euskaljakintza_logo_txikia.gifjakintza_avatar.gif2003ko urriaren 4ko IRAKURMENA

Maite Goñi (euskaljakintza)

EGA: 2003-2004 azterketak liburutik hartua

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

ESKOLA GERRALDIETAN

Operazio humanitarioetan hezkuntzak garrantzi erabakigarria du, bai eskolak emateko. bai gerrak traumatizatutako haurrei laguntza emateko.

Azken hamarkadan, Nazio Batuen Erakundeak (NBC) hondamen politiko konplexuei aurre egin behar izan die hainbat tokitan. Hondamen horietan barne gatazka bortitzak izaten dira zenbait arrazoirengatik -batez ere lurraldea, etnia edota erlijioa dela kausa-; eta gatazka horiek ondorio ugari eragiten dituzte: jende kopuru handia mugia­raztea, azpiegituretan lapurretak eta suntsiketak, zibilen aurkako erasoak eta oinarrizko zerbitzuak etetea, besteak beste. Gatazka horiek azkenaldian areagotu egin dira eta arrazoi nagusia -batez ere Afrikan- kolonialismoaren ondorengo ordena desegin izana da. Ordena hori munduko superpotentziek eratu zuten Gerra Hotzaren garaian, nahikoa era artifizialean.


Etorkizuneko konpromisoa


Operazio humanitario ororen lehen lana populazioen biziraupena bermatzea da, jakina, horretarako oinarri-oinarrizkoa emanez (elikagaiak, ura, segurtasuna, osasuna eta ostatua). Baina oinarrizko alor horiez gain, giza laguntzaren hasierako etapetan beharrezkoa da hezkuntza ere ematea. Ideia hori berri samarra da eta badauka nahikoa arrazoibide. Horien artean garrantzitsuena hezkuntza bera jasotzeko eskubidea da, hau da, gerratean edo exodoetan ere galtzen ez den eskubidea. Maila praktikoan, hezitzaile eta psikologoek nabar­mentzen dutenez, haurren garapenerako oso garrantzitsua da hezkuntzarik gabeko etenaldia ahalik eta laburrena izatea. Antolatzen diren hezkuntza eta aisialdi jarduerek eguneroko ohiturak berrezartzen dituzte haurren bizitzan eta euren inguru sozio-kulturalarekiko lotura sendotzen laguntzen die. Bai programa ofizialei, bai programa ez-ofizialei egokituta, galdutako normalizazio sentsazioa berrezar dezake eskolatzeak eta, horrela, haur babes­gabeei alternatiba egokia eskain diezaieke milizien, delinkuentziaren eta drogen aurrean.


Larrialdi ego era hauetan, eskolak izan daitezke zenbait mezu zabaltzeko biderik egokienak, adibidez, ingurumenari eta elikadurari buruzko informazioa, minarik ez zapaltzeko hartu beharreko neurriei buruzkoa, kolera eta Hiesari aurrea hartzeko eta abar. Halaber, eskolan beste hainbat hizketagai ere izaten da, adibidez, giza eskubideak, bakea eta adiskidetzea, hau da, nazio berreraikuntzako edozein programatako funtsezko balioei buruzko gaiak.


Oinarrizko informazioa bildu ondoren -zenbat haur diren, zenbat irakasle dauden prest, eta abar-, lehenengo etapan haurrak aisialdi jardueren inguruan elkartzen dira (jolasak, abestiak, ipuin-kontaketak eta, batzuetan, ikastaro errazak). Bigarren etapan irakaskuntza sistematikoa has ten da; baina programa ofizialetatik at, sarritan, UNES COk berak sortu zituen Larrialdietako Karpeta Pedagogikoak erabiliz. Hauek lehenengo aldiz Somalian erabili ziren. Harrezkero hizkuntza askotara itzuli dira eta beste herrialde batzuetako ikasleentzat ere egokitu dira.


Aipatutako "eskola karpeta" edo "ikasgela mugikor" horiek berez 80 haur errefuxiatuko taldeentzat prestatuta daude, Lehen Hezkuntza ikas dezaten. Haur horiei alfabetatze eta kalkulu . funtzionala irakasten zaie, baina ikasturteak eta azterketak dituen ikasketa programa klasikoa jarraitu gabe. Ikasleentzako karpeta arruntetan honako hauek biltzen dira: arbeltxoak, klarionak, koadernoak eta arkatzak. Irakaslearentzako karteran, berriz, honakoak: telazko horma-irudiak (alfabetoa, zenbakiak, biderkatzeko taulak), irakaskuntza metodoen gida, berta­ratze-helburua eta egurrezko kuboak (Ikasleentzako jolasak antolatzeko, haurrek hizkiak eta zenbakiak ezagut ditzaten).


Larrialdietako hezkuntza operazioen beste alderdi garrantzitsu bat irakasleak behar bezala prestatzea. da, haurren sintomak ezagut ditzaten. Izan ere, haurrek sarritan indarke­riazko esperientzia lazgarriak bizi izan dituzte eta haiengan traumatismo seinaleak antzeman beharra dago. Laguntza psikosozialeko programa berezien bidez haurrei lagundu egiten zaie doluari, deserrotzean eta beldurrari aurre egin diezaieten. "


Orain arte azaldu dugun estrategia guztiaren jomuga "aberriratzeko hezkuntza" da Kontzeptu hori lehen aldiz 80ko hamarkadan erabili zen, eta 90eko hamarkadan are gehiago nagusitu zen. Aberriratzeko hezkuntza hitzen bidez herrialde hartzaileei adierazi eta ziurtatu nahi zieten errefuxiatuak ez zirela bertan geratuko betiko. Horregatik, errefuxiatuen hezkuntzan oso garrantzitsua da zenbait neurri hartzea, besteak beste, ama-hizkuntza erabiltzea, jatorrizko herriaren ikasketa programei jarraitzea eta ahal den neurrian irakasle errefuxiatuak erabiltzea.


Aberriratzeko hezkuntzaren ideiak larrialdi operazioari denboran dimentsio luzeagoa ematen dio. Operazio hori planifikatzen dutenek jarraipena eman behar diote, baina beti ere kontuan izanik herrialde edo eskualdean aurreikusitako garapen politika. Tamalez, ez da izaten prozesu lineala: herrialde batzuk azken hamarkadetan etengabe ibili dira orain gerran, orain bakean; eta horrek sarritan oztopatu ditu nazio berreraikuntzako ahaleginak.


Gizarte zibilaren ekimenak sustatu


Larrialdietan, hezkuntza eraldaketak ere gauzatu litezke. Horregatik, larrialdietako hezkuntzaren ikusmoldean bertan bi ekimen mota uztartu behar dira: alde batetik, goitik behera zentralizatutako eraketa; bestetik, oinarritik datozen garapen ekimenak. Krisialdietan gurasoek, pertsona helduek eta profesionalek zeregin garrantzitsua dute eskolen sorreran eta funtzionamenduan eta, sarritan, eskola eurena den sentsazioa izaten dute. Jatorrizko herrialdera itzuli ondoren, lagun horiek esku hartzen jarraitu beharko lukete hezkuntzaren inguruko planak egitean. Baina, zoritxarrez, berreraikuntzarako finantza-laguntza jasotzeko ohiko bide jakin batzuk daude ezarrita eta gizarte zibila normalean bide horietatik baztertu egiten da. Emaileek euren fondoak estatu zentralaren bidez bidaltzen dituzte; baina, sarritan, estatua ahulduta egoten da eta administratzeko eta gestionatzeko ez du behar adinako ahalmenik izaten. Horren ondorioz, ez da erraza izaten parte hartzea. Horregatik, beharrezkoa da nazioarteko komunitateak azkenaldian egindako esku-hartzeak hobeto aztertzea eta kritikoki ebaluatzea. Azken hamar urteotan krisialdiak bata bestearen atzetik oso azkar gertatu dira eta, batzuetan, ez da behar adina denbora hartu hortik ikasitako guztia aztertzeko. Hurrengo krisialdirako, giza laguntzaz arduratzen direnak ez genituzke hainbeste estutu beharko; aitzitik, azterketa egiteko denbora eman beharko genieke, izandako eskar­mentua hurrengo ekintzetarako baliagarria izan dadin. Hausnarketa horrek balio beharko luke, halaber, larrialdi egoera konplexuetako aurrekontuak eta lehentasunak ezartzerakoan hezkuntzan berez dagokion garrantzia emateko.


Mark Richmond.

Unescoren albistaria. 116. zk. 2000ko urt. (Laburtua eta moldatua)