Pablo Zabala (euskaljakintza)

EGA ariketak: LEXIKOA 49

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

16 Ipuin Amodiozko, Xabier Mendiguren

16ipuin.jpgPlay:
El final del verano
llegó y tu partirás

Stop. Hurrengo goizean azaldu zinenean biharamunaren arrastoak ezagun zenituen aurpegiaren kolore beilegian (1), betzuloetako ilunean. Egun hartan bertan bueltatu behar zenuela Eskoziara bota zenidan ziplo (2). Sor eta lor gelditu nintzen, baina nire erreakzio ahalmen murritz eta berankorrari egotzi behar litzaioke hori; izan ere, normala eta bidezkoa zen zure itzulera hilabetea bukatzen ari zelarik, baina niri ordura arte bururatu ere ez zitzaidan egin joan egin beharko zenuenik. Tristeziazko lanbroa sumatu nizun begien sakonean, baina aurpegiaz irribarre egiten saiatzen zinen. Nire harriduratik irten ezinik, hitzik ere ez nuen esan, ez nuen esaterik. Eskua luzatu eta ilea laztandu nizun; zuk orduan burua makurtu, nire eskua belarriaren eta sorbaldaren artean harrapatuz. Isilik geratu ginen, unibertso osoa geratu zen isil eta geldirik, itsas txorien karranka (3) urrunak edo bertako umeen errekerimendu (4) ozenak gorabehera.

Play:
Yo no sé hasta cuándo este amor tu recordarás
Pero sé que en mis brazos yo te tuve ayer
Eso sí que nunca, nunca yo, olvidaré

Stop, Orduan etorri zitzaidan burura gogoeta beltz hura. Afaltzera gonbidatu ninduzun baina despedidakoa zen hura, azken afaria, eta emandako muxua Judas Iskarioterenaren antzekoa. Gorroto nizun horregatik. Nik ez nuen artean ikusten eskuzabal jokatu zenuela, bihotz onez; nire ilusioen gaztelu fantasmagoriko ez oinarri ez haberik (5) gabea zapuztua (6) zenuen eta ez nuen besterik jakin nahi. Malko batzuk etorri zitzaizkidan begietara eta zuk, kontsolatu (7) nahian, besarkatu egin ninduzun, hitz goxoak esaten hasi, my darling eta horrelakoak. Baztertu egin zintudan: zu ere triste zeunden. Altxatu eta korrika joan nintzen ihesi, korrika, ihesi, korrika, ihesi.

Play:
Dime dime dime dime dime amor
dime dime si es verdad
lo que sientes en tu corazón
¿es amor en realidad?

Stop. Akitu (8) arte egin nuen korrika, eta gero ere ez nintzen atzera itzuli. Azken asteetako zera guztia nerabilen gogoan, eta argitu ordez gero eta nahasiago nengoen, gero eta ageriago nahigabe eta arrangurak (9), urratu arte bere zaurian hazka dabilenaren antzera. Ilunabarrean kausitu(10) nituen neure toalla eta bestelakoak, zoko batean ahazturik, ni bezalaxe.

16 Ipuin Amodiozko, Xabier Mendiguren Elizegi
SUSA, 2002