Iñigo Jauregi (euskaljakintza)

EGA ariketak: LEXIKOA 40

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

Narrazioak, Joseba Sarrionandia

narrazioak.jpgIragan(1) da azken trena, burdinbide amaigabetan galtzera, eta ez da isiltasuna baino geratu, oilo zaharraren usainez. Hiriko bazter hauzo baten bazterrean, etxalde arraildu bat da estazioa, zeinera gatazkarik gabe abailtzen(2) den gaua, bere amets arriskutsuekin. Hari mehe eta geldotan hedatzen(3) da kriseilu(4) ahul baten argia, argi elektriko gaisoa, miarma sare baten antzera. Kristala hautsirik eta orratzak geldirik dituen horma-erloju bat dago, gainerako guziaren zaindari. Landare more eta mendre(5) batzu harri grisen artean, lur zokorik urrienetan hazten dira. Eta aulki bi ere badaude, erdi ilunetan, argi haritxoak desegin eta galtzen diren aldean. Andere bat dago eserita aulkietarik batetan, oinetako beltz eta gona urdinez jantzia, eta zabalik duen kazetak(6) erabat ezkutatzen ez duen alkondara edo jersei ferdeskaz. Trenbideko orratz zaindaria hurbildik iraganen balitz berari begira geratuko litzateke, desira lizunak gogoratuaz edota nor ote den imajinatuaz, baina hiriko kale nagusietan ibiltzen dira orratz zaindariak abandonoaren orduetan.

Aulkiko anderea, Marie Laure, anuntzioak irakurtzen ari da, agian, lan bila. Hurrin(7) utzi ditu gurasoak eta sortetxea hiri handira etortzeko. Zulako neskatila bat -esan diote- galdu eginen da hemen bakarrik ibiliez gero. Neskamerako etorri da, baina edozein enplegu onartuko luke. Iadanik ez da bere begi nabarretan galbururik, ahuntzik, enararik isladatzen. Ez dira bere begi nabarretan isladatzen eskaparate margotsuak, semaforoetako argiskak eta bidazti(8) saldo(9) ezezagunak ere. Ametsetako gauzen antzera itzali zaizkio, eskena huts bat bakarrik geratu da estazioan. Espaloietan ibiltzea ez da -esan diote- gariak zangoak laztantzen dizkizuneko garitzetan ibiltzea, gehiago nekatzen da. Ostatu baten helbidea eman diote, eta sakelean du gorderik, iada sobera ibili delako, eta eskema huts honetatik behatuko(10) du gaua iragaiten, izarrei aholkuren bat galdetuaz.

Narrazioak Joseba Sarrionandia
Elkar, 1983