Arrantzaleen ametsik gaiztoenak

alakranaDuela hilabete batzuk, Somaliako kostaldean, itsaslapurrak Playa de Bakio atunontzia bahitu zuten. Azken egunotan, Bermeoko Alakrana itsasontzia izan da erasoa jasan duena. Zoritxarrez, ez dira izan ontzi bakarrak. Playa de Bakioren kasuan, marinelek berehala itzultzea lortu zuten, baina zer gertatzen ari da Alakranaren kasuan? Atunontziak hamaika egun daramatza piraten eskuetan eta oraindik Somaliako kostaldetik hurbil jarraitzen du. Gainera, badirudi bahiketak luze joko duela. Familia bizitzen ari den momentua loa kentzeko modukoa delakoan nago; izan ere, ez dira informazio gehiegirik jasotzen ari. Hala ere, marinel baten emazteak esan duenez, Euskal Herriko instituzioen aldetik dei asko jasotzen ari dira, batik bat, nola dauden jakiteko eta lasaitzeko.

Indiako Ozeano inguruan dabiltzan piratek, armak erabiliz, bertara iristen diren barkuak bahitzen dituzte dirutza ikaragarriak eskatuz (milioika dolar ) , eta itsasontzien jabeek ontziak berreskuratu ahal izateko diru kantitate horiek ordaindu behar izaten dituzte. Itsaslapurrek, dirua lortu ondoren, armak eta itsasontzi handiagoak erosten dituzte. Bertako gobernuak ez du neurririk hartu kasu gehiago gerta ez daitezen. Nire ustez, azaltzen ez dituzten interes ugari egon daitezke tartean, hala nola dirua, boterea, nazioen arteko interesak…

Euskal Herriko jarduera ekonomiko nagusienetakoa arriskuan jartzen da kasu gehiago gertatzen doazen heinean. Baina ez hori bakarrik, arrantzaleak ere arriskuan egoten dira urrutira joan behar izaten duten guztietan. Horregatik, egunen batean, gerta daiteke gure marinelek lanbidea uztea gobernuak laguntza emango ez dielakoan.

Hau dela eta, argi dago kezkagarria dela arrantzaleen egoera, eta lotsagarria , nire uste apalean, Espainiako gobernua erakusten ari den jarrera. Egoera honen aurrean, Bermeoko biztanleek eta atunontzien jabeek militarren babesa eskatu diote estatuari, baina hauen erantzuna ulergaitza da; izan ere, gauzak dauden bezala egonik, ezin baitaiteke ezetza eman. Komeni da esatea, orain dela hiru hilabete, Frantziako Gobernuak itsasontzietan militarrak egotea baimendu zuela eta, geroztik, frantziar itsasontziek ez dutela erasorik jasan. Antza denez, honek erakusten du eskatzen dena ez dela beste munduko ezer eta, hori baino garrantzitsuena dena, badirudi egiaztatuta dagoela babes militarra duten itsasontziak ez dituztela bahitzen. Erantzun hori jaso ondoren, itsasontzien nagusiek beraien kabuz soldadu espezializatuak jartzea erabaki dute, baina Seychelleetako bandera daramaten ontziek besterik ez dute zorte hori, militar ohiak itsasoratzeko aukera baitute. Espainiar bandera dutenei, berriz, gobernuak ez die baimen hori ematen.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: gaia asko politizatzen ari da, eta ez dut uste politika egiteko unea denik, arrantzaleak etxera itzultzekoa baizik. Honekin batera, momentu honetan, gobernua ezin da besoak uztarturik gelditu; baina ez orain, eta ezta marinelak etxera onik itzultzea lortzen dutenean ere, lortzen badute. Kasu gehiago saihesteko, irtenbideak aurkitzen saiatu behar dira. Nire ustez, irtenbide bakarra militarren babesa jartzea da, frogatuta baitago, lehen aipatu dudan bezala, bahiketa gutxiago gertatzen dela.

, ,

5 Responses to Arrantzaleen ametsik gaiztoenak

  1. irune.agirre 2009(e)ko urriak 13 at 11:20 pm #

    Oso interesgarri deritzot idatzitakoari. Puri-purian dagoen arazoa izanik, aukera paregabea egin duzulakoan nago, Maialen!
    Zurekin bat nator gaia gehiegi politizatzen ari den horretan.
    Begira zer argitaratu duen Berria egunkariak gaur bertan.

    http://www.berria.info/albisteak/36732/%27Alakrana%27_ontzia_bahitzea_leporatutako_atxilotu_bat_ospitaleratu_egin_dute.htm

  2. benat.pecharroman 2009(e)ko urriak 14 at 11:18 pm #

    Maialen, artikulua uste baino interesgarriagoa iruditu zait. Izan ere, telebistan ikusi ditudan albisteak eta gero, ez nuen uste hain berotua eta gori-gorian zegoenik egoera tamalgarri hau.

    Zure iritzi berbera dut gai honen inguruan, hala ere, irtenbide bat baino gehiago egon badagoela pentsatzen dut arazo hau konpontzeko.

    Orokorrean, artikulu erakargarria oso, Maialen!

  3. mikel.zurutuza 2009(e)ko urriak 23 at 12:52 pm #

    Oso interesgarria eta aurrekoek esan dutenez egunekoa den gai bat aukeratu duzu. arazoari buelta emateko bidea ere ona iruditzen zait lan ona maialen!

  4. anonimous 2009(e)ko azaroak 1 at 11:41 pm #

    Kaixo!
    Artikulu interesgarria iruditu zaidan arren, esan nahi nuke beste behin ere mass medien bertsioak itsutzen gaituela uste dudala. Maialen, zerorrek esan bezala, interes ekonomikoak eta boterea interes ekonomikoa eta boterea dira, itzalean zein argitan egon. Argigarria zait oso, ondorioz, inork ez duela aipatzen (ez komunikabideetan behinik behin) itsasontzi horiek zein arrantza-eremutan ibiltzen diren arrantzan: Somaliako uretan.
    Somalian 20 urtez luzatutako gatazka armatu ezberdinen ondoren, kaosa da nagusi. Ez dago gobernurik nazioarteko legedia bete dadila eskatuko duenik, ez kostak zainduko dituen indar armaturik. Ahultasun hori probestuz, munduko herrialde askotako arrantza enpresek untzi supermodernoak bidaltzen dituzte bertako arrantza-ondasunak ustiatzera, edo “sakeatzera” hobeki esanda. AK fusil bat erostea ogi barra bat erostea baino errazagoa den herrialde batean, bertako haur, emakume eta gizonek atzerriko untziek euren aberastasun naturalak nola lapurtzen dizkieten ikusi behar dute. Ahoa zabalik eta urdaila hutsik dutela ikusi ere. Hori bai dela lapurreta.
    Honen aurrean, arrantzara irteteko bitarteko tekniko egokirik ez dute, euskal eta atzerriko beste arrantzaleen teknologiarekin amestu ere ezin dutelako. Egoera honetan, nork ez lituzke armak hartuko familiari jaten emateko? Nola utzi kanpotarrei zeure platereko arraina lapurtzen babestuko zaituen gobernurik ez denean? Kexarik inon egin ezin duzunean?
    Ikusi besterik ez dago Iparraldeko eta Landetako arrantzaleak sare pelagikoekin arrantzan ibiltzen direnean Hegoaldeko arrantzaleek zelako haserrealdiak harrapatzen dituzten, horrexegatik uste dut saiatu beharko genukeela “pirata odoltsu” (zenbait (des)informazio iturriren ustez) hauek hobekiago ulertzen. Interes ekonomikoak egon badaude, baina ez zehazki somaliar kostetan bizi den jendearenak… Interesak Bermeon daude, Galizian, Lekeition etab. Beste bat arte!

Trackbacks/Pingbacks

  1. Twitter Trackbacks for euskaljakintza» Blog Archive » Arrantzaleen ametsik gaiztoenak [euskaljakintza.com] on Topsy.com - 2009(e)ko urriak 13

    […] euskaljakintza» Blog Archive » Arrantzaleen ametsik gaiztoenak berria.euskaljakintza.com/2009/10/13/arrantzaleen-ametsik-gaiztoenak – view page – cached DBHO 2. mailan Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko bloga — From the page […]

Utzi erantzuna

-->