About eagirresarobe

Author Archive | eagirresarobe

Ez dut ezkondu nahi: umea naiz! (II)

Ezkontza behartuen arrazoiak askotarikoak dira. Zio tradizionalen artean, ondorengoak dira ohikoenak: familiarteko loturak indartzea, familiaren ondasunak bertan gera daitezen ziurtatzea, ideia kultural eta erlijiozkoak babestea, iraganeko betebehar edo promesak zertzea, familiako beste kide batekiko eragina izatea, neskek mutil-lagunik izan ez dezaten lortzea, immigrazio “erraza” erdiestea… Bestelako arrazoiren bat ere aipa daiteke, esaterako, neskak Burka sare atzeangoiz ezkontzea hiesa izan ez dezaten. Gainera, lurralde batzuetan, hiesdun gizonek neska birjinekin harremanak izanez gero gaixotasuna deuseztatuko dutela pentsatzen da; gaixo daudenek, beraz, neska ahalik eta gazteenekin harremanak eduki nahi izaten dituzte. Beste zonalde batzuetan, erlijioarekin lotzen dituzte bortxazko ezkontzak. Indian, besteen artean, umeak bertako jainkoekin ezkontzen dituzte haiek familia bedeinkatuko dutela pentsatuz. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, ume horiek burdeletan amaitzen baitute. Egipton, bitartekariek petrolioa duten lurraldeetako aberatsekin ezkontzen dituzte haurrak. Iraken, herrialdeari ezarritako zigor ekonomikoak sortutako pobrezia dela medio, gorantz doa ezkontza goiztiarren kopurua. Ugandan, Jaunaren Erresistentziaren Ejertzitoa deituriko gerrillako buruzagiekin ezkontzen dituzte bahituriko haurrak eta ekintza horrengatik soldaduek saria jasotzen dute. Somalian, familiek umeak militarrekin ezkontzen dituzte babesa lortzearren. Tamalez, lurralde eta kasu asko eta askoz jardun dezakegu modu honetan.

Eztei behartuen ondorioak ere ez dira zenbagarriak. Beste askoren artean, hezkuntzarako aukerarik ez izatea dugu; esan gura da, nerabeak behin ezkonduta daudenean, eskolara ez joatera egiten dutela. Ez hori bakarrik, kasurik mukerrenetan, gaztetxoek organo trafikoaren, emakume eta neskatilen komertzioaren eta haur-prostituzioaren zati izaten amaitzen dute. Negozio anker horiek guztiek kudeatzen dituzten sare delitugileak urteko milaka milioi dolarrekin hornitzen dituzte. Hori guztia gutxi balitz, ezkontza behartuek osasunean eragiten diete, ez bakarrik haurdun geratzen diren haurrei, baita euren seme-alabei ere, eta hiesaren aurrean zaurkor egiten dituzte.

Haurdunaldien hariari jarraiki, garbi dago ezkontza goiztiar batek haurdunaldi goiztiarra dakarrela berarekin. Kontuan hartu behar da, gainera, 15 eta 19 urte bitarteko emazteen artean %17k baino ez duela antisorgailurik erabiltzen. Horren emaitzak argi erakusten digu: urtero 14 milioi umek erditzen du eta horietako asko haurra izatean hiltzen da. Jaiotakoek ere hiltzeko aukera handia dute; izan ere, 18 urtetik beherakoen haurtxoek hiltzeko %60 aukera gehiago baitituzte euren bizitzaren lehen urtean adinez nagusikoek izandako umetxoekin alderatzen baditugu. Kontuan izan bestetik, munduan jazotzen diren hamar erditzeetatik bat ume batek jasandakoa dela. Hori horrela delarik, 15-19 urte bitartekoek 20-29 urte bitartekoek baino bi aldiz aukera gehiago dituzte erditzean zentzeko.

Bihotza sareanArestian esan bezala, ume askok pairatzen dute ezkontzera behartuak izatea. Nolanahi ere, badira horretara ukatzen diren gutxi batzuk. Horietako gehienak familiako kideek zigortu edo erailtzen dituzte, eta “ohorezko heriotza” izena ematen diote hilketari. Beste batzuek suizidioa ikusten dute irtenbide gisa. Horixe da Kapisan, Kabuleko iparraldean, gertaturikoa. Bertan, 18 urteko neska gazte batek bere buruaz beste egin zuen, tiro batez, bere familiak ez zuelako hiru urte lehenago ezkondu zuen drogazalearekin ospatutako ezteia desegiteko asmorik. Beste biktima batzuek, baina, drogetara edo prostituziora jotzen dute irtenbide bila.

Usantza honen bidegabetasuna ikusirik sortu da SPIOR iniziatiba. Ekimen honen jomuga islamismoaren barrutik horrelako ekintzak erraietatik moztea da. Ideiaren sortzaileek adierazi dute elkarketa horiek erlijioaren izenean burutzea ezin dutela onartu, islamismoaren zati ez denean.. Gaineratu dute biktimek horrela izan behar duela pentsatzen dutenez, ez direla ukatzen. Horregatik, barrutik pentsaera aldatu behar dela diote, gazte horiek jakin dezaten ezetz esateko eskubidea dutela.

Harrigarria da orain arte Norvegiak soilik jarri duela bortxazko ezkontzak jarraitzen dituen lege espezifiko bat. Zer esanik ez, prozesamendu bakar bat egon dela arrazoi hori dela medio. Horrek agerian uzten du legearen baliogabetasuna. Lege horiek ez dituzte ezkontzen arrazoiak ezabatuko eta arrazoi horiek hor dirauten bitartean, arazoak bere horretan jarraituko du. Ezkontzen zergati nagusia arazo ekonomikoak dira eta legeek ez diote txiroari jaten emango, ez diote lanik emango, ez diote segurtasunik bermatuko… Azken finean, aberats eta txiroen arteko harresia da familia batek seme-alabekin horrelako gehiegikeriak egitera bultzatzen duena.

Comments { 0 }

Ez dut ezkondu nahi: umea naiz! (I)

UNICEFek urteko argazki aukeratu zuen 11 urteko neska afganiarra eta 40 urteko gizonaren arteko ezkontza agertzen duen argazki hau.

Esan dezakegu ezkontza bat behartu eta goiztiarra dela bi pertsonen baimena gabe aurrera eraman eta presioa zeremoniaren zati denean. Ezkontza behartuetan, “wali” deritzon hirugarren pertsona batek ematen du baimena, umeen aukeratzeko eskubidea urratuz, ezinezkoa baita haur horiek erabaki zentzudun bat hartzeko adina helduak izatea.

Hegoaldeko Asia eta Saharan azturazko dira behartutako ezkontzak. Intervidaren azken txostenaren esanetan, Bangladeshen, 51 emakumeekiko 15-19 urte bitarteko 5 mutil daude ezkonduta; Malin, 5 eta 50 artean kokatzen da gazte ezkondu horien kopurua eta, Guatemalan, 8 eta 24 bitartean. Afaganistan eta aipaturiko lurralde horietaz gain, Indian, Yemenen, Nepalen, Etiopian, Chaden eta beste hainbat txoko afrikarretan, Mexicon, Colombian eta Perun ere jazotzen dira modu horretako ezkontzak. Dirudienez, munduko 70 herrialde azpigaratu baino gehiagotan gertatzen dira. Hala ere, umeen eskubide eta ongizatearen gaineko Karta Afrikarrak espresuki onartzen du neskatxen ezkontza goiztiarrengandik babesteko eskubidea, giza jardunbide kaltegarria baita. UNICEFek dioenaren arabera, ordea, une honetan 10 eta 17 urte dituzten neskatilen arteko 82 milioi ezkonduko dituzte 18 urte bete aurretik. Afganistanen, neska gazteen %16 ezkontzen da 15 urte bete baino lehen. Zoritxarreko ezkontza behartuak dira eta senarrek maite duten beste emazte bat aukera dezaketen arren, emazteek ez dute aukerarik. Ezkontzeko gutxieneko adina emakumeentzat 16 urte eta gizonentzat 18 urte izanagatik ere, adin txikikoen ezkontzak %43 dira.

Ez pentsa, baina, ezkontza behartuak lurralde “txiroetan” baino ematen ez direnik. Alemanian, esaterako, neska gazte etorkinen artean, %20-30 ezkontza horien erruz joaten da etxetik. Bestalde, Britainia Handiko Barne Ministerioak ezkontza behartuen 1.000 kasuri egin behar izan dio aurre azken lau urteotan.
Igarotzen den minutu bakoitzeko, 156 neskatxa behartzen dira ezkontzera, 40 nerabe geratzen dira haurdun eta 14-15 urte bitarteko 5 neska kutsatzen dira hiesaz. Haatik, ez dira neskak usantza hau pairatzen duten bakarrak, kasuen %15en gizonak baitira ezkontzera behartzen dituztenak.

Warren Jeffs, Texaseko arrantxoa maneiatzen zuena, 10 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten eta epaiketa gehiagoren zain dago.

Noizbehinka entzuten ditugu zentzugabekeria honen aurkako ekintzak eta albisteak; dena den, beti izango dira urriegi. Horien artean, Texasen gertaturikoa dugu, non 137 adin txikiko aske geratu ziren sexu gehiegikeriak nozitzen zituzten arrantxo batetik. Halaber, Habibari agitutakoa dugu. 13 urteko neska bizkor hau 23 urteko gizon batekin egongo litzateke une honetan ezkonduta bere gelakideen salaketa tartean izan ez balitz; izan ere, bere lagunak izan ziren superintendenteak legea aplika zezan lortu zutenak eta, oraingoz, ikasten jarraitu ahal izango du. Ez zuen zorte bera izan Afganistango hiru urteko neskatila batek, ostera, zazpi urteko bere lehengusuarekin ezkontzera behartu zutenean. Baby Pathani, 13 urteko pakistandarra, aitak enparatu zuen aitonak erabakitako ezkontza baliogabetuz. Alabaina, prezio bat ordaindu behar izan zuten eta bai aitona aitona eta baita hirurogei urteko ezkontidea ere zigorrik gabe geratu ziren. Beste kasu bat S-rena dugu, jatorri bangladeshtarra duen neska britainiar batena. 16 urte zituelarik, te kikara bat edan eta seko lo geratu zen. Esnatu zenerako, familia osoarekin Bangladeshera joateko hegazkin bat hartzeko zorian zegoen aireportuan. Atzipetuta eraman zuten bertara eta ukatu arren, gizon batekin ezkondu zuten. Hainbat katramilaren ostean, jazotakoa aitortu zuen eta orain ezkontza baliogabetzea planteatzen ari da. Hauek guztiak kasu solte batzuk baino ez dira… (jarraipena, bihar)

Comments { 0 }

Lagun izoztua – JOSEBA SARRIONANDIA

sarrionandiaJoseba Sarrionandia euskal literaturari ekarpen oparoa eginiko idazlea dugu; izan ere, alor anitz landu ditu: haurrentzako literatura, narrazioak, eleberriak, olerkiak, saiakerak… Gaztea zela, aldizkarietan kolaboratzaile gisa jardun zuen. 1985ean kartzelatik ihes egin bazuen ere, ez ditu bere irakurleak esperoan utzi. Argitaratu duen azken liburuak, Gau ilunekoak izenburutzat duenak, harrera bikaina izan zuen iragandako Durangoko Azokan, besteak beste.

Lagun izoztua” liburua Ikastolako liburutegian bertan kausitu nuen. Eskuetan hartu orduko, laino misteriotsu batek inguratu zuela nabaritu nuen neure artean. Irakurtzen hasterako, huts emango ez zidala sinesturik nengoen, eta hala jazo da. Zalantzarik gabe, irakurtzea merezi duen altxorra da eta horregatik utzi nahi dut zuen esku kutxa irekitzeko giltza, barruan zer aurki dezakezuen esan gabe. Horrela ez izanez gero, balio guztia galduko bailuke.

Hizkuntza ulerterraza darabil Sarrionandiak bere nobela honetan; halaber, hitzekin jolas moduko bat ageri da istorioa aurrera joan ahala. Horren aztarnak topa ditzakegu metafora eta konparazio jorietan. Modu berean, edonon aurki ditzakegu kokatzen laguntzen gaituzten deskribapen zehatzak. Hori guztia alde batera utziz, badira esaldi batzuk, non pertsonaien, idazlearen eta irakurlearen izatea ukitzen dituzten.

Horien artean bada bat, hasiera aldean agertzen dena, horrelako esaldiaz gehiagotan irakurriko ditugulako susmoa pizten diguna: “Denbora pasatzen da eta ez da ezer pasatzen”. Josuk, umea bailitzan, hormetan idazteko duen ohitura aurkezten digu idazleak esaldi horren bitartez. Pertsonaia sinplea dirudien arren, korapilatsua da Josurena. Idazmakinan orduak ematen ditu argitaratuko ez dituen eleberriak idazten, gogoko du buruari hainbat bira eman ostean burura etortzen zaizkion esaldi konplexuak botatzea; ez, ordea, besteek berari buru hausteak ipintzea. Dena dela, Josuren jokabidea gehien okertzen duen gertaera izarak aireratzen dituen indiarena da; idazleak, gertakari horretaz baliatuz, bigarren aurpegi moduko bat uzten baitio pertsonaiari agerian.

lagun_izoztuaBigarren mailako pertsonaien artea bada beste bat irakurlearen pentsamenduan pisu nabarmena utzi nahi duena: Edwin Walsh. Garbi dago hasieratik liburua amaitu baino lehen amatatuko dela bere bizitza, baina espero ez den heriotza du. Hala ere, zientzialari petoak badirudi ez diola bere gaixotasunari izu handirik. “Hil arte biziko naiz” “Gorputz partikular hau gorpu bihurtuko da, norbere kartzela norbere hilobi bihurtzen da. Denok hilko gara goiz edo berandu, denborarekin. Eta hala ere heriotza ustekabean bezala ailegatuko da, ailegatzen denean.” Hitz horiek esatean, badirudi espedizioan hilko den arren, bere gaixotasunari aurre eginaz hilko dela, hil arte biziko dela, alegia; bere ekintzak, ostera, bestelakoak dira eta hil hilko da, baina ez edonork espero lukeen moduan.

Zer pentsatu ematen duten pasarte asko eta asko aipa daitezke, baina ez dago norberak irakurri, eta bakoitzak bere ondorioak ateratzea bezalakorik. Gainera, Sarrionandiak aipatzen ari garen “esaldi klabeak” bere nahimenera erabiltzen dituela esan daiteke, liburua hiru zatitan banatuta egonik, gaztaroari dagokionean, ez baitira horrelako landutako esaerak antzematen.

Egitura horrek, hiztegi aldetik denaz gain, irakurrazkarrago bilakatzen du istorioa, eta ez da batere zaila hiru kontakizunen artean kokatzea. Behin irakurrita, ez kontatzeko moduko eleberria da; irakurri ostean beste norbaitek irakurriko balu, zuku ezberdina aterako liokeela dirudien laranjaren antza baitu. Horregatik, merezi du laranja erdibitu, zukua atera eta dastatzea.

Comments { 0 }
-->