
Lehenengo ostikoa eman dit!
Gorkari mezu bat bidali diot.
Irrikaz (1) nago berak ere sentitzeko mugimendu txiki hori.
LEHEN OSTIKOA HAIN DA
SAMURRA (2). Geroago datozen ostikoak eta mugimenduak hain dira...
gogaikarriak (3)! Haurra handitzen den neurrian indartzen ere badoa. Horrek esan nahi du estreinako kolpetxo lehun hura kolpe
zorrotz (4) bihurtzen dela. Edo etengabeko danbor-hotsa. Zein
ederra (5) den haurra zure sabelean mugitzen ari dela nabaritzea! Ederra eta baita zure onetik ateratzeko modukoa ere. Onartu beharra dago batzuetan gehiegizkoa izan daitekeela zure barnean bizirik dagoen eta hazten ari den umea eramatea. Oinarekin, eskuarekin, ipurdiarekin, buruarekin... Bere gorputzeko edozein atal mugitzen duenean zure haragia eta azala
ezdeus (6) bihurtzen dira. Pilota kolpeak jasan behar dituen frontoiaren
pare (7) senti zaitezke. Umea baino gehiago, sugea diruedien animalia
likina (8) eta
labainkorra (9). Orain ezkerrean, orain eskuinean dagoen
zirauna (10). Leku txiki eta mugatu horretatik atera nahiko balu bezala. Kaiolatua sentituko balitz bezala. "Amatxo! Hemendik irten nahi dut", horixe esan nahi duela dirudi, eta bere ahotsa ezin denez entzun, mugimendua erabiltzen du komunikatzeko. "Hemen nago!" esateko. "Bizirik nago!" adierazteko. "Hazten ari naiz! Begira nola mugitzen naizen! Ikusi! Amatxo! Hor zaude? Kuku! Begira-begira, orain ezkerreko oina! Beste hau eskua da! Indartsua naiz, ezta?"
Bi marra arrosa, Jasone Osoro
Txalaparta, 2009