Berak ez luke egingo, zuk zergatik bai?

Zoritxarrez, animalienganako tratu txarrak gero eta gehiago entzun daitekeen gaia da, oso gai gogorra eta jende askorentzat garrantzi askorik ez duena. Nire ustez, ordea, denok jakinaren gainean egon beharko genuke tratu txarrak ez direla emakumeengan eta umeengan baino ematen; izan ere, animaliek ere guk uste baino maizago pairatzen baitituzte.

tratu txarrak jasandako txakurraAnimalienganako tratu txarra era askotakoa izan daiteke. Ezagunena edota guregana gehien iristen dena txakurrengan ematen dena da, baina ez da bakarra: beste animalia askok ere jasaten dute. Tratu txar horiek animalia errepide bazter batean uztetik has daitezke, eta, amaitu, mila kalamidade jasan ondoren akabatzen dituztenean. Jokabide lazgarri hau gehienetan etxean ditugun animaliekin gertatzen da, askotan umeen apetagatik. Adibide ezagun bat aipatzearren, oporrak iristen direnekoa aitatu dezakegu. Familiek ez daukate animalia horiek nork zaindu, eta usu errepide bazterrean edo mendian askatzea baino ideia egokiagorik ez zaie bururatzen. Eta noski, hauek izututa, zer egin ez dakitela, kotxeren batek harrapaturik edota gosez hiltzen dira. Halaber, ez gara konturatzen beste hainbat jokabidez. Gehiengoak ikusi du noizbait animaliaren bat galduta edota noraezean, eta gutako asko ez gara saiatzen laguntza eskaintzen, begiratu besterik ez dugu egiten. Honekin ez dut esan nahi pertsona okerragoa denik abandonatutako animaliak laguntzen ez dituena, ezta gutxiago ere. Bakoitzak bere arrazoiak dauzka, eta askotan horrelako egoera batean ez dakigu nora deitu edo nora eraman animalia gaixoa.

Animalienganako beste tratu txar era bat toki itxi batean uztea eta goseak hiltzea da, baita gaixo dauden animaliei laguntzarik ez ematea ere. Hau egiteko gai diren pertsonei iruditzen zaie animaliei nahi dutena egiteko eskubidea dutela, hauek ahulagoak direlako. Nire ustez, aztertu beharreko pentsamendua da hori  eta horren aurka zerbait egin behar da . Inspekzio gehiago? Ez dakit, baina zerbait egin behar da. Gero eta gehiago entzuten den gai batez ari gara eta inork ez du ezer egiten animaliak babesteko. Hori guztia gutxi balitz, hauetako animalia asko larruak lortzeko erabiltzen dira, hau da, akabatu egiten dituzte beraien larruaz arropak, zapatak eta bestelakoak egiteko.

Nola jakin animalia batek tratu txarrak jasotzen dituen? Hori da askok geure buruari galdetzen dioguna. Animalia batek tratu txarrak jasotzen dituenean, hasieran, errazena zauriak ikustea izaten da: bizkarrean, buruan, oinetan… Dena den, euren jokatzeko moduari ere erreparatzea lagungarri gerta dakiguke; izan ere, zauri fisiko hauekin batera, zauri psikologikoak ere jasotzen baititu. Tratu txarrak jasandako animalia hori ez da inor gutxiz fio, ez da ukitzen uzten eta egun osoa txoko batean igarotzen du, bakardadean.

tratu txarrak jasandako txakurra 2Lehengoarekin jarraituz, eskerrak eman beharko genizkieke tratu txarrak jasandako animaliak babesten eta laguntzen dituzten elkarte guztiei; izan ere, hauek egongo ez balira, animalia askoz ere gehiago hilko lirateke eta asko eta asko aterperik gabe geratuko. Hemen daukazue horietako elkarte bat: El refugio. Madrileko mendizerran kokatua dagoen elkarte hau 1996. urtean sortu zen tratu txarrak jasotako animaliak zaintzeko eta hauei etxe eta aukera berri bat emateko.

Guztiarekin ere, ezin ditut ahaztu munduan tratu txarrak jasotzen dituzten beste animalia asko: zezenak, zaldiak, katuak, itsas txakurrak… Ezin ditugu hauek alde batera utzi, hauek ere tratu txarrak pairatzen dituztenen zerrendan ohikoak baitira. Okerrena da, gainera, hauetako asko festetan jendeak ongi pasa dezan erabiltzen direla, eta penagarria da jende hori ez konturatzea animalia sufritzen ari dela. Kasurik argiena zezenarena da, aurrekoan Anak garbi utzi zuen bezala (Nor basatiago?). Ondoren zaldiak dauzkagu, lasterketetan ibiltzen direnak. Horietako askok ere tratu txarrak jasotzen dituzte. Itsas txakurrei eragiten zaien tratu txarra ere aipatzekoa da. Tratu txar mota honek helburu ekonomikoa dauka; hau da, beraien larrua, txakurrenarekin batera, arropak, zapatak eta bestelakoak egiteko erabiltzen da, eta, horretarako, urtean milaka eta milaka itsas txakur akabatzen da. Eta horrela beste animalia gehiago ere.

Bukatzeko, nire uste apalean, denok kontzientziatu beharko genuke arazo honetaz; izan ere, zoritxarrez, sarraski hau egiten duten pertsonak gero eta gehiago dira eta honek ezin du horrela jarraitu. Gogoratu animalia pertsonaren lagunik onena dela eta berak inoiz ez lukeela horrelakorik egingo. Horregatik, hemen uzten dizuet “20minutos” aldizkarian aurkitu dudan berri hau. 2007. urtekoa da, baina oso ongi islatzen du ia egunero gertatzen dena animalia askorekin. Oso sentiberak bazarete, jakinarazi nahi dizuet ondorengo bideoak zuen sentsibilitatea mindu dezakeela:

, , ,

4 Responses to Berak ez luke egingo, zuk zergatik bai?

  1. Ana 2008(e)ko azaroak 28 at 1:58 pm #

    Aupa Ido!

    Asko gustatu zait zure artikulua, oso gutxi hitz egiten baita gai hontaz. Bada garaia ixilpean gordeta egon diren ekintza hauen berri izateko.Ea guztion artean egoera penagarri honi aurre egiteko gai garen! Muxu bat!

  2. arotegi 2008(e)ko azaroak 28 at 2:00 pm #

    Izugarria da nolatan jendeak min egin dezakeen horrelako animalia bati. Hau egiten dutenei berdina opa diet, horrela zenbat sufritzen duten ikusiko lukete eta.

    Oso artikulu interesgarria Idoia!

  3. eagirresarobe 2008(e)ko azaroak 30 at 5:49 pm #

    Zoritxarrez, tratu txarrak mundu osoan, arlo guztietan eta izaki guztiengan zabalduta daude. Kasu guztietan da salatu beharreko ekintza.
    Txakurrenei dagokienez, gertutik bizi dudan kontua da; izan ere, hainbat txakur izan ditut (eta izaten jarraitzen dut) etxean eta bakoitzak istorio desberdina bizi izan zuen hona iritsi aurretik. Nire txakur gogokoena akabatu egin nahi zuten txikiegia jaio zela eta. Zorionez, hona ekarri zuten eta gustora asko bizi da, zaharturik dagoen arren. Txakur gehiago ere izan dira, baina azken kasua aipatu nahi nuke. Duela aste gutxi batzuk, Lanbro iritsi zen gurera. Ikusi orduko maitemindu ninduen arkume itxurako txakur txuriak. Zergatik ekarri zuten? Bada, jaio zen herrian txakurkumeak nahi ez badituzte urkatu egiten dituztelako eta bertatik zebilen batek Lanbro ikusi sekulako tristura sentitu zuelako zer gertatuko zitzaion pentsatzean.
    Kasu gutxi batzuk baino ez dira eta ez dut uste harreta horietan jarri behar genukeenik, gerora horrelako kasuak gertatuko ez direla ziurtatzean baizik.

  4. kabeledo 2008(e)ko abenduak 2 at 8:47 am #

    Idoia, zoritxarrez gizakia basati bat bezelako paper bat jokatzen du bizi garen gizarte honetan eta honelako gauzak egiten ditu behin eta berriro.

    Oso penagarria da, animali bati honelako gauzak egitea, animali ahul bati hau egitea ezin baitu defengatu bere kabuz.

    BENETAN HARRIGARRIA GIZAKIAK EGITEN DUENA MUNDU HONETAN. Mundua sortu zertarako? Gauza hauek egiteko behintzat ez da sortu.

    Idoia benetan unkitu nau zure artikulua eta oso oso interesgarria iruditu zait, benetan, Zorionak eta oso ondo pasa elurretan.

Utzi erantzuna

-->