Azkenak izan daitezkeen hitzak…

Azkenak izan daitezkeen hitzak
Doinua: Mendian gora haritza
1. Amak inoiz ez modura
begietan du tristura
eskutik heldu gabe ibiltzeko
garaia heldu da.
Negar zotinka barrura
gu ere ez hain gustura
inozentziak dena barkatzen
ei duen mundura.
2. Aulkitxoan eserita
Tom ta Jerryren tirita
jolas antsiak urratutako
zaurian jarrita
bi zangoak zintzilika
txikiak gara apika
nahiz paperean marrazten jakin
ama eta aita.
3. Masailetako malkoen
bustia kendu ondoren
barkatu esan eta musu bat
emanez lehenbailehen
konturatu naiz bederen
jada zein loturik gauden
zapatilako kordelak lotzen
ikasi baino lehen.
4. Zenbakiak, abd-a
grisa, gorria, berdea
jada “alpino” erabiltzeko
dugu ohorea.
Gurea da boterea,
jakintzaren ondarea
nahiz oraindik ez errespetatu
marraren legea.
5. Ipuinak bukatu dira
denbora bere harira
ume gorriei forma berria
ematen ari da
jada eskola handira
heldu gara, baina tira
oraindik ere jarraitzen dugu
gorantza begira
6. Nola hala alabaina
batuketak alajaina!
abakoari esker ukitu
dugu ia gaina.
Oso ongia, bikaina
jakintsuak gara baina
behatzik ezta zenbat dakigun
kontatzeko haina.
7. Hiru bider lau: dozena,
bat zati hiru: herena
ez dakit zer den ilusioa,
broma edo pena.
Ustez osoa nintzena
dago zatitan etena
konturatzean zerbait, baina ez
dakigula dena.
8. Ia behin jauna hartuta
gizalegea ahaztuta
umeak gazte bihurtu arte
prozesua dauka
inbidiaren disputa
mutil zabarren burruka
eta neskatxak finak bai, baina
iletik helduta.
9. Haurrak ez garenekoa:
“top”-a eta hilekoa,
baina oraindik armarioan:
“top isilpekoa”.
Jarriko nuke lepoa
beti dela antzekoa:
taldean lider bat dago beti
ta zu menpekoa.
10. Oilanden dema gerrate
talde txikiak estalpe
hitz egin ordez alde egitea
ahulenen ate
denok ez ginenez parte
ibiltzen gara aparte
lagunak ere etsai direla
sinisten den arte.
11. Nahiz ez bilatu modurik
ez genion eman urik
zimeltzen utziz gure bihotzak
gupidaz husturik,
baina hala uste dut nik:
hobe ez izan damurik
agian orain ez ginelako
egongo baturik.
12. Onartu daiteke jada
berriz bildu gara hara!
Elkarren falta sumatu dugu
denok beharbada
trailari eta trailara
ia denok joaten gara
larunbatero aitzakipean
mahaiaren bueltara.
13. Gure azken pasartea
bukatu eta bakea
bihar adio esango dizut
ai lagun maitea!
hau da errealitatea
probestu nahi dut tartea
zaila den arren bertso batean
dena esatea.
14. Hau esango nizueke:
ametsak ez daude merke
baina lortzeko egin zirenez
ahal direnak bete!
dena dago egiteke
mila esker eta suerte!
Dena ez baina ni naizenaren
zerbait bazarete!
 

Azkenak izan daitezkeen hitzak… from Maite Goñi on Vimeo.

 

 

Subscribe

Subscribe to our e-mail newsletter to receive updates.

,

12 Responses to Azkenak izan daitezkeen hitzak…

  1. Maddi 2009(e)ko urriak 5 at 8:49 pm #

    Zoragarria!
    Zeinek esan hamabost urte hain azkar igaroko zirenik.

    Muxu bat Ainhoa.

  2. arantzazu 2009(e)ko urriak 6 at 1:06 pm #

    OSo oso polita ainhoa!!! =D> Hobe ezin daiteke adierazi. muxu bat ainhoa ta urren arte!

  3. iesnal 2009(e)ko urriak 6 at 2:36 pm #

    “Txitxipollo” Ainhoa!! Benetan zoragarria!!!

  4. eagirresarobe 2009(e)ko urriak 6 at 8:06 pm #

    Oilo ipurdia jarri zait Ainhoa! eta ez oilasko bazkariagatik. Gu ere, zati batean behintzat, zugatik gara garena. Eskerrik asko eta laster arte!

  5. iesnal 2009(e)ko urriak 7 at 12:59 am #

    Nire mezua ezabatu egin da :/

    Niri ere “txitxipollo” jarri zait, Antxo! Eztizenek arrazoi du, gu gaur garen bezala, zaititxo batean zuregatik izan da!

    Asteburura arte, pitxon!

  6. manu 2009(e)ko urriak 7 at 4:33 pm #

    Mila esker Ainhoa, benetan diozuk hunkituta entzun dudala zure bertso sorta zoragarria.
    Bromarako tartea eginez, izenburua aldatuko nuke, izan ere, ez al dira zure azken hitzak izango Jakintzaren ingurumarian. Honelako sormena eta edertasuna behar beharrezkoak ditugu.

  7. Maite 2009(e)ko urriak 7 at 10:44 pm #

    Mila esker bertso hauengatik, Ainhoa! Eredu izan daitezela zuen lekukoa hartuko dutenentzat. Segi zure hitzekin eta ahotsarekin gure euskara gozatzen eta gozarazten. 😉

  8. amujika 2009(e)ko urriak 8 at 3:03 pm #

    Eskerrik asko zuen hitzengatik, benetan! oso pozik nago harrera bero onengatik eta ez zaituztet bakean utziko! zure baimenarekin, Maite, tarteka txoko honetan idazten jarraitu nahi nuke! eskerrik asko! 🙂

  9. Maite 2009(e)ko urriak 9 at 11:17 pm #

    Galdetzea ere, Ainhoa! :-)Badakizue euskaljakintza zuek zaretela, hemen daudenak orain eta hemendik pasatutakoak; beraz, zure idatzien zain geratzen naiz. Portzierto, bideo grabazioa ere egiteko prest (etxeko zapatilak jantzi eta lehengoan bezala…) 😀

Trackbacks/Pingbacks

  1. Azkenak izan daitezkeen hitzak… - 2009(e)ko urriak 6

    […] ikastolako ikaslea izandako Ainhoa Mujikak grabatutako bideo-bertso zoragarri hau gure ikastolako Euskaljakintza blogean argitaratu dute eta bere edertasunak hona ekartzea merezi […]

  2. Twitter Trackbacks for euskaljakintza» Blog Archive » Azkenak izan daitezkeen hitzak… [euskaljakintza.com] on Topsy.com - 2009(e)ko urriak 7

    […] euskaljakintza» Blog Archive » Azkenak izan daitezkeen hitzak… berria.euskaljakintza.com/2009/10/05/azkenak-izan-daitezkeen-hitzak – view page – cached DBHO 2. mailan Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko bloga — From the page […]

  3. Azkenak izan daitezkeen hitzak… | Gela Irekia - 2009(e)ko urriak 17

    […] ikastolako ikaslea izandako Ainhoa Mujikak grabatutako bideo-bertso zoragarri hau gure ikastolako Euskaljakintza blogean argitaratu dute eta bere edertasunak hona ekartzea merezi […]

Utzi erantzuna

-->