About ihintza

Author Archive | ihintza

EUSKAL HERRIA, EUSKARAREN HERRIA…

Basque_Country_location_map.pngDuela aste gutxi ospatu dugu Euskararen Eguna, abenduaren 3an, hain justu. Hau da ofizialki euskararen inguruko hausnarketarako eguna, gure hizkuntzaren bertuteak aldarrikatzeko aukera ematen digun eguna. Dena den, ez dugu ahaztu behar euskara momenturo dagoela gure artean eta, ondorioz, abenduaren 3a ez dela kinka larrian dagoen hizkuntza honen gogoetarako egun bakarra. Horregatik, urteko egun guztiek izan behar lukete euskararen eguna, euskaldunak garelako! Zoritxarrez, baina, halako egunen beharra badugu oraindik ere, euskararen egoeraz ohar gaitezen.

Antzinate zaharrenetik hasita, hizkuntzaren historialariek “Euskal Herria” bezala aipatu ohi den honetan euskaldunen herria eta hizkuntza elkarrekin ikusi izan dituzte. Etniaren hizkuntza propiotzat hartu izan da euskara, gu batzen gaituzten gauza guztien gainetik, euskaldunon oinarri.
Hizkuntza minorizatua da eta horretan eragin zuzena du bere inguruak. Euskal Herria nazio oso txikia dugu, bi estatu indartsuren artean kokatua. Frantzia eta Espainia, frantsesa eta espainola, elementu hauek dira euskara eta Euskal Herria zapaltzen, indargabetzen, ahultzen dutenak. Euskal Herri osoan hizkuntzak nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izan behar du, Espainiako eta Frantziako estatuen jazarpenik jasan beharrik gabe. Euskal Herria euskalduntzeko, ezinbestekoa da euskarak eskubide berdintasunean “lehiatu” ahal izatea, beste estatuek gaztelaniarentzat eta frantsesarentzat eskatzen dituzten bermeak ukatzen baitizkiote euskarari bere lurraldean. Hizkuntzen erabilera soziala hizkuntza politikaren ondorioa da, hizkuntza politikaren oinarria ofizialtasuna da, eta ofizialtasunaren euskarria legea.

Mundua hizkuntza askoren bizitokia izan da mendeetan zehar, nahiz eta gaur egun horietako asko desagertuta egon. Baina hizkuntzak hiltzea ez da halabeharrak nahitaez dakarren gertaera bat; aitzitik, galbidean jartzen duten arrazoiak aldakorrak dira. Jose Antonio Artzeren hitzek dioten modura, “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Askotan euskaldunok geure buruari leporatu izan diogu guk ez dugula gure hizkuntza nahikoa erabiltzen, litekeena dela gure utzikeriak euskara dagoen lekura eramatea. Hori izan da erabilpena lehentasunezko ardatz gisa hartzera bultzatu gaituena, beste esparruei behar adina garrantzi eman barik, baina esaterako… zein aukera du pertsona batek euskaraz lan egiteko lanbide horren prestaketa osoa erdaraz egitera behartu badute? Nola mintzatuko da herritar bat euskaraz administrazioko funtzionario batekin, sendagilearekin, postariarekin… hauek ez dakitenean? Bistakoa da anitz garrantzitsua dela euskaraz dakiten horien erabilpena, baina ezinbestekoa da ez dakiten horiek ere ikastea. Tamalgarriena ikasteko beharrik ez sentitzea da, herri honetako jatorrizko hizkuntzaren jabe izateko gogorik ez izatea.

Euskal herritarrok eskubidea dugu euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra izan dadin, Europako estatuen hogei hizkuntza ofizialek duten pareko ofizialtasunarekin. Hizkuntz politika berriak aintzat hartu behar ditu tokian tokiko baldintza soziolinguistikoak eta beharrezko progresioa bermatu. Asmo hau betetzen bada, Euskal Herria euskal giroan biziko da eta batzuei iruditzen ez bazaie ere, mesedegarria izango da, bai gure herriarentzat, baita gure inguruarentzat ere.

Euskararen egoera hobetu nahi dugunok badugu amets bat, ametsa baino harantzago iristea nahiko genukeena, fikzio izatetik etorkizuneko errealitate izatera iristeko desioa. Edozer egiteko prest gaude hala izan dadin, zenbait egitasmo, erakunde… sortuz, euskararen erabilera sustatzeko. Hezkuntzari dagokionez, Ikastolen Elkartearen festa (Gipuzkoako kasuan kilometroak) eta euskal eskola publikoen jaia. Bestetik, AEK euskaltegiak antolatzen duen Korrikaren festa, Bai Euskarari izenez ezagutzen dugun hizkuntza kontseilua… eta baita hain garrantzitsua den norbanakoaren lana ere, euskaljakintza webgune hau gertueneko adibidea dugula. Ezin esan genezake, beraz, besoak gurutzatuta geratzen garenik gure herriaren hizkuntza den honen galtzeko arriskuaren aurrean.

Azken hamarkadetako menpeko politikaren ezinetik hizkuntza politika berrira jo beharra daukagu, Euskal Herria Estatu euskaldun bilakatu, euskararen garrantzia eta beharra aldarrikatu, pausoak eman, aldarrikapenetik beharrera igaro. Eleaniztasuna bultzatu, inguruko hizkuntzak errespetatu, baina geurea den hori beharrezko bilakatu, behar hori gune orotara zabaldu. Hizkuntza bat hil ez dadin, beharrezko ditu hiztunak eta horretarako ez da aski dakitenek hitz egitea, ez dakitenek ere ikasi beharra dute, hiztun kopuruak gora egin dezan, Euskal Herria euskal hiztunez bete dadin, erabilpenera bultzatuz, era horretan Euskal Herria euskaldun bilakatuz. Guztion borroka da, guztion esku dago, guztiok erein beharreko hazia da, etorkizunean euskal fruiturik jaso nahi badugu, etorkizunean Euskal Herri euskaldun bat nahi badugu.

Jon Maiari duela hilabete batzuk egin nion elkarrizketa probestuz, hona hemen euskararen inguruan botatako bertsoa:

Comments { 1 }

Jon Maia:”Neure buruari ez diot mugarik jartzen, jarriko dizkit bizitzak berak”

Ihintza eta JonAsteazken euritsu batean Ikastolatik irten eta, nire ahizpa gidari nuela, Zumaiarantz abiatu nintzen hainbeste miresten dudan Jon Maia elkarrizketatzeko xedez.Duela 35 urte Urretxun jaioa dugu Jon Maia. Gaztetxo zenean, Zumaiara joan zen bizitzera eta bertan hasi zuen egun dena izatera iristeko traiektoria. Bertsolaritza, musika eta letragintza oso lotuta doaz zumaiar honen lanean. Bere beharretan oso argi azaltzen ditu bere jatorria eta ama-hizkuntza direla medio bizitako momentu gazi-gozoak eta egungo gizartean gori-gori dauden gertakizunak.

Autoa aparkatu, ordenagailua eta bideo kamera eskuetan hartu eta, kazetari moduan, hitzordua adosturik genuen lekura hurbildu nintzen. Etxera igo, besaulkian jesarri eta kafetxo bat hartu ondoren… hasiera eman genion gure elkarrizketari.

Idazten iaioa, abesten aparta, bertsotan paregabea… halakoxea zara zure jarraitzaileentzat. Baina zu, hauetako zein arlotan sentitzen zara erosoen? Eta deserosoen?
Erosoen bertsotan sentitzen naiz, hori baita umea nintzenetik egiten dudana. Hamar urterekin hasi nintzen, orain hogeita hamabost dauzkat, beraz, hogeita bost urte pasa ditut bertsotan. Hauxe da gehien ezagutzen dudana eta, hortaz, gehien kontrolatzen dudana, bat-batean sortzen ohituta nago jada. Idaztea lana da niretzat, kosta egiten zait idazten jartzea, honetarako gogo eta motibazio handia behar dut. Abesten ere ondo pasatzen dudala aitortu behar dut, hori kontzertuetan nabaritzen delakoan nago.

RiomundoRiomundo zure lehen eleberrian aipatzen duzunez, hasiera batean sobera zaila izan zen zuretzat euskaraz hitz bakar bat ere jakin barik euskaldun giroan bateratzea, kontu hau dela eta zure familiaz lotsatuz. Zein dira garai haien inguruan dituzun oroitzapenak?
Gaztetxo garaian hasiera-hasieratik Urretxuko ikastolara joan nintzen. Etxean erdaraz egiten zuten, eta beraz, nire hizkuntza gaztelera zen. Nahiz eta euskaraz ikasi ikastolan, bertan bai euskaldunek eta bai erdaldunek, ia denok hitz egiten genuen gazteleraz.

Gero, Zumaiara etorri nintzenean, hemen jendea, batez ere, euskaraz mintzatzen zen eta hor konturatu nintzen pixka bat zailagoa zela niretzat lehen bezala segitzea. Edade horietan beti izaten dira konplexuak eta horrelako gauzak, bakoitzak bere gauzengatik, eta nik ere banuen nirea; ez nuela hitz egiten besteek bezala euskaraz, hitz batzuk ez nituen ezagutzen… eta horrelako gauzak. Nik gaizki pasatzen nuen.
Lagunartean denek zituzten zortzi abizen euskaldunak, eta ze mania gainera denak esateko… nire abizen denak ardaldunak dira eta lotsa apur bat sentitzen nuen. Hori gutxi balitz, ama ez dakit nongoa eta aita bestekoa zutela ere aritzeko ohitura zegoen, eta orduan ere… isilik egon behar, ama Cabeza del Buey-koa baitzen, eta izen hori esatea ba… ez zen oso erosoa niretzat.
Kanpotarroi buruz nola hitz egiten zen ere entzun behar izaten genuen, belarrimotzak, maketoak koreanoak… denetarik deitzen ziguten. Hamar, hamabi, hamalau… urte izatean horrek denak eragin egiten du. Hortik etorri ziren nire lotsa eta konplexuak.

Apaizac ObetoApaizac obeto liburua idazterakoan Kanadara eginiko bidaian oinarritu zara. Asmo bereziren batek bultzatu zintuen bidaia hau egitera? Zer nolako esperientzia bizi izan zenuen bertan?
Abentura handi eta zoragarria izan zen, ez baitzen kirol marka bat egitea edo dena delako mendi gailur bat igotzera joatea izan. Euskal Herriko itsas historia berreskuratzea izan zen, espedizio ikusgarri baten bidez jendeari ezagutzera emateko modua, nolabait esateko, historiaren bila egindako bidaia bat. 2000 km inguru nabigatu genuen Kanadako ipar Atlantikoan, euskaldunek balea arrantzatzen zuten lekuetan. Ez nuen pentsatuko sekula horrelako gauza bat egingo nuenik, espedizio bat, baina kronista bat behar zuten hango kontuak idazteko eta… Esperientzia izugarria izan da niretzat, bukatu eta gero ere asko eman didana.

Hamaika urte zenituela Zumaiako bertso eskolan hasi zinen ikasten, eta gaur egun, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian hirutan izana zara. Jakin badakigu, gainera, Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko duzula. Nola doakizu prestaketa?
Duela gutxi hasi naiz zertxobait prestatzen, orain arte ez dut ezer asko egin, pereza handia ematen dit egia esan. Lehiaketa hor dagoela gogora ekartzea, hori da egin dudan gauza bakarra. Doinu berri batzuk hasia naiz probatzen, errimak lantzen… kontzentratzen hasteko hurbilketa bat. Gauza askotan ibiltzen naizenez, azkeneko txapelketetara batere prestatu gabe joan naiz eta, oraingoan, pixka bat finago ailegatzea nahi nuke.

Hainbeste urtez bertsotan murgildu ostean, zerk bultzatu zintuen musika talde bat sortzera?
Pixka bat bertsoen kontura dator taldea ere. Ez da hain harrigarria gure moduko bertsolariek musikan zerbait egitea, urte asko baitira musika munduarekin harremanetan nagoela; beste talde batzuei hitzak idazten, hala nola, Gari, Fermin Muguruza eta Benito Lertxundiri, kontzertuetan bertsotan egiten… oso hurbiletik bizi dugun mundua da, gure kultura delako. Garai bateko bertsolarien kasua ez zen egungoa, baina gu rock kulturatik gatozen bertsolariak gara eta horrekin harremanetan bizi izan gara beti.
Karidadeko Benta inguruko musikari lagunak ditudalako sortu zen. Enkargu bat eman zidaten eta bertatik tiraka-tiraka lan bat egin genuen. Jarraian, egina zegoen lanaz baliatuz, tonto-tonto sei urtez aritu gara lanean.

Karidadeko BentaKaridadeko Benta, izen honekin bataiatu duzue musika taldea. Nondik datorkio izen bitxi hau?
Garai bateko benta zahar batetik datorkio izena. Benta hau Billabona inguruan zegoen eta Pello Errotak bere bertso batean aipatzen du. Karidadeko Benta oso bertso famatua izan da, garai bateko sei bertsolariren izenak esaten dituelako bertso bakar batean eta denak zeuden Karidadeko Bentan. Beti egin zait kuriosoa leku hori imajinatzea, bertsolariak edatera eta kantatzera elkartzen ziren lekua, bidegurutze batean, gauak ere pasa zitezkeen tokia, oheekin eta guzti. Leku honek imajinatzeko bide asko ematen ditu.
Geure taldea pixka bat horrelakoa izan da, bidegurutze bat, gaua, bertsoa, musika, festa… izan dituena.

Talde hau gainontzeko euskal taldeekin alderatzean, begi bistakoa da aparteko doinua duela. Zertan euskarritzen zara musika mota hau sortzeko?
Musika Jon Manzisidorrek, gure taldeko gitarra-joleak egin ditu, batez ere, ia denak. Taldeko denok ezagutzen ditugu bertso doinuak, bertsoak… eta hasieran bide horretatik hasi ginen, gero, bertso izaera hori pixka bat alde batera utzi bagenuen ere, benetako kantuak egiten hasiz. Ez gara gitarra elektriko, bateria eta baxua daukan talde horietako bat, gure instrumentu motak ere, haizezko instrumentuek, perkusioak… musika mota hori egitera eramaten gaitu, mediterraneo aldekoa.

Dagoeneko kaleratuak dituzue hiru disko eta guztietan gizartean pil-pilean dauden zenbait gai jorratzen dituzue umorearen laguntzaz, hala nola, maitasuna, errealitate politikoa, etxebizitzen egoera… Zein da zure helburua abesti hauek idatzi eta abesterakoan?
Zerbait kontatzea, zerbait konkretuki, nonbaitetik jendearen arreta bereganatuko duena, esaten dugunagatik edo esateko moduagatik. Karidadeko Bentan istorio asko kontatu ditugu, pertsonaien bizitzak eta gaur egungo bizimoduaren gaineko hitzak, askotan umore handiz eta ironiarekin. Nik uste dut euskal musikan ez dagoela umorerik apenas, oso zaila da kantu bat entzunez barre egitea. Baina, nire aburuz, gure kantuek badute hori, umore handia. Eta posible da, gainera, gure zenbait kantu entzunda, dantza egiteaz gain barre egitea.

Haurrentzat, gaztetxoentzat, helduentzat… nori zuzendua dago zuen musika?
Egia esan, ez dago inori zuzendua, gure publikoa denetarikoa da. Zure adinekoak diren batzuk aurrez aipatu ditugun bateria, gitarra elektriko eta baxudun taldeen jarraitzaileak dira, baina ez denak. Zu baino helduxeagoak direnak ere hurbiltzen dira gure ekitaldietara eta haurrak ba… zenbait guraso eta hezitzailek esan didatenez, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoei deskantsatzen uzteko modu bakarra gure musika ipintzea ei da.

Karidadeko Bentak duela gutxi itxi ditu bere ateak. Ze zapore utzi dizu sei urteko ibilbide honen amaierak?
Espero genuena baino ibilbide luzeagoa egin dugu,egia esan. Ateak itxi ditugu, baina pozik. Talde batzuek gainbehera jasaten dutenean bertan behera uzten dute dena, baina hau ez da gure kasua. Azken sei hilabete hauetan inoiz baino jende gehiago bildu da gure emanaldietan eta Zumaiako Itzurun hondartzan jo genuen agurreko kontzertuan bi mila pertsona inguru elkartu ginen. Agurra, beraz, hunkigarria eta ahaztezina izan da. Oso gustura gaude taldea osatu dugunok.

Kanadara eginiko bidaiak liburu bat idazten lagundu dizu. Baina horrez gain, baliagarria al zaizu abestien letrak sortu eta bertsoak asmatzeko orduan?
Denak balio du. Ni ez naiz asko ibili munduan, baina bai, ibiltzen zarenean leku berriek, esperientzia berriek… material bat ematen dute beti, buruko disko gogorrean gordetzen dena. Jagondako hau noizbait atera egiten da kantu modura, liburu modura edo dena dela. Baina, auzoan buelta bat emanda ere berdin-berdin etor daiteke istorio bat burura ikusten den edozerekin.
Azken finean, jakintzaren osaketa, leku berrien ezagutza baino, jarrera mota baten emaitza da. Jarrera hau burua beti piztuta edukitzean datza, zauden lekuan zaudela, gauzak jasotzen aritzean. Hori da nire modukook egiten duguna.

Hainbeste saltsatan sartuta egonik, nola moldatzen zara bizitza pribaturako tarte bat izateko?
Batzuetan larri. Batzuetan oso zoroa eta irregularra da gure ibilera, edozein ordutan edozein lekutan baitzaude. Jendea lanetik etxera bueltatzen denean, astearte gau batean, esaterako, agian orduan hasten da nirea. Boladak izaten dira, baina ni hainbeste gauzetan batera ibiltzen naizenez, nahiko zoratuta ibiltzen naiz beti. Tarteka gertatu izan zait egun eta ordu berean bi leku ezberdinetan hitzordua izatea, gaizki apuntatu dudalako edo, eta bietakoren bat suspenditu edo atzeratu beharra izatea. Adibidez, duela astebete inguru, huts egin nuen Ordizian adostua nuen hitzordura eta elkarrizketa hau… nire burua zuritzeko aprobetxatuko dut, ordiziarrei barkamena eskatzeko.
Azkeneko lau urteotan hiru disko, bi liburu, bi txapelketa, espedizio bat eta zazpiehun bat emanaldi-bertso, hitzaldi eta kontzerturen artean- gauzatu ditut. Hori guztia, hain denbora gutxian eginda, seguraski gehiegi da eta ez da hain harritzekoa horrelakoak gertatzea. Guk, zoritxarrez, ez daukagu sekretario bat hartzeko adina diru eta hori dela eta, norberak egin behar du dena; sortu, administratu, kontuak eraman eta dena.

Bertsolari, idazle, abeslari, bidaiari… non ikusiko dugu etorkizunean Jon Maia?
Agian hor aipatu ez duzun beste zerbaitetan, auskalo. Nire bizitza zer izango den ez jakitea gustatzen zait. Horrela bizitzera ohitu naiz eta… zenbait gauzetan jarraituko dudala jakin nahiko nuke, baina beti nago prest gauza berriren bat ezagutzeko eta probatzeko. Nik behintzat neure buruari ez diot mugarik jartzen, jarriko dizkit bizitzak berak.

Ikus ahal izan dugunez, gure Jon Maia bertsolari, abeslari, idazle… eta nola ez, benetako solaskide jatorrak, bere traiektoria luze, aberats eta interesgarriaren berri eman digu elkarrizketa labur eta mamitsu honetan. Musika taldea desegiteak, zorionez, ez du esan nahi komunikabideetan agertzeari eta jarraitzaileei lan zoragarriak eskaintzen segitzeari uko egingo dionik, musika ez den beste arloetan jo ta su lanean jarraituko baitu oraingoz, eta berak dioen bezala, ahal bada baita arlo berrietan ere.

Solasaldi ezin atseginagoa izan zen. Hasieran urduritasun apur bat sentitu banuen ere, asko erraztu zidan lana. Nire iritziz, beraz, profesional aparta izateaz gain pertsona paregabea dugu Jon Maia eta biziki eskertu nahi diot nirekin elkarrizketa egiteko tarte txiki hura hartu izana, egun korapilatsu samarra izan baitzuen.

Azkenik, hona hemen solasaldiaren amaiera borobiltzeko euskaljakintzari eskaini zion bertsoa:

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docid=2334730152644741046" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

Jarraian, elkarrizketa osorik eta Jon Maiaren Ia guriak egin du abestia entzungai:

[kml_flashembed movie="http://www.goear.com/files/localplayer.swf" width="366" height="75" fvars="file=9d86a0b" wmode="transparent" /]

[kml_flashembed movie="http://www.goear.com/files/localplayer.swf" width="366" height="75" fvars="file=30ac950" wmode="transparent" /]

Comments { 14 }

Madeleine, bahiketa edo ustekabeko heriotza?

Gaur dira, hain justu, 151 egun telebista piztu eta Maddie txikia desagertu zelako albistea entzun genuela. Ez da lehenengo haur aienatua eta zoritxarrez ez da azkena izango, baina kasu honek badu besteetatik bereizten duen zerbait, komunikabideen nahiz gizabanakoengan sortu duen interes itzela, hain zuzen.Madeleine McCann, lau urteko neskatila britainiarra, Praia da Luzera (Portugal) joana zen bere guraso eta neba-arreba bikiekin udako oporrak igarotzekoMadeleine xedez. Maiatzaren 3ko gauean, McCann senar-emazteak lagun batzuekin afaltzera irten ziren oporraldia pasatzeko alokaturik zeukaten etxetik 100 m ingurura zegoen “Tapas ” izeneko tabernara, seme-alabak etxean lo utzita. Kate andreak aitortu zuenez, ordu-erdiro hurbiltzen omen zen haurrak ea ondo zeuden ziurtatzera, nahiz eta lekuko batzuek mozkortuta zegoela aitortu zuten. Baina 21:30-22:00 bitarte horretan joan zenean, bere alaba zaharrena falta zela azaldu zuen. Madeleinen amaren esanetan, etxea ez ei zegoen berak utzi bezala, leihoa eta atexka bat irekita baitzeuden.

Gertakizun honen berri izan bezain laster, bai polizia britainiarrek, bai portugaldarrek kasua sakonki aztertzeari ekin zioten. Ez da erraza poliziaren hipotesiak azaltzea, batzuetan ez baitute elkarrekin ere bat egiten. Hala ere, badaude egun ziurtaturik dauden froga ukaezin batzuk, McCanndarrek alokaturiko etxe eta autoan (ustezko bahiketa gertatu eta hogeita bost egunera alokatua) aurkitutako odol arrastoen emaitzak kasu. Poliziaren ikerketen arabera, ediren zituzten odol markak %100ean Maddierenak dira. Aurkikuntza horiez gain, Kate andereak etengabe eskuetan duen Madeleinen panpinan ere nabaritu zuten hilotz usaina gorpuak detektatzen adituak diren txakur hauek, gau hartan bertan hil zela ondorioztatuz. McCann senar-emazteei Madeleine txikiari lasaigarriak eman izana leporatu diete, lo sakon batean murgildu zedin, oso ipurtarina baitzen. Litekeena da behar baino erlaxagarri dosi handiagoa ematea, ezusteko heriotza sorraraziz.

ustezko MadeleineBada, hala ere, haur britainiarra bizirik dagoela pentsarazten diguten zenbait datu. Alde batetik, gizabanako biren aitorpenak ditugu. Bi pertsona hauek ez zuten elkar ezagutzen, baina testigantza biak bat zetozen. Hauen esanetan, maiatzaren 9an lau urteko neskatxa Marrakechen (Maroko) ikusi zuten, Ibis hotelean. Lekukoetako batek jakinarazi zuenez, haurra lar triste ei zegoen, bere aita ez zirudien gizon batekin, ama noiz ikusiko zuen galdetuz. Lekukotasun hau bere horretan geratu zen, froga faltak zirela medio. Duela egun batzuk, gainera, argazki bat agertu zen hedabideetan. Erretratuan magrebiar familia bat erreparatu zitekeen, emakume batek haur ilehori bat besoetan zeramala. Poliziak argazkia eskuartean izan zuen bezain laster familia hartara jo zuen, baina oraingo honetan ere esperantza guztiak bere horretan geratu dira, ume ilehoria familia haren beraren alaba dela jakitean. Hori ziurtatzeko nahikoa izan da Madeleinek duen aparteko ezaugarri batean oinarritzea, izan ere, eskuineko begian orban txiki bat dauka eta argazkiko txikiak ez du bereizgarri hori.

David BeckhamAita SantuaDesagerpen honek sekulako oihartzuna izan du mundu osoan zehar, famatu anitzen laguntza jasoz. Hala nola, David Beckham futbolari ospetsuak egin zuen iragarkia Maddie aurkitzen laguntzeko deia eginez eta McCandarrek Erromara eginiko bidaia Aita Santuari laguntza eskatuz. Bestalde, hain ezagunak ez diren zenbaitek ere sekulako laguntza ekonomikoa eskaini diete, dirutza honen patua zein izango den inork ez badaki ere.

Igaro den denbora luze honetan pista ugari jaso diren arren, gehienak baliogabetuak izan dira, aurrez aipatu dugun modura. Gurasoen jarrerak ere zeresan handia eman du, ez baita ohikoa honelako jazoera baten aurrean hain jokaera hotza agertzea, negar malko bakar bat ere isuri gabe kameren aurrean behintzat. Dagoeneko lau hilabete pasa dira gutxi gorabehera, baina zenbat gehiago beharko dira kasu hau argitzeko? Gurasoek ba al dute zerikusirik alabaren desagerpenarekin? Argituko al dira sorturiko galdera guztiak? Madeleine, bahitu edo ustekabean hil dute?

[kml_flashembed movie=”http://www.youtube.com/watch/v/SwqP2j00AsA” height=”425″ width=”350″ /]

Comments { 2 }
-->