jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2006ko martxoaren 11ko IRAKURMENA

(EGA: 2005-2006 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

HEMINGWAY BILBON

1960ko abuztuan Ernest Hemingway, berak jakin barik, azkenekoz etorri da Bilbora, eta oro har, Penintsulara. Eta hori tamala, hilak 24 dituelarik Bilbon zezenak Ordoñez bere kutunari adarkada ederra sartu dio. Ez da ezer izan, zorionez. Biharamuneko El Correo Español egunkarian emandako argazkian ikusten den legez, idazleak bisita egin dion unean, toreatzailea hortxe dago, ondo bizirik, ohean.

Abuztuaren 20an, Carlos Barrenak sinaturiko elkarrizketa eman zuen argitara egunkari berean. Bertan, Ernest Hemingway bere "idolo" Ordoñezi jarraituz etorria zela zioen, eta titularrak eransten zuenez, «hor izango da Bilboko korridetan», pluralean. Titularrak parentesi artean argitzen du Ernest Hemingway 1954ko Nobel sariduna dela.

Argitu beharreko kontua, Ernest Hemingwayren Nobel sariarena, 1960ko abuztuko ostegun honetara arte Bilboko egunkarian ez baita "existitu ere egin" idazle bestela ospetsu hori. Baina 1960ko honetan ezberdina zen. Idazlea ez zen egun horretan zezen-plazara etorria zen izendun bakarra. Zezenketaren buru, hantxe zegoen Franco diktadorearen emazte Carmen Polo. Aurreko egunetan, berriz, Donostiako zezenetan, Franco bera zen plazako presidente egona. Diktadurarentzat, zezenketa Espainia esentzialaren sinbolo esentzialetakoa zen.

Halaxe begitandu behar zitzaien 1959an Spanish Earth delakoan aipatzen diren bisitan izaniko lau milioi turistetako gehienei, dirutza politak uzten zituzten bisitari aberats haiei, hain zuzen. Beraz, turistak erakartzearen aldetik, Errepublikaren zale ohi zen Ernest Hemingway Nobel sariduna etortzea berez ere baden propaganda, ezin hobeto datorkio Erregimenari. Sinbolikoki, idazleak eta diktadurak elkarbizitza baketsuaren antzeko itun isila sinatu dute. Edo hobeto esanda, aitortu gabeko itun hori 1953az geroztik dute sinaturik (urte horretan Espainiara itzuli aurretik bateko eta bestekoekin hitz egin zuen, Kuban bertan; Espainiako diplomatikoen oniritzia ukan zuen).

Dena den, Hemingway urte hori baino lehenago egonda zegoen Bilbon, 1929an bere aberkide eta toreatzaile Sidney Franklyn -Brooklyngo toreatzailea, Madrilen 36ko gerraren garaian idazkari eta hornitzaile izan zuena- ikusten izan zen. Irailaren 29an izan zen hori, zekorketa batean.

«Bilbo hiri aberats-itsusia da, meatzaritzan diharduena, non batzuetan St Louisen egiten duenaren bezainbesteko beroa egiten duen, berdin St Louis Missourikoari zein St Louis Senegalekoari alderatu», idatzi zuen 1932an Heriotza arratsaldean liburuan. Horren antzeko zerbait idatziko du orain, 1959ko urte hasieraz geroztik buruan eta azken uda biotan esku artean dakarren proiektuan. Izan ere, proiektua Heriotza arratsaldean haren eguneratzea dateke, eta horrexek ekarri du Spanish Earth obrara 1959-60an:

«Bilbo hiri industriala eta itsasketari emana da, egon ere mendi arteko botxo batean barrena datorren ibaiaren ertzean baitago. Hiri aberatsa da, handia, sendoa, eta bero-hezea nahiz hotz-hezea».

Bilboko mendiekin Ernest Hemingwayk tema itzela ukan zuen. 1937ko apirilaren 30ean, aleman eta italiar hegazkinek Gernika bonbardatu ostean paratu zuen kronikan, «Bilbo mendiek osaturiko katiluan datza» idatzi zuen. Aspaldi zeukan egina Bilboren irudi hori idazleak. Gainerakoan, meatzaritza aipatu zuen 1932ko liburuan, itsasketa aipatuko du 1959-60koan, baina batez bestekoan berdintsuak dira aipamenak, eta biak ere biak bata bestea bezain topikoak.

«-Zer egingo du berorrek gaurko arrastian Bilbon» -galdetu zion El Correo-ko kazetariak.

«-Orain, lehenik eta behin, nire burua apur bat apaindu. Gero kostaldean ibili nahi dut, Kuban ezagutu nituen lagun batzuekin batera. Pilota partidaren bat ikusteko gogoa ere badut. Gogoko dudan kirola da. Kuban partidu franko ikusi nuen, baina orain beraren berezko giroan ikusi nahi nuke bat».

Pilota partidak bere giroan, hots, Euskal Herrian, Ernest Hemingwayk lehendik ere ikusirik zituen. «Luze zela nengoen Erdoza ikusteko gogoz. Behin Europan nengoelarik, 1927an hain zuzen, Donostiara bidaia egin nuen, haren pilotakada ikaragarriak zuzenean ikusteko helburuarekin bakarrik. Lastima: Erdozak denboraldi txarra egin zuen».

Elkarrizketa horretan esan barik utzi zire¬nak esandakoak baino interesgarriagoak diratekeen arren, Hemingwayk esandakoen artean Kubako lagunekin kostaldera joatekoa zela. Halaxe egin zuen 1959ko abuztuan. Mundakara heldu zenean, auto bi ikusi zituzten Mundakako Kale Nagusian, geldi. Bere autotik irten barik, idazleak, Andres Untzain abadearen etxekoren bat itaundu zuen, kanposantura laguntzeko. Goiko Kalean geratzean, berriz, abade ordurako hilaren etxekoen helbidea bazekiela erakutsi zuen, hain zuzen ere, Mundaka polito ezagutzen zuen baten bat ere bazetorrelako auto haietan. Agian hantxe zen Lucia Regina Soltura, abadearen iloba Teodoro Untzainekin batera. Biek ere biek endekaturik dute oroigailua, Lucia Regina Solturak batez ere. 200leko udan haren bisitan izan nintzelarik, nahasturik zuen burua. Eskerrak Bilboko Bilbao aldizkarian duela zenbait urte argitaratutako elkarrizketa eskuartean dudan:

«Hemingwayrekin ere tratua izan nuen -dio Lucia Reginak-, Kanalako abadeari esker. Abadeak, gerra denboran, nazionalak iristean itsasadarra igerian zeharkatu, Miarritzera ihes egin eta handik Kubara jo zuen. Behin batean frontoian sartu zen, eta hantxe topatu zuen Hemingway, orduan bere itsasontzirako gizonen bila zebilelarik, eta gizon honek itsasontzia antolatu zion eta harekin arrantzuan irteten zen. Geroago, ordurako abadea hilda zegoelarik, Mundakako itsasadarra ezagutu nahi izan zuen. Orduan hona etorri eta dei egin zidan. Halandaze, itsasadarrean barrena txangoak egiten genituen eta zezenketa batzuk ikusi genituen».

1960ko honetan Bilbora egin duen bisitaldia laburra izango da, eta ugariak zereginak. Hala nola, Juan Duñabeitiarekin egotea, zeren eta 1960 honetan idazlearen lagun min Juan Duñabeitia Sinsky Bilbon da.

Ernest Hemingway eta Juan Duñabeitia, Urzelay margolariak esan bezala, biak bizi artean Kastor eta Polux izan baziren ere, hil ondoren ez zien Zeusek bere kutunei eman zien tratu bera eman. Zeusek Kastor eta Polux zerura eroan zituen, konstelazio bilakarazirik. Aldiz, Hemingway idazle handien Olinpora igoarazi duen aldi berean, Juan Duñabeitia bikia, Ahanzturaren Artxipelagoko irla bilakarazi du.

Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan.
Edorta Jimenez. Susa, 2003. (Moldatua)