Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

About Natale Irastorza

Author Archive | Natale Irastorza

Berdintasuna ez da inorentzat kaltegarri

Emma Watson (Argazkia: kruufm.com)

Agian, zuetako batzuk ikusiko zenuten Emma Watsonek, duela ez asko, NBEn (Nazio Batuen Erakundean) eman zuen mintzaldia. Batzuei izena arrotza egingo zaizuen arren, ziur nago denek ezagutzen duzuela Harry Potter saga famatuaren protagonistetako bat den Hermione Granger. Bada, hau Borondate Oneko Nazio Batuetako enbaxadore izendatu zuten duela sei bat hilabete, eta, aipatutako egunean, bai bertako gainerako enbaxadoreak eta baita ia mundu osoa ere liluratuta utzi zuen hitzaldia egin zuen. Zein zen gaia? Feminismoa. Baina ez gaur horren zabaldua dagoen gizonen aurkako feminismoa, eta ezta emakumeek bakarrik defendatzen dutena ere; bi generoen arteko berdintasuna aldarrikatzen duena baizik. Eta hori da, hain zuzen, idatzi honen nahia, feminismoari buruzko ikuspuntu desberdin bat ikusaraztea.

Too Young to Wed (Irudia: National Geographic)

Too Young to Wed (Irudia: National Geographic)

Ezer esan aurretik, kontuan hartu behar da gaur  egun dugun egoera. Unicef erakundearen arabera, adinez txikikoak izanda, ezkontzera -gehienetan haien adina hirukoizten edota laukoizten duten gizonekin- behartu dituzten 700 milioi emakume bizi dira gaur egun. Are gehiago,  gaur egun hiru emakumetatik bat hamabost urte baino lehenago ezkontzera behartua izan da (250 milioi bat ume). Eta, noski, ez dira ahaztu behar haurdunaldien ondorioz gertatutako heriotzak. Egoera hau bidegabekoa eta penagarria den arren, ez dugu muturretako kasuetara jo behar bi sexuen arteko bereizketa nabaritzeko. “Garatutzat” ditugun lurraldeetan ere badaude diskriminazioak.  Urruti joan gabe, Espainian bertan egunero 3,6 salaketa jartzen dira emakume batek lanorduan diskriminazioren bat jaso duelako, bai soldatagatik, bai sexu-jazarpenagatik, bai amatasunagatik eta baita beste hainbat arrazoirengatik ere. Zentzuzkoa iruditzen zait, beraz, egoera bidegabeko hau eta baita mundu osoan zehar gertatzen diren antzeko egoerak salatzea, amaiera ematen saiatu eta berdintasuna defendatzea.

Sarean feminismoa aldarrikatzen duten blog batzuetan ibili eta gero, konturatu nintzen badagoela esaten duenik feminismoa emakumeei dagokigun arloa dela eta emaztekienganako gutxiespen eta diskriminazioari amaiera emateaz eta gizonezkoek duten adinako botere eta eskubideak lortzeaz emakumeok arduratu beharko ginatekeela, beste sexuari parte hartzen ez utziz. Baina NBEko Borondate oneko enbaxadore den 24 urteko gazteak ederto azaldu zuen bezala, definizioz feminismoak zera esan nahi du: emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasuna aldezten duen dotrina. Beraz, ba al du inongo zentzurik mugimendu honetan parte hartu nahi duten gizonak aldentzea? Hau da, nola da posible feminismoa mundu osoan zabaltzea eta ideia hau biztanle guztiek partekatzea, mezua gaur egun bizi garen pertsonen erdiarentzat zuzenduta badoa eta erdi honek bakarrik parte hartzen badu?

Irudia: DevianArt, CC

Irudia: DevianArt, CC

Gainera, sexuen arteko bereizketaz hitz egiten dugunean emakumeongan soilik eragiten duela pentsatzen dugu, bereizketa honek mutil eta gizon askorengan ondorioak badituela ahaztuz. Gizonezkoak espektatiba batzuk betetzera behartuta daude nolabait. Hau da, gizon bat ausarta izatea espero da, inoiz negar ez egitea, sentimendurik ez azaltzea,  indartsua izatea, kirola eta indarkeria gustatzea… Emakume bat, aldiz, jatorra eta sentibera izatea, amatasuna gustatu eta haurrak eduki nahi izatea, itxuragatik arduratzea, etab.

Beraz, bi generoen arteko bereizketa honek bai gizonezkoei eta baita emakumezkooi eragiten digunez gero, zergatik ez borrokatu biok batera berdintasuna lortzearren? Hor dago koska; mugimendu honek defendatzen duen bi sexuen arteko berdintasuna lortzeko gakoa: batasuna. Bai gizonek eta baita emakumeek ere, erizkidetasunean diskriminazio eta bereizketaren kontra borrokatzea. Artean ditugun desberdintasunak alde batera utzi eta helburu berdinaren alde egitea.
Emma Watsonen hitzaldia ingelesez, azpitituloekin:

 

Comments { 0 }
-->