jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2006ko maiatzaren 27ko IRAKURMENA

(EGA: 2005-2006 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

GALES BERRIAREN BILA

Ameriketako Estatu Batuek Mayflower hura bezala. badu Patagoniak ere bere itsasontzia, lur berri bila iritsitako pioneer haien intxaur azala, Atlantikoa alderik alde, ekialdetik mendebaldera eta iparretik hegora zeharkatu zuena. Mimosa zuen izena clipperrak, eta hala gogoratzen da oraindik ere inguru hauetan, ia mende eta erdi ondoren. 1865eko uztailaren 27an iritsi ziren Liverpoolgo portutik bi hilabete lehenago atera ziren 153 galestarrak Patagoniako kostalde honetara. Arrazoi bat baino gehiago aipatzen da arribada justifikatzeko: Buenos Airesen interesa Patagonia europarrez betetzeko; galestarren xedea, anglosaxoien itzalpetik kanpo, euren Gales Berria sortzeko Ameriketan ... Kontua da, tokiari izena, herrialdearen bultzatzaile nagusi izan zen Love Jones Parry, Madryngo baroiaren omenez ezarri ziotela, Puerto Madryn. Hasierako garaiak, ez ziren samurrak izan: Puerto Madrynen ez zegoen urik. Egun ere kanpotik ekartzen dute, eta oso da garestia, Trelew-tik gerturatu nauen autobusean maistra bati azaltzen entzun diodanagatik. Horregatik, hegoalderago jo zuten, Chubut ibairaino, baina han ere lurrak ez ziren naroegiak.

Denboragarrenera, sorterrira itzultzeko asmoa zabaldu zen galensoen artean. Rawson Bame ministroak, berriz, eusteko beste pixka batean, agertuko zela ur hori. Soro lehortuak ibaiko urez estaltzen hasi ziren arte. Eta halaxe hasi zen ingurua hazten. Luze gabe, trenbidea eraikitzeko planoak agertu ziren. Mimosa heldu eta hogeita bat urtera, Vespa ontziak laurehun galestar langile gehiago utzi zuen Puerto Madrynen. Hala hazi zen haien komunitatea, eta hala ikusten da egun ere arrastoa, hatza maparen gainean ezarrita:

Trelew, Dolavon, Bryn Gwyn eta Chubut ibaia Andeetaraino igota: Trevelin. Abizenak ere, hor dira: Mathews, Jones, Price, Owen, Williams, Pugh ... eta te etxeak: Ty Nain, Ty Gwyn, Plas y Coed ... Bizirik, galeseraz, ongietorria aireportuan eta mezak Trelewko Tabernacl elizatxoan, doako eskolak San David aretoan, adreilu gorrizko beste elizatxo batzuk, hegal biko teilatuak eta egurrezko hainbat zubitxo, galestarren opil beltza eta bi festa nagusi: Eisteddfod-a, urriro burutzen den poesia eta musika jaialdia, eta Gwyl y Glamiad, lehenbiziko arribada hura ospatzeko egiten den te hartzea. Historiak dio (bada esaldi absurdoagorik?) hegoaldeko tehueltxe indiarrek, aoni-kenkek asko lagundu zietela galestar gosetiei. Hasiera haietan, jatekoa ekartzen omen zieten europarrak babestuta zeuden koba atarietara, ura, larruak, behar zuten oro. Bi herrien arteko harreman onen erakusgarri da 1867an egin zituzten joko patagonikoak.

Egun, Puerto Madryndik hegoaldera, Zarauzkoa edo Hendaiakoa izan daitekeen hondartzari jarraiki, etorbide zabala egin dute galestarrek babes hartu zuten leizeetaraino. Arratsaldean, neguko eguzki epelaz gozatzen, itsasoari begira, gazte taldeak biltzen dira han-hemen, matea hartzen. Alkoholik ez; zigarrotxoak bai, ahal duenak. Erraz doakit bizikleta zaharra, kanbioak ukitu gabe. Pedalei eragin ahala, etxeak bakantzen hasi dira, eta apaltzen. Itsas aurrean daudenen dotorezia (gortinarik gabeko leiho zabalak, etxe barne guztia kanpotik ikusteko atondua), arian-arian kolorea galduz doa. Hondar iluna eta orube hutsak. Zuzengunearen amaieran, hotel erraldoi bat, bukatu gabe oraindik. Benetan da handia, zatarra, muturreko ederra paraje zoragarriari. Baina turismoa nahi, itxura.

Hotela saihetsean utzi eta batera, aldapa txikia pikotzen hasi zait. Kanbioa aldatzen dut, zain eta muin eragiten diet oinetako burdinzolei. Hatsa estutzeaz batera, ezkerretara, itsaso barera begiak. Balea bat dabil hondartzatik hogei metrora, zilipurdika. Orain gibeleko isats zabala erakusten, orain alboetako txikiagoak, orain ur purrustada ur azalez gain ... eta ni eragin eta eragin kate zaharrari, gora noiz iritsiko lasai ikusteko.

Puenta Cuevas deitzen da berez, baina El indio deitzen dute denek, tontortxoan duen irudiagatik. Hiru-lau metroko tehueltxe handi bat, harri troko gorriz osatutako oinarri baten gainean, baleari begira. Oinetan, brontzezko plakak, galestar komunitatearen esker onez. «Historiak zerbait badaki orduan», nik neure kasa bizikletatik jaitsi gabe. Baranda zuriraino hurreratu, eta itsasoari begira paratu naiz neu ere. Balea bat ez, bi, hiru dira hortxe dabiltzanak. Inguruetan, auto geldietan, bikoteak, baleei baino gehiago elkarren hitzei eta eskuei adi. Eguzkia apalduz doa, eta baleak ere, urrundu dira, eta gorde. Hondartzan, futbolean ari den gazte talde bat eta oinez, bakarren bat. Ikuskizun partikularra, inolaz ere.

Bihar, gaur bezala, furgoneta txikiak, konbiak aterako dira errepidez iparraldera, Puerto Piramide-ra, gero, ontzietan, baleen behaketa bertatik bertara egiteko. Moila bestaldean, paisaia sano aldatzen da. Moila bestaldean beste moila bat dago, luzeagoa, zabalagoa. Handik ematen diote jaten Aluar aluminio fabrikari. Eraiki aurretik, bost mila lagun baino ez zituen Puerto Madrynek. Egun, 65.000 ditu. Buenos Aires Handitik heldu ziren asko.

Baina asko ez ziren Patagoniara ohitu, eta itzuli egin ziren, esango dit ume zela bertara eraman zuten Martinek quilmes bana hartzen ari garela. Eta Aluar ondoan arraina kontserban jartzeko fabrikak: legatza eta itsasoko izokina bereziki, baita langostinoak ere; espainiarren eskuetan gehienak. Geldi-geldi, errepideak ekialdera joko du, eta Carlos Ameghino istmoa zeharkatuta, Valdes penintsulan sartuko da, Puerto Piramideraino.

Handik aurrera, harri txintxorrezkoak dira errepideak. Punta Cantor-erantz zoazela, hantxe ikusiko duzu, bide ertzean, machineatarren estantziarako gurutzea erakusten, kartel berde bat.

De la Rua-ren gobernuan Ekonomia ministro izan zen Jose Luis Machinearen aitonak sortu zuen San Lorenzo estantzia, Berastegitik atera eta herriko santu hartua gogoan. 50eko hamarkadara arte, artiletik eta itsas-elefante eta lehoien koipe eta larrutik bizi izan dira, eta Ferro, Larralde, Iriarte familiarekin batera, Valdes penintsulako aurreneko europarrak dira. Egun, 50etik gora estantzia daude penintsula guztian, eta Chubut probintzian, 43 bat milioi ardi.

Furgoneta txikiko leihotik begiratu eta ikusi egiten da. Paisaia ez da beti berdina, inoiz oparoagoa dirudi, Olaverria, Tandil eta La Pampako beste hainbat bazterren antzekoa. Bakanagoa istmo inguruko larrea, zarratuagoa Punta Delgada-koa. Nolanahi, ur gutxiko lurrak guztiak. Putzuetatik punpatzen da egun, australiar erako errotekin. Piramiden, itsasokoa eztitzen dute, alderantzizko osmosiaren bidez.

Nik, eskubiko praka barrena berriz jaso, eta harrizko bidean behera ekin diot, Punta Cuevas-tik aurrera. Bideaz akitu arte eragin diet pedalei, autorik gabe, Cap Bretondik Girondarainokoak diruditen hondartza hutsen parez pare. Seiak eta laurden. Iluntzen ari dela heldu naiz Puerto Madrynera. Arnas betean hartu dut plazako eukalipto usaina. Amaitu gabeko kanpandorre zaharra eta berria ondoan, ondo zuritua, kanpaiak jotzeko gurpila bistan duela. Erdigunean, jendea dabil oraindik. Hondartza gaineko denda dotoreak (larru, zilar, erakusteko jaka polarrak) ateak giltzatzen ari dira.

Oheratu aurretik, bizikleta itzultzerakoan denda aurrean zegoen pintada pasa dut koadernora, ahaztu baino lehen: Sweet home, Muerto Madryn.

Iñigo Aranbarri.
Berria, 2005-08-31. (Moldatua)