Lierni Garmendia (euskaljakintza)

EGA ariketak: LEXIKOA 31

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

Ahaztuen mendekua, Alberto Ladron Arana

ahaztuen-mendekua.jpg- Bitxia da - erran (1) zuen Oskarrek -. Atzo bertan ezin sinetsirik nengoen Ana hilik zegoela... eta orain ez dezaket irentsi (2) bizirik egon daitekeenik. Paueko hotel batean lasai-lasai egon daiteke, telebista ikusiz, musika entzunez edo egunkaria irakurriz! Erotzeko modukoa da.

Hamar minutu ziren Armentiak alde egin zuenetik. Ekaitza urruntzen denean bezalako giroa utzi zuen poliziak bere atzean. Xabierrek espagetiak tomatearekin prestatu zituen bazkaltzeko, eta Oskarrek, eztarrian korapilo bat sentitzen bazuen ere, gogoz jan zituen azkenean. Bazkaldu ostean, Oskarrek garagardo bana atera, oinetakoak erantzi eta luze etzan zen sofa gainean. Xabierrek bereak eta bi (3) erran zituen Armentiari buruz, baina Oskarrek garbi ikusten zuen inspektorea, egoskorraren (4) itxurak egin arren, gero eta sinetsiago (5) zegoela Anak berak antolatu zuela bere desagertzea. Armentiari deserosoa gertatuko zitzaion aurreko egunetako jarrera akusatzailea aldatzea, baina frogak garbiak eta sendoak ziren. Eta denak esanahi berekoak.

- Parisko hotel batean egon daiteke, edo Ipar Poloan - erran zuen Xabierrek, berak ere oinetakoak erantzi eta oinak mahaitxoaren gainean jarriz -, baina ez da lasai egonen. Inor ez da hain hotza (6).

- Badakizu zenbateko... gorrotoa behar den hori egiteko?

- Sekula ez gutxietsi (7) emakume engainatu baten amorrua.

- Anarentzat umiliazio jasanezina izanen zen nik engainatzea. Eta zu gizona izateak afera (8) okertu besterik ez zuen eginen.

- Barkatu gizona izateagatik! - barre egin zuen Xabierrek -. Uste dut gehiegi zigortzen ari zarela zeure burua. Bai, Ana engainatu zenuen, baina berak ez du eskubiderik zu hala tratatzeko.

- Errudun sentitzen naiz - onartu zuen Oskarrek -. Uste dut gauzak beste modu batean egin banitu... hau guztia saihets (9) nezakeela.

- Ezin duzu munduan ibili inor mindu gabe, ezinezkoa da! Zenbat eta lehenago ikasi, zoriontsuago izanen zara. Nirekin hasi zinenean benetako erabaki bat hartu zenuen... Kemena erakutsi zenuen, nahi zenuena hartu zenuen... Baina orain uste dut nolabait pentsatzen duzula jasaten ari zaren infernu hau merezi duzula.

- Ez, hori ez... zera da, honek guztiak ez zuen zertan gertatu, hori da dena.

Xabierrek etsipen keinua egin zuen. Garagardoari trago bat emanda, lurrera begira gelditu zen muturturik (10). Oskarrek ere isilean iraun zuen une luze batez.

Ahaztuen mendekua, Alberto Ladron Arana
Elkar, 2009