About enovo

Author Archive | enovo

Itsuek ikusi ahal izango dute

ill02e.gifOrain dela pare bat aste ikusi nuen telebistan gizon hura. Eguzkitako betaurreko arraro batzuk jantzi eta izugarri poztu zen, baina zergatik bat-bateko poztasun hura? Itsua omen zen gizona, bizitzan lehen aldiz zerbait, argia, ikustea lortu berri zuen. Hau ikusita, betaurreko horiei buruz zerbait gehiago jakiteko gogo bizia sartu zitzaidan. Artikulu honetan ikasitakoa islatuko dut.

Nork zer?

Japoniako zientzialari batzuek garatu dute ikuspen sistema artifizial berri hau. Honek itsuei edo ikusmen oso murriztuko pertsonei irudiak barneratzen laguntzen die, begi-seinalea burmuinera bidaliz.

Japoniako produktu oftalmologikoen fabrikatzaileak (Nidek), Osakako Unibertsitateko Yasuo Tano irakasleak eta Zientzia eta Teknologia Nara institukoko Jun Ota irakasleak sortu dute sistema konplexu hau. Hasieran adierazi dudan bezala, eguzkitako betaurrekoen itxura dute eta irudiak grabatzen dituen kamera batzuk ditu txertaturik. Dispositibo elektroniko baten bidez, irudi hauek seinale digital bilakatzen dira.

Honez gain, lau milimetro karratuko azalera duten elektrodo batzuk jarri behar dira begian nerbio optikoa kitzikatzeko. Seinale hauek burmuinera iritsiko dira, ikustea ahalbidetuz.

Metodo honen abantaila handiena elektrodo hauen txertapenaren tratamenduan dago, hau prozesu kirurgiko ez oso inbasibo batez egiten baita. Ez hori bakarrik, ikusmen eremu zabala edukitzea ere ahalbidetzen du. Elektrodo hauek oso malguak dira gainera.

Elektrodo bat = pixel bat

Erretina artificialekin...Lorturiko ikusmenaren kalitatea begian txertaturiko elektrodo kopuruaren baitan dago. Elektrodo bakoitza pixel batekin (irudi digital bat deskonposatzen den unitate txikienarekin) da konparagarri.

Nidek sistema honen bigarren belaunaldian (2005, Osakako unibertsitatean) bederatzi elektrodo txertatzea lortu zituzten paziente itsuetan. Saiakera honetan argi izpiak ikustea lortu zuten. Zientzialariek 100 elektrodo txertatzeko helburua dute.

Urte honetan, sistemaren 3. belaunaldian, 49 elektrodo jartzea pentsatzen dute zientzialariek beste paziente bati kirurgia bidez, honek argia baino gehiago ikusteko aukera izan dezan. Hala ere, esan beharra dago metodo hau argi-seinaleak fluxu elektriko bilakatzeko ahalmena galdu duten pertsonetan (hainbat gaixotasun dela medio) baino ez dabilela.

Noizko?

grande-848507-1040722.jpgLehen aipatu dudan bezala, aurtengo proiektuarekin batera (49 elektrodoen ezarpena), 100 elektrodoraino iristea da helburu nagusia. Hauek guztiak mentatzean pazienteen ikusmena 30 zentimetrora zabalduko litzateke, eta distantzia horretara beraien eskuko behatzak bereiztu ahal izango zituzten. Aurrerapen hau 2010ean lortzea espero da eta 2011n gaixoekin probak egin ondoren, 2012an komertzializatzeko itxaropena du Nidek taldeak.

Zientzialariek diotenez, gaur egun ez dago tratamendurik zelula foto errezeptoreak galdu dituzten gaixoentzat. Erretina artifizial sistema honen sorrerak ikusmena berreskuratzea ahalbidetuko du, erretina neuronak kitzikatuz eta korronte elektrikoa berreskuratuz.

Zientzialari hauei esker, laster itsutasuna tratatu eta guztiz sendatu ahal izango da, itsuen ametsa betez.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/bmVR-RcDMio" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 2 }

Hondamendia uste baino gertuago?

carlo_san_juan031.jpgEgun batzuk igaro dira telebistan dokumental bat ikusi nuenetik. Bertan, galdera bat: salbu al gaude hondamendietatik? Erantzuna sinplea: ez, zoritxarrez, ez.

La Palmako sumendiak pitzadura bat izango duelako alarma piztu da. Honek olatu ikaragarria sortu eta milioika pertsonengan eragin lazgarria izango duela diote zientzialari askok, megatsunami hau Amerika, Afrika eta Europara irits baitaiteke. Nahiz eta berehalakoa ez izan, jendearen kezka handitzen ari da, batez ere, dokumentalen ondorioz eta, zientzialarien akordio eza ikusita, igarleek egoera aprobetxatzen ari dira, Jucelino Nobrega da Luz ospetsua bereziki. Zientzialariek Jucelinoren aurreikuspenaren aurka egin dute, beraien iritziz, gaur egungo teknologiarekin ezin baita zehaztu noiz gertatuko den horrelako fenomeno bat.

Zer gertatzen zaio, bada, sumendiari?

tsuReunionPitonFournaise.gifCumbre Vieja sumendiaren albo bat ozeanorantz desplazatzen ari da eta honen erorketak itsasoan meteorito baten antzeko eragina izango luke. Olatua 650 metrokoa izatera iritsi daitekeela adierazi dute eta 720 km/h-ko abiadura lortuko luke. Ondoren, lurra ukitzean, 20 kilometrora aurkitzen duen guztia irentsiko luke megatsunamiak. Hau zientzialari europar eta amerikarrak modelo informatiko baten bitartez egiaztatu dute. Guztira, 100 milioi pertsona kaltetuak aterako lirateke Afrika, Amerika eta Europan. Haustura hori gertatzeko, erupzio batekin soilik nahikoa ez dela diote askok, azken laba irteerak 1677-78, 1712, 1730-1736, 1824 eta 1949an izan baitira. Hala ere, sumendiko zatia hurrengo erupzioan hautsiko litzatekeela kontuan hartuta, 2017 eta 2214 urteen artean kokatu dute hondamena. Beste batzuek bitarte hori 5.000 urtera luzatzen dute. Begi-bistakoa da egoera ez dela zientzia ziurra egun ditugun teknologiaz baliatuz.

Zabalkunde handia

Historia kanalak, BBC, The Guardian eta National Geographic izan dira, besteak beste, albiste hau zabaldu dutenak. Azken honek, zehazki, munduaren amaieraren 5 kausen artean kokatu du gertakari hau. Beste batzuek, ordea, espekulazio sinple bat baino ez dela adierazi dute. The Guardianek, esaterako, Hollywoodeko pelikulekin alderatu du, gionistentzat ideia ona izango zela aldarrikatuz. Delfteko (Holandan) Dutch Technical University ospetsuak ere egoera hau kritikatu du, sumendi horren eraginaren frogapen gutxi daudela aldarri eginez.

Dena den, Jucelino Nobrega da Luz igarleak gai honi buruzko kezka handiagotu egin du. Brasildar hau ospetsu egin da 11S, 11M, 2004ko Asiako tsunamia eta Italiak irabazitako mundiala iragarri ondoren. Bere ustez, megatsunamia 2013ko azaroan sortuko da. Zientziaren ziurtasun eza ikusita, jende askok beregan sinestea lortu du.

Mega tsunamiaZientzialari eta igarleez gain, komunikabideek ere eragin handia izan dute eta izaten ari dira hondamendi honen zabalkundean. Baina ez dokumentalen eta egunkarien ondorioz bakarrik, Estatu Batuetan jada nobela eta guzti atera dute. Bertan terroristek, misilen bidez, sumendia pitzatzea lortzen dute olatu ikaragarria sortzea helburu dutela. CSI: Miamik ere gai hau erabili du bere sailetan.

Baina zer egin?

Kaltetuak izango diren herrialde askok neurriak hartzen hasiak dira. Estatu Batuetan tsunamien alerta sistema hobetu da eta Espainiak sismografo berriak erosi ditu. Hala ere, Hegoaldeko Amerikak eta Karibeko lurraldeek ez dute honelako sistemarik eta ebakuazioak denbora barruan burutzea ezinezkoa egiten zaie. Ebakuazioaren arazoa konpontzeko, Kuba alerta sistema berri baten proiektua bultzatu nahian ari da lanean.

Oraingoz, ziurtasun osora iristea ez da lortu, baina nabaria da kezka handiagotzen ari dela. Beraz, badaezpadako neurriak hartzea beti onerako izango denez, kalteturik izan daitezkeen herrialdeak gehiago inbertitu beharko lukete zientzia arlo honetan.

[kml_flashembed movie="http://es.youtube.com/v/ArcWdSjAkRY" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 3 }

Kaxianoren omenez…

KaxianoEneko elkarrizketatzaileaKaxiano Ibarguren (Antzuola, 1932 – 2002) euskal soinujole ospetsuak Lizartzan eman zituen bere bizitzako urterik gehienak; horregatik eta gaztetan izandako istripu bat tarteko itsu geratu zelako, Lizartzako itsua ezizenez ezaguna zen eta da. Itsutu ondoren ikasi zuen soinua jotzen, akordeoi handia, hain zuzen ere. 2002an hil zen.

Joxepa Atxegari egindako elkarrizketa aurkezten dizuegu oraingoan. Joxepaz eta, bereziki, bere senarra izandako Kaxianori buruzko bitxikeriez eta bizitako hainbat pasartez arituko gara, Lizartzako itsua izandakoaren memoria gal ez dadin batik bat. Beraz, Kaxianoren omenez…

♣ Kaxiano, Lizartzako itsua, deskriba ezazu hitz gutxitan.
Niretzat munduko senarrik hoberena besterik ez. Bestela, pertsona ona eta denen laguna zen beti.

Kaxiano bertsolariekin ♣ Noiz eta nola ezagutu zenuten elkar?
Ezagutu? Txiki-txikitatik ezagutzen ginen. Bion gurasoak lagunak zirenez, Kaxiano nire baserrira askotan etortzen zen. Bost urterekin umezurtz geratu zen eta bere osabekin Antzuolara joan behar izan zuen. Helduago egitean, bost senideak Lizartzan elkartu ziren eta hogeita bi urterekin elkarrekin maitemindu eta hiru urtetara ezkondu egin ginen. Hiru seme-alaba eta zortzi biloba ditugu.

♣ Kaxiano gaztetan, 17 urterekin, geratu zen itsu Lizartzako tunela egiten ziharduela izandako eztanda batean. Esaten da gertaera honek ez zuela eraginik izan bere bizitzan. Egia al da?
Erraz gainditu zituen gertaera honek eragindako oztopo guztiak, batez ere, bere nortasun sendoak zuzendua. Hala ere, pentsa dezakegu zorigaitz hori zorion ere bihurtu zitzaiola, bere bokazioa landu baitzuen.

♣ Esan duzun bezala, gertaera honen ostean ikasi zuen akordeoia jotzen. Hala ere, bertsotan ere ibiltzen zela entzun dut. Hala al da?
Horrela da, bai, baina musikako ikasketak gertaera lazgarri hori baino lehendik bazituen eta soinua ere jotzen zuen noizbehinka. Hala ere, esan beharra dago ordutik ekin ziola gogo handiagoarekin. Braille sistema ere oso azkar ikasi zuen. Beti izan zen oso pertsona burutsua, ikasi izan balu urrutira iritsiko zen seguru. Gaztetatik koadrilarekin tabernetan zehar ibiltzen zen bertsotan. Jende aurrean kantatu zuen lehenengo aldian Uztapiderekin lehiatu zen. Berezkoa zuen bertsotan aritzea, bertso eskolarik gabe.

Axariak♣ Hasieran, akordeoiarekin ezkontzetan eta plazetan jotzeko ohitura zuen “Axariak” bere taldearekin. Askotan deitzen al zioten eta gustuko al zuen festa horietan jotzea?
Axariak taldea hiru lagunek osatzen zuten, saxofoi-jole bat, bateria jotzaile bat (azken postu honetan aldaketak izan ziren) eta Kaxiano bera soinuarekin. Plaza eta ezkontzetan jotzea oso gustukoa zuen bai, jendearen pozak ikaragarri animatzen baitzuten.

♣ Laster bere kantu propioak idazteari ekin zion. Ba al dakizu nondik ateratzen zuen inspirazioa kantak idazterakoan?
Hasiera-hasieran gaztelaniaz idatzitako kantuak euskaratzen jarduten zuen denbora. Geroago hasi zen bere abesti propioak paratzen eta diskoetxeak segituan deitu zion. Sei disko eta azken bilduma bat atera zituen. Hil zenean, beste batentzat materiala bazuen, baina hor segitzen du konpondu eta argitaratu gabe.

♣ Akordeoitik aparte, zein beste hobby edo zaletasun zituen?
Txistua, pianoa eta organoa ere jotzen zituen. Azken hau elizetan 30 urtez jo zuen eta bertako kantuak ere idazten zituen. Musikaz aparte, lagunekin kartetan, Braille kartetan, ibiltzea oso gustukoa zuen eta Lazkao Txikirekin hizketaldi luzeak izaten zituen, elkarri adarra joz ibiltzen ziren denbora osoa.

♣ Aipatu beharreko mania edo ohitura arrarorik?
Orokorrean ez. Hala ere, esan beharra dago oso perfekzionista zela eta ez zuen lanik uzten bere azken pasara bat eman gabe.

Joxepa emaztea♣ Ondo eramaten al zuen musikari, senar eta aita izatea?
Bai, harro zegoen aita eta aitona izatearekin. Asko maite zuen familia eta bere abesti asko guri eskainiak ziren. Hor dago bere bilobarentzat sortutako “Zorionak” kanta famatua.

♣ Kaxianok hainbat disko atera du. Denetatik zein duzu gustukoen? Eta kanta gustukoena?
Denak gustatzen zaizkit, baina egia da bati estimu berezia diodala, “Gaztea nintzen” abestia konkretuki, niri eskaini zidana. Bai, hori dut gustukoen. Antzuolan egindako omenaldian orkestrak jo zuenean, guztiz hunkiturik geratu ginen.

♣ Seme alabaren batek bere aitaren pausoak jarraitu nahi al ditu?
Alabak beti lagundu izan dio senarrari bere abestiekin, gehienbat hauek euskara egokira zuzentzen. Egun bi biloba piano ikasketak egiten ari dira eta esan beharra dago Kaxianoren herentzia artistikoa bete-betean jaso dutela.

♣ Zure ustez burutu al zituen bere proiektu eta amets guztiak?
Lehentxeago esan dizudan bezala, zenbait abesti argitaratu gabe geratu dira, bere gaixotasunak ezustean harrapatu baitzigun guztioi. Baina ziur nago bizi izandako guztia gustura igaro zuela, denekin oso esker onekoa baitzen, eta nahiz eta ia bizi osoa itsu pasatu, bizia nolakoa zen bazekiela esaten zuen, “Nere andrea beti gazte ikusten diat” zioen, noski, aurpegia ikusi zidan azken aldia 17 urte zituela izan baitzen. Honelako hitzek erakusten dute Kaxianok izandako nortasun sendoa eta alaia.

Agurtzen ditut maite minakin izatez zoragarriak Euskal Herriko baso ta mendi sagasti ta belardiak, errota zaharrak, errekatxoak, ibai eta iturriak, baserri, borda, mendiko ermitak eta ohitura garbiak.

Bere hitz propiorik ezin izan dut atera, bere abestietatik baino ez; halere, esan beharreko guztiak esanda ditu Kaxianok. Mila esker, Joxepa, solasaldi honengatik eta zorte on.


Comments { 9 }
-->