako gela batean eta bertako kamerarekin egin genuen grabazioa, ama lagutzaile nuela. Hona hemen hitz egindakoa.

Arantxa eta Marta elkarrizketa egunean

Arantxa Gurmendi, Donostian jaioa, emakume bizia da bere alderdi guztietatik: zinema eta antzerkiko aktore, zuzendari, aurkezle, interprete, bidaia eta ekitaldi antolatzaile… Munduan zehar bidaiatzea gustuko duzu, eta, elkarrizketa batean baieztatu zenuen bezala, bidaietara bost zentzuak ondo irekita joaten zara dena zehatz-mehatz ezagutzeko eta xehetasun osoz ikusteko. Zergatik?

Nik uste dut hori dela modurik onena bidaiatzeko. Bidaiatzea ez da bakarrik zure herritik alde egin eta beste leku batera joatea. Leku ezberdin batera joan, hara, zerbaitegatik joaten zara eta zerbait espero duzu: beste mundu bat, beste jende bat, beste ohitura batzuk… Eta ikusi eta ikasi zertarako? Gero, bueltan etortzen garenean, ikuspuntua pixka bat aldatzeko eta mundua beste modu batera ikusteko. Eta bidaiatzea, ez baldin bada horretarako, nik ez dut ulertzen. Nik gogoratzen dut behin talde bateko kide batek esan zidala: “Arantxa, el mundo es un gran Corte Ingles para mucha gente” eta egia da. Nik badakit jende bat joaten dela alde batetik bestera eta bere helburu nagusia dela erosketak egin eta argazkiak atera, eta bertako jendea argazkietan ateratzen bada, hobe, etikoak direlako eta kolore diferentea ematen dielako argazkiei, baina ez dute inolako helbururik kanpoko jendea ezagutzeko eta bertan dagoenarekin kutsatzeko, hango arazoak ezagutzeko… benetan tristea da.

Arantxa Gurmendi 2Egiten dituzun bidaiak, normalean, antolatuak izaten dira edo bat-batean pentsatutakoak?
Bai, denetarik egin izan dut. Ni urte askotan bidai agentzia batean lan egin izan dut eta bertako nire lana bidaiak antolatzea zen, batez ere, bidaia luzeak eta, beste aldetik, gero bidaia horietara doazen taldeak laguntzea gidari moduan. Beraz, askotan bidaia antolatuetan bidaiatu dut, hau da, zerbitzu guztiak aurretik prestatutakoak eta nik neronek prestatutakoak, gainera, nire lana horixe zelako. Baita oporretan ere, batez ere, nire senar eta semearekin bidaiatu dut beti, gure kontu, eta bat-bateko bidaiak izan dira, bertan moldatzea gure modura eta bertako garraiobideekin. Hotelak ere ez beste munduko ezer, txukunak eta modu onean egonez gero, nahikoa zen. Laburbilduz, mota guztietako bidaiak egin izan ditut, egia esan, bi mota ezberdinetan oso gustura sentitu izan naiz.

Hainbat ekitalditan parte hartu duzu eta hainbat antolatu, adibidez, Lilaton-a (emakumeen lasterketa), “Basamortuko irribarreak”… Ekintza hauek zein eragin izan dute edo dute zure bizitzan?
Beno, ni biak banatu egingo nituzke. Alde batetik, Lilaton aipatu duzu. Lilaton lasterketa bat da, ez dakitenentzat esango dugu, eta bide batez propaganda egingo dugu, emakumeak emakumeentzako antolatutako lasterketa froga bat da. Ekitaldi honen hasiera, beti gauza asko gertatzen diren bezala, kasualitatez eman zen. Ni aktore nintzen, duela hemezortzi urte hasi nintzen, orduan ohituta nengoen mikrofonoaren aurrean hitz egitera. Antolatzaileek eskatu zidaten ea egingo nituen lokuzio lanak lasterketa egunean, eta nik baiezkoa eman nien, baina ni zerbaitetan sartzen naizenean, gustuko izaten dut barrutik ezagutzea, zertan sartzen naizen jakitea. Eta orduan, eskatu nien baimena bileretara joan ahal izateko eta gauza guztiak xehetasun osoz ezagutzeko, ez bainuen gustuko egun berean mikrofonoa lanetan aritzea bakarrik animatuz… Horrela hasi nintzen. Lehendabiziko urtean, inork ez zuen espero lasterketak bigarren, hirugarren edota hemezortzigarren edizioa izango zuenik. Gauza puntual bat bezala antolatu zen. Hasiera batean, antolatzaileen artean nengoen eta orain “presidenta” naiz. Hori Lilatonari buruz. Emakumeen arteko ekintza bat bezala antolatua izan da beti, eta ni oso gaztetatik emakumeen aldeko bide eta emakumeen aldeko borroketan jardun dut; beraz, bidezkoa zen ni ere bertan kokatzea.

Bestalde, aipatu duzun “Basamortuko irribarrea” beste mota bateko proiektua da. Proiektu honetan orain dela gutxi gorabehera bederatzi urte hasi nintzen Larrotxene kultur etxean. Bideo moduko tailerra eta errealizazioa tailerrak egin izan nituen, dokumentalen beste tailer bat ere bai; beraz, pixka bat banenbilen hor sartuta, zerbait egiteko gogoz. Horri guztiari lotu behar zaio 2003.urtean, Nikaraguara joan nintzela han nuen lagun bat bisitatzera, hogeita bost urte daramatza han, eta han zeukan proiektu interesgarria, emakume nekazarien munduan (emakumeak baratzeak eta sortzeko), ezagutzeko aukera izan nuen. Kamera eskuan nuen eta nire asmoa ez zen dokumental bat egitea, baina hala gertatu zen, irudiak hartu nituen eta erabat emozionatuta itzuli nintzen. Pentsatu nuen: “Kamerarekin hartu ditudan irudiak txukun-txukun jarri behar ditut eta, gutxienez, balio dezatela Mertxeren familiakoek ikus dezaten bere Mertxek zer egiten duen Nikaragua aldetik“. Eta dokumental bat egin nuen izena zuena “XOCHITL ACATL emakumeek lortutako ametsak”. Hortik animatu nintzen eta hurrengo pausoa pentsatu nuen: “Orain bai egin behar dut beste dokumental bat eta beste gai bat”. Ni betidanik eta aspaldidanik kezkatzen nauen eta hunkitu nauen gai bat izan da Saharako herriaren egoera, eta orduan pentsatu nuen egokiena izango litzakeela horri buruz dokumentaltxo bat egitea. Eta horrela hasi nintzen hori egiten, berriz ere Larotxeneko tailerretan. Hartu nuen kamera, eta grabatu nituen irudiak. Alde batetik, Saharako umeak Donostiara etortzen direnean oporrak bakean pasatzera; beste aldetik, dokumentalaren bigarren zatia, umeak nondik datoz eta bertan nola bizi diren. Eta horretarako hango kanpamenduetara joan nintzen eta han dena oso hunkigarria izan zen. Irudiak hartu eta gero dokumentala osatu nuen. Hau guztia desberdina da, sartu nintzen nolabait audiobisualen munduan, dokumentala egiten. Eta hori da orain jorratzen dudan beste arlo bat, afizioz baina gustura.

Dokumental honen barne, zein izan zen une zailena edo hunkigarriena?
Zaila izan zen grabazio guztia. Alde batetik, han aurkitzen duzun egoeragatik: arazoak genituen argindarrarekin, ez genuen non kargatu bateriak. Eta, azkenean, utzi behar izan genituen kamerak gau oso batean zaindu gabeko leku batean, pentsatuz hurrengo egunean hor aurkituko genituela. Hori izan zen pixka bat alde teknikoa, nahiko zaila. Orain, beste aldetik, honek beste alde emozional bat zeukan izugarri polita. Hiru joan ginen: ni, nire ahizpa irakaslea dena eta nire lankide bat. Hirurentzako izan zen esperientzia polita.

Arantxa Gurmendi 1Gaia aldatuz, antzerki lanetan esperientzia handia duzu, hainbat lan egin duzu. Antzestu dituzun obra guztietatik, zein izan da gehien hunkitu zaituena?
Antzerki asko egin dut, bai. Oso gazte nintzela hasi nintzen egiten, hamazazpi urterekin. Lehendabizi, hemen egiten zen antzerkia, amateurra deitzen zitzaiona. Niri, egia esan, ez zait asko gustatzen diferentzia hori, gero profesionala deitzen den antzerkia ere egin dudalako. Egia esan, ez dauka alde handirik, bakarrik batean ez genuela kobratzen eta bestean kobratu egiten dugula, hori da alde handiena. Baina ikasi beti egiten genuen eta tailerrak ere egiten genituen. Obra asko egin izan ditut, batzuk interesgarriak autore handienak zirelako, obra ezagunak, beste obra batzuk oso paper polita izan dudalako, beste batzuetan esperientzia berezia izan daitekeen obra bat izan delako… baina nik orokorrean egin ditudan obra guztiez oso oroitzapen politak ditut. Obra bakoitzak bere gauza du eta baten bat aukeratu beharko banu, beharbada, gaur egungoa aukeratuko nuke momentukoa: Chicas bonitas, alegres maizales. Nik daukadan pertsonaia oso polita da, barazkiak eta frutak saltzen dituen emakume batena, niretzat pertsonaia bezala oso polita izan da; batez ere, telebista munduan urtetan egon naizelako pertsonaia bera egiten, hamaika urtetan, eta banuen aldatzeko gogoa. Pertsonaia honek antzerki honetan egiten duenagatik aldatzeko aukera hori ematen dit. Ez dauka zerikusirik aurretik telebistan egin ditudan pertsonaiekin eta hori esperientzia polita izan da.

Zure bizitzan zehar lan asko egin izan dituzu bai zinerako eta baita telebistarako ere. Bien artean ba al dago desberdintasun nabarmenik?
Lana egiterako orduan, bai. Aktore lana bezala, bai. Telebistako aktore izateko edo antzerkirako aktore izateko, aktore izateko orokorrean, ikasi egin behar da. Formazioa, bietarako, aktore izatea da. Trukuak ikasten dira baita ere entrenatuz. Baina bien artean diferentzia txiki batzuk badaude. Teatro batean urrutian entzuteko hitz egin behar duzu; beraz, ahotsa urrutira bota behar da, azkeneko ilarako ikusleak ere entzun behar du. Telebistan, aldiz, mikrofono bat duzu, askotan soinean; beraz, baxuago hitz egin behar duzu, egunerokotasun gehiago eman behar diozu. Zailagoa erantzukizun aldetik, momentuko erantzukizuna askoz handiagoa da teatroan telebistan baino. Telebistan, gaizki egiten baduzu edo gaizki ateratzen bada, errepikatu egiten da. Teatroan bat-batean eman behar duzu dena, publikoa aurrean dagoelako, sarrera ordaindu du, eseri da eta ez daukazu bigarren aukera bat. Orduan kontzentrazioa, erresponsabilidadea, energia… hori dena askoz handiagoa da. Oso nekagarria da teatroan lan egitea. Askoz ere nekagarriagoa telebistan lan egitea baino. Telebistan ordu asko sartzen dira eta, oso xamurra bada ere, baditu bere gauzatxoak, baina erlaxatuago zaude. Hori izango da beharbada hitza.

Honekin ondoriozta dezakegu, aurkezteko orduan, antzerkia zailagoa izan daitekeela telebista baino.
Aurkezterakoan… Zer esan nahi duzu?

Azken batean, esan duzun bezala, kamera baten aurrean errepika dezakezu behin baino gehiagotan eta antzerkian, ez. Beraz, zein da zailagoa gidoia gogoratzeko orduan eta?
Horrek ere badauka bere ezberdintasuna. Antzerki obra bat gutxi gorabehera hiru hilabetetan prestatzen den obra bat da. Antzerki obra batek bide luzea darama obra tokira iritsi aurretik eta horrek esan nahi du testua buruz dakizula. Gainera, testuak ez dizu kezkarik sortu behar. Hori dena hiru hilabetetan oso sendo daramazu. Aldiz, telebistako lana eguneroko lana da. Lana klinexen modukoa da, erabili eta utzi, hau da, erabili eta bota. Zuk testu bat ikasten duzu gaur biharko eta gero akabo, eta bihar ikasten duzu testua hurrengo egunerako Nik ez dakit nola funtzionatzen duen gure buruak, baina egia da hurrengo egunean beharbada ez zarela akordatzen aurreko egunean zer grabatu duzun. Aldiz, nik oraindik buruan dauzkat antzerki testu batzuk beharbada orain dela hamabost edo hogei urte ikasi ditudanak, ez osorik eta floritura guztiarekin, errepasatu egin beharko nituzke, baina pasarte handiak oraindik hemen dauzkat almazenatuta. Ez dakit nola daukagun armairua egina, baina hala da. Eta kuriosoa da.

Arantxa Gurmendi 3Artista bezala begiratuz, zein izan da ospe gehien eman dizun interpretazioa?
Ezagutarazi nauena, gehiena dudarik gabe, telebistako Goenkale. Telebistako lanen aurretik nik egin izan ditut beste lan batzuk, baina Goenkale iritsi zen arte nire serialak motzak ziren. Eta, nahiz eta behin azaldu telebistan, jende askok ikusi izan badu telebistako saio hori, nahikoa da kalean esateko: “Ikusi izan zaitut…” Goenkalerekin gertatu zena izan zen, boom mediatiko handia izan zela. Hasieran, Goenkale sortu zenean, Euskal Herrian Euskal Telebistak eguneroko telesail bat ematen zuen lehendabiziko aldia zen eta horrek markatu zuen pixka bat diferentzia aurreko lanekin. Gero, jendea berotu egin zen eta ikusten hasi zen. Orduan, seriean geundenok ezagunak egin ginen. Jendeak kaletik ezagutu egiten gintuen, nahiz eta beraientzako zu ez izan zu, bestea zara. Eta jendeak ez dizu esaten “Arantxa agur…” , ez, esaten dizu ”Hortentsi agur…” Hori asumitu egiten duzu. Egia da telebistak daukan indarra ez daukala teatroak. Teatroan obra bat mila aldiz egin dezakezu eta jendeak kaletik ezagutu ez. Ez zaitu ezagutzen, batik bat, eszenatokia bete urruti dagoelako eta zure irudia ez delako iristen aurrez aurre. Orduan, jendea ez da gogoratzen, askotan ez dakite zein den eszenatokian dagoena. Teatroarekin ez da inor famatua egingo, ezta ezaguna ere. Aldiz, telebistarekin joan zaitezke edozein programatara eta kontatu aurreko egunean bizikletaz erori zinela, eta horrekin bakarrik jendeak zure aurpegia ezagutzen du, eta kalean ezagutuko zaituzte. Kuriosoa da eta oso fenomeno arriskutsua, pixka bat harrapatu egiten zaizuelako eta intimidadea kentzen dizulako. Nik akats bat bilatzen badiot, hori da, intimidadea galtzen duzula. Ni, adibidez, betidanik izan naiz erromerien zale, baina dantzan jartzen banaiz besteek zer esango duten pentsatzen dut eta… deprimitu egiten zara. Eta pena bat da.

Artistaren bizia gogorra da gero… Zaila egiten al zaizu familiarteko bizitza eta lanekoa uztartzea?
Beno, nik ez nuke esango artista izatea edo aktore izatea gogorragoa denik beste hainbat lan baino. Nik uste dut badaudela beste lan batzuk gogorragoak nirea baino. Guk ondo pasatzen dugu eta lanean ondo pasatzea suerte bat da. Nik askotan pentsatu izan dut pribilegiatua naizela. Alde batetik, gogorra bai, ordu asko eskatzen duelako baina bere gauza onak dauzka. Orokorrean hartuta, nire lagun gehienek egiten dituzten lan gehienak okerragoak dira. Guk dauzkagun denbora libreetan, gure arteko txantxetarako aukera dugu, txisteak kontatzeko edo holako harreman pertsonalak izateko; gauza hauek lan askotan ez dira eskaintzen. Ez da gogorra; konparatuta, pagotxa da.

Zure lanean ospea eta porrota parez parez daude. Proiektu berri bat erabakitzeko orduan, horrek beldurtzen al zaitu?
Nik uste dut, ospea eta porrota bizitzan egiten den gauza guztietan presente dagoela. Alde batetik, ez dut uste hori aurrean jarri behar denik erabakitzerakoan, zerbait egin edo zerbait ez egiterako orduan. Nik uste dut, interesatzen zaizun zerbait egin nahi baduzu, egin behar duzula, neurtu gabe porrota suertatzen den. Eta porrota suertatzen bada, zer? Ikusiko da zer egin! Nik uste dut pausoz pauso eraman behar dela. Aurretik dena kontrolatuta eduki gabe, txarra izango litzateke dena aurretik kontrolatuta edukitzea, nire ustez. Nik ez dut batere gustuko dena aurretik kontrolatuta edukitzea, emakume mekaniko bat sentituko nintzateke. Guk daukagun izaerarekin oker egiteko aukera ere badaukagu. Zergatik ez? Garrantzitsuena horri buelta ematen jakitea da.

Arantxak euskaljakintzari eskainitako agurra

Etorkizunari begira, ba al duzu proiekturen bat prestatuta edo prozesuan?
Ni egunetik egunera bizi naiz, normalean proiektuak luzarora egiten ditut. Ametsak bai, ametsak baditut, beti izan ditut. Nire ametsetako bat, ez dakit beteko den, gero eta zaharragoa bainaiz, Amazonas zeharkatzea da, bertako egurrezko ontzi batekin. Amets onen jatorria zehazteko, 20 urtez atzera egin behar dugu, eta orain gero eta okerrago ikusten dut, baina hor jarraitzen du. Eta, bestalde, eguneroko lanean, antzerkiarekin segitzen dut. Dokumentaltxo bat ere prestatzen ari naiz. Nire Nikaraguako neskatxoei teatro proiektu bat emateko asmoa ere badaukat.

Azkenik, elkarrizketa honi amaiera emateko, ba al duzu anekdotaren bat gure irakurleentzat?
Anekdota… ze modutakoa esan nahi duzu?

Gertaeraren bat edo…
Bidaietan pila bat, Goenkalen ere pila bat, ez dakit. Bakoitzetik bat kontatuko dizut. Afrikan behin, Keniako parke naturalean, animaliak dauden parkean, ni gidari bezala nindoan. Beti gertatzen den bezala, abuztua zen eta iritsi ginenean, lots edo logelak ematen dituzten zentroan gela bat gutxiago zeukaten. Nik esan nien edozein lekutan sar nintekeela. Orduan, alde zaharrean zegoen lots batera eraman ninduten. Toki hura animaliez inguratuta zegoen. Egunez nik banekien nire logelara joaten, baina gau batean afaldu ondoren irten nintzen nire logelaren bila eta ez nuen ezer ikusten nire linternarekin, animalia hotsak baino ez nituen entzuten, lehoiak… eta orduan buruari birak ematen hasi eta pentsatu nuen: “Orain lehoi bat ateratzen bada zer?” Ikaratuta buelta eman eta taldekoak zeuden lotsetara joatea erabaki nuen. Lotsen erdian taberna bat zegoen, argi handi bat zuen gainean eta bertan bi mutil beltz zeuden zerbitzatzen. Ni korrika hasi nintzen gelditu arte. Halako batean, irrist egin eta bertan aterrizatu nuen bi mutil haien aurrean, bakoitzak esku batetik hartu eta nire bungaloweraino eraman ninduten! Hori bat. Eta Goenkalen, behin bolada batean lapurretan egiten nuen, beno nire pertsonaiak, elizako kandelabruak eta lapurtzen zituen. Garai hartan, Donostian azoka txiki bat zegoen Sarriegi plazan, eta bertan zegoen postu batera hurbildu nintzen. Bertako gizonak hura maindire batez estali eta esan zidan: “Alde hemendik, hemen ez dago ezer zuretzat”. Horrek ez zeukan nonbait argi hura pelikulan bakarrik gertatzen zela…

Eskerrik asko, Arantxa, elkarrizketa honengatik.
Zuri.

Eta beste bat arte.
Horixe. Ondo izan.

Arantxa Gurmendi emakume handia da, ekimen handikoa. Bera aipatzeko izenlagun ugari daude: eskuzabala, baikorra, kementsua, irmoa, saiatua, borrokalaria… kalifikazio guztiak, baina, gutxi dira berarentzat. Ospea eta fama gertuko lagunek ematen dizute: ezagutzen zaituztenak, miresten zaituztenak, zure lanarekin gozatzen dutenak…Nahiz eta txikia edo handia izan lagun talde hori, lortu behar duzuna da kide talde horri iruzur ez egitea. Horregatik, ospea eta fama lortzea, erraza edo zaila izan daiteke, batzuetan guztia zortearen menpe geratzen baita. Garbi dago ez dela zori kontua izan Arantxaren ospearen kasua, berak ekinez eta eginez lortu baitu ongi merezitako errekonozimendua. Arantxa, plazer bat izan da zurekin solas egitea.

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docid=-6934721721432843407" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

6 Responses to Arantxa Gurmendi: “Dena kontrolatuta izango banu, emakume mekaniko bat sentituko nintzateke”

  1. ihintza 2007(e)ko azaroak 15 at 3:49 pm #

    Apa Marta!!!!
    Elkarrizketa bikaina, interesgarria eta erraz irakurtzekoa. Zorionak egin duzun lanagatik eta jarraitu horrela!!

    Aiooooo!!! =D>

  2. Maite 2007(e)ko azaroak 18 at 9:48 am #

    Aupa, Marta! Gustatu zait nola fokatu duzun elkarrizketa; izan ere, Arantxak Goenkalen egindako lanean oinarritzea izan zitekeen kasu honetan errazena eta nik hemen bere bizitzako arlo ezberdinen berri emateko esfortzu bat egin duzula ikusten dut. Zorionak, oso interesgarria eta benetan mamitsua! =D>

    Esan beharra dago, bestalde, Arantxa oso eskuzabala izan dela bere erantzunetan eta horrek ere asko lagundu du, zalantzarik gabe! Oso ona autografoarena! :-*

    Aaaa! Ahaztu baino lehen, bideoa ez da ikusten Google Video-koek atzera bota dutelako; ez dakit zergatik den, baina konpontzen saiatzen ari naiz. Lortzen dudanean, atzera ipiniko dut. 🙁

  3. alain 2007(e)ko azaroak 21 at 9:10 pm #

    Kaixo Marta! Gogoratzen naiz Arantxak Goenkalen lan egiten zuenean! Benetan interesgarria iruditu zait elkarrizketa! Segi horrela! =D>

  4. arianeh 2007(e)ko azaroak 23 at 10:36 am #

    aupa Marti!
    goenkale ikusten dudanean, beti norbait falta dela ohartzen naiz, eta hoir Arantxa da!
    elakrrizketa bikaina, ZORIONAK!

Trackbacks/Pingbacks

  1. El 30 de abril hay un homenaje a Javier Ortiz en Donostia - Recuerdos - 2010(e)ko apirilak 14

    […] de Javier Ortiz. La mesa la conducirá el periodista Mariano Ferrer y contará con la presencia de: Arantxa Gurmendi (actriz y activista), Garbiñe Biurrun (magistrada), Rafael Chirbes (escritor), Ignacio Escolar […]

  2. Homenajes - Pedradas - 2010(e)ko apirilak 18

    […] de Javier Ortiz. La mesa la conducirá el periodista Mariano Ferrer y contará con la presencia de: Arantxa Gurmendi (actriz y activista), Garbiñe Biurrun (magistrada), Rafael Chirbes (escritor), Ignacio Escolar […]

Utzi erantzuna

-->