
Plazako kioskoa. Munduaren erdigunea. Denbora luzean pentsatu nuen hantxe bertan hasten zela mundua, igandeetako musika jaiotzen zen leku berean sortzen zirela beste guztiak ere. Egunero biltzen ginen jolasean kioskoaren inguruan, harrapaketan eta
kukuka (1), soka saltoan. Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz... Kioskoaren inguruan bete genituen belaunak arrastada eta
beltzunez (2), bertako eskaileretan eserita haserretu ginen geure artean hamaika aldiz eta lagun egin beste hainbestetan. Amaren errietak gogoratzen ditut. Leiho honetatik bertatik egiten zidan
agirika (3). Ez igotzeko kioskora, kontuz ibiltzeko kioskoaren burdinazko atearekin. Elena, ama duzu leihotik deika. Lagunen ahotsak gogoratzen ditut. Mirari eta Carmenenak.
Leiho honetatik aurrez aurre ikusten dut herriko plaza, eta erdi-erdian, elizaren parean, kioskoa. Haren inguruan jolasten ginen neskatoak ginela, eta atzo balitz bezala gogoratzen dut orain, kioskoaren arbel beltzeko teilatutik irristaka doazen euri tantei begira. Behin besaulki honetan egindako
kuluxka (4) batean, amets egin nuen ez zirela euri tantak, neska-mutilek kioskoaren burdinazko atean
atzamarrak (5) harrapatzean botatako
malkoak (6) zirela, bertara lurrun eginda igo eta euriaren zain zeudenak lurrurerantz
labain (7) egiteko.
Atzo balitz bezala gogoratzen ditut janzten geniten gona eta galtzerdiak, eta egiten zidaten
azkura (8), azala gorritu arte.
Domeketako (9) zapaten disdira gogoratzen dut, nola begiratzen nien Carmenekin batera dantza egin bitartean. Igandeetako dantzaldian, herriko bandak balsaren doinuak jotzen zituenean, batak besteari heltzen genion, eta, barreari eutsi ezinik, plazan dantzan zebiltzan bikoteen artean ibiltzen ginen
balantzaka (10).