euskaljakintza72.gifGarazi Otegi (euskaljakintza)jakintza_avatar.gif

EGA ariketak: LEXIKOA 10

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

Ez zaigu ahaztu, Alberto Barandiaran

ez_zaigu.jpgDezepzionante samarra da, egun, Maiatza Plaza. Buenos Airesen erdigunean, Etxe Arrosatik abiatu eta Kongresuraino doan alegiazko (1) marra batek zeharkatzen du. Albo batera katedrala. Trafiko etengabe eta lotsagabea duten Balcarce, Colon eta Maiatza Etorbidea kaleek itotzen dute. Hegaletan (2) metrorako eskailerak eta lorategi tristeak daude; plaza erdian estatua anodino eta zikin bat eta, inguratzen duen zirkulua itxiz, zapi zuriak lurrean pintatuta. Norbait biltzeko munduko tokirik deserosoena dirudi, baina hemen idatzi da desagertutakoen tragedia mundu osoan ezagutarazi duten emakume hauen historia.



Duela 20 urtetik hona egin izan duten bezala, ostegunero ohiko bilkura (3) isila egiten dute Amek. Bukatutakoan, Hebe de Bonafini Amen lehendakaria labur solastatzen (4) da, aste horretako gertakariren bat aipatu eta betiko mezuak errepikatzeko. Gero, normalitate osoa. Ministerioetako funtzionarioek zapaldu egiten dituzte lurrean margoturiko zapiak, gazteek ogitartekoak jaten dituzte belardietan eta metro zaharrak ahalkegabe (5) egozten ditu bere korrokak eskaileretatik gora.



Ez dago ezer okasio handiko lurrin (6) hori gogorarazten duenik, ez bada Etxe Arrosaren beraren handinahitasuna. Ez plaka bat, ez oroigarririk, ez lekukotasunik. Ez lore sortarik (7).



Gizarteak ahaztu egin du. Ahaztu nahi du. Lantzean (8) behin protestak egiten dituzten atso maitagarri baina zoro samarrak dira Amak. Militarrak aluak (9) bai, Astiz horrek ez du neurona bat sano (10), baina torturatzaile ezagunek igandero entzuten dute meza Buenos Airesko auzo dotoreetako elizetan, eta jendeak txalotu egiten ditu batzuetan. Antonio Bussi, Tucumango gobernadore militarra zelarik 600 gazteren desagerpenaren arduraduna, eskualde horretako gobernadore aukeratu dute hauteskundeetan, eta "bi deabruen" teoriaren bidez —militarrak eta gerrillariak zein baino zein gaiztoagoak izan zirela, gerra bat izan zela— gehiegikeria asko justifikatu nahi izan dira. Justifikatu dira.



Aurrera begiratu behar dela entzuten da toki guztietan. Eta Argentinako justizia munduko onena dela dio Carlos Menem presidenteak.



Ez zaigu ahaztu, Alberto Barandiaran (Susa, 1998)