
Zigarro bat
isiotu (1) du. Beste bat. Atzo arratsaldea aita lurperatu zuenetik bata bestearen ondoan erre ditu, ohi baino askoz gehiago, gorrotoak horretara bultzatuko balu bezala. Erraiak erretzen dizkio, zigarro muturra gori-gori jarri den moduan. Kanpotik bestelako itxura dauka Joxanek: azoka ondoko erriberako
barandan (2) bermatuta itsasadarrari begira dagoen gizon lasai batena, ur zikinak bezain bare. Horrela, beste barik, zigarro bat ezpainetan, ur
uherrei (3) begira, trankil antzean, ezer gertatu ez balitz bezala, barrenean gorrotoak erre egiten duen bitartean.
Azken aspaldian inoiz baino
lazun (4) gehiago ikusten da itsasadarrean... Abra aldean lupiak eta
karramarroak (5) nonahi. Hala esaten dute behintzat hango bazterretan arrantzan ibiltzen direnek...
Azokako arrain saltzaile bat jarri zaio ondoan, postuan aritzeko
amantalarekin (6) eta laneko katiuskekin. Arrain usaina dauka, zer bestela; olagarro pare bat dantzan eduki lezake amantaleko poltsikoetan. Ordua ikusita, laneguneko gogorrena amaitu berri du, antza, eta kanpora irten da zigarro bat erretzera. Goiz osoa berbetan emango zuen erosleekin, eta hala ere ezin isilik egon. Edonon, edozelan, hitz aspertuan aritu beharra. Lanbidearen
ajeak (7). Saltzaileak arrainei begira egin dio berba, Joxan ere lazunei begira balego bezala. Baina Joxanek ez du ez lazunik ez urik ez ezer ikusten, bestelako irudi batzuk dauzka begi barruetan, hil aurreko egun hauetako aitarena, tristurak zimurtua... eta Jose Luis Agirrerena, ondo orraztua, hobeto jantzia, putakume harro baten
trazarekin (8).
Orain ez urte asko koipea zen ur hauetan ikusten zen gauza bakarra... eta
zarama (9), hara eta hona zarama, mareak ekarri eta eramandakoa. Besterik ez.
Joxanek irribarre apalez begiratu dio, arrain saltzailea esaten ari dena ulertzen duen keinuaz, bat-bateko hitz aspertua eskertuko balio bezala. Ur gainean dabiltzan lazunei begiratu die; hortxe daude, banaka, hirunaka, seinaka...
itsasadarrak (10) eskaintzen dizkien zabor biologiko eta kimikoak jaten, inork harrapatuko ote dituen beldur barik.
Ragga-ragga dator gaua, Paddy Rekalde
Susa, 2006