IRAKURMENA
LIBURUTEGITIK HEGAZKINERA
Apirileko agerkariek FBIk hartutako erabakiaren berri ematen zuten: AEBetako liburuzainak eta liburu-saltzaileak behartuta omen daude beren bezeroek alokatzen eta irakurtzen dituzten liburuen zerrendak ematera. Ezin nuen sinetsi izugarrikeria, burutik pasatu ere egin zitzaidan Vila-Matasek asmatutako albiste-lakirioren bat ote zen. Baina ez da: Vila-Matasek eta gainerako idazle guztiok baino irudimen sukartsuagoa du aginteak jendearen askatasuna nondik lotu, non estutu, nola murriztu asmatzeko orduan. Han liburuzainak bezala, hegazkinetako langileak jarri dituzte hemen polizia lanetan, emigrazioa kontrolatzeko aitzakian bidaiaren joan-etorriak zaintzen.
Denok susmagarri, denok polizia. Egokiera horrek behin egunkariren batean irakurri nuen berria ekarri dit gogora. Río de la Platako badian iragan mendeetako ontzi ugari dago hondoratuta (galeoiak, fragatak, bergantinak ... ), asko eta asko diruz eta pitxiz gainezka. Estatu Batuetako urpekarien konpainia bat egin zen ontzietako altxorrak ateratzeko kargu. Uruguaiko gobernua beldur zen, ordea, urpekariak hainbat aberastasunen jabe egingo zirela Museo Arkeologikorako bidean, eta polizia jarri zuten urpekariak zaintzen. Urpekariak, berriz, beldur ziren poliziaren esku geldituko zirela altxor asko -ai, gizaki fidagaitzon susmo gaiztoa!-, eta bizkarzainak kontratatu zituzten poliziak kontrolatzeko.
Bizi dugun kaikukeria askatasun-jalea du ardatz zirkulu idiota bezain perfektu horrek. Andu Lertxundi. Argia. 2003-06 (Moldatua)
SEGURTASUN UHALAREN GARRANTZIA
Automobil gidariarentzako aholkuak etenik gabekoak izaten dira estatu gehienetan. Aholku hauetako batzuk lege indarra duen arau bihurtzen dira askotan eta horien artean segurtasun-uhalaren erabilera dugu.
Autoaren gidariaren kasuan arrunta da segurtasun-uhala lotuta eramatea, baina ez da gauza bera gertatzen atzeko eserlekuetan joaten direnen kasuan. Buffaloko Unibertsitateko eta Calspan UB Research Centereko ikerlari talde batek azken zazpi urteetan heriotza gertatu den ia 300.000 istripu aztertu ondoren, autoaren atzean segurtasun-uhalik gabe doan bidaiari batek bai bera eta baita aurrean doazen bidaiariak hiltzeko arriskua asko handitzen duela ondorioztatu dute. Hain zuzen ere, atzeko bidaiariaren hiltzeko arriskua hirukoiztu egiten da eta aurrekoarena bikoiztu.
Aipatu azterketa ez zen estatistiko hutsa izan; aitzitik, hainbat proba errealetatik ateratako ondorioak ere argitara eman zituzten. Probetan panpinak erabili zituzten eta egindako neurketen arabera, aurrez aurre gertatutako talka batean atzeko bidaiaria loturik ez badago gidariak jasaten duen indarra laukoiztu egiten da atzeko bidaiaria lotuta joandako egoerarekin alderatuz.
AEBetan pertsona helduek ez dute derrigorrezko segurtasun-uhala lotzea, baina zientzialarien ondorioei kasu egiten bazaie, atzeko aulkian bidaiatzen duten pertsonen hiltzeko arriskua %95 txikituko litzateke, hau da, AEBetan 800 hildako eta 65.000 zauritu gutxiago egongo lirateke. Joxerra Aizpurua, Garbiñe Ubeda. Argia, 2004-02 (Moldatua)
PYGMALION EFEKTUAZ: BESTEAREN BEGIEK BIZI NAUTE
Neuri gertatutako pasartea datorkit gogora Pygrnalion efektua aipatu eta berehala. Igande hartan aspaldiko laguna agertu zen seme jaioberriaren gurditxoari tiraka, eta berriketa atseginari ekin genion. Bat-batean, berriz, umetxoak negarrari eman zion, gogotsu eman ere. Aurrena, lagunak besoa luzatu eta gurditxoari eragin zion kulunkan; gero, gehiago hurreratu zen. Ni begira, umearen beharra eta aitaren trebezia neurtu guran. Hantxe nuen zaintzaileak eta umetxoak osatzen duten gune txikiaren handitasuna. Izan ere, Psikologiak aspalditik dio bizitzaren saltsa txikitan egosten dela; elkarreragin goiztiarren zurrunbilo ezin garrantzitsuagoan. Eta giza bizitzarako gune erabakior horri so nengoela, hauxe bota zion aitak umetxoari, sutsu eta maitekiro: «Zer gura jok gure tigreak?»
Tigrea: negarraren aurrean, indarraren eta potentziaren irudia itzuli zion aitak ume mainontziari. Oihanean, tigreari inor gutxik egiten baitio aurre. Irabazlearen irudia, inondik ere. Opari bikaina begitandu zitzaidan, umetxoarentzat ispiluak baitira zaintzailearen bi begiak. Pantaila horretan hasten da bere burua ulertzen, nondik datorren, nolakoa den, zer izatera irits daitekeen. Inoren begietan ikusitako irudia autoirudi bilakatuz doa pixkanaka. Hortxe, autokontzeptuaren sorlekua. Hortxe, nor bere biografian elikagai izango den saltsa mamitsua.
"Tigrea" bezalako hitz goiztiarren berezko indarra ez ezik, hitzek garraiatzen duten afektu positiboaren zein negatiboaren bultzada ere aipatu nahi dut. Afektuaren eragina. Zaintzailearekin duen igurtzian, umetxoak usain, gogo-giro eta, adi honi, espektatiba mundu bat irensten du. Afektuz -positiboz nahiz negatiboz- lagunduriko pertzepzio sorta baten jarioa datorkio umeari, arian-arian autopertzepzio bilakatuko dena. Hitz arketipikoak dira pertzepzio horien garraiatzaileak. Bestela esateko, hitz garraiatzaileak merkantzia sozio-kognitiboak burmuinetik burmuinera garraiatzeko abiadura handiko kanalak dira, espektatiben mundua isurtzen dutenak. Jakina, berba bat ez da nahikoa, umearen gogoa zizelkatzeko hitz garraiatzaile gehiago behar da, jario oparoagoa, sisternatikoki eraikitako hizkuntza unibertsoa; lasai, beraz, behin edo behin hitz garraiatzaile desegokia hautatu duten gurasoak. Hitz/afektu isuriak dentsitate egokia hartutakoan, berriz, tigrea pizten da umearen barrualdean, hantxe finkatzen da betiko. Psikoanalisten arabera, zaintzailearen eta umetxoaren arteko gune sakratuan mamitzen dira apurka-apurka, bizitzan nork berarentzat diseinatzen dituen balioak, harreman-tankerak, ibilbide posible guztiak.
Neure pentsamenduak baztertu eta lagunaren umetxoari erreparatu nion berriro. Neskatilatxoa izan balitz, zein hitz garraiatzaile erabiliko zukeen aitak? Katutxo edo katagorritxo, auskalo, Betiere, txikitasuna garraiatzen duen -txo atzizkiduna; ahuleziatik samurtasunera, goxotasunetik pasibotasunera ... eremu semantiko horretakoa litzateke hitz garraiatzailea. Hor ardaztuko litzateke neskatilatxoak barneratu beharreko mundua. Begi-bistakoa baita, gaur bertan ere (ia) antzina bezala, indarraren irudia, boterearen hizkuntza ukatu egiten zaiela emakumeei .
Lagunaren pasadizuaz baliatu naiz hauxe baieztatzeko: besteen begietan ikusitakoak bizi gaitu; nor bere definiziorako bestea iturri ezinbestekoa baita. Nire buruari aitortzen diodan balioa besteek aitortu/tzen didaten balioaren araberakoa da, neurri handi batean. Indibidualisrno amorratuaren garaian, besteekiko independentzia erabatekoa fikzio hutsa dela gogoratu behar genuke. Freudek berak zioen psikologia oro psikologia soziala dela ezinbestean, bestearekin eratzen baita giza subjektua.
Baina gatozen harira: bestearen itxaropenak bideratzen du gure portaera eta hori da, hain zuzen, Pygmalion efektua. Familian, eskolan, enpresan, edozein gizarte eremutan gertatzen da hori. Beste askok bezala, greziar mito batetik hartu du izena diodan efektu honek. Txipreko erregea izan omen zen Pygmalion eta estatua ezin ederragoa zizelkatu omen zuen, bere idealaren neurri-neurriko emakumea. Eta errege artista estutuarekin maitemindu. Venus jainkosari arren eta arren eskatuta, honek bizia eman zion estatuari; Galatea izena jarri zion Pygmalion erregeak, eta berarekin ezkondu.
Hau da, hartzailea gure itxaropenak jakinarazten dizkiogu nola edo hala, eta besteak bere egin. Honegatik, "begiratzeko moduak" garrantzitsuak dira oso. Hezkuntzan, irakasleak ikasleengandik zer eta zenbat itxaroten duen, horrek eragin handia du ikasleen emaitzetan. Irakasleak zein hitz garraiatzaile erabiltzen duen, bere begiek zein irudi itzultzen duten, gorputzarekin zer adierazten duen, horiekin guztiarekin ari da komunikatzen. Gehienetan, ikasle batzuei gauza bat eta besteei beste bat ari zaie komunikatzen.
Edozein enpresatan nahiz bestelako giza erakundetan, "ukiezinak" ukaezinak dira: ustekizun anitzez beteriko korronteak ditugu, olatu gainetik zein azpitik doazenak. Material kognitibo, afektibo eta sinboliko horren erabilera ez da kontu hutsala. Management by Perception esaten zaio. Emakumeak lan txikietarako eta beltzak kirolerako hartu izan dituzte luzaroan, eta aurreiritzi hori egia bilakatu da hainbatetan: menpeko funtzioari ondo atxiki ostean, emakume askori ezinezkoa izan zaie ardura handiagoko zereginei heltzea. Emakumeak tigrerik ez gogoan, boterearen eta indarraren barne irudia falta.
Azken oharra: Pygmalion efektua onerako nahiz txarrerako erabil daiteke. Giro gizatiarragoa, sortzaileagoa osatzeko erabil daiteke, nahiz produktibismoaren mesederako, enpresa basatiak kudeatu eta langileen kontzientziak moldatzeko.
Izan ere, ukiezinak antolatzen ere jakin egin behar! Joseba Azkarraga Etxegibel. Administrazioa euskaraz (Moldatua)