jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2005eko urriaren 8ko IRAKURMENA

(EGA: 2005-2006 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

GIZARTE ARRISKUTSUA

Duintasunez bizitzeko gauzak edukitzea nahitaezkoa dela sinetsi dugu.
Izpirituzko balio askok garrantzia galdu dute -herrigintzan eta, oro har, elkarteetan parte hartzeko gogoa, eIkartasunerako joerak ... -, eta, ostera, balio materialak -atarramentu ekonomikoa, kanpo itxura erakargarria, prestigiodun lanbidea eta autoa izatea ... - indartu eta hedatu egin dira. Gizakiaren garapen pertsonalari baino garrantzi handiagoa ematen zaio, orain, gauzak edukitzeari. Izan eta ukan aditzak nahastu egin ditugu, eta erosteko gaitasuna erabiltzen hasi gara gure ingurukoen izaera neurtzeko. Garena dugu, eta duguna gara; horra gure modernotasuna.

Kapitalismoak, estatuaren boterearen indartzeak, parlamentarismoaren hedapenak, europarren mundu mailako botere ekonomiko eta politikoa areagotzeak eta arrazoian eta aurrerapen zientifikoan gero eta uste handiagoa izateak iraultza industrialaren bidea ireki ziguten, eta amaigabeko kontsumoa ahalbidetzen duten ekonomiak ekarri. Harrezkero, zenbat eta gehiago kontsumitu eta aberastasun gehiago izan, orduan eta oparotasun eta kontsumo aukera gehiago ditugu. Gizakia aberatsago eta goseago.

Kontsumo gizarteak lehiakortasuna eta aukera gehiagoko merkatuak ekarri dizkigu, baita erosketak egiteko modu erosoagoak eta bizitza errazten diguten produktu sofistikatuagoak ere. Gero eta bizi kalitate hobea ematen digute bai epeka edo mailegu bidez erosteko aukerak, bai kreditu txartelak, bai Internetek edo katalogo bidez urruneko produktuak eskuratzeko ahalbideak ... Kontsumo gizarteak erosle eta zerbitzuen erabiltzaile eskolatuagoak eta zorrotzagoak ere ekarri ditu. Kontsumitzaileok inolako eskubiderik ez genuen egoeratik, mugimendu eta kontsumitzaile kontzientzia gero eta indartsuagoa izatera pasatu gara. Kontsumitzaileen aldeko kontzientzia handiagoa dago gizartean. Nolanahi ere, zertxobait txarto doala ohartzen
gara.

Modernitateak garapen ekonomikoa ahalbidetu du, baina merkatuarekiko dependentzia izugarria ekarri digu eta mendekoagoak bihurtu gaitu. Beste hitz batzuetan esanda, merkatu askeak amaigabeko aukerak eskaintzen dituen itxura eman nahi izaten du, baina, egiatan, produktu jakin batzuen artean aukeratzera behartzen gaitu. Gizaki autonomoa izatea ia-ia ezinezkoa da, eta, ondorioz, multinazional eta banaketa enpresa handiek ezartzen dizkiguten joera, moda eta produktuetara moldatzea beste aukerarik ez dugu.

Modernitateak, kontsumitzaile askeak desagerrarazteaz gain, gizarte arriskutsua sortu du, eta bizi garen planetaren eta datozen belaunaldien etorkizuna zalantzan jarri. Sistema kapitalista eta neurrigabeko kontsumoa hedatzen joan diren abiadura berean, mundua ezegonkorragoa eta desorekatuagoa egin da.

Gizarte arriskutsuaren ironiarik azpimarragarrienetako bat zera da: gosea pasatzen duten milioika lagunen alboan, gehiegizko pisuaren ondorioz hiltzen diren pertsonak daudela. Gutxiegia eta larregia beti kaltegarria. Beste batzuek, aldiz, desberdin erantzuten diote gizarte kontsumista honek bultzatzen duen anomiari, identitate galerari eta autoestima baxuari, eta behar dutena baino gutxiago jaten dute; hots, anorexia eta bulimia bezalako gaixotasunak garatzen dituzte. Herrialde txiroetan bizi diren biztanleen gorputzak nahi ditugu, horiek pasatzen dituzten gabeziak pasatu gabe. Arriskurik gabeko oparotasuna nahi dugu; ona txarrik gabe.

Indibidualismoa, materialismoa, hedonismoa, neurrigabeko kontsumoa eta kultur homogeneotasuna bultzatzen diren gizarte eredu honetan, gure gorputza behar bezala zaintzeko eta osasuntsu egoteko gauza naturalak jan behar ditugula esaten digute, eta produktu biologikoez, organikoez, biodinamikoez eta ekologikoez betetako apalak eskaintzen dizkigute. Gure bizitzen gehiegizko artifizialtasunak naturara bueltatzeko eta elikagai osasuntsuak jateko gogoa areagotu du, askotan era obsesiboan.

Honela, bada, elikatzeari loturiko azken gaixotasun psikologikoa ortorexia da; hau da, soilik elikagai sanoak eta naturalak jateko joera itsua. Gure gehiegizko artifizialtasunak simaur hutsez hazitako azenarioak, baserriko arrautzak edo pestizidarik gabeko fruituak jainkotu ditu. Gizarte arriskutsuan zailtasun handiak ditugu erdibidea aurkitzeko. Naturara bueltatzeko joera indartzen ari da, baina, kasu askotan, modu obsesiboan eta artifizialean.

Anorexia, bulimia eta ortorexia bezalako gaixotasun psikologikoak gutxi balira, gure gizartean izugarrizko frustrazioa metatzen ari da. Asko dira, ikus-entzunezko komunikabideetatik bidaltzen diren kontsumo mezu tentagarriei aurre egin ezinik, arazo larriak dituztenak; esan nahi baita, iragarkiek eta, oro har, ikus-entzunezko komunikabideek islatzen duten mundu osasuntsu, aberats eta buruhausterik gabea eskuratu ezinik goibel bizi den pertsona larregi dagoela. Eza eta ezina: harriak baino gogorragoa.

Gure gizartean frustrazioak erosketa mendekotasuna ere sendotu du. Gero eta jende gehiagok eros daitekeena baino gehiago erosten du, behar ez diren gauzak erosten ditu etengabe edo dendan behar baino denbora gehiago pasatzen du. Horrenbestez, gero eta jende gehiagok ditu arazo ekonomikoak eta zorrak.

Kontsumo gizarteak gizaki mota berri bat eta ekonomiaren eta, oro har, gizartearen antolaketa berria sustatzen ditu. Orain arte nagusitu diren bizitzeko eta harremanak egiteko erak, gure hiriak eta espazioak antolatzeko moduak, elikatzeko ohiturak eta
lan egiteko eta aisialdirako arauak aldatzen ari dira, eta multinazionalen araberako interesak, ideologiak eta arauak gailentzen. Izen handiko marken, azalera handiko merkataritza zentroen eta banaketa enpresa handien neurrira egindako gizartea izango dugu aurki.

Kontsumo gune erraldoiek plan urbanistikoak berregokitzen dituzte, errepide sareak aldatzen edo berrantolatzen dituzte, edota nekazaritzarako egokiak diren lurrak aparkaleku bihurtzen. Espazioa eta lurrak ere neurrigabeko kontsumoaren mende jarri dira, eta, hiriak eta lurraldea antolatzean, herritarron bizikidetasunari baino garrantzi handiagoa ematen hasi gara errentagarritasunari eta etekin ekonomikoei.

Oro har, beraz, mundua orain dela mende erdi baino arriskutsuagoa eta desorekatuagoa da. Neurrigabeko garapenak eta kontsumoak hankaz gora jarri dute orain arteko oreka sozial eta ekonomikoa, eta, ondorioz, noraezeko egora gailendu da. Aberastasunen ekoizpen mugagabeak maneiagaitzak diren arriskuen ekoizpena dakar, baita jasanezinezko galera ekonomikoa ere.

Beste mundu mota bat lortzeko ekimenak, protokoloak, proposamenak eta biltzarrak ugari dira, baina denbora aurrera doa, eta ez dirudi ganorazko pausurik ematen denik. Gehiegizko kontsumoaren atzetik dauden gizarte filosofia eta portaerak barneratuegi ditugu, gauzak egun batetik bestera aldatzeko. Quousque tandem? Merkataritza gune handiak, monopolio eta oligopolioak, produktu transgenikoak eta seriean egindako produktuak ezinbesteko bihurtu dituen filosofia neoliberal eta kontsumista zalantzan jartzen dugun arte.

Salgai. Euskal Kontsumo Gizartea Aztertzen Patxi Juaristi; 2005.
Alberdania. Zebeni saila, 34. (Moldatua)