About irene.usabiaga

Author Archive | irene.usabiaga

Teknologiak langabeziara narama?

XVIII. mendea gertakari askorengatik da gogoangarri, baina horietatik garrantzitsuenetakoa mende amaieran hasi eta gaur egun izugarrizko garrantzia duen Industria Iraultza dugu. Hasieran, makina hauek enpresa baten produktuak azkarrago egiteko, ontziratzeko eta abar erabiltzen hasi ziren, enpresaren produktibitatea hobetzeko asmotan. Honela, autoa eta antzeko garraio batzuen sorrerara heldu gara; baita telebista, ordenagailua, telefonoa… izatera ere. Aurrerapen hauek guztiek gizakiarentzat erraztasun ugari ekarri dituzte, eta, hauetariko bakoitzaren garapen edo hobekuntzekin batera, gero eta erraztasun handiagoak. Hala ere, egun, aurrez aipaturiko jardueretarako baino arlo gehiagotarako erabiltzen dira tresna hauek eta horren adibide garbiak dira robotak: irakasle, zerbitzari, kirolari, gizarte laguntzaile, musikari… lanetan aurki ditzakegu asko eta asko. Mediku lanetan ere ikusi izan ditugu zenbait tokitan.

Honek guztiak gizakiaren beharraren gutxitzea dakarrela uste du askok, eta sufritzen ari garen krisia dela eta, makina hauek lanpostu ugari lapurtzen ari dizkigutela. Dena den, errealitateak erakusten digunez, herrialde mekanizatuenak herrialde garatuenak dira. Estatu Batuak eta Japonia dira batez ere, adibide honen erakusle. Munduko bi potentzia nagusiak dira egun eta horiek dira, justuki, honelako industria motan aurreratuenak dauden herrialdeak. Japoniaren adibidea are eta garbiago da, hiru mendez isolatua egon eta gero, Estatu Batuak berak bultzatu zuen modernizazioaren booma etorri zenetik hasi baitzen ekonomia egoera hau garatzen.

Gizatasun galera hau, beraz, atzerapena ala aurrerapena?

Niri ulertzekoa egiten zait jendeak makina hauekiko desadostasun hau agertzea. Krisi garaia dela eta, lanpostu falta asko dago eta, gainera, beste asko desagertzen ari dira, jostunen kasu. Aparatu hauek gizakia ordezka dezaketela ohartzen garenean, makina hauen baliagarritasuna dudan jartzen dugu. Halaber, nire ustean, modernizazioaz hitz egitean, askotan aurrez aipaturiko robot hauetan edota antzekoetan besterik ez dugu pentsatzen, eta ez gara garraioez, etxeko tresna elektrikoez edota, esaterako, telebista bat egiterakoan erabiltzen diren makina guztiez gogoratzen. Ez gara ohartzen makina hauengatik guztiengatik ez balitz, lana izugarri atzeratuko zitzaigula, eta orain ditugun erraztasun asko eta asko usaindu ere egingo ez genituela.

“Robot profesional” hauen erabilpena ohikoa egiten ez zaigun arren, hemendik urte batzuetara erruz erabiliko ditugula uste dut nik eta jarduera honekin aurreratuko dugunarekin beste lanpostu berri batzuk sortuko direla, hala nola, hauen fabrikaziora edota inbestigaziora bideratutakoak. Era berean, telebista, ordenagailu, telefono edota musika-erreproduzitzaileen arloan ere izugarrizko eraldaketa egongo delakoan nago. Honek ez du esan nahi hauen inguruko lanpostuak soilik sortuko direnik; izan ere, orain dela urte batzuk gaur ditugun bidaia-agentzia edota aseguru-agentziak hain ohikoak izango zirela imajinatuko al genuen?

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: denborarekin gauzak aldatzen doaz eta aldaketa honen kausa nagusienetako bat eboluzio teknologikoa dela esan genezake. Lanpostu ugarien desagerpena eta beste askoren gainbehera ekarri duen arren, lanpostu berri askoren sorrera ekarri eta ekarriko du, eta, orokorrean, gizakiaren aurrerapena eta erraztasuna dakar. Beraz, teknologia berri hauek begi txarrez ikusten dituzuen guztioi egun batez produktu teknologikoak baztertzea gomendatzen dizuet hauen beharrezkotasunaz ohartzeko eta lanpostu ordezkatzaile hauen garrantziaz ohartzeko. Gai izango al zinatekete?

Comments { 1 }
-->