Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

About Iker Otaegi

Author Archive | Iker Otaegi

Kirol epaileen aurrean ere, errespetuz!

Wikimedia Commons

Wikimedia Commons

Azkenaldian, gero eta gehiago entzuten dira kiroletako norgehiagokak zuzentzen dituztenen aurkako irainak. Egundokoak entzunarazten dizkiote epaileari, batzuetan akatsen bat egin izana leporatzeagatik eta besteetan ikusleak honek hartutako erabaki zuzenarekin ados ez egote hutsagatik. Noiz arte jarraitu behar dugu hauei iseka egiten? Hementxe esandako honen guztiaren adibide garbi bat. Goazen, bada, gai hau atalez atal aztertzera.

Hasteko, epaileak gizakiak dira eta akatsak egin ditzakete, beste edonork egin ditzakeen bezala. Hori horrela izanik, beste edonori egingo litzaiokeen modura hutsegiteagatik ez litzaieke errespetua galdu behar, guri besteek egitea gustatuko ez litzaigukeena ezin diegu haiei jasanarazi. Baina hainbat kirolzalerentzat euren bihotzeko taldeak lehia irabaztea epaileekiko errespetua izatearen gainetik dago. Dirudienez, zelaiko jokoa agintzen dutenei egundokoak esateko gai dira beraien gustuko taldeak irabaz dezan. Talderen bat barru-barruan eramatea ongi egon daiteke, baina besteren batekin errespetuz ez jokatzea ez da bidezkoa, ezta gutxiago ere.

Gainera, arazo honen bukaera urruti samar ikusten da, zoritxarrez; ez da egun batetik bestera bukatuko buruhauste hau. Beraz, martxa honetan, gero eta epaile gutxiago izango ditugu, lana erabateko presiopean eta jasan beharko dituzten kritikak medio ez duelako jende askok pauso hori emango. Komunikabideek ere ez dute laguntzen arazo honen konponbidea aurkitzeko garaian, kritika asko egiten dizkietelako zelaietako agintari hauei eta behin baino gehiagotan partiduaren emaitzaren erruduntzat jotzen dituztelako. Hau ikusita, epaile izan nahi duten asko atzera botako dira eta ez dute nahi duten lana egiterik lortuko.

Hala ere, egongo da dirutza handia eskuratzen dutela eta hain irabazi handien truke iraintzea  jasan beharko luketela esango duenik, baina ez dira jabetzen zenbaterainoko sufrimendua eragiten duten iseka horiek guztiak epaileen gorputzetan eta zenbat erraztuko litzatekeen hauen lana hori jasan behar izango ez balute. Herrialde batean baino gehiagotan jada nazkatu dira eta grebak egin dituzte beraien egoera salatzeko. Brasilgo kasua izan da horietako bat.

Hau guztia dela medio, zera esan daiteke: egoera honek aurrera jarraituz gero, gero eta epaile gutxiago izango dira zelairatzeko prest. Eta kirolean derrigorrezko direnez, arriskuan egotera irits daiteke kirola denbora batera, kirolzaleen kalterako. Horregatik, jar dezagun guztiok gure aldetik eta izan diezaiegun errespetua epaileei kirolaren eta ikuskizunaren onerako.

Comments { 0 }
-->