Arauak 22: zehargaldera orokorretako -eN/-eNETZ eta -eLAKO/-eN izenekin.

Gaurkoan, iaz hasitako Euskaltzaindiaren arauen ikastaroari jarripena emanez, zalantza eta oker ugari sorrarazten duten  arau bi azalduko ditugu. Atzizkiekin zerikusia dute  biek. Alde batetik, zehargalderetako -eN eta -eNETZ atzizkien arteko ezberdintasunaz arituko gara, eta –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkien erabilera okerra aipatuko dugu, bestetik. Prest? Pasa gaitezen, bada, arauak zehaztasunez aztertzera.

ZEHARGALDERA OROKORRETAKO ADITZ-ATZIZKIA: -(E)N ETA -(E)NETZ

1. Zehargaldera guztietan bezala, zehargaldera orokorretan ere aditzak –(e)n forma hartzen du, eta aski da atzizki hura, zehargaldera ongi osatzeko, nahiz harekin batera ea edo ote bezalako beste zenbait indargarri ere erabil daitekeen:

a) Ez dakit zuzen mintzatu naizen.

b) Galdetzera noa ea norbait azaldu den.

2. Halere, zehargaldera orokorreko aditzari atzizki indargarria erantsi nahi bazaio (baietza ala ezetza azpimarratzeko), anbiguitaterik sortzen ez duen –(e)netz atzizkia erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak euskara baturako. Beraz, bai-ez erako galde-perpausekin (galdetzailerik ez daukatenekin, alegia) baino ez dira erabiltzen.

a) Begira iezaiozu ongi ea gaitzik ageri duenetz.

b) Askotan banago gizon horrek besterik ikusten ote duenetz .

c) Ez dakit ikusi dugunetz.

Araua osorik (pdf).

Praktika

-ELAKO ETA -EN ATZIZKIAK IZENAK GOBERNATURIKO PERPAUS OSAGARRIETAN

• Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru … eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan –eLAKO eta –eN atzizkiak erabiliko dira euskara batuan:

• Ekonomia gaizki doalako berriak ez gintuzke harritu behar.

• Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zelako ustean.

• Nork zabaldu du Maite eta Koldo banatu direlako zurrumurrua?

• Euskara Afrikatik datorrelako hipotesiak indarra galdu du azken urteotan.

• Berriro elkar ikusiko dugulako esperantza ez dut galdu.

• Maite gaituztelako seinale da egin diguten harrera beroa.

• Adi! Ohikoa izaten da perpaus osagarriotan –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkiak erabiltzea, baina gisa honetako perpausek ez dute lekurik euskara batuan:

• *Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar.

• *Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zeneko ustean.

• *Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera beroa.

Araua osorik (pdf)

Praktika

 

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/en_elako.swf" width="640" height="400" wmode="transparent" /]

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->