About amaia.ruizdegauna

Author Archive | amaia.ruizdegauna

XXI. mendeko injustizia

Ijito errumaniarren manifestaldi bat.Egungo Frantzia “aurreratu eta modernoan” Erdi Aroko egoera bat jazo da. 1789an beraiek aldarrikatutako “askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna” bertan behera utzi izanaren irudia eman dute; izan ere, Sarkozy Frantziako lehendakariak ijito errumaniarrak beraien jatorrizko herrira erbesteratu baititu. Hori gutxi balitz, egoera horren aurrean, Europar Legebiltzarrak beste alde batera begiratu du azken unera arte jaramonik egin gabe, hiritar hauen eskubideak kontuan izan gabe. XXI. mendean omen gaude, baina era honetako gertakariak ez al gaituzte Erdi Arora eramaten?

Sarkozyren erabakiak pentsaera ultraeskuindarra areagotzen du, hala nola, diskurtso eta ekintza xenofoboak Europa osoan zehar zabalduz. Hala ere, larriena izan da esatea Frantzian zehar dauden arazo guztien jatorri ijito hauek direla. Dena dela, ekintza honen bidez, europar hiritar hauen eskubideak urratuak izan dira. Biztanle hauen funtsezko eskubidea den askatasuna guztiz ukatu zaie, nahiz eta Europar Batasuna bezalako erakundeak izan baditugun, kasu honetan bertako kide diren herrialdeetako herritarrak babesteko sortu zena, inolako salbuespenik egin gabe.

Aurreko asteetan zehar, Frantziak 700 errumaniar eta bulgariar ijito erbesteratu ditu gutxi gorabehera. Hauetako batzuk borondatez bueltatu omen dira beraien jatorrizko herrira; izan ere, Frantziak 300€ eskaini dizkie motxaileei inolako iskanbilarik sortu gabe beraien herrira bueltatzeko. Horietako batzuek, diru falta zela medio, baiezkoa eman dute. Hala ere, ekintza hau gogor kritikatu dute; izan ere, Frantziak “borondatezko erbesteratze” deitutako hori, beste hainbatek ekintza arrazistatzat hartu dute.

Gendarme frantsesak ijito bat atxilotzen.Irakurri dudanez, azkenean, Europar Batzordeak Frantzia ohartarazi du, pertsonen joan-etorri askearen eskubidea errespeta dezan. Eta batzordeak hitz eman du kontrolak jarriko dituela, eskubide hau bete dadin. Era berean, Bukarest Nicolas Sarkozyren erabakiarekiko ados eta ulerkor agertu da. “Gobernu frantsesaren erabakia ulertzen dugu eta, era beran, EBko edozein hiritarren eskubideak defendatzen ditugu inolako salbuespenik egin gabe” adierazi zuen Traian Basescu lehendakari errumaniarrak. Nolanahi ere, errumaniar eta bulgariar hauek, beraien arraza eta egoera ekonomikoaren ondorioz, bere herrian pairatzen duten diskriminazioa dela eta laster Frantziara edo gertuko beste herrialderen batera, Espainiara besteak beste, bueltatuko direla espero da.

Egia da, hala ere, egungo krisi ekonomikoak eragindako inmigrazioak hainbat arazo sorrarazi dizkigula. Urrutira jo gabe, gure herrialdeetara etorri diren nazionalitate desberdineko etorkinek delitugintza tasa handiagotu dute, besteak beste. Jakina da hauetariko batzuk, euren betebeharrak asetzeko, lapurretaz baliatzen direla. Hori dela eta, uler daiteke zati batean Sarkozyren haserrea hiritar hauekiko. Hala eta guztiz ere, haserre horrek ez dio biztanle hauek bere herrialdetik kanporatzeko eskubidea ematen. Horrela jokatuz, gizaki ordez, animalia moduan tratatzen ditu biztanle hauek, merkantzia bailiran, leku batetik bestera garraiatuz.

Hainbatetan, harriduraz begiratzen ditugu hirugarren munduko herrialdeetan ematen diren eskubide urraketak (esklabutza, gorputzeko atalen trafikoa, haurren esplotazioa…). Ez gara konturatzen, baina, gure inguruan ere horrelakoak ematen direla; garbi baitago diskriminazio, klasismo eta aurreiritziz beteriko gizarte batean bizi garela. Hori dela eta, azpimarratu nahiko nuke horrelako injustiziei gizarteak aurre egin beharko liekeela. Orain ijito errumaniarrek pairatu dute erasoa, eta guk bitartean ez dugu ezertxo ere egin. Baina honek horrela jarraituz gero, bihar zu izan zaitezke eta inork ez du ezertxo ere egingo zugatik. Ez al da hainbat gauza aldatzeko garaia?

Comments { 7 }
-->