
Badira benetan kasu negargarriak. Ama drogazale batek bere 9 urteko semetxoa prostituziora behartzen zuen. Diru nahikorik ez bazuen irabazten, amak etxeetako
bebarruetan (1) lo egitera zigortzen zuen, etxean sartzen utzi gabe.
Child Care Centerren John eta Jessica senide txikiak ezagutu nituen. Zazpi eta bost urtekoak ziren. Haien gurasoek elkarrekin haserretu eta alde egin zuten etxetik, haurrak gela itxian utziz.
Txikiena ez zen ohartu zer gertatzen zitzaion. Nolabait, bere burua nebaren
gerizpean (2) sumatzen zuen. Nebak, ostera, inongo babesik ez.
Zama (3) guzia bere gain.
Hiru egun igaro eta
barrideek (4) aurkitu zituzten. Child Care Centerrera eraman eta han John luzaro mututurik eta entzun ere
guti (5) egiten zuela egon zen.
Hiri handietan, ihes egindako haurrei laguntzeko etxeak sortu dira. Denera 500 edo AEBn. Ezagunena New Yorkeko Covenant House da. Orain 15 urte sortu zuen Bruce Ritter frantziskotarrak. Neguko gau hotz batez 6 haurri
etzalekua (6) eman zien. Biharamunean 10 ziren. Gero, egunean baino egunean gehiago.
1987an 20 bat mila haur pasatu dira Covenant House horretatik. Maiz izan naiz etxe horretan. Gaztetxo horietan erdiak baino gehiago prostituzioan ibiliak dira.
Erremusinetatik (7) bizi da etxe hori: halere, azken urtean 29 milioi dolar eman diote, maiz emaileak izena agertu gabe.
Horietako bik esandako kasua: Peter, 17 urte. Hamabi urterekin etxetik alde egina, aita
ankerraren (8) menetik (9) ihes egiteko. Bost urtez kaleko prostituzioan jardun zuen Los Angelesko Santa Monica Boulevardean, gero stripper, go-go dantzari eta prostituzioan
atzelarien (10) edatetxeetan, Washington, New York, Atlanta eta Floridan.
New York, New York, Gotzon Garate
Elkar, 1988