jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2005eko martxoaren 12ko IRAKURMENA

(EGA: 2005-2006 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

PERTSONA IZENEN HISTORIA

Joera desberdinak izan dira historian jaioberriari izena jartzeko orduan. Azken mendeotan gorabehera asko gertatu bada ere, badirud; aspaldi batean ohiturak ez zirela hain aldakorrak izaten. Jokabide nagusien ikuspegia honela laburbil daiteke:

a)Aitzinekoen bidea. Ezagutzen diren datuen arabera, aitona-amona edo gurasoen izena haurrari jartzeko ohitura oso zaharra dela esan daiteke. Gurasoen lehentasuna berezkoa da eta antzinako ohitura sakonetan oinarritzen da. Haurraren jaiotza euren bizitzaren jarraipen pozgarria zen aita-amentzat eta, aldi berean, familiaren etorkizun itxaropentsua nahiz baserriaren iraupen egonkorra esan nahi zuen gizarte mailan.

Edukiari begira, pertsona barru-barrutik markatzen duen baloretzat hartzen dute adituek izena. Gizarte mailan norberaren ezaugarri bereizlea izateaz gain, izaerari erabat lotuta dagoen kirio banaezina bihurtzen da haren doinu-zantzua haurrarentzat. «lzena duen guztia bada», esan ohi zuten euskaldun zaharrek, izena-ren eta izana-ren arteko lotura trinkoa adierazteko.

Badira euskaldun familiak gizaldiz gizaldi berandu arte izen berari eutsi diotenak etxean. Garbi esaten da jaiotza-agiri batzuetan gurasoak direla izen-katearen lokarria.

Familiakoen izena nahi beste aldiz errepika zitekeen eragozpenik gabe senideen artean eta sexu bietakoentzat balio zuen. Esanguratsua da amaren aholku erabakigarria Esteban de Garibay idazleak dakarren azalpen batean. Idazle gipuzkoarrak berak dio emaztearen gomendioz ipini ziola alabari Estefanía izena, lau seme-alaba binakatuz guraso bien artean:
Luis/Luisa, amaren aldetik (amak eta amonak Luisa zuten izena), eta Esteban/Estefanía idazlearen aipukoak.

Itxuraz, XVIII. mendean amak zuen alaben izena erabakitzeko eskubidea, eta aitak erabakitzen zuen semeena.

Oraintsu arte iraun du familiako izena bikoiztu eta hirukoizteko tradizioak etxe batzuetan. Nik neuk ezagutu nuen Estatu Batuetan bizi ziren "Kurutzezahar" baserriko hiru anaia Pedro izenekoen kasua, Pelo, Piarres eta Betti herritarrentzat.

Ugaritasuna dela bide, pertsona izen erabilienen aldaera ugari sortu du herriak, ez jolas¬garri edo arinkeriaz, izen bereko senideak elkarrengandik bereizteko baizik.

b) Aitabitxi-amabitxien aldia. Haur bataiatu berrien kristau heziketa gurasoen ardura izan arren, aita-ama pontekoen ordezkotza bilatzen zuen Elizak haiek huts egin balezate haurraren sinesmena zaintzeko.

Liturgia berriaren aurretik edozein egun eta ordutan egiten ziren erdi ezkutuan bataioak. Haurra lehenbailehen kristautzea zen helburua, batzuetan egunean bertan eta biharamunean edo ondoko egunetan, bestela. Berria da sakra¬mentua atzeratzeko ohitura. Amak ez zuen, jakina, elizara joaterik eta emaginak eramaten zuen jaioberria besoetan aitabitxi-amabitxiak lagun zitue1a. Arau moduko txanda edo lehenta¬sunez izendatzen ziren aitabitxia eta amabitxia. Senar-emazteen gurasoak, haurraren aitona-¬amonak, alegia, ziren lehenengo eta bikotearen bi aldeetako senideak gero, adinaren arabera. Txanda aldatzea gaizki ikusia zen eta haserrea sor zezakeen etxean. Familiakorik ezean edo hauen ondoren, adiskide min edo hurbileko norbaitek jasotzen zuen haurra.

Aita-ama pontekoen hasierako ordezkotza hura bataio-jabetza bihurtu zen izenari dagokionez, ezen mutikoen izena aitabitxiak eta neskatoena amabitxiak hautatzen baitzuten. Elizara joan aurretik inori esan gabe sekretu handian gordetzen zuten batzuek izena. Ama oheratua izan ohi zen jakiten azkena. Gehienetan aita-ama pontekoek euren izena ematen zioten haurrari. Aitona edo amona hila baldin bazen, mutiko zaharrenari edo, bere kasuan, neskatila nagusiari haien izena jartzen zitzaien. Horretan amore ematen bazuten ere, aita eta ama ponteko askok ez zuen onartzen jaioberriaren izena beste inork inposatzerik. Elizatik alde ere egin zuen inoiz aita pontekoak nahi zuen izena jartzen utzi ez ziotelako. Akats larri eta beldurgarritzat jotzen zen ordezkatze ofiziorako deituak bere eginkizuna ez onartzea jaioberriari zekarzkiokeen ondorio txarrengatik.

c) Eguneko santua. Elizak, bere aldetik, eragin nabarmena izan du ponte izenen historian. Kristau aro aurretik zetorren, noski, euskal izen zaharrak ezabatzea. Mendez mende Euskal Herritik igarotako kultura guztiek euren kutsua utzi bazuten ere, erromatarrak izan ziren izenen arloan mailegu uholde handiena sortu zutenak.

Hori bera nabarmentzen da antzinako aztarna zaharretan. Nafarroan ezagutzen diren erromatarren garaiko 77 inskripzioetatik, seiren bat bakarrik izango dira latinetik ez datozenak; arrotzak, beraz. Geroago ere, ez dirudi euskal kristau berri haiek euren izenak kristautzen ahalegin handirik egin zutenik.

III. mendearen erdialdera hasten dira gurasoak umeei santuen izenak ipintzen. Hori dela eta, kristautasuna Euskal Herrira iritsi zen garaiak kezkatzen du historialaria. lruñetik zihoan, nolanahi ere, erromatarren bide nagusia eta horrek zerbait esan nahi du kultura nahiz erlijio mugen irekitasunari dagokionez. Aipatu behar da, hala ere, ohitura zaharrei jarraituz hurrengo mendeetan badirela bertako herrien izena daramaten pertsonak, lanbideagatik ezagutzen zirenak, gorputzeko berezitasunei dagozkien Beltza, Txurio edo Motza -etxe izen bihurtuak- edota jakintza berezien aipamena darabiltenak

Elizak garrantzi handia eman zion bere santutegiari, noski , eta Trentoko Kontzilioak zehazki agindu zuen bataiatuei kristau izenak paratzeko. Izenak erlijioari atxikirik zeudenez, Mitxelena eta Irigarai jaunen iritziz pertsona izena eta sinestea elkarrekin lotuta daudelako usteak bultzatu zituen elizgizonak izen zaharrak baztertzera.

Ez zuten, jakina, elizgizon guztiek gordin¬tasun berarekin jokatu toki guztietan. Herri ohiturak erroturik egon ohi dira gizartean eta joera berri batek ez ditu inoiz aurrekoak erabat baztertzen. Hori gertatu zen, zorionez, izenekin ere.

d) Izen politak. Joan den XX. mendearen hasieran sortu zen izen politen irrika. Gerra aurretik nabarmentzen hasia zen, emakumeen artean bereziki, belarrientzat atsegin gerta zitezkeen hitzen nahia edo gogoa. Amets hori gauzatzea zen arazoa. Ez dago Euskal Herrian zehar irtenbide bateraturik; herri bakoitzak bere kasa jokatu zuen horretan. Egutegiko santuetan festaburu hurbileko ezagun edo izen egokiren bat baldin bazegoen, hura jartzen zen. Bestela, bakoitzak aurrez pentsatua zuena.

Beranduan hasiak dira komunikabideen eraginez-edo zabaldutako Sandra, Jannire eta Sheila bezalako izen arrotzak.

Liburu Santuetako Jonathan; Ruben edo Judit eta Susana itxurakoak beste herrialde batzuetatik etorritako familiekin batera agertu ziren gure artean eta orain normaltzat hartzen dira bazter guztietan.

Politikak ere utzi izan du bere arrastoa, batzuetan. Espainian, adibidez, jaimistek Jaime eta alfonsinoek Alfonso jartzeko joera agertzen zuten. Ez dirudi, alabaina, Frantziako iraultzak Iparraldean, eta Errepublikak Hegoaldean euskal izen laikoekin eragin handirik izan zutenik.

Kantari ospetsu eta artisten ildoko joera sumatzen hasia da berriki gazteen artean, ezizen edo izengoiti mailan besterik ez bada ere.

e) lzen bikoitzak. Euskal Herriko pertsona izenen tradizioko beste adierazgarri nabarmena bataioan haurrei izen bat baino gehiago jartzea izan da. XX. mendearen erdialdera, 1946-1956 hamarkadan, Jose Luis, Francisco Javier eta Jose María zeuden hamar erabilienen artean haur euskaldunen errolda buruan. Emakumeei dagokienez, María Carmen zen nagusi, María Jesús hirugarren, eta María Teresa bosgarren.

Zaharra da bikoizketen ohitura gure artean, eta baita gizon izenekin emakumeenak egiteko joera ere, hala nola Marijoan, Marimartin eta Marimigel. Bikunak asko errepikatzen dira familietan, eta dokumentuetan ere maiz aurki daitezke. Berezko joeraz ahalegintzen zen gero herria bikotea bateratzen eta guretzat ulergaitzak ziren laburpenak sortu zituen.

JOSE MARI SATRUSTEGI "Pertsona izenen historia" in Euskal Izendegia
Eusko Jaurlaritza, 2001 (Moldatua)