euskaljakintza72.gifMaite Goñi (euskaljakintza)jakintza_avatar.gif

EGA ariketak: LEXIKOA 1

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

Pasaia blues, Harkaitz Cano

pasaia.jpgVeronicarengan lerratu zuen berriro pentsamendua. Ez zeukan bere argazkirik ere. Istorioa eromenezkoa zen, barre egingo liokete egia esaten saiatuko balitz. Etorri bezala lurrundu (1) zitzaion emakume hura. Lisboan, ohean elkarrekin zeudela automatikoarekin ateratako argazkiaren erdia bakarrik geratu zitzaion eta argazki erdibitu horretan Alain bera ageri zen eta ez Veronica. Horrek harremanaren lausotasuna (2) areagotu eta mingarriago egin besterik ez zuen egiten. Orain berak ere zalantzan jartzen zuen haren emakume izate (3) fisikoa. Veronica mamu (4) bat zen, ilunpeko arnas erritmo soil, hirugarren hats (5), izara huts, haize rafaga batek une batez puzten duen balkoietako izara (6) lehortzen jarria. Xake partidako mugimendu guztiak aurrez zekizkien igarlea zen, erregea arriskuan zegoenean dorrearekin ordezkatzen zuen endroke egilea, kasualidade urrunetara gidatzen zuten ate guztietako maratilaren (7) jabea; adinik eta zauririk gabeko terrorista eternal bat zen Veronica, mila aurpegi aldakorreko samuraia eta espia, bisaiarik (8) gabeko Eztarri Sakona, bere auto beltzean herrialdez herrialde eta mendez mende zebilena, kalesan eternitate guztia errari (9) ibiltzera kondenatutako pertsonaia antzinakoaren eran. Legearen ertzaren bestaldean zeuden guztiei laguntza ematen zien aingeru guardako misteriotsu gisako bat zen Veronica: bere sigletan alfabetoko hizki guztiak zituen sindikatu ezkutuko partaide. Lerro zuzenak marraztu eta heriotza kondena ofizialak sinatzen zituzten estatu gizonen eskuak kilimatu (10) eta dardararazten zituen izpiritua zen.

Pasaia blues, Harkaitz Cano (Susa, 1999)