About xzabala

Author Archive | xzabala

Irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago esaten du

Gaurko honetan idatziko ditudan lerro hauetan, denok erabili bai, baina gutxik ezagutzen dugun tresna baten bidez lor ditzakegun irudiez hitz egingo dizuet, argazki makina bidez lortzen diren irudiei buruz. Nork ez du inoiz argazki kamera bat erabili? Edo hobeto esanda, nork ez du makina hauetako bat etxean? Ziur nago denok dugula bat edo beste, eta behin baino gehiagotan erabili dugula une garrantzitsuren bateko argazkia ateratzeko. Tresna hau horren ezaguna izan arren, oso gutxi dira makina honen historiari buruz zerbait dakitenak. Horregatik, objektu hau lehenengo aldiz 1826an Parisen erabili zela bakarrik aipatuko dizuet, nire lanaren asmoa ez baita argazki kameraren historia ezagutzera ematea.

Antzina txinatarrek sortu zuten esaldi baten arabera, irudi batek mila hitz baino gehiago balio du. Argazki kameren sorreraz gero, noiznahi irudiak eskuratzeko ez dugu inongo arazorik, baina argi dago irudi guztiak ez direla berdinak. Argi dago nire etxeko leihotik egindako argazkiak mila hitz baino gehiago ez duela balio; beraz, zer behar da argazki txundigarri bat lortzeko? Askok kamera on bat beharrezko dela esango dute, eta zoom, pixel… bezalako hitzez gogaituko zaituzte. Nire ustez, aldiz, aspektu honek garrantzia duen arren, askoz garrantzitsuagoak dira beste faktore batzuk. Mila hitzez edo hamar milioi hitzez deskriba ezin den argazki bat lortzeko ezinbestekoa iruditzen zaidan elementuetatik lehena posizioa da. Mendi baten argazkia alde batetik edo bestetik egin oso ezberdina da, eta horren adibide garbia ondorengo argazkiak dira. Izugarriak biak!!

1. ikuspuntutik

bigarren ikuspuntutik

3. ikuspuntutik

Beste faktore garrantzitsu bat argazkiak gizartean eragin dezakeen zirrara da. Ondorengo argazkia ez dago munduko kamera onenetik aterata, baina argazkiak argi eta garbi islatzen du autoreak erakutsarazi nahi ziguna.

4. argazkia

Azkenik, eta guztietan garrantzitsuena, argazkia momentu egokian egitea da. Honetarako zorte handia behar da, baina lortzen diren emaitzak harrigarriak dira. Horregatik, argazkilari profesional asko eta asko denbora luzez zain egoten dira, momentu egokiaren zain, eta askotan horrenbeste denboran itxaroten egon diren irudia jaso gabe bueltatzen dira.

5. argazkia

Gaur egun, teknologiak izugarri egin duenez aurrera, lehen irudikatu ezin ziren gorputz berrien irudiak lor daitezke. Denetan ikusgarrienak unibertsoan zehar dauden izar eta beste elementuenak dira.

unibertsoko elementuak 1


Garbi geratu den bezala, argazki on bat ez da kasualitatez lortzen. Mila hitz baino gehiago balio duen irudi bat lortzeko, mila buruhauste gainditu behar dira. Nire asmoa lortu izanaren itxaropenaz, hau da, argazki eder batzuez gozatzeko aukera eman izanaz, hementxe ematen diot amaiera nire artikuluari. Ondo izan!!

Comments { 0 }

La lutte finale – JOXEAN AGIRRE

Joxean Agirre Odriozola 1949ko maiatzaren 18an Azpeitian jaio zen euskal idazle ezaguna dugu. Soziologia lizentziatura ikasi zuen Parisen eta bi urtez Eibarko ikastola bateko irakasle izan ondoren, historia ikasteari joxean-agirreekin zion. Hirugarren urtean, irakaskuntza alde batera utzi eta Egin egunkarian hasi zen lanean. Honen itxieraz geroztik Garan egiten du lan. Bere idazteko zaletasuna dela medio, lanean idazteaz gain bere kontura ere idazten du Agirrek, gauzak horrela, Lehen Triptikoa izeneko narrazio bat eta hainbat nobela publikatuak ditu jada. Horien artean dago nola ez, La lutte finalle liburua.

Liburu honen ardatz aldaketa sozialak eta adinaren eraginak dira, berak bizi izan zitzakeen edo bizi izan dituen bi elementu. Horiez baliatuz, bere iragana eta oraina irudika ditzakeen pertsonaiekin jolasten du liburu osoan zehar.

Arestian aipatu bezala, liburuaren mamia egoera sozialak eta adinaren eraginek osatzen dute, baina hau dena amodio istorio nahasi eta lizunez estalia agertzen da liburu osoan zehar. Horrenbestekoa da maitasunaren gaiak liburuan duen presentzia, non gaia nagusitzat har daitekeen. Trama nahasi hauek osatzen duten istorioaren gaiak errealitate bat isla dezakeen arren, bere egiazkotasuna hutsa da, aurrerago aipatuko ditudan lekuak benetakoak diren arren pertsonaiengan duen ezagutza mailak salatzen baitu, ezinezkoa baita berak azaltzen duen punturaino pertsonak ezagutu eta beraien sentimenduak horren era zehatzean definitzea. Hala ere, liburuaren muina eta denboraren arteko erlazioa oso landua dago, bertan iragana eta oraina txukun eta argi bereiziz. Lehenengoak istorioan duen presentzia oso murritza bada ere, liburuaren ulermenean ezinbesteko lana jokatzen du iraganeko hainbat gertaerek baldintzatzen baitute etorkizuna, kasu honetan gure protagonisten oraina.

lalutte_azalaEkintza oro jazotzen den denboraz gain, Joxeanek maisuki landu duen beste atal bat paisaia eta lekuen deskribapenena izan da. Gertaerak bi herrialdeen artean banatzen diren arren, Euskal Herria eta Venezia, zaila litzaiguke autoreak zein toki hobeto ezagutzen duen zehaztea, biei eskaintzen dizkien deskribapenak oso landu eta aberatsak baitira. Bateko nahiz besteko gertakizunetan lortzen duen fideltasuna txalotzeko modukoa da, eta horri esker ez da batere zaila egiten protagonistak zapaltzen dituen inguruak imajinatzea.

Liburuak deskribatzen duen akzioa gertatzen den lekuaz esan dugun gauza bera esan dezakegu garaiko egoera sozial eta politikoari buruz ematen dizkigun azalpenei buruz; zoritxarrez, ordea, ezin dugu gauza bera esan aurretik aipatutako eszenatoki horretan antzezle diren pertsonaiei buruz. Nahiz eta hauen zerrenda oso urria izan, zail egiten da oso bukaerara arte batzuk besteengandik bereiztea, alde psikologiko batetik begiratuta noski, eta honek istorioaren jarraipen garbia egiteko garaian oztopo handia suposatzen du.

Liburuaren egiturari so eginez gero, hau orri kopuru oso ezberdinetako kapituluz osatua dagoela azpimarra dezakegu eta, egia esan, autoreak istorioa horrela banatzearen arrazoiak ez ditut batere garbi. Horren adibide zehatza liburuaren hasieran ageri den kapituluen autonomia dugu, hauen banaketarekin zerikusirik izan gabe kontatzen baita istorioa. Egituraren gaiari heltzen jarraituz, akzioen kronologia eza aipatu beharra dago, kontakizuna iraganean hasi ostean liburuaren zati handiena orainaldian aurkezten baitigu. Nahiz eta egitura bitxi honek hasiera batean nahasmena sor dezakeen, istorioa bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoa da, eta horri esker gertakizun batzuk beste batzuengandik zerikusia ez izatetik denak trama bereko elementu direla argitzera heltzen da Joxean.

Horren egoki deskribatutako leku horietara bueltatuz, istorioa bi lekutan ematen dela errepikatu beharrean nago. Veneziak hartzen du liburuan zehar garrantzirik handiena, bertan ematen baitira gertakizun nagusiak; Euskal Herrian jazotzen direnak, berriz, aurreko horien kausa baino ez dira. Narratzailea istorioko protagonista bera da eta orojakilea, pertsona guztien sentimendu, ideia eta ekintzak inork baino hobeto baitakizki. Protagonista izatearen ondorioz edo, bere jarrera ez da batere objektiboa, beste kideen sentimenduak azaltzen dituen era berean bereak ere oso argi uzten baititu. Aipatu bezala, narratzailea pertsonaia nagusia da, baina ez bakarra. Liburuan azaltzen diren trama korapilatsuetan beste hiru pertsonaiez inguratua azaltzen da une oro, bi emakumezko eta gizonezko bat, eta denak helburu beraren bila mugitzen dira kontakizunean zehar: sexua. Halere, nahiz eta puntu horretan bat etorri, nork bere arazoak ditu. Testuaren egiturarekin amaitzeko, narrazio bat dela esan beharra dago. Bertan deskribapenak nonahi azaltzen dira eta Agirrek maisuki deskribatu ditu liburu honetan hainbat paisaia, pertsona eta sentimendu, honi esker liburua ulerterrazagoa eginez.

Autorea La Lutte Finale liburuaren aurkezpen egunean (Argazkia: Elkar)

Nahiz eta istorioaren zati handiena sexuari eta hau lortzeko eginiko trikimailuei buruz hitz egin, autoreak liburu honetan bi gai azpimarratu nahi izan ditu aurrekoa gai hauen estalki moduan erabiliz: egoera soziala eta adinean aurrera joateak sortzen duen kezka. Lehenengoa, kontakizuna kokatua dagoen momentu historikoan zegoen mugimendu politiko eta sozial batean oinarritzen du, Marxismoan. Protagonista mugimendu horretako kide izanik, garai horretako egoera aldatzeko grina azaltzen digu autoreak. Bigarrena, aldiz, sexuarekin erlazioa duten atal guztietan nabaritzen dute protagonistek, adinaren ondorioz gaztetako maila ematerik ez izateak kezkatu egiten baititu. Bi gaiak uztartuak ere ikus ditzakegu behi edo behin, zahartzaroak gaztetako borrokarako gogoa galarazi diela aipatzen baitute protagonistek.

Autoreak erabili duen hizkuntza maila euskara maila normala duen edonor ulertzeko modukoa da. Aldian behin eguneroko bizitzan gutxi erabiltzen diren hitz eta adjektiboak azaldu arren, honek ez du testuaren ulermenean arazorik sortzen. Gauzak horrela, ez dago liburua ulertzeko arazorik. Joxean Agirreren La lutte finale liburua ez zait gehiegi gustatu, eta horrek liburuaren hainbat puntutan aurrera ez jarraitzeko gogoa sortu dit. Hala ere, liburuaren azken aldera gauzak aldatzen joaten dira, eta beste begi batzuekin ikusten da istorioa.

Liburuaren alderdi txarrak aipatzean, nahasmena aipatu beharrean nago. Ia amaierara arte ez duzu istorioaren nondik norakoa ulertzen eta horrek irakurketa izugarri zailtzen du, aurretik irakurritakoa eta momentuan irakurtzen ari zarena lotzea zail egiten baita. Alde onak aipatzekotan, liburu osoan zehar behin eta berriz txertatzen dituen deskribapenak dira. Maisuki deskribatzearen ondorioz, gertaerak ematen diren tokian zaudela dirudi sofatik mugitu ez zaren bitartean. Horrez gain, amaiera ere oso ona da; izan ere, ezer ulertu gabe liburua amaitu behar delako ustearekin zaudenean, dena argitzen baita orri gutxitan.

Eleberri honi buruz orain arte idatzitakoak irakurri nahi izanez gero, jo Elkar argitaletxeko hemerotekara.

Comments { 1 }

Denok argitzen gaituzten argiak?

Gizarte aurreratuenetako hainbat kide aspalditik ibili dira edertasuna zer den zehaztu nahian, eta, helburu hori lortu dutenean, gizarte osoak “kanon” horiek jarrai ditzan saiatu dira iragarki eta beste hainbat trikimailuren bidez. Gauzak horrela, jendea edertasuna zerbait materiala dela kontzientziatzen hasia dago hitz honen esanahia muga hori baino harago doala ahaztuta, mundu honetako gehiengoaren kalterako. Guk, eta guk horretan ni eta zeuen buruak sartzen ditut, gizarteak erakusten digun bideari jarraituz, dirutza galantak gastatzen ditugu edertasun horien atzetik.

Aurretik aipatu bezala, gizakiok ezarritako edertasunaren definizioan itsu-itsuan erortzen gara, eta, munduko beste hainbat lekutako miseriez ahaztuta, dirua alferrik xahutzen dugu. Guk geuk definitzen ez dakigun edertasun hori lortzeko, garrantzitsuena ez da ordaindu beharreko kantitatea, kantitate hori ordaindu ahal izatea baizik. Horrela, gure itxura nahiz gure ingurukoa edertzeko asmotan auto garesti, luxuzko etxe, markako arropa eta hainbat krema edo operaziotan dirua uzteak ez digu axola. Eta hori ez da okerrena, gure bizi-kalitatea ez baloratzea da tristeena, eta akats horretan behin eta berriro erortzen gara.

Baina gaurko nire asmoa ez da edertasunaren definizio bat lortzea, mundu honetan dauden ezberdintasunez hitz egitea baizik. Ondorengo irudia ikusi bezain laster jakin nuen gai honi buruz idatziko nuela nire hurrengo artikuluan. Horixe egin dut.

Argazki hau erabat esanguratsua iruditu zitzaidan, modu sinpleagoan ezin baitzitekeen benetako errealitatea azaldu. Espazioan dagoen satelite batek lurrari gauez eginiko argazkia da, eta bertan munduko herri eta hirietako argi artifizialak ikusten dira. Gainbegiratzen badugu, irudi bitxitzat jo, eta jaramon handirik egin gabe pasatzen utz dezakegu, baina arreta gehixeago ipinita, berehala jabetzen zara irudi horren benetako esanahiaz: argiztatutako lurraldeak aberastasunaren sinonimo dira, eta, hau gutxitzen doan heienean, pobrezia nagusitzen hasten da.

Argi horiek artikuluaren hasieran aipatutako edertasunaren baliokide kontsidera daitezke; izan ere, txiki-txikitatik ikusten ditugu kaleetan eta ez gara beraien presentziaz batere harritzen, ez gara hauen garrantziaz jabetzen, baten bat fundituta ez badago behintzat. Horrelako argazkiak ikusteak, ordea, oraindik harritu egiten gaitu. Herrialde behartsuen egoera ulertzen dugula behin eta berriro esaten dugu, baina krisi ekonomikoa dela eta gabon hauetan argi gutxiago jarri behar dituztela esan digutenean, inork gutxik hartu du berria begi onez. Jarrera hauek geure gizarteak ezarri dizkigun baloreen ondorioak baino ez dira. Beste herrialdeetako miseriez jabetzeko, horrelako argazkiak ikusi beharra benetan tristea iruditzen zait niri. Ez al zaizue gauza bera gertatzen zuei?

Comments { 2 }
-->