jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)

2006ko urriaren 7ko IRAKURMENA

(EGA: 2005-2006 azterketak liburutik hartua)

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

GROUCHO MARXI BEHIN EGINDAKO PROPOSAMENA
(Groucho Marx aktore komikoak lehen pertsonan kontatua)

Gau batean, iluntzeko emanaldirako bibote beltza margotzen ari nintzela, antzezleen sarrerako atezainak txartel bat eman eta esan zidan:

- Evans jauna delako bat dago kanpoan. Zurekin hitz egin nahi omen du. Garrantzizkoa dela dio.

Tipo zuhurra izanik, galdetu nuen:

- Epaitegiko agentea da? Aseguru agentea? Zer nahi du?

Atezainak sorbaldak altxatu zituen.

- Miatu nazatela. Nik dakidan gauza bakarra da dirudun itxura daukala. Traje garestia dakar, eta bastoia ere badu.

Ez zirudien mailegua eskatzera zetorkidan inor izan zitekeenik, eta esan nion:

- Ondo da, esan sartzeko.

Sartu eta berehala hartu nion tankera. Ivy League unibertsitatea, eta Rudgers unibertsitate pixka bat, biak neurri egokian nahastuta. EIkarri eskua eman genion, eta harira jo zuen, zuzenean.

- Marx jauna -hasi zen-, mundu guztiko puru erretzaile ospetsuenetakoa zara, zalantzarik gabe.

Gogo onez onartu nion ongi merezitako konplimendu hura, eta jarraitu egin zuen.

- Herrialdeko zigarreta etxe handienaren ardura duen publizitate agentziaren ordezkari gisa nator. Gure zigarreten promozioa egiten baduzu, mila eta bostehun dolar emango dizkizugu. Hementxe dakartzat txekea eta kontratua.

Evans jaunak eten luzea egin, eta Amerikan egiten zen zigarretarik ezagunenaren izena esan zuen. Dagoeneko nahaste-borraste honen zati luze samarra irakurrita zaude, eta berehala igarriko diozu izenari. Horixe, mundu osoan ospea duen marka bat hain zuzen: Delaney zigarretak!

- Evans jauna -erantzun nuen-, lotsagarria eta doilorra irudituko litzaidake, benetan, mila eta bostehun dolarren truke saltzea finantza porrot sakonenetik bere kabuz ateratzen behin eta berriro lagundu diodan industria horrekiko nire leialtasuna. Zalantzarik ez dago munduko puru erretzaile ospetsuenetakoa naizela. Ospetsuena, agian. Eta arrazoi horrexegatik Habanako tabako industriari sekulako traizioa egingo nioke zigarreta bat bezain gauza nazkagarri baten promozioa egiten hasiko banintz.

Nire hitzaldi hanpatsuaren erdian, ohartu nintzen gauza zentzudun bakar bat ere ez nuela esan ordura arte. Saltzaileak, zorionez, entzungor egin zion ergeIkerien arrosario hari, eta aurrera egin zuen.

- Ondo da. Eta traizioa irudituko al litzaizuke eskaintza bi mila eta bostehuneraino igoko bagenu?

Burua astindu nuen. Nahiko haserre nengoen ordurako.

- Evans jauna, nire zintzotasunak ez du mugarik. Ez dago zintzotasuna dirua bezain gauza lohi batez neurtzerik. Bi mila eta bostehunetik harago iristen da, askoz ere urrunago. Gizonak bere bizitzan gauza bakatakoak -jarraitu nuen- izen ona eta erostezin izatearen ospea dira. Eta ez daukat bi mila eta bostehun dolar hutsalengatik horiek kolokan jartzeko inolako asmorik. Eta, orain, zure baimenarekin, gau on.

Evans jaunak entzungor egin zion tontakeria jario arranditsu hari ere, eta txintik entzun ez balu bezala jarraitu zuen.

- Eman dezagun -urruma egin zuen, maltzur- bi mila eta bostehun dolarreko txekearen ordez bost mila dolarrekoa eskaintzen dizudala. Delaney promozioa egingo zenuke orduan?

Bost mila dolarrena entzunda, nire zintzotasuna kolokan jarri zen, pixkatxo bat. Bost mila dolar asko ziren. Amore emateko zorian egon nintzen, baina bota berri nuen hitzaldi hantustearekin, ez neukan nire jarrerari eutsi beste irtenbiderik.

Evans jaun saiatua estutzen hasi zitzaidan. - Bost mila dolar diru asko da, Marx jauna. Bi Cadillac eras zenitzake diru horrekin.

- Evans jauna -erantzun nion, harro-harro-, agian ez duzu jakingo, baina badauzkat bi Cadillac. Zertarako beharko nituzke lau?
- Ummmmmm -erantzun zuen-. Tira, anaia bakoitzari bat emateko.

Nintzen bezain luze tentetu, eta aitortu nuen:

- Anaia guztiek ditugu bina Cadillac.
- Ados -amore eman zuen-, utz ditzagun autoak. Aitortu beharra daukat ez dela erraza zurekin tratua egitea. Ez duzu diruarekiko interesik, antza -(“Ez, zera!” esatekotan egon nintzen, baina doi-doi eutsi nion)-. Beraz, beste eskaintza bat egingo dizut, nire azken eskaintza. Hartu edo utzi. Zazpi mila eta bostehun dolar emango dizkizut paper zati honetan zure izena jarri, eta Delaney zigarreten pramozioa egitea onartzen baduzu.

Zazpi mila eta bostehun dolar aipatu zituenean, konortea galdu nuen ia. Nire tentsio apal kronikoak maila normala harrapatu zuen ia bat-batean, eta gela biraka hasi zen. Diruzalekeria zintzotasunaren tokia hartzen hasi zelarik, begiak jaso eta jantzigelako atea itxi nuen, Evans jaunak ihes egingo ez zidala ziurtatzeko. Jiratu, eta begietara begiratu nion, zuzen-zuzen.

- Ea, bada, sinatu aurretik ... ziur al zaude hau dela zure azken eskaintza?
- Halaxe da! -esan zuen-. Zazpi mila eta bostehun dolar diru askotxo da ezertxo ere ez egitearen truke.
- Ados. Ekarri kontratua.

Arrapaladan sinatu nuen, eta Groucho Marxi ordaintzeko txeke bat eman zidan, zazpi mila eta bostehun dolarrekoa. Txekea berehala patrikan sartu, elkarri eskua eman, eta ateraino lagundu nion. Agur esan aurretik, patrikan bilatu eta beste txeke bat atera zuen. Erakutsi egin zidan. Groucho Marxi ordaintzeko zen hura ere, baina hamar mila dolarrekoa! Sekula ez dut ahaztuko txekea txiki-txiki egiten ari zen bitartean esan zuena:

- Marx jauna, pixka bat gehiago eutsi izan bazenio, hamar mila eskuratuko zenituzkeen!

Ez nintzen oso alai aritu gau hartan oholtza gainean.

Groucho eta ni. Groucho Marx.
Meetok, 2006. (Moldatua)