Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

About xuban.telleria

Author Archive | xuban.telleria

Lo egiteko bidaia

Aurrekoan, nire lehengusu txikiarekin Bilbora autoan nindoala, 4 aldiz galdetu zuen ea iritsi ginen, baina behin eta berriz erantzun bera jaso zuen: EZ! 7 urteko lehengusua ere kontziente zen gurasoek euren artean aipatutako legedia berriak ekarritako ondorioez. “Aita polikiegi zoaz, berandu iritsiko gara!” “Barkatu, baina pixka bat azkarrago joanez gero isuna jarriko digute”.

Argi eta garbi ikusten da abiadurari lotutako legedia berri honek zeresan handia ekarri duela. Autobietan eta autopistetan 110 kilometro orduko abiaduran zirkulatu ahal da gehienez. Petrolioa garestitzen ari da, eta Alfredo Perez Rubalcabak dio petrolio barrila hamar euro igoz gero, 6.000 milioiko gastua ekarriko lukeela. Horregatik, abiadura berri honetan ibiliz gero, 18 milioi aurreztuko liratekeela aurreikusten da, hau da, 1.400 milioi euro. Neurri hau petrolioaren arazoa amaitu bitartean izango dela diote, uztailera arte gutxienez.

Egia esan, datu hauek ikusita, teorian aurreztu beharko litzatekeena kopuru handia izango litzateke, baina egia izango ote da kopuru hori aurreztuko dugula? Zuen ustez, abiadura maximo hori errespetatuko al da?

Galdera hauek ez dira oso zentzuzkoak; izan ere, garbi dago ez direla neurri hauek beteko. Pazientzia handia behar da kilometrotako bide zuzen batetik abiadura horretan joateko. Gainera, denbora asko beharko litzateke helmugara iristeko. Hau ikusi eta gero, dirua aurreztea bada helburua, ez al da diru mordoa gastatu seinale aldaketarekin? Ez hori bakarrik, lege hau bete dadin eta jendeak muga hauek errespeta ditzan, radar gehiago jarri dituzte. Honek ere gastua izango zuen, ez?

Beste ildo batetik, badago nor edo nor hartu berri diren neurri hauek isunen bidez dirua irabazteko metodo bat baino ez dela esaten duenik. Egia esan, ez da inolako astakeria; izan ere, zenbait lekutan abiadura hau motzegi gelditzen baita. Honen aurrean, jendeak azeleragailua zapaldu eta, konturatzerako, abiadura muga pasa du.

Honela, hasieran kontatzen ari nintzen pasartearekin jarraituz, Bilbora iritsi ginen, baina gidaria ez zen gai izan abiadura horretan bide osoa egiteko, lehengusu txikiari jaramon egin behar izan zion autoa 120an jarriz. Honela, bada, hirira iritsi aurretik radarrak argazkia atera zigun. Arazoak arazo, aurrezteko jarria den neurri honek gure bidaia garestitu zuela esan daiteke.

Comments { 1 }

Futbola, arazo guztien konponbidea

Kristo aurreko mendeetara egin behar dugu atzera, pilota sortu zen garaira, egun futbola izenez ezagutzen dugun kirolaren hastapenak ezagutzeko. Hain ezaguna den kirola garatuz joan da eliteko kirol bihurtu arte, eta guk nahi ala ez edozein lekutan ikus daitekeen kirol bilakatu da. Orain dela urte batzuk, ez zitzaion horrenbeste garrantzi ematen kirol honi, baina ikaragarria da azken urte hauetan hartu duen boterea. Telebista eta prentsaren babesa tarteko, izugarrizko negozioa bihurtu dela ukaezina da; kirol hau, baina, negoziorako edo gozamenerako bakarrik ez dela ohartu naiz. Izan ere, herriari etengabe futbola emanez, beste arazoak ikusezin bihur daitezkeela baitirudi.

Krisi ekonomikoa, Ipar Korea eta Hego Koreako gatazkak, Sahara eta Marokoren arteko gorrotoa… Komunikabideek futbola erakutsi didaten bitartean, konturatu ez naizen beste zenbait arazo hor daude. Eta nire galdera zera da: futbolaren bidez konpon al ditzakegu aipatutako arazo hauek guztiak? Ez dut uste.

Horregatik iruditzen zait lehentasuna beste arazo batzuei eman beharko geniekeela, baina, zoritxarrez, ez dugu horrela jokatzen. Honen erantzule nagusia telebista da; izan ere, hor erabakitzen baitute partiduak zein ordutan eman behar diren (ez ahaztu telebista kateetako arduradunek ordutegiarekiko duten boterea zenbait futbol elkarterena baino handiagoa dela). Jendea bere etxeko sofetan lasai dagoen bitartean ematen dituzte futbolari buruzko berriak -eta baita partidu gehienak ere-, ikusle gehien izango den orduan hain zuzen. Pantailari begira gauden bitartean poza izaten da nagusi, baina ez gara konturatzen gizartean jazotzen ari den guztiaz.

Beste ildo batetik, dirua gauza garrantzitsutzat jo beharko genuke futbolaz ari garenean, kirol honek sortzen duen diru kopurua ikaragarria baita artikulu honetako taulak adierazten duen bezala. Garbi ikusten da zifrak ikaragarri handiak direla; hori ez da, halere, okerrena. Krisi garai hauetan, gainerako herritarren lan baldintzak eta diru sarrerak okerrera egin dute; eliteko kirol honetan zerikusia dutenen kontratuen aberastasuna, aldiz, gero eta handiagoa da. Garbi ikus daiteke hori Real Madrilek eta Barcelonak Cristiano Ronaldo, Kaka, Benzema, Ibrahimovic, David Villa… erosteko xahututako diru kopuruan. Halere, ez pentsa klub hauek dirua galtzen dutenik; izan ere, jokalari hauen bitartez urte gutxitan berreskuratzen baitute (baita irabazi ere) hasieran galdutako dirua. Hots, inbertsio hitza erabil daiteke.

Honek guztiak argi eta garbi uzten du futbola gustukoa den kirola izateaz gain, gizartean gertatzen ari diren zenbait gauza ahazteko eta negozio biribila egiteko ere balio duela. Honi guztiari aurre egitea gure baitan dago, gu baikara kirol honi garrantzia ematen diogunak eta gure baitan baitago duen boterea gutxitzea, eta kirol hau gaur egun ikusten den bezainbeste ikustea edo ez.

Futbolaren negozioaren hastapenak argitzen dituen bideo hau uzten dizuet, gaiaren inguruan hausnarketa egin dezazuen:

Comments { 0 }

Barnetik garbitu bitartean, kanpotik zikintzen!

Orain dela 45 urte espaziora lehen bidaia egin zen. Bidaia honek izugarrizko garrantzia izan zuen zientzia munduan, baina, aldi berean, hemen hasiko zen espazioko zakarraren arazoa sortzen. Espazioko zakarra Lurraren orbitan alde batera eta bestera dabiltzan espazio-ontzi hondakinei edo funtzionamenduan ez dauden sateliteei deitzen zaie. Hauek, 50.000km/h-ko abiadura lortzen dute, horregatik diot arriskutsuak direla. Arazo honegatik eta beste batzuengatik konponbide bat bilatzeko unea iritsi dela iruditzen zait; izan ere, urteak joan urteak etorri, lurraren orbitan zehar biraka dabiltzan objektuen kopurua handiagotzen doa.

Hasteko, jendeak ez du ikusten gure mundu honetatik at dagoen arrisku hau; izan ere, urruti ikusten den zerbait denez, inor ez da arduratzen arazo honen aurrean ezer egiteaz. Gure mundua inguratzen duen arazoaz jabetzeko ordua iritsi delakoan nago ni, baina.

Gainera, espaziora bidaltzen diren sateliteak denborarekin zaharkitu egiten direnez, bertan alferrik geratzen dira. Horregatik, aspaldi egindako ikerketa batek zioen gasolina plus bat botaz gero sateliteari, bueltatzeko kapaz izango litzatekeela. Halere, hau egitea oso garestia iruditzen zaie adituei, eta nire kritika honako hau da: sateliteak bidaltzeko nahikoa diru badago, zergatik ez hauei erregai gehixeago jartzeko?

Nire ustez, erantzuna garbia da; izan ere, sateliteak bertara bidaltzen dituztenek ez dute irabazi ekonomikorik lortzen hauek bueltan ekarriz. Alderantziz, galtzen aterako ziren. Horregatik, gure munduaren barnealdea txukun nahi dugun bezalaxe, kanpoaldea garbi mantendu beharko genuke. Horretarako neurri berezi batzuk hartu beharko liratekeela iruditzen zait. Esaterako, espaziora objektuak bidaltzen dituzten identitateei hauek bueltan ekartzeko lege bat jartzea. Lege honen bitartez, Lurraren inguruan zabor gehiagorik ez edukitzea lortuko genuke, baita leherketa bortitzik ez izatea ere.

Comments { 3 }
-->