
Gelako atea ireki aurretik, Reginak pentsatu zuen –oso litekeena da behintzat– muxu batekin edo
fereka (1) batekin agurtu eta sarituko zuela aitak, so errukitsu batekin edo hitz
samur (2) batekin. Izan ere, mundu guztiak esaten zuen aita-alabak antzekoak zirela izatez… biek ere gauzak
pilatzeko (3) joera berdintsua zuten behintzat: aitak labana bildumak egiten zituen, baita kartoi batzuetan inprimatutako armarri
bilduma (4) koloretsuak ere, aldasotarrena ere –hartz beltz bat, zuhaitz bati helduta–tartean, noski, eta Reginak soineko –jostun bikaina zen– eta ispilu bildumak. Regina, beraz, espero zuena espero izateko moduan egon zitekeen; aitak, baina, hauxe esan zion, urduri eta arnasestuka, alabak atean barrena egin zuela
ohartu (5) bezain laster:–Ez dinat ikusi ere egin nahi nire apellidua gordetzeko gai izango ez dena…! Reginaren ezustekoa! Aitak, izan ere, ez zion –ez zuen– bizitza osoan halakorik ez antzekorik adierazi:
balizko (6) eta mirarizko grabagailu batek, aitarekin unez une eta pausoz pauso ibilitakoak–hark esandako guztia jasotakoak, beraz–, edo aingeru
guardakoak (7) berak ere –aingeru guardakorik balitz, jakina– ez zuten besterik egiaztatuko. Egia zen, bai, Rufinok behin baino gehiagotan
so egin (8) izan ziola alabari gainetik, so harekin zera esan nahi balio bezala: mutil jaio bahintz, hobeto nengoken…eta egia zen, halaber, aitak betidanik izan zuela halako
handinahi (9) bat –herriko
txiroetakoa (10) ere ez zen arren, jauntxoetakoa izatea zuen amets.