Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

About Itziar Gaztanaga

Author Archive | Itziar Gaztanaga

Xabi Alonso: “Txikitatik Urrezko Danborra jaso zitekeen saririk garrantzitsuena dela pentsatu izan dut, Nobela edo beste edozer baino gehiago”

Batxilergo 2. mailara iritsi aurretik ere, lehenengoz entzun nuenean beste urte batzuetako ikasleek euskaljakintzan pertsonaia ezagun bati elkarrizketa egiten ziotela, garbi izan nuen nori egin nahi nion nirea, momentua iritsitakoan: Xabi Alonsori. Kontatzen nuonean, denek ezinezkotzat hartzen zuten; halere, zaila izango zela jakin arren, ahalegin guztiak egin eta aitonaren bitartez lortu nuen. Eguna iritsi eta, goizeko hamarretan Madrilen egon behar genuenez, seietan abiatu ginen Ordiziatik. Iritsi ginenean masaje-emailearekin zegoen Xabi eta pixka bat itxaron behar  izan genuen. Hura urduritasuna! Imajinatzen duzue ni han zain, Santiago Bernabeuko instalazioetan eta Mourinho prentsaurreko bat ematen inguruko gelan? Xabier etorri zenean, aldiz, lasaitasun handiz hartu nuen guztia, oso eroso sentiarazi baininduen. A ze esperientzia!

Hasteko, Xabi, atzera egingo dugu, ondo iruditzen bazaizu. Zure hasiera futbolean Antiguokon izan zen, Donostiako talde batean. Ondoren Errealak fitxatu, eta bertan jubenil mailan han egon eta gero, 18 urterekin, lehenengo taldera iristea lortu zenuen. Baina, garai hartako entrenatzaileak, Clementek, Eibarrera eraman zintuen. Toshackek, berriz, zure talentua ikusita, berriro ere Errealera eraman eta, gainera, kapitaina izatera iritsi zinen. 2002-2003 denboraldian ligako jokalaririk onena aukeratu zintuzten. Bertan hasi zen zure benetako karrera profesionala. Hasierako uneren batean, hau da, Antiguokon edo Errealen zeundenean, inoiz ikusi al zenuen zure burua futbolari profesional bezala? Kontatuko al diguzu garai hartan nola bizi izan zenuen guztia? Ez, egia esanda, ez. Ez nuen futbola helburutzat. Txikitan denetan ibiltzen ginen anaia eta biok auzoko lagunekin: futbolean, eskupilotan, tenises… Hala ere, garbi dago futbolean gaitasun gehiago nituela eta, horregatik, Antiguokora joan nintzen. Oso talde onak izaten dira bertan baina, dena den, ez nuen inoiz pentsatu futbolari profesionala izatera iritsiko nintzenik. Orduan, Errealera pasatu nintzenean, pixka bat gertuago ikusten nuen nire burua profesional bihurtzetik – estruktura profesionalera igarotzen zarelako eta oso ezberdina delako-, baina inoiz ez hona iritsiko nintzen susmoarekin.

Askotan ikusten ditugu ikasketak alde batera utzi izandako goi-mailako kirolariak. Harritu nau jakiteak, zure kasuan, ez zenituela baztertu unibertsitateko ikasketak zure semea jaio baino pixka bat lehenagora arte. Zergatik erabaki zenuen zure ikasketekin jarraitzea? Nork bultzatu zintuen hori egitera? Alde batetik, norberak bere burua bultzatu eta indarra eduki behar du ikasketekin jarraitzeko. Denok dakigu futbolean murgilduta egotea oso lan intentsoa dela, baina, aldi berean, tarte bat aurkitzen nuen ikasten jarraitzeko, batik bat Donostian nengoenean, bertan nire lagunak asko laguntzen nindutelako. Liverpoolera joan nintzenean, aldiz, gero eta zailago izaten zen, partidu asko izaten bainituen eta, gainera, distatziak ere hainbat zailtasun ekartzen zizkidan. Horrela, Enpresa ikasketak 3.mailan utzi nituen. Halere, etorkizunerako proiekturen bat egiteko ere balioko didala uste dut. Beste aldetik, gurasoek txiki-txikitatik ikasketak jarraitzera bultzatu gaituzte etxean eta gauza guztiak ongien eramatera: bai futbolean gauzak ondo egitea eta baita ikasketetan ere. Gure etxean lehenengo ikasketak zeuden eta, ondoren, futbola.

2004an, Liverpool bezalako talde handi batek eskaintza luzatzen dizu. Berehala erabaki zenuen Ingalaterrara joatea edo, kontuan izanda familia eta lagunak hemen uzten zenituela, hausnarketa sakon baten ondorioz hartutako erabakia izan zen? Nola bizi izan zenuen une hura? Garbi dago familia eta lagunak utzi behar nituela, baina hor egongo ziren beti, ez ziren desagertuko. Egia da denbora bat egongo nintzela kanpoan, baina une horretan hartu nezakeen erabakirik onena zela eta pauso garrantzitsu bat emateko momentua zela iruditu zitzaidan. Beraz, iritsi nintzen Liverpoolera. Ezaguna zen, baina aldi berean bazituen zenbait alderdi ezezagun ere. Izugarria eta oso berezia den klub batera iritsi nintzen, eta bertan bost urte igaro eta gero, esan dezakeet niretzat oso esperientzia ona izan zela.

Aita Perikoren futbolari ibilbidea Errealean hasi zen, eta gero Barcelonara jokatzera joan zen. Beraz, etxean ez zen aldaketa bat gertatzen zen lehenengo aldia. Garai eta egoera ezberdinak izan ziren zuk Real Madridera jokatzera joateko eskaintza jaso zenuenean. Nola hartu zuten etxekoek, lagunek…? Badakigu, han, Euskal Herrian, Real Madriden zale den jendea badagoela, baina ekipo honen aurka dagoen jendea ere oso ugaria da. Guztiarekin ere, ingurukoek bazekiten nire erabakia zela eta, aldi berean, nire karreran oso pauso garrantzitsua. Gainera, momentu haietan babes handia eman zidaten eta oraindik ere babes hori daukat. Gure aitak Bartzelonan jokatu arren, berak bere karrera izan zuen eta hau nire karrera da; beraz, hori ez zen inolako arazoa izan.

Liverpoolen bost urte egon eta gero, 2009ko abuztuaren 5ean, Real Madridera joan zinen. Txuriz jantzita jokatu zenuen lehen partidua Errealaren aurka izan zen, honen lehen mendeurrenaren ospakizuna zela eta. Egun berezia izan zen Errealarentzat, eta zuretzat ere hala izango zela pentsatzen dut. Zer sentitu zenuen ospakizun hartan aurkariaren taldean jolastu zenuenean? Arraro sentitu al zenuen zure burua? Bai, horixe! Errealetik atera ondoren Anoetan jokatzen nuen lehen partidua zen eta, gainera, horrelako ospakizun baten aurrean! Merezi izan zuen bertan egotea, kontuan izanda Real Madridekin jokatzen nuen lehen partidua zela. Momentu horretan gauza asko batu ziren une berean, eta horregatik oso egun polita eta benetan berezia izan zen ospakizun hura Anoetan. Gainera, Real Madrideko klubak Errealarekiko oso jarrea ona izan zuela uste dut.

Gatozen orain gertuagoko garaietara. Espainiako Selekzioko partaide zara duela urte batzuetatik. Zer da bizipen honek ekarri dizun alderdirik positiboena? Zer azpimarratuko zenuke? Eta zer ezabatu? Izugarrizko pribilegioa da talde horretan egotea.Konpetibitatea urtez urte handigoa da eta azken urte hauetako arrakastak exijentzia gehiago eskatzen dio bakoitzari. Batik bat Eurocopan eta Mundialean bizi izan ditudan esperientziak hor geldituko dira. Talde horretako partaide izateaz oso harro nagoela esan nezake.

Comments { 6 }

Hurrengo eguneko pilula, konponbide ala arazo?

Denok entzun dugu hurrengo eguneko pilula oso maiz kontsumitzea txarra dela, baina benetan ez diogu inoiz garrantzi handirik eman. Duela hilabete batzuk, El Diario Vasco-ko artikulu batean 23 urteko emakume bati jazo zitzaion gertaera tamalgarria irakurri ondoren, benetan ez dela txantxetan hartzeko ezer konturatu eta horri buruz idaztea erabaki nuen.

Gaiaren haria jarraitzeko, 23 urteko neska gazte batek garun-infartu bat pairatu zuen. Madrilgo ospitale batean ari dira kasua aztertzen eta askok diote hurrengo eguneko pilularen ondorioz jasan zuela infartu hau. Hala ere, badago susmo txiki bat gaixoak jasaten zituen migrainen ondorioz izan zela. Beraz, kasu honek sortutako buruhaustearen ondorioz eginiko gogoetarekin jarraituko dugu, nahiz eta oso garbi ez izan albo-ondoriorik baduen.

Benetan egokia dela iruditzen zaizue pilula hau antisorgailu bezala erabiltzea? Egia bada inongo albo-ondoriorik ez duela eta honen gehiegizko kontsumoa ez dela desegokia, zergatik ez erabili, orduan, antisorgailu moduan? Lehen aipaturiko gertaera tamalgarri horretan, oraindik ere ez dute erabat ziurtatu, baina, teoria moduan, pilula honen ondorioz neska gazte honek ictus bat jasan duen aztertzen ari dira. Dena den, ez dute baztertu beste hainbat kausa.

Egia da larrialdiko une batean, haurdun gaudela uste dugunean, pilula honek estuasun batetik atera gaitzaikeela; baina, nire uste apalean, kontuan izan beharko genuke, behin eta berriz erabiltzekotan,  ustezko albo-ondorio hauek: goragaleak, bertigoa, nekea, bularretako mina eta hilekoaren gorabeherak…

Gogoeta honi amaiera emateko, zera esango nuke: nahiz eta hainbat eta hainbat emakumek pilula hau antisorgailu modura erabili eta ezer ez gertatu edota nahiz eta horren ondorioz inongo albo-ondoriorik ez duela pentsatu, zer gertatuko litzateke kontrakoa gertatuko balitz?  Eta kontu pixka batekin erabiliko bagenu?

Comments { 1 }
-->