About Ainhoa Etxabe

Author Archive | Ainhoa Etxabe

Eskola bereziak ahalmen handiko ikasleentzat?

Wikimedia Commons

Wikimedia Commons

Talentu aparteko umeen %40k, adimen mailari dagokionez, ez du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitzea lortzen. Zergatik? Bada, ez direlako nahikoa akuilatuak sentitzen gaur egungo heziketa-sisteman. Hori baieztatzen du MENSAk, adimen-koziente altua duten pertsonei zuzendua dagoen erakundeak.

Antolakunde honen presidenteak, Javier Achiricak, ahalmen handiko kolektiboaren arazo handienetako bat sistema-hezitzaileak ez diela nahikoa arreta eskaintzen azaltzen du. Beraz, ume asko klasean aspertu egiten dira eta ez dute atentzioa jartzen;  ondorioz, zailtasunak dituzten ikasleak bezala kontsideratzen dira.

Zer egin beharko genuke orduan adimen handiko ikasleekin? Eskola berezitan ikasi beharko lukete beste umeekin harremanik eduki gabe ala beste ikasle arruntekin batera? Hori da hainbatetan eztabaida sortzen duen gaia.

Argi daukagu talentu aparteko haur guztiek ez dituztela ezaugarri edo berezitasun berak. David Wechsler psikologoaren eskalaren arabera, 130 edo 130 baino gehiagoko adimen-kozientea edukiz gero, haur edo ume hori ahalmen handikoa kontsideratzen da. Hala ere, oso garrantzitsua da haur bakoitza banan-banan aztertzea; izan ere, ez baita nahikoa datu hori haur guztiak sailkatzeko. Batzuek sormen izugarria izango dute; beste hainbatek, aldiz, matematiketarako egundoko abilezia; beste batzuek, ordea, idazmenerako grina, fisikarako erraztasuna… Beraz, haur bakoitza arlo batean (edo bat baino gehiagotan) nabarmenduko da. Hortaz, haur horiek dituzten talentuak ondo ikertu eta gero, horretatik ahal den onura gehien lortzen saiatu behar da.

Esango nuke ikasle hauei eskola berezitan ikasteak ez liekeela abantaila handirik ekarriko adimenarekin zerikusia ez duten beste alderdi batzuk garatzeko orduan. Alde batetik, ez lukete izango beste ikasleekin harremanik izateko aukerarik. Horrela bada, ez zuketen ikasiko zer den laguntasuna, aniztasuna, ezberdinen arteko elkarbizitza… Arazo asko izan ditzakete etorkizunean.

Bestetik, ez ditugu ahaztu behar haur hauen dohainak. Oso garrantzitsua eta baliagarria da ume hauen bertuteei ahalik eta etekin gehien ateratzea. Izan ere, gogoratu dezagun, motibazioa, erronka ezberdinak, buruketa konplexuak… behar dituztela beraien irudimenari eta gaitasunari ahal adina zuku ateratzeko.  Horrek, gainera, aurrerapausoak ekar ditzake edozein alorretan.

Beraz, behar-beharrezkoa ikusten dut eskola guztietan laguntza-gela dagoen bezala, talentu apartekoentzat ere gela berezi bat egotea, betiere, egokitutako irakasleekin. Horrela, beraien trebeziak ahalik eta gehien garatzeko aukera izango dute, beste ikasleekin harremanak mantenduz, gauza berriak ikasteko motibazioa galdu gabe eta klasean aspertzeko denborarik izan gabe.

Comments { 0 }
-->