jakintza_avatar.gifeuskaljakintza_logo_txikia.gif2003ko martxoaren 29ko IRAKURMENA

Maite Goñi (euskaljakintza)

EGA: 2003-2004 azterketak liburutik hartua

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

EUSKAL GAZTEEN IRAKURZALETASUNAREN INGURUAN

Gazteen irakurzaletasunaz mintzo garenean askotan izan ohi dugu gure jarduna kexekin hasteko tentazioa. Nork ez ditu entzun adituen edo irakasle baten baino gehiagoren ahotan gaur egungo gazteek gutxi irakurtzen dutela edo telebista edo musikazale patolo­gikoak direla bezalako baieztapenak? Alabaina, ez dut uste horrelakoak esanez gaur egun litera­turaren irakurketarekin gertatzen dena adierazten dugunik. Gaurko irakurzaletasun eskasiaren errudunak bailiran, gazteengan proiektatu ohi ditugu sarritan gure gabeziak. Izan ere, gazteek gutxi irakurtzen dutela esaten dugunean, oro har guztiok gutxi irakurtzen dugula esan beharko baikenuke. Irakurketak protagonismo eskasa duela gure aisialdian eta adibide ezagun bat aipatzearren, espainiarren ia erdiak ez duela urtean liburu bakar bat ere irakurtzen. Kontua da literatura-irakasle garen aldetik, etengabe irakurketak derrigortzera behartuta ikusten dugula geure burua. Baina hori bakarrik ez, zenbait irakurketak ikasleengan pizten duten deserosotasuna eta bazterketa dela medio, askotan zeregin ia kixotiarra izaten da gurea.


Gogoeta hauek bultzatuta ekin nion 1990ean irakurketa-ohiturei buruzko inkestak egiteari Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Hautatutako lagina 14-18 urte bitarteko 2.700 ikaslek osatzen zuten eta 58 ikastetxetara bidali genituen inkestak. Ikasleen erantzuna espero nuena baino hobea izan zen eta honek animatu ninduen 1994an bigarren inkesta bat egitera. Garai haietan ikasleek l8-22 urte zituzten eta gehienek unibertsitate-ikasketak egiten ziharduten. Inkesta honetarako lagina 700 ikaslek osatzen zuten eta irakurketa-ohiturez gain, zaletasun honek eragiten dituen jarrera etikoez ere egin nien galde. Emaitzak adierazgarriak izan direlakoan nago. Hona garrantzitsuenak:


1. Adinak gora egin ahala, irakurketa-ohitura gutxitu egiten zen. Azpimarragarria da jaitsiera hau euskarazko tituluetan ematen zela nagusiki. Beraz, 18-22 urterekin gehiago irakurtzen zuten gaztelaniaz. Esan beharra dago neskak zirela adin guztietan gehien irakurtzen zutenak.


2. Ikasleak goi-mailako ikasketetan jarraitzen bazuen, nobelaren irakurketa-maiztasuna handiagoa zuen. Letretako eta zientzietako ikasleen artean ez zen desberdintasun handie­girik sumatzen. Ezer aipatzekotan, inoiz irakurtzen ez zutenen letretako ikasleen kopuru handia azpimarratuko genuke.


3. Irakurzaleenek tolerantzia-maila handiagoa zuten eta ez zuten oztopo handiegirik adierazten talde marginatuengandik hurbil bizitzeko (drogazaleak, ijitoak ... ). Hainbatetan azpimarratu nahi izan diren onurekin batera, badirudi, irakurketak jarrera gizartekoi eta errespetuzkoekin dituen loturak gogoratu beharko genituzkeela oraingoan.


4. Udan irakurritako liburuei begiratuz, 1994ko zerrendan hamar liburutik sei gaztelaniaz zeuden; 1990ekoan, hamarretik bat. Beraz, gaztelaniazko irakurketen gorakada zen aipagarriena.


5. Lehen hezkuntza amaitu zutenei gehien gustatu zitzaizkien tituluez galdetu genienean, hauexek izan ziren erantzunak: Obabakoak (B. Atxaga); Behi euskaldun baten memoriak (B. Atxaga); Babilonia (J. M. Irigoien); Los pilares de la tierra (K. Follet); La casa de los espíritus (1. Allende); El señor de los anillos (1. R. R. Tolkien); Kcappo: tempo di tremolo (P. Aristi); Viven (Madhmoody); El nombre de la rosa (D. Eco); Exkixu (Txillardegi).


Nobela gogokoenen zerrenda hau begiratuz, ohartzen gara egun munduan best-sellerrak direnen presentzia handia dela. Baina hori bakarrik ez, zerrenda horretan azaltzen zaizkigun gaztelaniazko bost titulutik hiruk film arrakastatsuei eman diete bide. Agidanez, gure irakurle gazteek ere horrelako egokitzapen zinematografikoek izaten dituzten merkatu-eraginei eran­tzuten zieten.


Gaztelaniaz buruturiko irakurketek gehiago hunkitzen zuten irakurlea; emozio eta asaldapen ugari izaten zutela onartzen zuten (amorrua, pena, emozioa, tentsioa ... , horrelako hitzak maiz ikusten genituen liburuon irakurketa definitzean). Euskarazkoek, aldiz, ez zuten, gehienetan bederen, emozio biziegirik eragiten (irakurketa atsegin eta sentiberatzat zeuzkaten). Euskarazko irakurketa gehienen atzean eskolaren bitartekaritza zegoela kontuan hartuz (B. Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak (1991) eta J. Sarrionandiaren Narrazioak (1983) eskolaren eremutik ateratzen ziren bakarrenetakoak ziren), badirudi agindutako irakurgaiekin ez dugula gehiegi asmatzen.


Adinak gora egin abala, nahiz eta abentura eta misteriozko nobelekiko zaletasunak iraun, giza arazoei dagozkien argumentuak dituzte atseginago gazteek. Topologikoki errealismoranzko joera da poliki-poliki gailenduz doana. Nobela historikoek eutsi egiten diote (94ko rankingeko lehenengo hamaika postuak begiratuz gero, hauetatik sei nobela historikoak direla ikus daiteke) eta zientzia fikziozko zaletuak galtzen dituzte. Azkenik, esan dezagun, inkestatuen sexuari begiratuz, nobela existentzialistak eta psikologikoak zirela bereziki nesken gustukoak. Patrick Parmentier-ek dioenez, sexuen araberako zaletasun topiko hauek (neskek psikologiaranzko eta sentimenduetaranzko joera handiagoa; mutilek, aldiz, abentura eta errealismoranzkoa), gehiago dagozkio gizarte rol bati, sexuen berezko ezaugarri bati baino. Gizarte rolak berdindu ahala, zaletasunak ere berdinduz doaz.


Aipagarria da 90eko gogokoen zerrendatik 94kora dauden aldaketak lekuari dagozkiola batez ere: lehenengo 17ak hartuko bagenitu kontuan 90ean azaltzen ziren Zabaleta, Gereño, Txillardegi, Kirikiño, Amuriza, Mirande, Zarate ... desagertu egin ziren zerrendatik 94an. Atxagaren kasua salbuespen handia dukegu: lehenengo postuari eutsi zion lau urteren buruan. Irakurzaletasunak nola eragiten zuen begiratuz gero (hau da, liburu gehien irakurtzen zutenetatik gutxien irakurtzen zutenetara dauden aldeak), ohartuko gara euskal idazleak gustukoen zituen inkestatu askoren atzean gutxi irakurtzen zuen pertsona daukagula eta gaztea. Adinak gora egin ahala, salbuespenak salbuespen, euskal autoreekiko zaletasuna jaitsiz zihoan (gaztelaniaz King­ekin eta Christie-rekin gertatzen zen bezala).


Liburutegietara joateko ohiturarik ez zuten. %64,3k ez zirela joaten onartzen zuten (joaten zirenen artean gehienak langileen seme-alabak ziren) eta %35,7k bakarrik baietz. Maileguan hartutako liburuen batez bestekoa urteko bost liburukoa zen.


Jendearen iritzia zen funtsezkoa, liburu bat edo beste aukeratzerakoan. Hala ere, aipagarria da tituluak, autoreak eta kritikak 1994ko emaitzetan izan zuten igoera. Badirudi adinarekin irakurlea gehiago fijatzen dela alderdi hauetan. Bere iritzi eta ezagutzak baloratzen ditu eta ez irakaslearenak (hau nabarmena da bi inkestetan). Liburuak euskaraz egoteak eta berauen itxurak ez zuten aparteko garrantzirik.



Mari Jose Olaziregi HEGATS 25-26. 1999ko urria.
Euskal Idazleen Elkartea (Moldatua)