Harritxu Muxika (euskaljakintza)

EGA ariketak: LEXIKOA 43

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

Zaharrak ez zuen hil nahi, Gaizka Zabarte

zaharrak_ez_zuen.jpgBanatu ginenean, bakoitza bere etxerantz, bat-batean (1) etorri zitzaidan burura aitak, beharbada, desagertu eta kanta baten baitan bizitzeko hautua egin (2) zuela. Edo, agian, literatura unibertsaleko pertsonaia baten baitan. Biharamunean esnatzerakoan ere horixe izan zen burura etorri zitzaidan aurreneko gauza, alegia, aitak kanta batean bizitzea erabakitzearen ondorioa zitekeela bere desagerpena. Izan ere, gauean loa hartu ezinik egon nintzen nire baitan sortu berria zen zalantzari bueltak ematen. Ea aita kantu bateko edo literatura unibertsaleko pertsonaia bat bilakatu ote zen. Ez nekien deus (3) aitaren gainean (4), beraz zaila pertsonaia aukeratzea; kantua, bestalde, edonorentzako hautu egokia zela erabaki nuen. Gregor Samsa ere kantu bilakatu izan balitz, horretarako aukera izan balu, bere gela hartatik libre (5) irteteko bidea izango zuen. Baina ez da norberak aukeratzen duena, pentsatu nuen goizean.

Dutxaren beroan, ehorzlearen deiak abian jarritakoa norbaiti kontatu (6) behar niola nerabilen buruan. Beste ikuspuntu batek lagundu egingo zidala pentsatu nuen, trama kanpotik ikus zezakeen norbaiti, teatroa eszenatik kanpo beha zezakeen norbaiti. Ez nuen antzerki zuzendari bat behar, bai, ordea, ikusle bat, ikusle kritiko bat. Ehorzlearekin partekatzen nituen ordura arte aitaren desagerpenaren gorabeherak, baina ez nik hala (7) aukeratu (8) nuelako, ehorzleak berak taulara bultzatu ninduelako baizik. Ondo pentsatuta, ehorzlea izan zen trama abian jarri zuena. Gainera ezagutu berria nuen eta eszenaren erdi-erdian zebilen. Beste norbait behar nuen. Dutxatik irten nintzenean, lurrinaren lurrinaz, ezin zen ispilua ere ikusi. Atsegin dut lurrina (9). Poliki-poliki, gorputzari jaramon (10) egin ahala, ahaztu egin nuen norbaiti kontatu beharraren kontua.

Zaharrak ez zuen hil nahi, Gaizka Zabarte
Susa argitaletxea 2011