About Jone Agirre

Author Archive | Jone Agirre

Paperik ez, osasunik ez

FlickrCC, José Goulão

Azken urteotan 2008an hasi zen krisia dugu hizpide. Argi dago beharrezkoa dela sartuta gauden zurrunbilo honetatik irteteko gobernuak hainbat neurri hartzea osasungintzan, hezkuntzan, etab. Baina osasungintzan hartu diren hainbat neurrik ez ote dute gure osasuna arriskuan jarriko?

Espainiako gobernuak ezarri duen Errege Dekretu bidezko lege berriaren arabera, paperik ez duen etorkin orori osasun txartela kenduko zaio. Hala, osasunerako doako eskubidea galduko dute, eta ordainduz gero soilik izango dute aukera osasun zerbitzuak erabiltzeko.

Aipatutako lege hau oraingoz Espainiako erkidego gehienetan ezarri da, PPk agintzen duen erkidegoetan hain zuzen ere, eta horien artean Nafarroan. Gobernuaren arabera, murrizketa horien bidez, 500 milioi euro aurreztea lortuko da Espainian osasun alorrean. Bestalde, Inmigrazioaren Nafarroako Behatokiak aurreikusten du legeak Hego Euskal Herrian soilik 21.500 pertsonari eragingo diola. Hala, nolabaiteko debaldeko arreta jasotzekotan, larrialdietan baino ez dute izango aukera hainbat eta hainbat etorkinek. «Egia da azken boladan gero eta zailtasun gehiago jartzen ari zirela txartela lortzeko, baina eskubidea hor zegoen. Eskubide hori kendu dute orain», salatu du SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek.

Maiz entzuten dira azkenaldian medikuntza pribatizatzeari buruzko zurrumurruak, eta onartu berri den lege hau, ondoren etorriko den pribatizazio prozesu hori ahalbidetuko duen pauso bat baino ez delakoan nago.

Bestalde, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. atalak dioenez, “pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak”. Kontuan izan al dute hori lege berria ezartzean?

Sendagileen ikuspuntutik begiratuta ere, dilema moral bat sor daiteke. Izan ere, mediku egiten den pertsona orok zin egiten du laguntza behar duen edonori eskainiko dizkiola bere zerbitzuak sexu, adin eta arrazari erreparatu gabe. Hori ere kolokan jartzen du aipatutako arauak. Dena den, badira zenbait sendagile lege honen aurka egin dutenak eta etorkinei bere zerbitzuak eskaini dizkietenak.

Baina gertatu da Gipuzkoan bertan kontrako egoera bat ere, nahiz eta EAEn oraindik ez den lege hau aplikatu. Emakume marrokiar bat erditzera joan zen, eta ordaindu ezean ez ziotela lagunduko adierazi zioten ospitaleko langileek. Berak, ordea, ez zuen ordainketa papera sinatu nahi izan, hura osasun publikoko ospitale bat zela argudiatuz. Azkenik, erditzen lagundu zioten, baina hasierako jarrera ezkorra argi ageri da kasu honetan.

Beraz, krisiari aurre egiteko hainbat arlotan aldaketak egin beharko direla ikusten da, baina ez zait iruditzen horretarako lege atzerakoiak ezarri behar direnik, atzerritarrei osasungintzan aplikatu zaien hau bezala. Etorkin izan edo ez osasungintzak doakoa izaten jarraitu behar luke, oinarrizkoena gizarteko kide guztien segurtasuna bermatzea baita.

Comments { 3 }
-->